Erabiltzaile Tresnak


his:2

Euskal hizkuntzaren inguruko eztabaida Aro Foralean

Aro Foralean euskararen inguruan sortu zen eztabaida aztertuko da atal honetan, eta horrekin batera, alde bateko nahiz bestekoen iritziak eta argudiobideak jasoko dira.

Hizkuntza eta alegiazko irudia

Hizkuntzari buruzko eztabaida beste kontzeptu batekin lotuta dago: “alegiazko irudia” deitutakoarekin, hain zuzen ere. Aro guztietan ustezko gizarteak eraikitzen dira egoera legeztatzeko eta batez ere eraikuntza ideologiko garrantzitsuenek herri bat nazionalizatzeko edo identitatea emateko balio dute. Alegiazko edo ustezko sistema honek sinesmenak, mitoak, leiendak, zurrumurruak eta beste elementu ez oso zientifikoak batzen ditu, baina baita beste batzuk errealak ere, eta edozein kasutan, indar handiz hornituta daude.

Euskal apologistak

NOE USOA LAXATZENGure kasuan, euskal Aro Foraleko egoerari zilegitasuna emateko, apologistek holako alegiazko irudi bat asmatzen dute. Irudi horri dagozkion elementu nagusiak hauexek dira: antzinatasuna, garbitasuna, kristautasun goiztiarra, noblezia orokorra, berdintasuna… eta noski, tubalismoa. Antza denez, Tubal, Noeren biloba, garaien hasieran, Euskal Herrira etorri zen eta euskaldunei kristau erlijioa eta euskara erakutsi zizkien. Hau dela eta, euskal lurraldeek euren status politiko eta sozial berezia, Forua, justifikatzen zuten. Ikusiko dugun legez hizkuntza elementu garrantzitsu bihurtzen da sistema honetan.

Bestalde, XVI. mendean, Euskal Herriko lurraldeetan Foru sistema sendotzen denean, testuinguru politiko, sozial eta kultural oso aldakorra dugu (Estatu-nazioaren sorrera, Erreforma, Europatik kanpoko lurraldeen aurkikuntza,…) eta honek guztiak bere ondorioak uzten ditu hizkuntzan.

Herriko hizkuntzak latinaren ordez

Hizkuntza askoren kasua

Garai honetan herriko hizkuntzek latina ordezkatzen dute kultura-hizkuntza gisan eta, ondorioz, hizkuntzen egoera bera zeharo astintzen dute. Estatu modernoetan hizkuntza ofizialak ezartzen dira latinaren kaltetan (Frantziako kasuan, François I.ak ematen ditu zentzu honetan Villers-Cotterêts-eko Ordenatzak 1539an). Herri-hizkuntza nazional guztiek bere gramatika eta hiztegia argitaratzen dute (gaztelaniaz 1492an, Antonio de Nebrija: Gramática Castellana; italiarrez, Pietro Bembo, 1525ean: Prose della volgar lingua; frantzesez, 1530an John Palsgrave: L’Esclarcisement de la Langue Françoise eta portugesez, 1536an Fernao Oliveira: Grammatica da Lingoagem Portuguesa). Eta honekin batera hizkuntzaren apologiak ere idazten dituzte. Gaztelaniaz: Juan de Valdés, fray Luis de León, Ambrosio de Morales,… Hortik aparte, Kristau Erreforma herri-hizkuntzeen aldekoa nabaritzen da eta Bibliaren herri bertsioak bultzatzen dituzte: lehenengoa alemanez eta gero, ingelesez, suediarrez, etab.

Euskararen kasua

LAZARRAGAREN ESKUIZKRIBUAEuskarak, bitartean, ez dauka benetako gramatika idatzirik ezta hiztegirik ere XVIII. mendean Larramendik berea argitaratu zuen arte. Izan ere, lehendik idatzitakoak (Micoleta, Landuchio, Pouvreau, S., Melchor de Oyanguren, Joannes de Etcheberri) desagertzen dira edo XIX. menderaino argitaratzeke geratzen dira. Baina, horrelakorik ez bazen ere, hizkuntzaren apologistak eta idazleak behintzat sortzen dira. Lehena, noski, Bernat Etchepare, J. B. eta bere bi kantu “Saultrela” eta “Kontrapasa” 1545ean. Aipatu behar ere, Joan Perez de Lazarraga arabarra 1564-67 artean euskaraz idazten duela liburu bat gaur egun arte argitaratu barik geratu dena. Eta nola ez, Ionanes de Leiçarraga eta bere taldea 1571n biblia kalbinista itzuli eta argitaratu zuena: “Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria”.

Tubalen mitoa eta euskal apologistak

Bitartean, euskal apologistek aipatu dugun ustezko irudi kolektibo foral hori eraikitzen dute. Herrien noblezia, garbitasuna eta kristautasuna hizkuntzan agerian geratzen diren ezaugarriak dira eta, neurri baten, Tubalen mitoarekin justifikatzen dira. Tubalen mitoa Europan zabaltzen da XV. mende bukaeran, Annio de Viterboren eskutik, eta Espainiara aplikatutzen zaio. Euskaldunek Tubalen istorioa Euskal Herriari ere aplikatzen diote eta hizkuntzaren argudioa erabiltzen dute euren teoria frogatzeko. Eztabaida ikaragarria sortzen da, argudio bera erabilita, tratatu idazle espainol batzuek euskarari balioa kentzen diotenean, frogatzeko hizkuntza basati eta barbaroa besterik ez dela eta ez dela Espainiako jatorrizko hizkuntza.

Garai horretako euskal apologisten eta tubalismoen ideiaren hedatzailearen artean honako hauek aipatu egin behar dira:

  • Esteban de Garibay (1525-1599)
  • Christoforo Plantino, 1571: Los XL libros del Compendio historial de las chrónicas y universal historia de todos los reinos de España, Amberes. JUAN DE MARIANA
  • Juan Martínez de Zaldibia (? - 1575), Suma de las cosas cantábricas y guipuzcoanas (Fausto Arocenaren edizioa), Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1945
  • Andrés de Poza (1547 - 1595), De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas en que de paso se tocan algunas cosas de la Cantabria, Bilbao: Matías Mares, 1587
  • Baltasar de Echave (1548 - 1623). Discursos de la lengua Cántabra-Bascongada, compuestos por… México: Henrrico Martínez, 1607
  • Lope Martínez de Isasti ( c.1565 -?), Compendio historial de la M. N. Y M. L. Provincia de Guipúzcoa (1625). San Sebastián: Ramón Baroja, 1850
  • Juan Luzuriaga, Paranyinfo celeste. Historia de la mystica zarza, milagrosa imagen y Prodigioso Santuario de Aranzazu…, México: Viuda de Calderón, 1686

Euskararen etsaien artean honako hau nabarmendu daiteke:

  • Juan de Mariana (1536-1623), Historia general de España [1601]. Madrid: Gaspar Roig, Biblioteca de Autores españoles, 1848-51.

XVII. mendean, Nafarroan, tubalismoaren eta euskal apologetikaren beste jarraitzaile batzuk sortzen dira: Juan Sada Amézqueta [García de Góngora y Torreblanca goitizenpean], Historia apologética y descripción del Reyno de Navarra y de su mucha antigüedad, nobleza, calidades, y Reyes que dieron principio a su Real casa, y procuraron sus acrecentamientos… Pamplona: Carlos de Labayen, 1628, eta Pedro de Agramont y Zaldibar (1567-1635), Historia de Navarra 1632. Pamplona: Mintzoa, 1996.

Elizgizonak eta hizkuntzaren erabileraren aldarrikapena

Ondoren, XVII. mende erditik aurrera, apologisten artean beste pentsamolde interesgarri bat sortzen da. Elizgizonek herri hizkuntza landu eta erabili egin behar dela aldarrikatzen dute. Eta honekin batera euskarari hizkuntza nazionalaren maila ematen diote. Lehenengo kasua 1626an Juan de Beriain apaiz nafarra da (Utergakoa): alde batetik predikuak elebiduna izan behar duela aldarrikatzen du eta argudio hauek erabiltzen ditu hori frogatu nahirik: “escribo en Bascuence porque no ha habido nación en todo el mundo que no se haya preciado de la lengua natural de su patria, y de enseñarla en las escuelas a leer y escribir”. Berdin gertatzen da honako hauekin ere:

XVII. mendean euskara Iberiar penintsularen hizkuntza zaharrena zela defenditzen zutenak ere baziren. Besteak beste, Arnaud Oihenart (1592 -1667), Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae tum Aquitanicae, Paris: Sebastián Cramoisy, 1637 eta José Moret y Mendi (1615 - 1687), Investigaciones historicas de las Antigüedades del Reyno de Navarra. Pamplona: Pascual Ibáñez, 1766 eta Annales del Reyno de Navarra, Pamplona: Pascual Ibáñez, 1766.

Etimologia kontuak

Bestalde, esan behar da izaera abertzalea duten kolektibitate batzuen garaipena beste zerbaitean, eztabaida linguistikoetan batez ere, eta eztabaida etimologikoetan oinarritzen dela. XVII. mendean milaka eztabaida sortzen dira, non, euskaldunen aurka daudenek, bereziki euskaldunen foru sistemaren aurka, euskara gutxiestea bilatzen baitute, haien jarrera eztabaidagarria, maltzurra eta lekuz kanpokoa erabilita. Berehala etorri zen apologisten erantzuna. Eztabaida haiek aski modu erasokorrean gertatzen ziren, eta horren erakusle dira gizartean banatzen ziren idatziak. Guztiak inprimatu gabeak, eskuz idatziak eta anonimoak.

HISTORIA DEL BUHO...1620an Pedro Fernandez de Castrok (Lemoseko Konteak) sinatu gabeko lan bat idatzi zuen: Historia del Búho gallego con las demás aves de España eta 256 urte geroago, 1876an, Castellanos y vascongados izeneko lana argitaratu zen Madrilen, Victor Sainz argitaletxean, 1622ko idatzitako beste testu honekin batera: Castellanos y vascongados. Tratado breve de una disputa y diferencia entre dos amigos, el uno castellano, de Burgos, y el otro vascongado, en la villa de Potosí, reino del Perú. Argumentuaren haria testu bietan berdintsua da: euskaldunak, Tito Valpesianok Espainara ekarritako esklabo juduen ondorengoak dira, euskara hebraieraren antzerakoa delako. Hori frogatzeko honako etimologia modukoak erabiltzen ziren: “Vizcaya” = “Vicecaya” = “Vicecaín”. Hau da, bizkaitarrak (vizcaínos) vicecaineak ziren eta Kristo hil zuten, Kainek Abel hil zuen bezala. Beste toponimo hebraierazkoen artean sartzen zen “Amezketa”. Mezkita edo sinagoga zegoen tokia adierazten zuen. Gauza bera gertatzebn zen “Fuenterrabia” hitzarekin, bistan baitzuten “Rabiaren Iturria (Fuente de Rabi)” adierazi nahi zuela. Eta beste hainbat gehiegikeria eta astakeria. Euskaldunen noblezia maila murrizteko helburuarekin, euskaldunak juduekin eta agotekin nahasten zituzten, denak zaku berean sartuz. Erantzun indartsuena ere, argitalpen anonimo batean gertatu zen: El Tordo Vizcaíno, s. l., s. a. [c. 1638]. El tordo vizcaíno, contestación al Buho gallego, Semanario erudito, 1789, XXII, 110-210, nahiz eta idazlea, Jesusen Lagunen kidea zen Gabriel de Henao izan zitekeela pentsatzeko oinarri sendoak badiren.

Modernitatea ageri

XVIII. mende hasieran euskara goraipatzen zutenenek, ohiko argudioez (tubalismoa, kantabrismoa) gain, modernitatea adierazten duten xehetasunak erabiltzen zituzten. Joannes de Etcheberri (Sarakoa) [Sarakoa] (1668-1749) da honen adibiderik garbiena. Haren argudiobidea ohiko bidetik badoa ere, berritasun batzuk erabiltzen ditu: bera laikoa eta zientifikoa izanik (medikua zen), eta ez elizgizona edo letretan aditua, erabiltzen zuen diskurtsoa garai hartako zientifismo arrazionalistara gerturatzen da, beraz, eta ez ditu erabiltzen horrenbeste elementu mitiko. Era berean aski ongi konturatzen zen hizkuntzaren garapena politika publikoen esku dagoela, eta horregatik zuzendu zitzaion Uztaritzeko Biltzarrari proiektu hartarako konpromisoa eskatuz. Ohartzen zen lan hori burutzeko lanabesak behar direla: hiztegia eta gramatika. Gauza biak egin zituen, nahiz eta ezin izan zituen argitara eman. Idazkiak euskara dotorean daude, aurreko apologistek ere erdaraz egin zuten bezala. Bere garaian lan bat bakarrik eraman zuen inprentara: Lau-Urdiri gomendiozko karta (Baiona: Mateo Roquemaurel, 1718). Ia bi mende geroago Julio de Urquijok editatu zuen Escuararen hatsapenac 1712an idatzia (Paris: Paul Geuthner, 1907).

Elizgizonek euskara bultzatu

MANUEL LARRAMENDI?300Bestalde Jesusen Lagunen elizgizonek, hizkuntza zerabilten dotrina erakusteko eta komunikazio tresna bezala, nagusiki elebakarra zen herriarekin. Predikua kalitatezko euskaran egin behar bazen derrigorrez argitaratu behar ziren euskal testuak eta batez ere derrigorrezkoak ziren gramatika eta hiztegi onak. Langintza honetan ahalegindu ziren Sebastián Mendiburu, S. (1708-1782), Agustin Cardaberaz (1703–1770). Eusqueraren berri onac…, Pamplona: Antonio Castilla, 1761 eta batez ere Manuel de Larramendi, M. (1690-1766). Larramendik gramatika eta hiztegia hauek idatzi zituen:

  • Diccionario trilingüe: arte de la lengua bascongada, Salamanca: Antonio José Villagordo, 1729
  • Diccionario trilingue del castellano, bascuence y latín, San Sebastián: Bartolomé Riesgo, 1745

Lan horiek helburu bat baino gehiago zuten: batetik euskararen tresnak ziren; baina bestetik espainiar idazleak zituzten aurrean, eta horregatik goraipatzen dute euskararen antzinatasuna, harmonia, Espainiako lehen hizkuntza dela esaten dute, hizkuntza oinarrizkoa etab… Horrela erantzuten zien Larramendik euskara bera zalantzan jarri zutenei. Larramendik, hizkuntzaren normalkuntza eta goraipamena zabaltzeaz gain, beste elementu berritzaile interesgarri bat gehitzen du: euskarari hizkuntza nazionalaren tratamendua ematen dio.

Linguistika-alderaketaren sortzaileetariko bat Lorenzo Hervás y Panduro izan zen, Kuenkako eruditua, hau ere Jesusen Laguna eta neurri handi batean Larramendiren teorien jarraitzailea. Horrela ageri da berak idatzi lanean: Catálogo de las lenguas de las naciones conocidas, y numeración, división, y clases de estas, según la diversidad de sus idiomas y dialectos (Madrid: Imprenta del Real Arbitrio de Beneficencia, 1804).

XVIII. mendearen lehen erdian, Euskara goraipatzeko testuak agertzen dira ohiko oinarri teologikoak argudiatuz. Hauen artean merezi du azpimarratzea Juan de Perocheguirenak idatzi zuen bat: Origen y antigüedad de la lengua bascongada y de la Nobleza de Cantabria (Barcelona, 1731). Aipatzekoa da egile horrek arrazoiketa klasikoak azken muturreraino eraman zituela: horrela ”frogatu” zuen jatorrizko euskara zuzenean Jaingoikoak sortua zela, eta antzina mendebaleko Europan zehar zabalduta zegoela. Hau guztia nekez sinets zitezkeen sasi etimologietan oinarritzen zuen. Hala ere lan horrek izugarrizko zabalpena izan zuen, eta ezaguna egin zen oso, izan ere, 1731 eta 1877 artean sei aldiz editatu zen.

Apologisten aurkakoak

Euskal apologisten aurkaririk nagusiena, garai horretan, Gregorio Mayans y Siscar (1699 –1781) egile valentziarra izan zen. Orígenes de la lengua española (Madrid: Librería Victoriano Suárez, 1737) lana idatzi zuen. Mayans maila handiko aurkaria zen: Salamankako katedraduna izateaz gain, ondoren erret-liburuzainaren titulua eskuratu zuen eta inork gutxik jartzen zuen zalantzan haren maila intelektuala. Zeregin nagusitzat hartu zuen gaztelera duin bihurtzea, eta horregatik aldarrikatzen zuen hizkuntzaren garbitasuna eta jatortasuna, astakeriak albo batera utzirik. Hau dela eta, gaztelerari modu batean edo bestean itzala egin ziezaiokeen bestelako hizkuntzak –zaharragoa zelakoan, garbiagoa, harmonia handiagoko edo beste edozein ezaugarri zuelako– zapaltzen ez zen atzean geratzen. Oinarrian, euskarari dagokionez bi gauza planteatzen zituen: euskararen berezko txirotasuna edozein adierazpen zibilizatu egiteko, beste hizkuntza batzuen maileguak hartu behar zituelako, eta ezezko biribila ematen zion Espainiako hizkuntzarik zaharrena izateari.

Erasoa

Iparraldea

Iparraldean Iraultza hastear zegoenean Barthelemy Jean Baptiste Sanadon (1729–1796) benediktarrak beste lan bat argitaratu zuen: Essai sur la noblesse des Basques, pour servir d’Introduction à l’Histoire générale de ces Peuples. Rédigé sur les Mémoires d’un Militaire Basque, par un ami de la Nation (Pau: J. P. Vignancour, 1785). Berak, pentsamolde kantabrista eta berdintzaile tradizionala Oihenarten vasconismoarekin eta konstituzionalismo historikoarekin batera sistematizatzen du, horretarako Jean-Philippe Bela (1709-1796) zuberotarrak argitaratzeke utzitako idatzia linarritzat hartuz. Idatzi honek eragina izan zuen Dominique Joseph Garaterengan, eta horregatik eskatu zion Napoleoni, iraultzaren garaian, Euskal estatu tapoi bat eraikitzea, Fenizia Berria bezala ezagutuko zena.

Iraultza liberalak inflexio puntu bat ekarri zuen estatuen hizkuntza politikan. Hitz gutxitan esateko: iraultzaile frantsesak zein gertutik jarraitzen zizkieten liberal espainolen nazio eraikuntzarako irizpideak aski antzekoak ziren. Unitaristak maila guztietan: Nazio bat, lege komuna herritar guztientzako eta hizkuntza bakarra. Horrek Frantziako hizkuntza ondare aberatsa suntsitzea zekarren, eta maltzurkeriaz beteta, “patois” deitzen zieten hizkuntza minorizatuak erabiltzen zituztenei, barre eginez. Teorizazio horren egilerik aipagarrienak honako hauek dira: Henri Grégoire, “L’abbé Grégoire” bezala ezaguna (1750 -1831) Rapport sur la nécesité et les moyens d’anéantir les patois et d’universaliser l’usage de la langue française, lanarekin (16- prairial, II urtea [1794) eta Bertrand Bareré de Vieuzac (1755-1841) Rapport du Comité de Salut Publique sur les idiomes lanarekin (8 pluvioso, II. urtea, 1794). Haientzat “dialektoak”(euskara barne) Antzin Erregimenari zegozkion, eta fanatismo eta feudalismoaren erakusle ziren. Berriz, frantsesa Errepublikako hizkuntza zen. Hau ez zen geratzen printzipioen adierazpen soil batean, frantsesa indartu zedin, baizik gainerako hizkuntza guztien suntsiketa politika sendo batean. Nahiz eta modu apalagoan ezarri zuten, liberalek ere hizkuntza politika bera jarraitu zuten estatu espainolean.

Foruen aurka

Hego Euskal-Herriari dagokionez Carlos IV.a eta Fernando VII.aren errege-garaietan Foruen aurkako erasoa gogortzen da. Historiaren akademiak zuzenduta nagusiki, arrazoiketa historiko linguistikoetan oinarritzen da. Eraso horrek bi zutabe zituen: lehenengoa, foruak ez zirela oinarritu lurraldeek erregeekin egindako hitzarmenetan, erregeek emandako kontsezioetan baino. Hortaz, erregeei irizten zitzaienean ezaba zitzaketen. Bigarrenak zioen euskara hizkuntza-mordoiloa eta nahasketa baino ez zela, ezin zuela azalpen landurik bermatu eta ez zuela inongo gaitasunik administratiboki ezberdintzen zuenik, ezta autogobernatzeko gaitasunik ere. Beste modu baten esanda, euskaldunek bere hizkuntza traketsa erabiltzen zuten onartezinak ziren eskubide batzuk justifikatzeko.

Lehen arrazoibidea garatzeko lana egin zuten egileak honakook ziren: José Antonio Llorentek idatzi zuen Noticias históricas de las tres provincias vascongadas en que se procura investigar el estado civil antiguo de Alava, Guipuzcoa y Vizcaya y el origen de sus fueros (Madrid: Imprenta Real, 1805-1807) eta Tomás Gonzálezek, berriz, Colección de cédulas, cartas-patentes, provisiones, reales órdenes y otros documentos concernientes a las Provincias Vascongadas, copiadas de orden de S.M. (Madrid: Imprenta Real, 1829-1830). Hizkuntzaren baliogabezia Joaquín Traggiak landu zuen: “Del origen de la lengua vascongada” (“Navarra” hitzean) Diccionario Geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia (Madrid: Viuda de don Joaquín Ibarra, 1802). Horrekin batera José Antonio Conde aipatu behar da, Censura crítica del alfabeto primitivo de España y pretendidos monumentos literarios del vascuence (Madrid: Imprenta Real, 1806) eta Francisco Martínez Marina, Ensayo histórico-crítico sobre el origen y progresos de las lenguas, señaladamente del romance castellano. Memorias de la Real Academia de la Historia (Madrid: Sancha, 1805).

Ondorioak

CARLOS IV.aFrantziaren eta Espainiaren aldetik gertatu zen eraso bikoitz horrek, hizkuntzaren duintasunari egiten zio eraso, baina aldi berean zalantzan jartzen zituen sistema judiziala eta politiko tradizionalak. Jarrera horrek mugaren alde bietako egile euskaldunen aurkako kontraeraso tinkoa sortu zuen. Horrela, eta erreakzio moduan, Ipar Euskal Herrian XIX. mendeko lehen bi hamarkadetan ugaldu ziren euskararen aldeko lan asko. Egia esan, egileak, ia beti elizkoiak eta ideiez kontserbatzaileak ziren. Maiz, euskara goraipatzeko zaletasunak eraginda, astakerietatik hurbil zeuden gehiegikerietan erortzen ziren. Pierre D’Iharce de Bidassouetek (1765–1843), Histoire des cantabres, ou des premiers colons de toute l’Europe avec celle des basques, leurs descendants directs, qui existent encore, et leur langue asiatique-basque, traduite, et réduite aux principes de la langue française (Paris: Julie Didot Ainé, 1825) idatzi zuen eta Dominique Lahetjuzanek (1766 –1818) Essai de quelques notes sur la langue basque, par un vicaire de champagne, sauvage d’origine (Baiona: Cluzeau frères, 1808). Biek zioten euskara izan zela Adan eta Ebak Jaungoikoarekin erabili zuten komunikazio hizkuntza. Aldiz, Jean Pierre Darrigolek (1790-1829) bere Dissertation critique et apologétique sur la Langue Basque, par un eclésiastique du diocèse de Bayonne (Baiona: Duhart-Fauvet, 1827) lanean antzeko teoriak defendatu bazituen ere, gutxienez bi gai garrantzitsu planteatu zituen euskararen normalizazioaren inguruan: Hizkuntzaren akademia sortzea eta ortografia egokitzea, geroago egin zenaren ildotik eta oraindik orain indarrean dagoena.

Agustin Chao zuberotarrak irudi konplexu eta originala eskaintzen du eta, Europako erromantizismoaren testuinguruan txertaturik, herriko kulturen aldarrikapena egiten du, identitate-sistema berriak indartuz eta sorrerako mito berrietan oinarrituz. Hizkuntzari buruzko bere ikuspegiak askoz erre eremu zabalagoan hartzen du. Izan ere, oinarri judu –kristaua duen Tubalen mitoaren tokian irudi paganoa eskaintzen du. Hau ere asmatua, noski, baina ez zetorren bat (Tubalen kasuan bezala) jatorri espainiarra zuten mitoekin, erabat euskalduna baitzen mitoa: horrela, berak sortu zuen Aitorren mitoa (“Aîtor. Légende Cantabre” Ariel, 1845).

Hego Euskal Herrian, berriz, foruen eta hizkuntzaren aurkako erasoek indar eta gogo berria sustatu zuten euskararen apologisten artean. Hizkuntza duintasunez hornitzeko eta euskara defendatzeko ahaleginean indarrak bikoiztu zituzten, baina langintza honetan gehiegikeria bat baino gehiago esan zuten, adibidez, euskara zela Paradisuan mintzatzen zen hizkuntza. Konbentzio gerraren hastetik lehen karlistaldirainoko artean euskararen aldarrikapena egin zuten zenbait egilek. Aipatzekoa da Pablo Pedro de Astarloa, P. (1752-1806) eta berak idatzi lanak:

  • Apología de la lengua Bascongada o ensayo crítico-filosófico de su perfeccion y antigüedad sobre todas las que se conocen: en respuesta a los reparos propuestos en el Diccionario geográfico histórico de España, tomo segundo palabra Nabarra, por… (Madrid: Gerónimo Ortega, 1803)
  • Discursos filosóficos sobre la lengua primitiva o Gramática y análisis razonada de la Euskara o Bascuence (Madrid: Gerónimo Ortega, 1803).

JUAN IGNACIO IZTUETA; Valverdek marraztuaHarekin batera beste batzuk ere: Tomás de Sorreguieta (?-1819), Semana Hispano-Bascongada, la unica de la Europa, y la más antigua del Orbe. Con dos suplementos de otros ciclos, y etimologías bascongadas (Pamplona: Viuda e hijo de Longas, 1804); Juan Bautista Erro (1773-1854) Observaciones filosóficas a favor del Alfabeto Primitivo o Respuesta apologética a la Censura crítica del Cura de Montuenga (Pamplona: Longas, 180) eta El Mundo Primitivo o Exámen Filosófico de la Antigüedad y Cultura de la Nación Bascongada (Madrid: Fuentenebro, 1815); Juan Antonio Zamacola (1758-1819), Perfecciones analíticas de la lengua vascongada e imitación del sistema adoptado por el célebre ideologista don Pablo Astarloa en sus admirables “Discursos filosóficos sobre la primitiva lengua” (Bilbao: Casa de Misericordia, 1822) eta fray Bartolomé de Santa Teresa (Bartolomé Madariaga), Plauto Bascongado o El Bascuence de Plauto en su comedia Poenulo, acto V, escena primera y la impugnación del Manual de la lengua basca impreso en Bayona de Francia año 1826, por Mr. Lécluse, profesor de las lenguas hebrea y griega, Santander: s. n., 1828.

Bestalde, egile euskaldunek bat egin zuten Foruen/Euskararen identitateekin eta, beraz, identitate bien bizi-iraupena guztiz lotua ikusten zuten. Horrela zioen Juan Igancio Iztuetak bere Guipuzcoaco Provinciaren Condaira edo Historia ceñetan jarritzen diraden arguiro beraren asieratic orain-arte dagozquion barri gogoangarriac (Donostia: Ignacio Ramon Baroja, 1847) lanean.

XIX. mendeak utzia

Euskal Herrian, XIX. mendea oso aldaketa handien lekuko izan da hizkuntzaren alorrean. Batetik egiazta daiteke hurbiltze zientifikoa eta normalkuntzaren aldeko lanak egiteko interesa piztu dela, hiru helburu gogoan:

  • Hizkuntzaren duintasuna
  • normalizazioa
  • barne egituraren ikerketa zientifikoa

W. VON HUMBOLDTHonela, alor ezberdinetako zenbait intelektualek egin lanek euskarari oso emaitza emankorrak agertu dituzte aipatutako alorretan. Hasteko, ikuspegi goiztiarra duen Wilhelm von Humboldt (1767-1835) lana dugu: Berichtigungen und Zusaetze zum…Mithidates über die Cantabrische oder Baskische Sprache (Berlin: Voss, 1817) eta Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Spaniens vermittelst der Vaskischen Sprache (Berlin: Dümmler, 1821. Gaztelaniazko edizioan: Francisco Echebarria y A. Steiger, Primitivos pobladores de España y Lengua Vasca Madrid: Minotauro, 1959) 1853an Antoine D’Abbadiek (1810-1897) euskal hizkuntza eta kulturaren goraipamena eta aitormena eragin zuten Euskal jaiak antolatu zituen arte (Études gramaticales sur la langue euskarienne, Paris: Arthus Bertrand, 1836). Garrantzi handia dute Louis Lucien Bonapartek (1813-1891) burutu zituen azterketa dialektologikoek (Carte de sept provinces basques…, 1869 eta Le Verbe basque en tableaux, Londres, 1869] beste hainbeste lanekin batera, edo Fleury Lécluseren (1774-1845) ikerketa gramatikalek (Grammaire basque, Toulouse- Bayonne: Jean Douladoure- L. M. Cluzeau, 1826). Aipagarria da Francisque-Michelek (1809-1887 ) eskaintzen duen ikuspegia hizkuntza txertatzen duenean Euskal kultura eta folklorearen orokorrean (Le Pays Basque. Sa population sa langue, ses moeurs sa littérature et sa musique, 1857). Ikerketa hauen egile gehienak ez dira Euskal Herrikoak eta, beraz, ez zaizkio hizkuntzari bihotzez hurbiltzen. Euren ikerketek, edozein ikerketa zientifikotan ezinbestekoa den espiritu kritikoarekin burutuak dira.

Foru sistemaren suntsiketak (Ipar Euskal Herrian 1789an, Nafarroan 1841ean, mendebaleko Probintzietan 1876an) eta sistema liberal kapitalistaren ezarpenak, aldaketa sozial ekonomiko eta politiko garrantzitsuak eragin zituen, alor linguistikoan ere. Derrigorrezko soldadutzak, gazteleraren eta frantsesaren hedapenak, hirigintza prozesuen eztandak, migrazioen joan-etorriak, estatu espainol eta frantsesaren borondate irmoa hizkuntza minorizatuak mugatzeko eta ofizialak bakarrik sustatzeko,… euskararen beherakada neurri gabea ekarri zuten. Horrela, Euskal Herri osoan ahuldu zen euskararen erabilera, eta Araban eta Nafarroako erdiko lurretan desagerturik geratu zen. IPARRAGIRREEuskal hiztunen portzentaia egunez egun jaisten zen, batez ere elebakarrena. Erakundeek ez uten inongo laguntzarik ematen, euskarak ez zuen idaztyeko modu estandarrik, ez zuen prestigio sozialik, eta bazirudien hizkuntza bera ere desagertzera zioala. Hori nabarmentzen dute hainbeste ahotsek: Joaquín Irizar (1793-1879), De l’eusquere et des erderes, ou de la langue basque et de ses derivés (Paris: Poussielgue-Rusand, 1841-1845), Elisée Reclus (1830-1905), “Les Basques. Un peuple qui s’en va» Revue de deux mondes (1867), Miguel de Unamuno (1864-1936), Revista de Vizcaya (1886), Juegos Florales de 1901). Horietariko batzuk horrela gerta zedin interesatuak ziren, eta baziren beste batzuk horren aurka zirenak, neurri handiago edo txikiago baten kexati eta mindu ageri zirenak. Baina, egia esan, ez zuten inongo alternatibarik aurkezten: Jose Maria Iparragirre (1820-18881), ¡Biba Euskera! eta Arren ez bedi galdu euskera edo Felipe Arrese Beitia (1841-1906), Ama Euskeriari azken agurrak !!! (Bayonne: Lamaignère, 1880) ditugu horren eredu. Beste batzuek oso proposamen xumeak aurkezten zituzten, foruen berreskurapenari lotuta, edo arrazaren babes moralaren inguruan eta euskal izaera desberdinarekin erlazxionatuz. Adibide gisa Juan Iturralde y Suit (1840-1909), “La lengua vascongada” (La Paz, 1877) edo Arturo Campión (1854-1937), “De la conservación de la lengua vascongada” (La Paz, 1876; “El Euskara”, La Paz, 1877) aipa ditzakegu. Agerian geratzen da hizkuntzari buruzko eztabaiden oinarriak erabat aldatu zirela eta, horrela, bere berezko-bikaintasuna edo goraipamen historikoa aipatzen bazen ordura arte, aurrerantzean euskararen beraren salbazio eta iraunkortasunaren komenigarritasuna izango dira ideia nagusiak.

Dena den, XIX. mendean hizkuntzaren iraunkortasunari dagokion eztabaidan badago lehentasunezko eremu bat: hezkuntza. XVIII. mendeko azken aldera ahots batzuk (Cardaberaz, Larramendi eta Moguel, adibidez), gogor salatu zuten eraztunez eta zigorrez jantzitako hizkuntzaren maisu zigortzailearen irudia. Baina 1820az geroztik hezkuntza euskaraz egiteko ekimenak hedatzen hasten dira. Nahiz eta onartu ez zuten, horrela eskatu zien Gernikako Batzar Orokorrei Pablo de Ulibarrik [Memoria dirigida a las Juntas Generales de Gernika 1834, Gutun liburua]. Iztueta ere hezkuntza euskaraz ematekoaren aldekoa zen. Orokorrean, hizkuntza minorizatuen, balio sozial eta kulturalen bi kontzepzio ezberdinetan oinarritzen ziren aurkezten ziren ekimenak. Batetik, euskararen iraupenaz arduraturik zeuden pedagogoak, gertatzen ari zen hondamendia ikusita: eskola, edo hobeki esanda, hezkuntza elebiduna ikusten zuten salbatzeko modu bakarra. Bestetik, lehen hezkuntzako ikuskariak zeuden, eta haien interes bakarra neska-mutikoek zela-hala gaztelera edo frantsesa ikastea zen, axolarik izan gabe euskararen bilakaeraz. Hasierakoetatik aipatu behar da Agustín Pascual Iturriaga (1778-1851): bere ideiak praktikan ezarri zituen Hernanin sortu zuen eskola pribatuan 1818 eta 1823 artean; han euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta latinez ikasten zen. Errestaurazio fernandinoaren ondorioz eskola itxi zuten. 1830ean apaiz liberal honek, nahiz eta lortu ez, saiatu zen Gipuzkoako Ditutazioak har zezan berak sorturiko material pedagogikoen ardura, eta ideia haiek ezar Lurraldeko beste eskoletan ezar zitzan. Gipuzkoako Batzarrei zuzendu zion txostenean (Memoria ARTURO CAMPIONpresentada a las Juntas Generales de Gipuzkoa reunidas en Mondragón en 1830, relativa a la conservación de la lengua vascongada, Archivo General de Gipuzkoa, Seccº 1ª, Neg. 21, Leg. 133) gai honi buruzko giltza diren ideiak era argian azaltzen ditu: ez ziola axola hizkuntza bikaina eta zaharra bazen ere, galduz zioala eta iraupenaren borroka galtzen ari zela, eskolaren eremua galtzen ari zelako. Antzeko ideiak zituen Luis Astigarragak (1767-1840) eskola hiztegi bat argitaratu zuen Gipuzkoako eskoletan hezkuntza elebiduna ematerakoan lagungarria izan zedin (Diccionario manual bascongado y castellano. Elementos de gramática. Para el uso de la juventud…, San Sebastián: Ramón Baroja, 1825). Argitaratu eta hamabost urte geroago lortu zuen Diputazioak, bere kontura, doan banatzea eskolen artean.

Hezkuntza ikuskariei dagokienez, esan behar da neska-mutiko elebakarrak gaztelera edo frantsesa ikas zezaten materialak sortzeko arduratu zirela. Aipatzekoak dira Juan Maria Eguren gipuzkoarra eta Jean Baptiste Archu. Lehenbizikoak helburu horrekin argitaratu zuen metodo bat: Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas (Vitoria: El Semanario Católico Vasco-Navarro, 1867) eta Jean Baptiste Archu (1811-1881) zuberotarrak eskola gramatika bat argitaratu zuen antzeko helburuarekin (Uskara eta Franzes Gramática, Uskalherrietaco haurrentzat eguina Baiona: Fore et Lassarre, 1853).

Dena den, euskal hizkuntzari buruzko eztabaida ez zen itxi, ezta gutxiagorik ere, 1876an Foruen suntsipenarekin. Ordura arte Foru sistemak ematen zuen identitateari lotuta zegoena, indartu egin zen eta foruen paradigma, Euskal nazioarenera hedatu zen. Egun, eztabaida eta polemika honek zabalik segitzen du.

— Egilea: Juan Madariaga

Gaian sakonduz

Antoine d'Abbadie

lanaren aipamena nola egin...

Juan Madariaga, "Euskal hizkuntzaren inguruko eztabaida Aro Foralean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3