Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:5:8

Informazio semantikoa eta sintaktikoa

Informazio semantikoa sintaktikoarekin batera errepresentatzeko aukera nagusiak honako hauek ditugu:

Errepresentazio sintaktikoen gainean informazio semantikoa gehitzea

Oinarrian tratamendu sintaktiko osoa dagoenean sistemarik erabiliena da hau. Analisi sintaktikoan hitzak aukeratzen laguntzen duen informazio semantikoa esleitzean datza. Nagusiki, esleitzen den informazio semantikoa bi tipotakoa izaten da: izenek ikuspegi semantikotik deskribatzen laguntzen duten ezaugarri semantiko batzuk jasotzen dituzte eta aditzek (eta gainerako predikatuek) beren posizio argumentalak markatuak dituzte ezaugarri semantikoen bidez. Modu horretara, sistema sintaktikoek esaldietako hitzen esanahiaren gaineko nolabaiteko kontrola izan dezakete. Eta, beraz, hitzik egokiena hautatu kasu bakoitzean. Hurbilpen honen arazorik latzena hitzen semantika ezaugarri semantikoen bidez errepresentatzeko modu egokia ez egotean datza. Eginkizun hori ezinezkoa dela dirudi. Dena den, zenbait ezaugarri semantiko sinple (gizaki+/-, zehatza+/-, zenbakarria+/-, etab.) erabilgarri suertatzen dira interpretazio posibleen artean zein den egokia erabaki behar denean.

Sintaxiaren ondoko maila batean kokatzen den semantika

Hurbilpen honen estrategia maila sintaktikotik eratortzen den egitura-semantikoa maila sintaktikoaren ondoren sortzean datza. Semantikaren tratamendu hau, bereziki itzulpen automatikoaren aldetik sustatu da 70 eta 80ko hamarkadetan. Urte haietan hizkuntzaren prozesamendua gramatika sortzaile/transfor-matzailearen gertuko ikuspegitik abiatzen zen. Ikuspegi hori analisi semantikoa independenteki eta sintaxitik eratorrita egitean gauzatzen zen. Egun, sistema erreal gutxik jarraitzen diote estrategia horri, errepresentazio semantikoaren maila bera eta sintaxitik semantikarako proiekzioa zailak baitira modu koherente eta oso batez definitzen.

Errepresentazio sintaktikoan txertatzen den semantika

Gramatikaren baitan, kategoria konplexuetatik eratortzen den ikusmolde berriak modu berri bat ahalbidetzen du semantika hizkuntzaren prozesamenduan bideratzeko. Kontua da, deskribapen semantikoa ez dela sintaxitik aparte egingo, baizik eta, sintaxiak eta morfologiak osatzen duten deskribapen linguistikoaren parte bezala hartuko da. Hartara, semantika errepresentazio sintaktikoarekin integratzen da. Beraz, erlazio sintaktikoak kalkulatzerakoan, semantikoak ere kalkulatu egingo dira, eta bi alderdiak kontuan hartzen dituen errepresentazio bakar bat erdietsiko da. Estrategia hau darabilten prozesadore erreal gehienetan, errepresentazio semantikoa ezaugarri semantiko estrukturalenetatik abiatzen da: argumentu-harremanak, denbora eta aspektua, determinazioa… Aldiz, ia inoiz ez dira kontuan hartzen semantika lexikalaren atalean lantzen diren fenomenoak, hala nola, sinonimia, antonimia, hiperonimia eta meronimia, etab. Hala ere, semantikaren eta baterakuntza-formalismoen sintaxiaren arteko erabateko integrazioak egingarria dirudi. Oinarriak ezarrita daude eta integratze hori gauzatzea denbora-kontua da.

Edozein teoria semantikorekiko independentea den markatze semantikoa

Sintaxian zein semantikan tratamendu semantiko oso batek dituen zailtasunak kontuan harturik, zenbait ikertzailek konputazionalki kostu txikiagokoak diren hurbilpenak landu dituzte. Horrela, testuan bertan zuzen-zuzenean markatze semantikoak egiten dituzten sistema batzuk sortu dira. Anotazio semantiko horiek egiteko ez da aurretik maila altuko prozesamendu sintaktikorik behar. Kasu horietan, testuak markatzeko teknikak baliatzen dira, maiz oinarri estatistikokoak (desanbiguatzaile morfologiko batzuetan baliatzen direnen antzekoak). Bestalde, ezaugarri-sistema hauen ezaugarri orokorra da erabiltzen dituzten marka semantikoak oso baldintzatuta daudela tratatzen duten testu motagatik. Hau da, erabiltzen dituzten etiketa semantikoak kanpo semantiko partikular bateko testuentzat izango dira baliagarriak (adibidez, juridikoa). Baina, ezin izango lirateke erabili testu orokorrak edota bestelako kanpo semantiko batzuetakoak tratatzeko. Sistema hauek funtzio espezifiko batzuei erantzuten diete semantikaren tratamendu osoa eta koherentea egin ahal izateko sistemaren baten gabeziaren aurrean. Adibidez, testu zehatz batzuetan adierak desanbiguatzeko balia daitezke. Baina, ezin dira analisi semantikorako sistema gisa hartu, horretara iristeko behar adina orokortasunik ez dutelako. Badirudi prozesamendu- eta errepresentazio-sistema osoagoak eta semantika erabat kontuan hartzen dutenak sortzen diren neurrian, sistema mugatu hauek indarra galtzen joango direla. Azken finean, semantikaren tratamenduari dagokion arloa gehien aurreratu behar dutenetariko bat dugu. Gramatika sintaktikoak ezaugarri semantikoekin osatzeaz gain, gaur egungo lanen etorkizuna aipatu ditugun azken bi hurbilpenen ildotik doa: semantika-kategoria konplexudun gramatiketan integratzea eta teoria linguistikoetatik independente den testuen markatze semantikoa. Lehenengo hurbilpenak tratamendu konputazional orokorretarantz aurrera egiten laguntzen du; eta, bigarrengoak, tratamendu semantiko orokor bat ez dagoen bitartean, desanbiguazio semantikoaren inguruko lanak gauzatzen ditu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Informazio semantikoa eta sintaktikoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3