Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:5:6

Gramatika semantikoak

Interpretazio semantikoa aplikazio konkretu baterako egin nahi bada, badira moduak analisi sintaktiko eta semantikoak eraginkorragoak izan daitezen. Eraginkortasun hori anbiguotasunaren tratamenduaren sinplifikazioan oinarritzen da. Hitzak testuinguru konkretuetan ager daitezkeen ideiaz baliatzen dira eta, beraz, hitzaren hainbat interpretazio ez dute kontuan hartu behar. Gure adibidean, bezeroei ematen zaien hegaldiei buruzko informazioarekin du zerikusia. Abioei buruzko informazioa datu-base batean dago eta datu-baseari galderak eginez lortzen da. Datu-basean galdeketetan sortzen den lengoaia aztertu behar da egitura sintaktiko eta esanahi tipikoak lortuz. Egitura sintaktiko batzuk testuinguru semantiko konkretuetan azalduko dira; kasu hauetan, erregela sintaktikoetan aspektu sintaktikoak, analisi prozesuan lagunduko duten ezaugarri semantiko batzuen bitartez ordezka daitezke eta, horrela, sinplifikatuko da prozesu osoa. Gure adibide honetan, izen-sintagmek honako egitura dute:

  • The flight to Chicago
  • The 8 o'clock flight
  • The first flight out
  • Flight 457 to Chicago

Izen-sintagma hauek analizatzeko gramatika honako hau izan daiteke:

  • NP → DET CNP (the flight)
  • CNP → N (flight)
  • CNP → CNP PP (flight to Chicago)
  • CNP → N PART (flight out)
  • CNP → PRE-MOD CNP (8 o'clock flight)
  • NP → N NUMB (flight 457)

Erregela hauekin forma ez-zuzenak ere lor daitezke, adibidez: *the city to Chicago *the 8 o'clock city *the first city out *city 567 Hori saihesteko informazio semantikoa erants dakieke erregelei. Erregela hauetan propietate semantikoa duten kategoria lexiko berriak azalduko dira. Adibidez FLIGHT‑N (hegaldi esanahiarekin zerikusia duten izenak). Hau dena kontuan hartuta aurreko erregelak berridatz daitezke:

  • FLIGHT-NP → DET FLIGHT-CNP (the flight)
  • FLIGHT-CNP → FLIGHT-N (flight)
  • FLIGHT-CNP → FLIGHT-CNP FLIGHT-DEST (flight to Chicago)
  • FLIGHT-CNP → FLIGHT-CNP FLIGHT-SOURCE(flight from Chicago)
  • FLIGHT-CNP → FLIGHT-N FLIGHT-PART (flight out)
  • FLIGHT-CNP → FLIGHT-PRE-MOD FLIGHT-CNP(8 o'clock flight)
  • FLIGHT-NP → FLIGHT-N NUMB (flight 457)
  • CITY-NP → CITY-NAME (Chicago)
  • CITY-NP → DET CITY-CNP (the city)
  • CITY-CNP → CITY-N (city)
  • CITY-CNP→ CITY-MOD CITY-CNP CITY-MOD-ARG(nearest city to Dallas)

Faltako lirateke beste erregela batzuk:

  • FLIGHT-DEST → to CITY-NP
  • FLIGHT-DEST → for CITY-NP

Goi-mailako egitura sintaktikoak ere egongo dira:

  • TIME-QUERY → When does FLIGHT-NP FLIGHT-VP ?

Laburbilduz, kategoria sintaktiko eta semantikoen arabera adierazten diren gramatikei gramatika semantikoak deritze. Ez dago oso garbi non dagoen gramatika sintaktikoen eta semantikoen arteko muga. Normalean, gramatika semantikoak erregela askoko gramatikak dira baina erregelak eraikitzeko prozesua motzagoa da. Aplikazio konkretuetarako egokiak, baina domeinua aldatuz gero, gramatika osoa berreraiki behar da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Gramatika semantikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3