Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:3:11

Morfologiaren oinarrizko kontzeptuak

Euskarazko morfologia atalean landutako kontzeptuak landuko ditugu ikuspuntu konputazionaletik.

Lemak, aurrizkiak, atzizkiak...

Hitza osatzen duten morfema guztiak ez dira izaera berekoak: morfema batzuek hitzaren lema osatzen dute, alegia, hitzari esanahia ematen diote (pilota; pilota-partida), eta beste batzuek flexioa osatzen dute (pilota+a+k), hots, lemari informazio morfosintaktikoa eransten diote. Lema hiztegi-sarrera dela esan dezakegu. Lemaren aurretik agertu hori diren morfemak aurrizkiak dira eta lemaren ondokoak atzizkiak.

Zenbait hizkuntzak aurrizki/atzizkien informazioa modu gardenean eta independenteki bereizten dituzte morfemak (mendi+ko+e+n) eta hizkuntza eranskari esaten zaie.

Gatozen orain hizkuntza eranskarien multzoan sartu ohi den euskarara. mendi lemaren adibidearekin jarraituz, mugatu/mugagabe marka erantsi behar diogu, artikulua, adibidez, mugatuetan (mendi+a), eta ondoren aldian aldiko kasua (mendi+a+®en). Are gehiago, kasu bat baino gehiago har dezake genitiboak, esaterako, eta berriro mugatasuna eta kasua hartzeko prest egongo da (mendi+a+®en+a+®i). Horrela ad infinitum irits gaitezke teorian, praktikan birritan baino gehiago aplikatzea normala ez bada ere. Eta adjektiboei hiru gradu-marka eransteko aukera eman behar diegu (handi+ago, handi+egi, handi+en), horiek ere mugatasuna eta kasua har dezakete-eta (handi+ago+a+k), forma neutroaz gain (handi+a+k).

Flexioa, eratorpena eta elkarketa

Flexioa morfologia flexiboan kokatzen da eta eratorpena eta hitz-elkarketa, berriz, morfologia lexikoan, ondoko lerroetan ikusiko dugunez.

Flexioa sintaxiak eskatua da, erregularra da kategoriaren arabera, eta ez du kategoria aldatzen. Erregulartasuna dela-eta, sinpleena da deskribapen morfologiko konputazionaletarako, eta konputaziorako deskribapen morfologiko gehienek flexioa hartzen dute oinarritzat. Kasuak, numeroak, menderagailuak, denborak eta pertsonak, besteak beste, flexio-mota desberdinak adierazten dituzte.

Eratorpena ez da, oro har, sintaxiak eragindakoa, ez da erregularra eta kategoria gramatikalaren aldaketa ekarri ohi du. Morfologia flexibotik morfologia lexikora egiten du jauzi. Irregularra izateak konputaziorako eragozpenak dakartza eta, horregatik, maiz hiztegi-sarrera ematen zaio eratorriari edo, okerrenean, tratamendu konputazional orokorrera jotzen da. Adibidez, -kuntza erator-atzizkia da, aditzari erantsita izen bilakatzen duena. Mutur batean eratorpena ez tratatzea dago, beraz; hau da, eratorpena kontuan hartzeko lema berrien bitartez egingo da, hiztegian sartuz. Adibidearekin jarraituz idazkuntza eta ebakuntza lema berriak lirateke, idatz eta ebaki aditzetatik independente, bi izen berri hiztegian. Beste muturrean sorkuntza orokortzea dago, aditzei eransteko aukera emanez. Honek gainsorkuntzara eramaten du, *kaltekuntza edo *adierakuntza moduko hitz berriak sortzen baititu artifizialki.

Elkarketa, esanahidun osagai independenteen arteko bilketa, morfologia lexikoa hau ere, lema bat baino gehiago biltzean sortzen da eta, maiz, bere tratamendua aurreko biena baino korapilatsuagoa da, informazio semantikoa konpondu behar baita flexiora iritsi aurretik. Hitzaren muga gainditu ohi delako, euskara bezalako hizkuntzetan elkarketaren tratamendua ondoko urratsetarako utzi ohi da, baina alemana bezalako hizkuntzetan saihetsezina da, testu-hitz bakarrean osatzen baita elkarketa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Morfologiaren oinarrizko kontzeptuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3