Erabiltzaile Tresnak


his:1:7

Foruak eta euskara (XVI-XIX. mendeak)

Erdi Arotik XX. mendera arte euskarak egin duen ibilbidearen zenbait mugarri labur-labur jasotzen dira atal honetan.

Erdi Aroko lekukoak

Erdi Aroan euskarazko testigantzak ez ziren sobera ugariak izan. Honako hauek dira agiri zaharrenak: Donemiliaga Kukulako monasterioko dokumentu baten bazterretan idatziriko bi esaldi labur eta ulergaitz (XI. mendekoak), Donemiliagako Rejak biltzen dituen toki-izenen zerrenda (XI. mendekoa), eta testu batzuetan ageri diren hitz solteak (Aymeric Picaud erromes frantsesaren Codex Calixtinus delakoan, XII. mendean, edo Nafarroako Foru Orokorrean, XIII. mendean). Erdi Aro Beherean, lekukotasun horiek ugalduz joan ziren. Ezin zehaztu den garai batekoak, agian, XIV. eta XV. mendeetakoak, ahoz transmitituriko kantu epikoetako pasarteak dauzkagu. Gainera, beren interesagatik, Arnold von Harff Koloniako bidaiariak bilduriko hiztegi laburra nabarmena da. Von Harff-ek, 1496tik 1499ra bitarte, erromesaldi luze bat egin zuen. Erroma eta Jerusalem bisitatu zituen, besteak beste, eta Compostelaraino ailegatu zen. Euskal Herritik barna iragatean, bidaietako bere ohiturari eutsiz, pascaysche spraich edo euskal hizkuntzako hitzak idatzi zituen, alemanezko itzulpenarekin, adibidez, arduwa (wijn) ‘ardoa’, gasta (keyss) ‘gazta’ edo schambat (wat gilt dat) ‘zenbat (da)?’.

Euskal Herria eta Frantziako eta Gaztelako koroak

GAZTELAKO KOROAAntolamendu politikoari dagokionez, euskal herrialdeek Gaztelako eta Frantziako Koroekin bat egin zuten XII. mendetik XVII. mendera bitarte, baina bi monarkien barruan beren erakundeei eutsiz. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean, erakunde horiek 1789an ezeztatu ziren, Frantziako Iraultza hasi berritan. 1876an, Hirugarren Karlistaldiaren ondoren, Arabakoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak ezeztatu ziren. Gero “Hitzartua” iritzi zion 1841eko Legearen bidez, Nafarroak Gorteak eta Erresumako Diputazioa galdu zituen, baina bere autonomia mantendu zuen ekonomiari eta zerga bilketari dagokienez.

Kataluniako "Usatge"-ak latinez idatzi ziren, baina laster katalanera itzuli ziren. Euskal Herriko foruak, ordea, gaztelaniaz (Nafarroakoa, Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa), gaskoiz (Zuberoakoa eta Baxenabarrekoa) eta frantsesez (Lapurdikoa) idatziak daude. XVIII. mendearen hasieran erakundeak ezeztatu zituzten arte, Katalanak Aragoiko Koroaren hizkuntza administratiboa izaten segitu bazuen ere, euskal erakundeek gutxi erabili zuten euskara, ia inoiz ez ez esateagatik.

Hizkuntza bat mintzatzeko, eta beste bat idazteko

BARTZELONAKO USATGEAGaur egun, ohituak gaude hitz egiten dugun hizkuntza berean idazten. Hori, baina, fenomeno berri bat da, XIX. eta XX. mendeetako alfabetatze kanpainekin lotua dagoena. Erregimen Zaharrean, oso maiz, hitz egiten zen hizkuntza eta idazten zena ez ziren bat. Adibidez, latina Eliza Katolikoko eta Erdi Aroaren hasieran sorturiko lehen estatu-ernamuinetako hizkuntza administratiboa zen, oso gutxi baziren ere aise mintzatzeko gai. Erdi Aro Beheretik aurrera, erromantzeak latinaren tokia hartuz joan ziren. Halaxe gertatu zen, adibidez, gaztelaniarekin eta frantsesarekin. Joana Albretekoa Nafarroa Behereko euskararen erabilera instituzionalizatzen saiatu bazen ere, latinarekiko alde genetikoa agian traba bat izan zen, euskarari inguruko hizkuntzen toki bera hartzea eragotzi ziona. Klase aberatsen utzikeria orokorra haren patuarekiko ere eragingarria izan zen.

Ahaldun izateko, gaztelania, gaskoinera edo frantsesa jakin behar

Zehazki, XVI. eta XVII. mendeetan, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietako ahaldun izateko gaztelaniaz irakurtzen eta idazten jakin beharra zegoen nahitaez, euskaldun analfabetoek osaturiko gizarte batean (egia esan, ezbaian jartzen ahal da xedapen horiek zorrotz bete ote ziren inoiz, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz). Nafarroa Behereko Estatuek gaskoia erabili zuten hizkuntza idatzi gisa 1620 arte eta frantsesa orduz geroztik, baina deialdietan, gaztelania erabili zen 1772 arte. Alegia, inoiz ez euskara. Nafarroa Behereko Estatu horiek Bidegarairi uko egin zioten diru-laguntza bere lau hizkuntzako (latin, frantses, euskara eta gaztelaniazko) hiztegia argitaratzeko, 1675 eta 1676an. Lapurdiko Biltzarrak, XVIII. mendearen hasieran, ez zion laguntzarik eman nahi izan Joanes Etcheberri (Sarakoa)ri euskaratik abiaturik prestaturik zeukan latin-ikasbiderako. Gaztelaniaz jakin beharra Batzar Nagusietan eta Nafarroako Gorteetan populu xehearen partaidetza eragozteko modu bat izan zen, populu xeheak, maiz, euskaraz besterik ez zuelako egiten.

Apologisten kontua

Hala ere, bitxia da, euskaldun elebakarrekiko bereizkeria indarrean zegoen bitartean, kargu publikoetan jardutea eragotzi baitzitzaien, oso literatura indartsu bat sortu zela (gehienbat gaztelaniaz, baina frantsesez ere bai), euskararen berezko balioak etengabe goraipatzen zituena. XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko apologista gehienek ez zuten egiazko interesik euskararen iraupenean eta are gutxiago haren zabalpenean, baina euskarak aitzakiatako balio zien Euskal Herriko erakunde bereziak eta, zeharka, erakunde horien onura gehiena hartzen zuen klasearen pribilegioak defenditzeko.

Apologista entzutetsuenen artean (haietako zenbaitek euskal ikerketei ekarpen nabarmena egin zieten), Andres de Poza (1530-1595) bizkaitarra eta Esteban Garibai (1533-1600) gipuzkoarra aipatu behar dira. Biek, euskara, erromatarrak baino lehen, Espainia osoan mintzatzen zelako hipotesiaren alde egin zuten. Manuel Larramendik (1690-1766), hori ere gipuzkoarra, euskal gramatika baten eta bere garaian eragin handia izan zuen hiru hizkuntzako (gaztelania, euskara eta latineko) hiztegi baten egileak, euskarazko neologismo asko sortu zituen (gero erabili ohi ez zituenak) eta horrela gaur egun arte iraun duen tradizio garbizale bati ekin zion.

Utzikeriaren salbuespenak

LEIZARRAGAREN ITUN BERRIAREN ITZULPENAErakundeen euskararekiko utzikeriaren salbuespen batzuk aipatzea bidezkoa da. Joana Albretekoaz, Nafarroa Behereko erregina protestanteaz, mintzatu gara jadanik. 1571n Testamentu Berria bere manupeko gehienen hizkuntzara itzultzeko agindua eman zuen. Joanes Leizarraga lapurtarrak ondu zuen itzulpen hori. Protestantismoak, herri hizkuntzak lantzen saiatu zenak, ez zuen bide egin, katolizismoa, latinaren aldeko apustu egiten segitzen zuena, gailendu baitzitzaion. Horrek, beharbada, eten egin zuen euskara hizkuntza administratiboa bihurtzeko bidea. Ez dugu inoiz jakinen. Halaber, baditugu dokumentu batzuk, Lapurdiko Biltzarra, euskaraz hitz egin eta idazten zuen burgesia txiki bat ordezten zuena, euskaraz aritu ohi zela frogatzen dutenak. Ez zen kasualitatea, garai hartako euskarazko idazlerik hoberenak herrialde horretakoak izatea. Baina, lapurtar klase ikasi hori, Ternuaren galeragatik, balea Bizkaiko Golkoan akabatzeagatik edo frantses nazionalizazioagatik beragatik, maldan behera zihoan 1789rako. Bestaldetik, badakigu, XIX. mendearen hasieratik aurrera, Bizkaiko Batzar Nagusietan euskaraz hitz egin eta idazten zela, aurreko mendeetako arauen kontra. Foruak ezeztatu (1876) baino lehentxeago, Gipuzkoako erakundeen euskararekiko interesa ere somatzen dugu. Gipuzkoako erakundeek, Bizkaikoak bezala maiz karlistek kontrolatuek, euskaraz jakitea eskatu zuten zenbait lanpostu publikotarako.

Urte horiek baino lehen, euskararen erabilera administratiboa udal batzuetara eta Estatuko xedapenen itzulpenetara (adibidez, Ipar Euskal Herrian, agintari iraultzaile frantsesen aginduetara) mugaturik egon zen. Dozenakako euskarazko udal dokumentu ezagutzen ditugu, baina, foru erakundeek, hots, batzar nagusiek eta diputazioek sortuak askoz gutxiago dira. Antso Jakitunaren garaiko dokumentu batean (1167koan), euskarari lingua Navarrorum deritzo, baina Nafarroako Erresumako Diputazioaren edo Gorteen ofizio bakar bat ere ez dago hizkuntza horretan idatzirik. Gaztelaren aldetiko anexioak (1515) ez zion funtsezko aldaketarik ekarri euskararen egoerari Nafarroan.HOR IKUS DAITEKE "LING NAVARRORUM", EUSKARARI EMAN ZAION IZENA

XVIII. mendetik aurrera, euskararen erabilera oztopatzeko Koroaren lehen saioak dokumentatzen dira. Adibidez, 1766an, Arandako kondeak Kardaberazek Loiolako Inaziori buruz idatziriko euskarazko lan bat debekatu zuen. Euskarazko literaturako lanik hoberenetako bat, Peru Abarca, Juan Antonio Moguelek 1802an idatzia, ezin izan zen 1881 arte argitaratu. XVIII. eta XIX. mendeetan hain zuzen ere nabarmentzen da euskararen galera, lehenago Araban eta berehala Nafarroan.

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "Foruak eta euskara (XVI-XIX. mendeak)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3