Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:3:5

Ebaluazioa

Analizatzaile/sortzaile morfologiko bat ebaluatzeko garaian hainbat irizpide hartu behar dira kontuan: estaldura, doitasuna, gainsorkuntza eta eraginkortasuna.

Estaldura (coverage ingelesez) deskribapen morfologiko baten zabalera neurtzeko erabiltzen den ezaugarria da, eta doitasuna (precision) kalitatea neurtzeko erabiltzen dena. Zenbat eta deskribapen zabalagoa egin, orduan eta estaldura handiagokoa izango da, hitz gehiago analizatzeko edo sortzeko gai izango baita; hau da, hizkuntzaren atal zabalagoa estaliko du. Hitz guztiak analizatzen badira, baina analisi batzuk ez badira zuzenak, doitasun falta egongo da. Estaldura neurtzeko corpus handi bat hartu ohi da eta analizatutako hitzen ehunekoa kalkulatzen da. Doitasuna kalkulatzeko, analizatutako hitzak baino ez dira aztertzen, eta ondo analizatutakoen ehunekoa lortzen da. Morfologian doitasuna %99 baino handiagoa lortu ohi da, baina zaila da hain estaldura handia lortzea, eragozpen batzuk baitaude tartean: aldaera dialektalak, maileguak, pertsona- zein leku-izenak, laburdurak, etab.

Gainsorkuntza da ekidin beharreko ezaugarri bat (analisiari bakarrik begiratzen zaionean gain-analisia ere esaten zaio). Gainsorkuntza gertatzen da hizkuntzan existitzen ez diren hitzak sortu edo analizatzen direnean. Adibidez, euskaraz egin eta ten morfemak kateatzean egiten sortu behar da, baina sistema batean gerta liteke egiten zein *eginten onartzea (analizatzea edota sortzea), eta kasu horretan gainsorkuntza gertatuko da. Deskribapen morfologiko sinpleetan gainsorkuntza eragin ohi da, baina deskribapen zehatzetan hori ekiditea da helburu nagusia, batez ere sorkuntza egiteko erabiliko bada. Dena den, morfologia lexikoan, hau da, eratorpenean eta elkarketan, oso zaila da gainsorkuntza ekiditea, ez baita erregularra, esan dugunez.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ebaluazioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3