Erabiltzaile Tresnak


his:1:8

Euskal Pizkundea

Pizkundea izena eman zaion mugimenduak, arrazoi sendorik gabe Mendebaleko Euskal Herriko foruen ezeztatzetik (1876tik) Espainiako azken Gerra Zibilaren hastapenera (1936ra) bitarte kokatu denak, bi fenomeno diferente biltzen ditu bere barnean, elkarrekin zerikusi handirik ez dutenak: alde batetik, Lore Jokoen inguruan sorturiko euskarazko literatura, ustez apolitikoa, baina egitez apaizeria militantearen mende, salbuespenak salbuespen; bestetik, literatura foruzale berria, gehienbat gaztelaniaz idatzia, agitazio politikorako borondate gardena ezkutatzen ez zuena, nahiz eta lerratuago egon moderantismora (liberalismo kontserbadorera) karlismora baino. Tradizio horietako lehena Ipar Euskal Herrian ageri da bereziki. Bigarrena, Hego Euskal Herrian. Lehen abertzaletasuna bigarren tradizioaren oinordekoa da. Hego Euskal Herriko nazionalismo politikoak eta Ipar Euskal Herriko kulturalismo apolitikoak 1960ko hamarkadan bat egin zuten, eta neurri batean bakarrik.

Lore Jokoak

ANTON ABADIA1851n, Ipar Euskal Herriko herrialdeetan, eragin frantses edo, zehatzago, proventzalaren ondorioz, Lore Jokoak ospatzen hasi ziren, Anton Abadia-Ürrüstoi zuberotar mezenasak sustaturik. Horren antzeko mugimenduak beste hizkuntza batzuetan ere gertatu ziren, eta ez bakarrik eremu gutxikoetan: Espainian ospatu ziren lehen Lore Jokoak Madrilen jazo ziren, 1841ean, gaztelaniaz, bistan denez. Katalunian 1859an ospatu ziren eta Galizian, 1861ean. Abadia-Ürrüstoik lehen jokoak antolatu baino lehen, beste zuberotar batek, Agosti Xahok, Uscal-Herrico Gaseta-ren bi ale argitaratuak zituen, 1848an, lehen euskarazko aldizkaria sortzeko ahaleginetan. Azaleko begiratu batek bide eman lezake pentsatzeko hizkuntza berreskuratzeko prozesua bateratsu gertatu zela Euskal Herrian eta Katalunian, adibidez. Efektu optiko bat besterik ez litzateke. Lore Jokoek katalanaren normalizazioan eragin nabarmena izan bazuten ere, euskaran izanikoa hutsaren hurrengoa izan zen, Euskal Herriko Lore Jokoak folklore hutsaren adibideak izan zirelako eta, euskalkiekin tematurik zeudenez, ez zutelako akuilutako balio izan kalitateko literatura sortzeko ez eta hizkuntza literario baten oinarria ezartzeko ere.

Literatura foruzalea

Hego Euskal Herriko literatura foruzale berria eta nazionalista, horren ondorengoa dena, biak gehienbat gaztelaniaz idatziaz, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako eta XIX. mendearen lehen erdiko euskararen aldeko tradizio apologetikoaren jarraipena da, ez euskarazko literatura jatorrarena (Sabino Aranak, nazionalismo politikoaren sortzaileak, adibidez, Axular ez zuen ezagutzen ere, XX. mende arte izan zen idazlerik hoberena). Mugimendu horretako egileek, gehienak oso kaxkarrak baziren ere, lagundu egin zuten Euskal Herrian nortasun berezi bat zabaltzen, azken buruan, euskara berraurkitu eta lantzeko balioko zuena, bereziki XX. mendeko hirugarren hamarkadatik aurrera, Primo de Riveraren diktaduran eta Espainiako Bigarren Errepublikan, hain zuzen ere.

Nazionalismo kulturala eta nazionalismo politikoa

Ia lege historiko bat da nazionalismo politikoa lehenagoko nazionalismo kultural batetik abiatzea. Halaxe gertatu zen, adibidez, Katalunian eta Galizian. Euskal Herrian, ordea, Lore Jokoen berezko oinordekoak, Euskaltzaleen Biltzarrak (1902), ez zuen inolako eraginik izan gizartean, Hego Euskal Herrikoan behintzat. Sabindar nazionalismo politikoaren hedapena nazionalismo kultural hutsak Hego Euskal Herrikoan izan zuen porrotaren arrazoietako bat da. Horregatik, lau hegotar herrialdeetan, aldarrikapen kulturalak, neurri handi batean, aldarrikapen politikoen ondorengoak dira eta, beste neurri handi batean ere, horien mendekoak. Hori hala gertatu zen, nazionalismo politikoa erdaldunek sortu zutelako, XIX. mendearen bukaeran. Euskaldunak geroago abertzaletu ziren tropelka. Abertzaletasunak proposaturiko hizkuntza eredua bera ezinezkoa zen haren garbizalekeriagatik. 1960ko hamarkada arte ez zen egiazko euskaratik eta tradizio literariotik hurbilago egonen zen beste eredu bat zabaldu.

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "Euskal Pizkundea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3