Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:5:4

Forma Logikoa (interpretazio semantikoetarako adierazpidea)

Klasikoki esaldi bat ulertzeko egin behar den prozesaketa hiru fasetan banatu ohi da: 1) analisi sintaktikoa, 2) interpretazio semantikoa eta 3) interpretazio pragmatikoa. Azken fase horri testuinguru eta munduari buruzko interpretazioa ere deitu izan zaio. Ikuspuntu horretatik interpretazio semantikoaren espezifikazioa honela egiten da:

Sarrera:

  • Esaldi baten egitura sintaktikoa (lehenengo fasean lortu dena)

Irteera:

  • Esaldiaren esanahiaren errepresentazioa (forma logiko baten bitartez), baina oraindik testuinguruko aspektuak kontuan hartu gabe. Baztertu egin dira esanahi ulergarria ez duten egitura sintaktiko zuzenak.
  • Adibidez: *Asmo berde kolorebakoak bortizki lo egiten zuten.
  • Eta hitzen adiera ezegokiak ere baztertu dira.
  • Adibidez ez da onartuko: *Katua(tresna)lotan zegoen
  • Baina onartuko da: Katua(animalia)lotan zegoen

Bi kontzeptu dira funtsezkoak zehaztapen horretan: hitzen adierak bereiztea (bai objektuetan, bai ekintza edo gertaeretan ere), eta zehaztea noraino diren bateragarriak esaldi bereko hitzen adierak, adiera-konbinazio desegokiak baztertzeko asmoz.

Horrela *Asmo berde kolorebakoak bortizki lo egiten zuten esaldiko hitzen adierei erreparatuta, ezin da onartu “asmoek lo egiten dutela”, “bortizki lo egitea” edo “kolorebakoa eta berdea aldi berean izatea”. Esaldi horrek ez du ez hankarik eta ez bururik. Beste alde batetik, “katua” hitza anbiguoa da bi adiera dituelako, baina *Katua(tresna)lotan zegoen esaldi horretan ezin da onartu “gurpilak konpontzeko tresnak lo egiten duela”! Badakigu jakin lo animaliek bakarrik egiten dutela eta tresnak ez direla animaliak. Erabaki hauek hartzeko behar ditugun informazio semantikoak lexikotik lor ditzakegu, beti ere aurreko esaldietan esan denari erreparatu beharrik gabe.

Ikus dezagun, esaldi adibide batekin, zer lortzen den analisiaren hiru fase horietako bakoitzean. Hau da esaldia: Nereak oilaskoa eskatu du

9. irudia. Hiru faseak perpaus baten analisian

Analisi sintaktikoaren emaitzan osagai sintaktikoak bildu dira perpaus-egitura batean. Interpretazio semantikoaren emaitzan, batetik, identifikatu da zein ekintza mota den (ondo definituta egongo den ESKATU1 adiera formala aukeratu da, ESKATU2, ESKATU3… adieretatik bereizten dena). Sintaxi mailako Nerea izen berezia eta ergatiboa zena, agente kasu semantikopean azaldu da; oilaskoa izen-sintagma zena tema kasu semantiko gisa azaldu eta OILASKO1 adiera ez-anbiguoarekin lotu da.

Geroago, azken fasean, analisi kontzeptualean, identifikadore semantiko horiek mundu errealeko objektuen identifikadoreekin lotu dira (oilasko23, agian aurreko esaldietako batean aipatua izan dena), eta ekintza semantikoari dagokion asertzio logikoa lortu da gero (eskatu (Nerea1, oilasko23, denb23)).

Ondoko beste adibidean azken esanahia lortzeko bi pausoak bereiziko ditugu berriz ere.

Beraz, espezifikazio horren arabera konputazionalki bi prozesu bereizten dira esaldi baten azken esanahia lortzeko:

  • Interpretazio semantikoa. Esaldiaren esanahi abstraktua lortzen da testuingurua kontuan hartu gabe. Forma logiko baten bitartez adierazten da esaldiaren esanahia. Lexikoetan, hiztegietan, esanahiaz dagoen informazio “estatikoa” erabiliko dugu hemen. Sistematikoki ondo bereizita eta ezarrita dauden hitz-adierak dira semantikako atal honen funtsezko osagaia. Sintaxi mailan hitzak (lexiko-sarrera) duen garrantzia, hemen semantikan, adierari dagokio. Osagai sintaktiko baten errepresentazio semantikoa bere azpiosagaien errepresentazioak bilduz lortzen da.
  • Testuinguru eta munduari buruzko interpretazioa (ulertze kontzeptuala, interpretazio pragmatikoa edo interpretazio kontzeptuala ere deitua izan dena). Esaldiaren esanahi konkretua lortzen da munduari buruzko informazioa eta aurreko esaldien osagaien erreferentzia kontuan hartuta. Forma logikotik esanahiaren azken adierazpidera pasatuko gara.

Esaldiaren esanahia egitura formal baten bidez adierazi beharko da, eta horrelako adierazpideei esanahi-adierazpide deituko diegu. Ezagutza adierazteko modu bat baino gehiago aukera daiteke. Adibidez, honako esaldi hau hartuta:

  • “I have a car”

Esaldi horren esanahia ondoko adierazpide mota hauetan aurkez daiteke:

  • Forma logikoa:
  • badago x, y ( (Having x)
    • and (Haver speaker x)
    • and (Car y)
    • and (HadThing y x))
  • Grafoa:

  • Erregistroa:

Aurrerantzean, txosten honetan, esaldiaren egitura sintaktikotik sortzen den esanahi‑errepresentazioa forma logikoaren bitartez adieraziko dugu beti. Aukera hori hartuta, matematikan oso oinarri sendoa duen predikatu-kalkulu sendoa oinarri-oinarrizko tresnatzat hartzen dugu. Hurbilpen askotan predikatu-kalkuluaren forma logiko hutsa da esaldiaren esanahiaren errepresentazioa, baina hainbat esaldi arrunt adierazi ahal izateko, abiapuntu hori aberastu behar izaten dugu ezaugarri berriekin:

  • Testuinguruaren arabera interpretatuko diren terminoen erabilera onartu behar du (izenordainak, determinatzaileak, izen-sintagma mugatuak).
  • Kuantifikatzaileak, aditzen denbora eta modua adierazteko ahalmena izan behar du (kuantifikatzaileek, normalean, testuinguruaren arabera zehaztuko dute beren esparrua geroko fasean).

Hurbilpen batzuetan forma logikoak berak aldi berean bi gauza adierazten ditu: esaldiaren esanahi zehatza eta errepresentaziorako lengoaia. Dena dela, forma logikoarekin soilik ez dugu lortzen esanahiaren errepresentazioa, eta hurbilpen horiek, konputazionalki, arazo asko izaten dute gero. Aurreko hamarkadan sortu zen hurbilpen berri batean egoera kontzeptu berria erabiliz arazo hori gainditzen zen.

  • Hurbilpen horren arabera, egoera da munduko hainbat zirkunstantzia biltzen dituen multzo konkretu bat. Forma logikoak egoera batetik beste batera pasatzeko balio digu. Egoera berrian, lehengo zirkunstantzien multzoari forma logikoak sortu dituenak gehituko zaizkio.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Forma Logikoa (interpretazio semantikoetarako adierazpidea)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3