Erabiltzaile Tresnak


his:1:9

XX eta XXI. mendeak

Frantziaren eta Espainiaren eraikuntza nazionaleko prozesuek baldintzatu dituzte euskararen bizia eta gaztelania eta frantsesarekiko harremanak azken bi mendeetan. Haien aurka, beste nazio bat gorpuzteko saioa izan da: euskal nazioa, hain zuzen ere. Berezko hizkuntzaren egitekoa anbiguo samarra da abertzaletasunean. Izan ere, diskurtso teorikoa handi-mandia bada ere, errealitate soziolinguistikoak behartzen du askoz pragmatikoagoa den jarrera bat hartzera.

Frantzia eta Espainia

Honaino ailegaturik, Frantziaren eta Espainiaren nazionalizazio prozesuen artean eta, beraz, Euskal Herriaren bi aldeen artean, dagoen funtsezko diferentzia aipatu behar da. Frantzia iraultza arrakastatsu baten obra da. Hamarkada askotan, aurrerakoia eta frantsesa sinonimoak izan ziren. Ipar euskaldunen nortasunak, erakunderik gabe, kutsu klerikal eta abarkadun bat hartu zuen XIX. mendean, azken buruan, haren iraupenerako bererako oso kaltegarria izan dena. Hego Euskal Herrian ere gertatu zen identifikazio bat kleroaren eta euskalduntasunaren artean (karlismoa besterik ez da gogoratu behar, mende eta erdiz euskaldunen bizitza baldintzatu zuena), baina Gerra Zibilak eta horren ondorengo diktadurak aukera eman zioten madarikazio hori hausteko eta euskal nortasuna frankismoaren kontrako erresistentziaren eragile bat bezala aurkezteko. Ipar Euskal Herrian ez bezala, Hego Euskal Herrian aurrerakoia eta euskalduna sinonimoak izan ziren hirurogeiko hamarkadatik aurrera, orduantxe sortu baitzen ezkerreko abertzaletasuna.

Nazio bat, hizkuntza bat

Nazionalismo frantsesa eta espainola 1789ko iraultzaren oinordekoak dira (gehiago hura hau baino) eta “nazio bat, hizkuntza bat” dogma praktikara eramaten saiatu ziren. Euskal nazionalismo politikoa, neurri batean, Estatu espainol zentralizatuak buruturiko homogeneizazio instituzional eta kulturalaren kontrako erreakzio bat da eta oso berandu kokatu zen Ipar Euskal Herrian, gutxiengo txiki batean, gainera.

Egia esan, Frantziako Iraultza homogeneizazio linguistikoaren prozesu luzean beste urrats bat izan zen. XVI. mendean hasita, Lehen Mundu Gerran indartu eta azken hamarkadetako industrializazioarekin (edo, hobeki esan, tertziarizazioarekin) bukatu zen. Ipar Euskal Herrian, II. urteko Berolisaren 2ko (1794ko uztailaren 20ko) Dekretuak (frantsesa ez beste hizkuntza guztiak debekatu zituenak) baino askoz eragin handiagoa izan zuten Ferryk eta Goblet-ek 6 urtetik 13 urtera bitarteko haurrentzat eskola nahitaezko, doako eta laikoa sortzeko bultzaturiko legeek (1881-1886).

Hego Euskal Herria

Hego Euskal Herrian, alfabetatzea (gaztelaniaz) klase aberatsentzat erreserbaturiko pribilegio bat izan zen hasiera batean, klase horiek baitziren sortzen ari zen hezkuntza sisteman sartzeko aukera zuten bakarrak. XVIII. mendetik aurrera, Gipuzkoan euskararen erabilera eraztunaren bidez zigortu izan da. 1969an oraindik Nafarroan erabiltzen zen eraztuna. Moyanoren legeak (1857tik 1970era bitarte indarrean egon zenak) nahitaezko lehen hezkuntza eta gaztelaniazko gramatikaren irakaskuntza ezarri zituen Espainia osoan. Baina, ordurako, Nafarroako erakundeek hamarkadak eginak zituzten gaztelaniazko nahitaezko irakaskuntza bultzatzen. Hala ere, erlatibizatu egin behar da hezkuntza sistemak euskararen ahultzean izaniko eragina. 1860an, Hego Euskal Herriko bizilagunen ehuneko 63 analfabetoak ziren eta 1930ean ehuneko 27 ziren oraindik. Horrek frogatzen du sistemak toki guztietatik huts egiten zuela. Estatuaren ezgaitasunak berak esplikatzen du euskal herritar askoren eskolatzerik eza. Euskararen galera erlatiboan, eskola baino eragingarriagoak izan ziren agian, alde batetik, komunikazioen hobekuntza, mugikortasuna erraztu zuena (Espainiako beste eskualde batzuetarako, Ameriketarako eta Filipinetarako emigrazioa eta erdaldun askoren immigrazioa) eta, bestetik, nahitaezko soldadutza, urte batzuk iraun ohi zuena. Erregimen Zaharrean, gizartearen estamentu-egiturak berak lagundua zion euskararen iraupenari, nahiz eta beti gaztelaniaren azpitik, egoera erabat diglosiko batean. Mentalitate burgesak bere duen diskurtso berdintzailea agertzean, gaztelania/euskara bereizketak bere zentzua galdu zuen toki askotan eta horrek kalte egin zion hizkuntzari.

1914an, Kataluniako Mankomunitatea osatu zen. Lehenbizikoz, 1833an probintziak behin betikoz sortu zirenez geroztik, Estatu espainolak Bartzelona, Tarragona, Lleida eta Gironaren arteko loturak onartu zituen. 1917an, Arabako eta, bereziki, Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioek (Nafarroakoa berehala baztertu baitzen), Euskal Herriko Mankomunitatea sortzeko bidea urratu zuten. Garai hartan, kostako bi probintzietako diputazioetako administrazioan euskararen erabilera dokumentatzen da. Eusko Ikaskuntzaren (1918) eta Euskaltzaindiaren (1919) sorrera autonomiarako lehen prozesu honen zeharkako ondorioa izan zen.

Primo de Riveraren diktadura

PRIMO DE RIVERA ETA ESPAINIAKO ERREGEA1923an, Primo de Rivera jenerala aginteaz jabetu eta diktadura aldarrikatu zuen (1923-1930), erregeak lagundurik. Primo de Riverak indar handiz erreprimitu zituen periferiako nazionalismoen agerraldi politikoak, baina duda-mudatan egon zen Espainiako hizkuntza ez-gaztelauei buruz, garai hartan gaztelania ez baitzen ez eta hurrik eman ere herritar espainol guztiek ulertua. Horrek esplikatzen du zergatik segitu zen euskara betebehar gisa eskatzen edo merezimendu gisa baloratzen udal administrazioko lanpostu publiko batzuetarako (idazkari, mediku, maisu eta abar izateko), Gipuzkoan, adibidez. Hori horrela, inguruabar politikoek beharturik, abertzale askok erabaki zuten autonomiaren aldeko borroka bigarren mailan jarri eta bete-betean euskara lantzea. Testuinguru horretantxe jarri behar da Euskaltzaleak (1927) elkartearen sorrera, non, besteak beste, Xabier Lizardi poetak eta José Ariztimuño “Aitzol” apaiz abertzaleak, frankistek hilen zutenak, parte hartu baitzuten. Bigarren Errepublikan (1931-1936), euskarak urrezko aro bat ezagutu zuen, literaturari eta kazetaritzari dagokienez, eta ikerketa zientifikoaren gai gisa.

Francoren garaia

Luzaz irrikaturiko autonomia 1936ko urrian onartu zitzaion Euskadiri, Gerra Zibila hasita. Ordurako Gipuzkoa gehiena frankisten eskuetan zegoen (Nafarroan eta ia Araba osoan matxinada militarraren arrakasta erabatekoa izan zen hasieratik). Bilbok 1937ko ekain arte aurka egin zien frankistei eta Enkarterriko mendebaleko aldeak pare bat hilabete gehiago. Azken euskal gotorlekuarekin batera euskarak bere historia osoan gozaturiko ofizialtasuna ere erori zen, hamar hilabete eskas iraun zuena. Erregimen frankistaren ezaugarrietako bat Espainiako hizkuntza ez-gaztelauekiko destaina izan zen.

1960ko hamarkadatik aurrera, euskara euskal nazioaren arima bihurtu zen, lehenagoko abertzaletasunean bigarren mailan baitzegoen, katolizismoaren edo euskal arrazaren aldean. Errepresio frankistaren ondorioz, euskarak balio sinboliko ikaragarria beretu zuen, euskal herritar gutxienen ohiko komunikazio tresna izateagatik legokiokeenaren gainetik.

Frankismo garaian, ikastolek edo euskarazko haur eskolek merezi dute aipatzea. Ikastolaren lehen aurrekaria Resurrección María de Azkuek Bilbon 1896an sortu zuen Euskal Ikastetsea izan zen. Gerra Zibila baino lehen, hamar bat herrik zeukaten ikastola bat, haien erdiak Gipuzkoan. Gerra bukatu eta urte gutxira, oso baldintza zailetan, Elvira Zipitria (1906-1982) hasi zen euskara irakasten, Donostiako etxe batean. Diktadorea hil zenerako, 1975erako, Hego Euskal Herrian 144 ikastola zeuden, guztira 33.546 ikasle zeuzkatenak.

Ikastolekin zuzenean loturik, gau-eskolak (gaur egungo euskaltegien aurrekariak) daude, hots, helduek euskara ikasi eta hobetzeko eskolak. Euskaraz alfabetatzeko lehen kanpaina 1966an gertatu zen, Euskaltzaindiak sustaturik. Horixe izan zen AEK-Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundearen abiapuntua. AEK 1976tik aurrera Euskal Herri osora zabaldu zen eta hurrengo urterako 20.000 ikasle zeuzkan (gaur egun, 37.000 helduk ikasi edo hobetzen dute beren euskara ikastetxe publiko eta pribatuetan). Ikastolen eta gau-eskola edo euskaltegien berritasunik handiena hauxe da: ez direla mugatzen ama hizkuntza euskara duten ikasleei irakastera, baizik eta Euskal Herri osoan jardun nahi dutela, baita duela mende batzuetatik euskara mintzatzen ez deneko lurraldeetan eta ama hizkuntza gaztelania (edo, hala bada, frantsesa) duten ikasleekin ere. 1960ko hamarkadatik aurrera, ordura arte bitxi samarra izan zen figura bat ugaldu zen: euskaldunberria edo euskara heldua denean ikasten duena, ez ikergai gisa, komunikazio tresna gisa baizik.

1981etik aurrera

1981ean, gutxi gorabehera, 596.000 euskaldun zeuden Euskal Herrian (bizilagunen %20,35) eta 102.000 Euskal Herritik kanpo. 120 urte lehenago, 1860an edo, 500.000 pertsonak zuten euskara hizkuntza nagusi gisa, hots, bizilagunen %55 inguruk. Beraz, 1860tik 1981era bitarte, euskaldun kopuruak iraun egin du eta, areago, bosten batean gehitu da. Baina, erlatiboki, haren proportzioa bi herenetan gutxitu da eta euskara alde txikiaz euskal herritar gehienen hizkuntza izatetik gutxienena izatera pasa da.

UNESCOren arabera, euskara egoera ahulean dago Euskadin eta, bereziki, Nafarroan, eta arrisku handian Ipar Euskal Herrian. Euskadiko Autonomia Erkidegoan, azken hamarkadetan, haren normalizaziorako aurrerapen ukaezinak egin dira. Hizkuntza ofiziala da, gaztelaniaren maila berean, teorian, behintzat, eta euskararen alde ia indar politiko guztien adostasuna bada, 1982ko Normalizazio Legean gauzatu zena. Gurasoen (euskaldun zein erdaldun) %59k beren seme-alaben irakaskuntzarako aukeratzen duten hizkuntza da (gainera, %23k eredu elebidun bat aukeratzen dute eta besteek, %18k, euskara ikasgai gisa). Unibertsitaterako, hedabideetarako (telebista barne, Euskal Telebista 1983az geroztik baitago antenan) eta teknologia berrietarako sarbidea bermaturik dauka. Gora doan kultura baten tresna da eta azken urteetan, adibidez, lau euskarazko idazleri eman zaie Espainiako Literaturaren Sari Nazionala: Bernardo Atxaga izan zen 1989an Espainiako Narratibaren Sari Nazionala irabazi zuen euskarazko idazlea. Haren iraupena, nahiz eta egoera ahul samar batean, bermaturik dago. Txanponaren aurkiarekin batera, ezin da ifrentzua ezkutatu. Jakite-maila gora doa, baino horrek ez du beti eraginik erabileran, oso mantso aurreratzen ari baita. Nafarroak, bere aldetik, Euskarari buruzko bere Legea dauka (1986), hiru hizkuntza eremu ezartzen dituena: euskalduna (non euskara ofiziala baita gaztelaniarekin batera), mistoa (estatus anbiguokoa) eta ez-euskalduna (non bakarrik gaztelania baita ofiziala). Euskadin ez bezala, Nafarroako gizartean ez dago adostasunik hizkuntzari buruz eta herritarrak zatiturik daude horri dagokionez. Euskaldun kopuruak pixka bat gora egin du, baina nafar askok ez dute begi onez ikusten euskara, uste baitute, epe luzera begira, Nafarroa Euskadin sartzeko tresna bat izan daitekeela. Are okerrago, Ipar Euskal Herrian, euskaldunak gero eta gutxiago dira eta berehala joera hori aldatzen ez bada, euskara arriskuan izanen da hizkuntza marjinal bihurtzeko, belaunaldi honetan berean.

— Egileak: Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza

lanaren aipamena nola egin...

Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza, "XX eta XXI. mendeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3