Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:5:1

Konposagarritasuna

Interpretazio semantikoa prozesu konposizionala da. Hau da, elementu baten esanahia bere osagaien esanahiak konbinatuz lortzen da. Konposizioan oinarritzen diren teoriak interesgarriak dira, esaldiaren esanahiaren errepresentazioa inkrementalki sortzen delako. Testuingururik gabeko sintaxirako gramatika-eredua konposizionala da. Erregelak azpiosagaien kategoriaren arabera aplikatzen dira eta ez diote begiratzen azpiosagai horien barne-egiturari. S  NP VP erregela aplikatzen denean ez da aztertzen zer nolako NP edo VP dagoen, edozein NP edo VP osagaitarako definitzen da.

Teoria konposizionalen arabera, osagai sintaktiko baten esanahia bere azpiosagai sintaktikoen esanahiak konposatuz lortzen da. Funtzio baten bitartez adierazten da konposizio hori. Eredu hau erabiliz esanahiak lortuko dituen gramatikaren eraikuntza eta mantentzea ikaragarri errazten da. Hala ere, konposagarritasun hutsean datzan teoria ez dabil beti; gehienetan bai, konposagarritasuna aplikagarria da, baina zenbait kasutan ezin da aplikatu:

  • Egitura sintaktikoa ez dator bat forma logikoaren egiturarekin.
  • Hitz anitzeko terminoak arazo-iturburu izaten dira, horrelakoetan esanahiak ez baitu zerikusirik osagaien esanahiekin.

Lambda kalkulua deituriko formalismoa oso lagungarri gertatzen da eta sarritan ahalbidetzen du osagai sintaktiko partzial baten interpretazio semantikoa definitu ahal izatea.

Lehen ikusi ditugun teknikek ez dituzte konpontzen anbiguotasunaren arazoak. Zubi izen arruntak 3 esanahi ditu: a) erreka edo hutsunea gainditzeko egitura, b) asteburu luzea, c) hortzen arteko protesia. Aurretik ikusitako formalismoen arabera, 3 forma logiko sortuko lirateke, bakoitza esanahi batekin eta, gero, hiru forma logiko horien artean erabaki behar da agertzen den esaldiko zer zentzuri dagokion.

Baina esaldiko beste hitzen adieren arabera adiera batzuk baztertu ahal izango dira.

  • Parisen egongo naiz hil-bukaerako zubian
  • Ibaiak zubia zeharkatzen du.

Mota semantikoen hierarkiak eta hautapen-murriztapenak lagungarri suertatzen dira anbiguotasuna kentzeko; zentzu posibleen artean, batzuk baztertzen lagun dezakete.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Konposagarritasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3