Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:6

Pragmatika

Hizkuntzalariek arreta pragmatikan jarri aurretik ekin zioten morfologia, sintaxia eta semantika aztertzeari. Hizkuntza maila horietan sakonduz eta arazoak argituz hizkuntzaren izaera guztia pragmatika ere aztertu gabe ezin zela agortu konturatzean heldu da pragmatikaren loraldia.
Pragmatikatiko ikuspegiak hizkuntzaren hurbilpen berriak ekarri ditu. Besteak beste, honako hauek dira lanik aipagarrienak: Austin (1962), Searle (1969), Grice (1975), Brown & Levinson (1987), Sperber & Wilson (1986) eta Anscombre & Ducrot (1983). Aztergaiak ere berrikuntza asko dakarkiote pragmatikari ez ezik, hizkuntzalaritzari. Berbarako, gaiak honakoak dira: indexikoak, testuinguruko interpretazioa, oinarri komuna, aurresuposaketak, kooperazioa, inplikaturak, kortesia, hizketa-ekintzak eta diskurtso-egitura.
PPragmatikak aztertzen ditu hizkuntza-fenomenoak eta hizkuntzaren erabileraren testuinguruko ezaugarriak dituzten erlazioak. Hortaz, hizkuntzalaritzan aztergai izan den uneko esalditik harago dagoen informazioarekin eta testuinguruarekiko aldakorrak diren esaldiekin lan egiten du. Honek esan nahi du inferentzia dela aztergai zentrala pragmatikan.
Hizkuntzalaritza konputazionala sortzean, pragmatikak ez zenez hizkuntzalarien aztergaia, hizkuntzalaritza konputazionalak ere hizkuntzalaritzaren ikuspegiari eta garapenari jarraitu zion. Hizkuntzalaritza konputazionalaren hasierako lanek itzulpen automatiko zuten helburu, eta orduan, esanahi literalaren haritik, itzulpen bat egitea hitz-hitzezko itzulpena egitea zekarren. Ari horretako planteamenduen porrotak eraman dute hizkuntzalaritza konputazionala beste alor batzuk aztertzera eta konputatzera, tartean pragmatika.
Nahiz eta pragmatika konputazionalean lan teorikoak ere egon badauden, pragmatika konputazionalaren ezaugarri bereizgarria bere izaera operatiboa da; izaera horrek aplikazio arrakastatsuak ziurtatzen dizkio. Operatibotasunak dakarkio pragmatika konputazionalari aplikazioa helburu izatea, horrela teorien aplikagarritasuna eta etengabeko ebaluaketa beharrezkoak dira diziplinan. Hizkuntzalaritza konputazionalean, beraz, operatibotasuna dela eta, hurbilpen teorikoetako arazoak edo aztergaiak modu praktikoan aztertzen dira.
Pragmatika konputazionalean hasteko lan aipagarrienak hauek dira: Bunt & Black (2000) eta Jurasky (2005).
Pragmatika konputazionalak hizkuntzazko fenomenoen eta hizkuntzaren erabileraren testuinguruko ezaugarrien arteko erlazioak nola konputatu behar dituen aztertzen duenez, bi norabidetan erantzutera daramatzate hizkuntzalariak zein informatikariak:

  1. Nola deskodifikatu behar da testuinguruzko informazio garrantzitsuena hizkuntzazko fenomenoetatik abiatuz? Galdera honek, hizkuntzaren errepresentazio ataza suposatzen du; izan ere, hizkuntza adierazpena emanda testuinguruko ezaugarri garrantzitsuenak konputatu behar dira.
  2. Nola sortu ondo formaturiko hizkuntzazko adierazpenak testuinguruzko informaziotik abiatuz? Hizkuntzaren sorkuntza (language generation) ataza baten aurrean gaude beste galdera honetan; izan ere, testuinguruko ezaugarri garrantzitsuak zeintzuk diren jakinik hizkuntzako adierazpena sortu behar da.

Norabide batean edo bestean, aztergai zentrala inferentzia denez, hurbilpen guztiek inferentziak aztertuko dituzte. Guk atal honetan euskara oinarri hartu duten lanak kontuan hartuko ditugu eta 3 inferentzia mota hauetan zer egin den aipatuko dugu:

  1. Anafora eta korreferentzia.
  2. Diskurtso egitura.
  3. Elkarrizketa sistemak.

— Egilea: Mikel Iruskieta

Oinarrizko kontzeptuak

Anafora eta korreferentzia

Diskurtso-egitura

Diskurtsoaren egiturari dagokion atal honetan pragmatika konputazionalean diskurtsoa aztertzeko erabiltzen diren hurbilpen nagusiak, diskurtsoa aztertzeko zenbait tresna eta diskurtsoaren mailan aberasturiko corpus batzuk aurkeztuko ditugu.

Diskurtsoaren egiturari buruzko zenbait teoria

Testu bat ulertzea ez da testuko esaldi guztien esanahia banan-banan ulertzea. Bada, testu bat ez da ausaz edota justaposizioz elkarturiko esaldi multzoa. Jakina denez, ELABORAZIO erlazioarekin soilik ezin da esaldien arteko erlazio guztien berri eman. Adibidez, hurrengo irudian bestelako erlazioak agertzen dira.




1. irudia: Artikulu mediku baten laburpenaren zuhaitz erretorikoa

Mannen eta Thompsonen (1987) Egitura Erretorikoaren Teoriak (RST) eskaintzen dituen erlazio erretorikoekin eta O’Donnellen (2000) RSTTool tresnarekin eraiki den zuhaitz hau Gaceta Medica de Bilbaon argitaratutako artikulu baten euskarazko laburpenaren zuhaitz erretorikoa da.

RSTko erlazio erretorikoak edozein hizkuntzatan baliogarriak dira eta teoria konputazionalki aplikarria da. Testu zatien arteko koherentziaren berri ematen du nukleartasuna (idazlearentzat garrantzitsuena den unitatea) eta irakurlean eragiten duen efektua deskribatuz. Teoria honen arabera idazleak irakurlea gidatzen du modu inplizituan edota esplizituan testu-zatien arteko hierarkia eta erlazioak erakutsiz. Erlazio hauek zatien arteko garrantziari dagokionez, alde batetik, simetrikoak edo parataktikoak (N-N) dira, bi testu-zatien artean garrantzia berdinekoak direnean (ZERRENDA, KONTRASTEA, DISJUNTZIOA…), beste aldetik, asimetrikoak edo hipotaktikoak (N-S) dira, testu zatietako bat autorearentzat garrantzitsuagoa denean (ELABORAZIOA, METODOA, PRESTAKETA, KONTZESIOA, KAUSA, EMAITZA…). Erlazioak definitzeko murriztapenak ezartzen dira nukleoan, satelitean eta irakurlearengan sortzen duen efektuan.
Teoria honek testu-egituraren deskribapena egiten du oinarrizko elementu diskurtsiboen arteko erlazio erretorikoekin. Hori guztia lau baieztapen nagusik egiten dute posible:

  1. Testuko elementu diskurtsibo guztiak egitura hierarkiko edo zuhaitz batean irudikatzen dira.
  2. Testuaren egitura hierarkikoak zati garrantzitsuak zeintzuk diren determinatzen ditu.
  3. Zatiak lotzen dituzten erlazioen artean menderakuntza edo koordinazio harremana dago.
  4. Zuhaitzak rol komunikatiboa du, zatien arteko erlazioak esplizitu egiten direlako.

RSTko erlazioak simetrikoak (multinuklearrak) ala asimetrikoak (nukleo-satelite) izan daitezke. Gezi batekin loturik dauden erlazio guztiak asimetrikoak dira, geziaren norabideak garrantzia non dagoen irudikatzen duelako. Irudian 6. unitatea (satelitea) ELABORAZIOz loturik dago 5. unitatearekin (nukleoa). Gezirik ez duten erlazioak, ordea, simetrikoak dira, egituraren funtzionaltasunean garrantzi maila berbera dutelako. Irudian 5-8 unitate multzoak eta 9. unitateak Zerrenda erlazioarekin loturik daude. Egitura hierarkikoak testuaren zatirik garrantzitsuenak zeintzuk diren esaten du, kasu honetan irudiko 5-8 unitate zatia eta 9. unitatea.

Erlazio erretorikoak erabiliz testu bateko zatirik garrantzitsuenak automatikoki determinatu badaitezke, orduan laburpen automatikoa posible da. Ez hori bakarrik Taboadak eta Mannek (2005) RSTri esker beste aplikazio batzuk ere inplementatu direla nabarmentzen dute: testuen sorketa automatikoa, itzulpen automatikoa, laburpen automatikoa, testu-azterketa, informazio erauzketa, diskurtsoaren estiloaren zuzenketa automatikoa eta abar.

Teoria honetan oinarritutako analizatzaile automatikoak sortu dira: japonierarako Sumita et al.-ek (1992), ingeleserako Marcuk (1998) eta Brasileko portugalerarako Pardok eta Nunesek (2008).

Euskararako ere erabili izan da teoria hau zenbait lanetan: Barrutietak (2005), beste lan batzuen artean, RSTren bidezko bereizmen handiko segmentazioa erabili du hizkuntza desberdinetako (euskara, ingelesa eta gaztelera) diskurtso egiturak parekatzeko. Iruskieta, Diaz de Ilarraza eta Lersundi (argitaratzeko) domeinu desberdinetako [medikuntza, terminologia eta zientzia eta teknologia] unitaterik garrantzitsuena detektatzeko, Iruskieta, Diaz de Ilarraza eta Lersundi (2013) medikuntzako domeinuko erlazio erretorikoak analizatzeko, Iruskieta eta Da Cunha (2010) erlazio erretorikoak mediku eta terminologia laburpen domeinuak ezberdintzeko, Iruskieta, Da Cuhna eta Taboada (2014) ingelesaren, gaztelaniaren eta euskararen egitura erretorikoak konparatzeko metodologia kualitatiboa plazaratzeko, Iruskieta eta Da Cunha (2010) gaztelaniazko eta euskarazko erlazio erretorikoen eta diskurtso markatzaileen arteko harremanak aztertzeko, Iruskieta et al. (2009) diskurtso markatzaile eta erlazio erretorikoen arteko korrelazioak bilatzeko; eta Da Cunha eta Iruskieta (2009) etiketatze prozesuan RSTren subjektibotasuna eta itzulpen-tekniken eragina neurtzeko.

Erlazio erretorikoen adibideak

Taula hau RSTko webgune ofizialean kontsulta daiteke euskarari eskainitako atalean, hemen.

ERLAZIO ERRETORIKOAADIBIDEA
CONTRAST (N-N)[Lehen graduko aurrekariak tumorearen agertze arrisku handiagoekin lotzen dira;]N [bigarren graduko aurrekari familiarrak, ordea, ez dute modu garrantzitsuan eragiten]N
JOINT (N-N)[Paziente guztiei erradiologiako jarraipena egin zaie]N [eta gorputz arrotzen ebidentzia gabeko sabelaldearen erradiografien ostean guztiei alta eman zitzaien]N
LIST (N-N)[Pazienteen % 68a gizonezkoak ziren.]N [% 92ak kolonbiar jatorria zuen.]N [% 65ak beherakoaren kontrako botika irentsi zuen.]N
SEQUENCE (N-N)[Horiei guztiei egin zitzaien historia klinikoa eta azterketa fisikoa.]N [Jatorriko herrialdeaz galdetu zitzaien.]N [Bihotz-maiztasuna, tenperatura eta presio arteriala erregistratu ziren.]N
DISJUNCTION (N-N)[Pisua nabarmen galdu duten pazienteen gehiengoak zurrunga gutxiago egiten dute]N [edo zurrunga egiteari utzi diote]N
CONJUNCTION (N-N)[Mendelek ez zekien geneak kromosometan kokatzen zirela]N [ezta elkarrekin transmititzen zirela ere kromosoma batean bata bestetik hurbil kokaturiko geneak.]N
BACKGROUND (N-S)[Kokainadun sabelalde barneko gorputz arrotzen eramaileak, kontrabando helburudunak, “body packer” sindromea izenaz ezagutzen dira.]S [Droga pakete hauek irensten dituzten norbanakoen jarraipenean konplikazioen agerpenak ikertu ditugu.]N
CIRCUMSTANCE (N-S)[Bularreko minbiziaren aurrean beharrezkoa dirudi emakumezko biztanleriari zuzendutako nolabaiteko informazio-kanpainari bide ematea,]N [goiz antzemate kanpaina garestien auzia argitzen ez den bitartean behintzat.]S
CONCESSION (N-S) [Sendatze-portzentajea zerbait hobeagoa izan da pertsona gizenetan ez-gizenetan baino,]N [nahiz eta diferentzia hori ez den estatistikoki esanguratsua izan.]S
CONDITION (N-S) [Ikerketa honen xedeetarako mamografia egin izan dela kontsideratu dugu]N [baldin eta emakumeak gutxienez froga bat egin izan badu ikerketa egin baino 2 urte lehenago]S
ELABORATION (N-S) [Gaixotasun organikoa zuten pazienteak 45 izan dira]N [16 eta 90 urte bitarteko paziente hauen bataz besteko adina 58,3 urtekoa izan zen (gizonezkoak 57,6 urte eta emakumezkoak 59,2 urte)]S
JUSTIFICATION (N-S) [7 pazientengan (% 3,3a) kirurgia burutu zen,]N [haietako bostek buxadura zutelako, beste bati paketeetako bat apurtu zitzaiolako eta beste bati handiagoak ziren 2 paketeren kanporaketan garapenik agertzen ez zelako.]S
PURPOSE (N-S) [Eraginkortasunez haren funtzioa bete dezan,]S [SUHak laguntza-eskaeraren eta haren erantzun-gaitasunaren arteko oreka egokia eduki behar du.]N
REFORMULATION (N-S) [Egonkor zeudela kontsideratzen ziren pazienteak bakarrik sartu genituen,]N [hau da, azkeneko 15 egunetan ohiko medikazioa aldatu behar izan ez zutenak eta klinikoki okerrera egin ez zutenak.]S
RESULT (N-S) [Gaixo guztietan sabelaldearen erradiografia sinplea praktikatu da.]N [Sabelalde barneko gorputz arrotzak gaixoen % 98,6gan hauteman ziren.]S
SUMMARY (N-S) [Erradiografia sinplea egin zen.]N [Zenbait teknika bidezko erradiografia konbinatua ere egin zen.]N [Laburtuz, froga erradiologiako desberdinak aplikatu izan dira.]S
EVIDENCE (N-S) [11 pazienteren hesteetako buxaduraren datu klinikoak aurkeztu ziren.]N [Horietan guztietan buxaduraren zeinu erradiologiakoak hauteman ziren.]S
INTERPRETATION (N-S) [Urdail-garbiketak, endoskopioak, ondeste-bideko eskuzko erauzketak edo ondeste-bideko laxanteen erabilerak paketeak apurtzeko arriskua handitzen dute.]N [zeinarengatik ez dira horien erabilera gomendatzen.]S
OTHERWISE (N-S) [Programak kobertura osoa zuela kontsideratu dugu herri guztiak barnean biltzen bazituen;]N [bestela, programaren estaldura partzialtzat hartu izan da.]S
ANTITHESIS (N-S) [Buru-hiltzeari lotutako eragile bat, hain zuzen ere, gaixotasun fisikoa izaten da.]N [Hala ere, gaixotasun fisikoa ez da ez halabeharrezko arrazoia ez faktore bakarra, ezta garrantzitsuena ere buru-hiltzearen ekintza determinatzeko.]S
ENABLEMENT (N-S) [Pazienteari diagnostikatzea eta infekzioa tratatzea ez da nahikoa.]N [Beharrezkoa da jarraibideak eskaintzea infekzioa berriz ager ez dadin.]S
CAUSE (N-S) [Psikoneuroinmunologia garatzen ari den zientziaren eremu berria da.]N [Izan ere, gero eta datu gehiagok frogatzen dute funtzio immuneen eta psikoneuralen arteko erlazioak.]S
EVALUATION (N-S) [Ikasketaren ondorioz ibilketa-proban ibilitako distantzian hobekuntza frogatzen duten lanak daude, batez ere denbora laburrean errepikatzen diren frogetan.]N [Hau kontuan izanik, pentsa daiteke ibilketa-probak ikasketa tipo hauentzat egokiak direla eta pazienteak eguneroko bizitzan egingo duen ahalegina erakusten dutela.]S
MOTIVATION (N-S) Makina bat proposamen terapeutikorekin kontrastean, harrigarria da dieta hipokalorikoa bigarren edo hirugarren maila batean agertzea eta hain publikazio gutxi egotea proposamen horien datuei buruz; batez ere pazienteen gehiengoa pertsona gizenak direnean.]S [Zio horregatik, dieta hipokalorikoa tratamendu bakar gisa OSAS duten pazienteentzat izan dugun esperientzia komunikatzea erabaki dugu.]N
PREPARATION (N-S) [Pazienteak eta metodoak.]S [1984ko ekainetik 1990eko ekainerarte Bartzelonako Hospital Clínic i Provincial (HCP) psikiatria sail arteko unitatean bisitatu ziren 4.850 pazientetik % 5 osatzen dute azterturiko 257 pazienteak.]N
SOLUTION (N-S) [Azpiegitura arazoez eta hauen kosteez gain iturri eramangarrien beste eragozpen bat autonomia eskasia da.]N [Hori dela eta, gas hornikuntza nahikoa mantentzen duten oxigenoa aurrezteko zenbait gailu diseinatu dira.]S
MEANS (N-S) [Bat-bateko heriotza kardiakoaren heriotza-tasak murritz daitezke,]N [beste faktore batzuen artean, sufritzeko arriskua duten pazienteen identifikazio zehatzari esker, suspertze eragiketak buruturiko bizkortasunari esker eta gune espezializatuetarako lekualdaketa kalitateari esker.]S
UNCONDITIONAL (N-S) [Botika hau hartzeak aurkako eraginak dituela dirudi,]N [nahiz eta dosi txikiena emanda ere.]S
UNLESS (N-S) [Terapeutek edozein paziente onartu behar dute taldean,]N [non eta honen jarrera bortitzak ez duen terapiaren garapen zuzena kaltetzen.]S

1. Taula: RSTko erlazio erretorikoen adibideak euskaraz

Beste teoria batzuk

Diskurtsoaren koherentzia aztertzen dituzten beste teoria ospetsu batzuk hurrengo hauek dira:

  1. Groszen eta Sidnerren (1986) teorian (Centering theory) hiztunen atentzioa non dagoen aztertzen da. Egitura linguistikoa, egitura intentzionala eta egitura atentzionala aztertuz diskurtsoaren gunean edo atentzioan gertatzen mugimenduak azaltzen dira. Eta mugimendu hauek determinatzen dute diskurtsoaren koherentzia maila.
  2. Lascaridesek eta Asherrek (1993) testu barruko proposizioen arteko diskurtso erlazioak aztertzen dituzte Segmented Discourse Representation Theory-n (SDRT), forma logikoa eta erlazio erretorikoak hartzen dituzte kontuan diskurtsoa aztertzerakoan.
  3. Penn Discourse TreeBank (PDTB) egitasmoan diskurtso-egituraren informazioa eskala handian etiketatu da, hurbilpen hau diskurtso konektatzaileekin zerikusia duten koherentziazko erlazioetan oinarritzen da (Miltsakaki et al. 2004).

Diskurtsoaren egitura aztertzeko aplikazioak:

Etiketatzeko tresnak:
  1. Testuak etiketatzeko, RST erabiltzen dutenak RSTtool erabiltzen dute edo tresna horretan oinarritutakoak erabiltzen dituzte. Testu gordin bat diskurtsoko informazioarekin aberastu dezakegu tresna horrekin. Eskuragarri dago hurrengo helbidean: http://www.wagsoft.com/RSTTool/
  2. Bestalde, PDTB egitasmoa horren desberdina izanik beste tresna bat erabiltzen dute: http://www.seas.upenn.edu/~pdtb/PDTBAPI/index.html

Diskurtsozko informazioaz etiketaturiko corpusak:

RSTko erlazio erretorikoekin aberasturik lau corpus daude eskuragarri:

  1. RST Discourse Treebank (Carlson et al, 2002) ingelerazko 385 kazetaritza-testu aberastu dira erlazio erretorikoekin.
  2. RHETALHO Brasileko portugaleraz etiketaturiko 40 zientzia- eta kazetaritza-testu: http://www.icmc.usp.br/~taspardo/Rhetalho.htm
  3. RST Spanish Treebank (da Cunha et al, 2011) 267 testuz osaturiko Gaztelaniazko corpusa.
  4. Euskal RST TreeBanka (Iruskieta et al, 2013) 60 testuz osaturiko euskarazko corpusa.

Bestalde, PDTB egitasmoan 40.600 diskurtsoko erlazioz aberastu dituzte ingelesezko kazetaritzako testuez osaturiko corpusa Penn Discourse Treebank Version 2.0 (Prasad et al. 2008).

Diskurtso-unitateen segmentatzaile automatikoa:
  1. SENTER, ordea, diskurtsozko testu segmentatzaile automatikoa da, segmentatzaile hau ingeleserako eta portugalerarako baliagarria da: http://www.icmc.usp.br/~taspardo/Senter.htm
  2. SLSeg beste testu segmentatzaile automatikoa da ingeleserako: http://www.sfu.ca/~mtaboada/research/SLSeg.html
  3. DiSeg beste segmentatzaile hau gaztelaniarako da: http://www.sepln.org/ojs/ojs-2.2/index.php/pln/article/view/776/630
Diskurtso-erlazioez automatikoki aberasteko tresnak:

Erlaziozko diskurtso-egitura automatikoki etiketatzen duen tresna ezagunena DiZer da. Tresna horren emaitzak gizakiek lortzen dituztenekin konparatu ezin bada ere, oso tresna moldagarria da; izan ere, hiru hizkuntzarekin (Brasileko portugesa, ingelesa eta gaztelania) erabiltzen da.

Erlazio-egitura automatikoki ebaluatzeko tresna:

RSTeval erabiltzen da RSTtool tresnarekin bi etiketatzaileren zuhaitzak konparatzeko eta akordioak neurtzeko: http://www.nilc.icmc.usp.br/rsteval/

Bestelako helbide interesgarriak:

Diskurtso partikulen hiztegia gaztelaniaz: http://dpde.es/ Erlaziozko diskurtso-egituraz aberasturiko Multilingual RST Treebanka (Iruskieta et al, 2014) (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez): http://ixa2.si.ehu.es/rst/

Euskarari buruzko RSTko erreferentzia nagusiak

Iruskieta M., Díaz de Ilarraza A., Lersundi M. 2014. “The annotation of the Central Unit in Rhetorical Structure Trees: A Key Step in Annotating Rhetorical Relations”. Proceedings of COLING 2014, the 25th International Conference on Computational Linguistics: Technical Papers: 466–475, Dublin, Ireland, August 23-29. Dublin City University and ACL. http://www.aclweb.org/anthology/C14-1045. ISBN: 978-1-941643-26-6.

Iruskieta M. 2014a. “A Description of Pragmatics Rhetorical Structure and its Evaluation in Computational linguistics”. Programa de póstgradaçao em letras. Maringa-Brasil.

Iruskieta M. 2014b. “Pragmatikako erlaziozko diskurtso-egitura: deskribapena eta bere ebaluazioa hizkuntzalaritza konputazionalean”. Doktore-tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Donostia.

Iruskieta M., Díaz de Ilarraza A., Lersundi M. 2013a. “RST-based Discourse Annotation for Specialized Medical Texts in Basque”. Corpus Linguistics and Linguistic Theory 0.0: 1–32.

Iruskieta M., Aranzabe, M.J., Díaz de Ilarraza A., Gonzalez, I., Lersundi M., Lopez de la Calle, O. 2013b. “The RST Basque TreeBank: an online search interface to check rhetorical relations”. IV Workshop RST and Discourse Studies. Fortaleza, Brasil, Outubro 21-23.

Iruskieta M., Díaz de Ilarraza A., Lersundi M. 2011a. “Bases para la implementación de un segmentador discursivo para el euskera”. Anais do III Workshop A RST e os Estudos do Texto: 18-29. Cuiaba, Brasil, Outubro 24-26.

Iruskieta M., Díaz de Ilarraza A., Lersundi M. 2011b. “Unidad discursiva y relaciones retóricas: un estudio acerca de las unidades de discurso en el etiquetado de un corpus en euskera”. Procesamiento del Lenguaje Natural 47: 139-143.

Iruskieta, M., Da Cunha, I. 2010a. “El potencial de las relaciones retóricas para la discriminación de textos especializados de diferentes dominios en euskera-español”. Calidoscópio 8(3): 181-202.

Iruskieta, M. da Cunha, I. 2010b. “Marcadores y relaciones discursivas en el ámbito médico: un estudio en español y euskera”. In Bueno Alonso, J.L., et al. (Eds). 2010: Analizar datos > Describir variación. Vigo: Universidade de Vigo. 146-159.

da Cunha, I., Iruskieta, M. 2010. “Comparing rhetorical structures in different languages: The influence of translation strategies”. Discourse Studies 12 (5): 1-36.

da Cunha I., Iruskieta M. 2009. “La influencia del anotador y las técnicas de traducción en el desarrollo de árboles retóricos. Un estudio en español y euskera”. In Proocedings of the 7th Brazilian Symposium in Information and Human Language Technology. pp. 1-21. Sao Carlos, Brasil, September 8-11.

Iruskieta M., Díaz de Ilarraza A., Lersundi M. 2009. “Correlaciones en euskera entre las relaciones retóricas y los marcadores del discurso”. In Caballero, R & Pinar, M.J.(Eds). Modos y Formas de la Comunicación Humana. Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha. Cuenca. 963-972.

Iruskieta, M., Díaz de Ilarraza, A., Lersundi, M. 2008. “Análisis de los marcadores del discurso para el euskera: Denominación, clases, relaciones semánticas y tipos de ambigüedad”. In Bretones, M. C. et al. (Eds). Applied Linguistics Now: Understanding Language and Mind. Almería: Universidad de Almería. 1271-1282.

Barrutieta, G. 2005. “Selección de contenidos a partir de un corpus enriquecido y especializado para la generación personalizada de documentos”. Procesamiento del Lenguaje Natural 123-124.

Barrutieta, G., Abaitua, J. and Diaz, J. 2002. “An XML/RST-based approach to multilingual document generation for the web”. Procesamiento del lenguaje natural 29. 247-253.

Barrutieta, G., Abaitua, J. and Diaz, J. 2001a. “Cascading XSL filters for content selection in multilingual document generation”. In Second Workshop on NLP and XML, Taipei, Taiwan.

Barrutieta, G., Abaitua, J. and Diaz, J. 2001b. “Grossgrained RST through XML metadata for multilingual document generation”. In MT Summit VIII, 39-42, Santiago de Compostela, Spain.

— Egilea: Mikel Iruskieta

Elkarrizketa sistemak (Ertaina, Espezifikoa)

Baliabideak eta tresnak

Corpusak

lanaren aipamena nola egin...

Mikel Iruskieta, "Pragmatika", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3