Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:5:10

Hitzen esanahiak eta anbiguotasuna

Teoria semantiko bat garatzeko egitura-eredu bat behar da sintaxian egin den bezala. Tratamendu sintaktikoan egitura guztien oinarrizko unitate bat definitu zen (hitza edo morfema) eta horren inguruan egitura konplexuagoak nola eraiki behar diren arautu zen gero. Tratamendu semantikoan ere gauza bera egin beharko dugu: lehenengo oinarrizko unitatea aukeratu (hitza, morfema edo esanahiak?) eta gero arautu egin beharko dugu nola sortu egitura semantiko konplexuagoak (esaldi-esanahiak, adibidez). Logikoena unitatetzat esanahia aukeratzea da, eta esanahi gisa hitzen adierak hartzea.

Anbiguotasuna interpretazio semantikoaren prozesuan arazo inportantea izaten da, eta lotuta dago esanahiei. Hiru anbiguotasun mota bereiziko ditugu adierei eta interpretazio semantikoari lotuta:

  • Anbiguotasun lexikala: polisemia, homonimia.
  • Polisemia: hitz batek erlazionatuta dauden esanahi bat baino gehiago ditu.
  • Homonimia: hitz batek beren artean harremanik ez duten esanahi bat baino gehiago ditu.

Adibideak:

  • Nik banku bat dut (eserleku/eraikin) eta Jonek bi. (anb.)
  • Nik bi zaldi ditut eta Jonek bat. (Pottoka/….) (lausoa)
  • Artoa heldu da (iritsi/umotu).(anb)
  • Kategorian oinarritutako anbiguotasuna (inportantea sintaxi mailan).
  • Egitura-anbiguotasuna. Adibideak:
  • Katu eta txakur politak ditut.

Bi egitura sintaktiko posible hauek dagozkio:

  • Katua eta (txakur polita) ditut edo (Katu polita) eta (txakur polita) ditut.
  • Ume guztiek txakurra maite dute

Egitura sintaktiko bakarra dagokio, baina bi interpretazio posible ditu: Nork berea eta Guztiek txakur bera

  • Guztiok istripua ikusi genuen

Lausoa (vagueness). Ez dakigu nork edo zenbat lagunek ikusi zuen istripua

Hitzen arteko kokakidetzaren azterketa oso baliagarria da anbiguotasunaren ebazpenean. Adibidez, Heldu aditzak hiru adiera ditu euskaraz: Heldu (iritsi, ailegatu), Heldu (umotu, ondu, zoritu), Heldu (eutsi). Hiru adiera horien artean desanbiguatzeko zenbait bide:

  • Egitura sintaktikoari kasu eginez desanbigua daiteke batzuetan.
  • Hitzen adieren kokakidetzari kasu eginez ere desanbigua daiteke beste batzuetan.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitzen esanahiak eta anbiguotasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3