Erabiltzaile Tresnak


hizk:1:9:6

I(ra)kaskuntza eta erroreen tratamendua

Hizkuntzak ikasten ditugunean erroreak egitea da normalena. Bi alor horiek, hizkuntzen i(ra)kaskuntza eta erroreen tratamendua dira, hain zuzen ere, atal honetan landuko ditugunak. Hasteko, hizkuntza-egitura erroredunak aztertzeko ezinbestekoak diren corpusen inguruan arituko gara. Ondoren, erroreen tratamendu automatikoaz hitz egingo dugu, jarraian hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren inguruko hainbat kontzeptu azaltzeko. Bukatzeko, aipatutako kontzeptuen zerrenda erakutsiko dugu.

Corpusak

Hizkuntzalaritzaren alorrean azken urteotan asko ugaritu dira corpusak oinarri hartzen dituzten ikerlanak; izan ere, corpusak hizkuntza lantzeko baliabide ezin hobeak dira, hizkuntza-ekoizpenak aztertzeko eta gramatika teoriek diotena egiaztatzeko bitarteko aproposak. Ordenagailuak lagundutako hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren alorrean eta erroren tratamenduarenean, corpus erroredunak eta testu zuzenak baliatu ohi ditugu, hiztun osoenak edota hizkuntza-ikasleenak. Jasotako corpus gordinak etiketatu egiten ditugu, hau da, informazio linguistikoz aberasten ditugu corpus etiketatuak lortzeko. Testu horiek ezinbesteko bitartekoak dira, bai erroreen tratamendu automatikoa bideratzeko baliagarriak diren adibideak eskuratzeko eta bai hizkuntza-ikasleen i(ra)kaskuntza prozesuari dagozkion ezaugarriak (ezaugarri psikolinguistikoak, besteak beste) aztertzeko.

Erroreen tratamendurako eta hizkuntzen i(ra)kaskuntzarako garrantzitsua da ahalik eta errore-adibide gehien eskura izatea, eta komeni da adibide erroredun solteak ikusteko zein erroreak testuinguruan aztertzeko aukerak izatea.

Erroreen tratamendua

Erroreen Analisiaren teoria 70. hamarkadan sortu zen Corderren eskutik (1967). Ikerketa-lerro berri horrek ikasleek egindako erroreen garrantzia aldarrikatzen zuen erroreak onartezinak eta saihestu beharrekoak ziren garaian.

Gure ikerketa-lerroak errore kontzeptua du oinarrian. Ongi zehaztu beharreko kontzeptua da errorearena, nahasmena sor ez dadin. Erroreekin batera, desbideratzeak, hitz zuzenen erabilera nahasketak edota estiloa bereiz ditzakegu. Gainera, erroreak konputazionalki lantzen ditugunean, argi izan behar dugu ordenagailuei pertsonek dugun munduari buruzko ezagutza falta zaiela, eta ondorioz, zaila izaten dela, maiz, errorea erroreduna ez den egituratik bereiztea.

Errorea zer den argitu ondoren, adibide erroredunak corpusetan aurkitu eta sailkatzea da egin beharrekoa. Ataza horretarako, ezinbestekoa zaigu erroreen sailkapen egoki eta zehatz bat garatzea, sailkapena osatzen duten kategoriak edota azpikategoriak oinarri hartuta egiten baita erroreen etiketatzea eta diagnosia. Sailkapena irizpide ugari erabiliz era daiteke (deskriptiboa, linguistikoa edo etiologikoa, adibidez) eta oso baliagarria da hainbat aplikazio informatikoren oinarrian (erroreak etiketa egokiekin etiketatzeko, errore-detekziorako erregelak zehaztasunez identifikatzeko, erroreak datu-baseetan biltegiratzeko, e.a.).

Behin erroreak sailkatuta, erroreak automatikoki detektatuko ditugu, eta ahal denean ordain zuzenak emango ditugu. Bai erroreak detektatzeko, baita zuzentzeko ere, ugariak dira Hizkuntzalaritza Aplikatuan erabiltzen diren teknikak. Horietako batzuk dagoeneko aplikatu ditugu euskarazko hitz eta egitura erroredunak detektatzeko eta zuzentzeko. Akats ortografikoak, sintagma-, perpaus- eta esaldi-mailako erroreak eta estilo kontuak ditugu aztergai. Hauek denak baliagarriak dira euskararako zuzentzaile eta egiaztatzaileetan integratzeko, eta baita jarraian azalduko ditugun hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren alorrerako hainbat sistema garatzeko ere.

Hizkuntzen i(ra)kaskuntza

Gaur egun hizkuntzak irakatsi zein ikasteko hainbat tresna informatiko dauzkagu eskura. Euskararen kasuan ere hainbat bide jorratu dira dagoeneko. Izan ere, hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren arloan aukera asko ematen ditu informatikak. Batzuk hizkuntza bat ikasteko metodo edota osagarri gisa aurkezten dira. Beste batzuk, nahiz eta hizkuntza bat irakasteko izenburupean ez azaldu, erabilgarri gerta daitezke hizkuntza baten ikaste-prozesuan zehar. Azken horien harira, kontsultarako tresnak oso ohikoak dira aplikazio informatikoetan zalantzak argitzeko: zuzentzaileak eta hiztegiak, besteak beste, testu honen irakurle gehienek erabili izan dituzte noizbait, segur aski.

Ordenagailu bidezko hizkuntzen irakaste-sistema batzuk ikasleen ezaugarriak eta nahiak kontuan izan gabe ariketa itxiak aurkezten dizkiete hauei. Mota horretako ariketetan, ordenagailuak aldez aurretik gordeta izaten ditu emaitza zuzenak. Badira, ordea, adimentsu abizena jar diezaiekegun irakaste-sistemak, non ikaslearen ezaugarriak kontuan izaten baitira laguntza gidatua eman ahal izateko; horretarako, ikasle-eredua adierazita izaten dute mota horretako irakaste sistemek. Hauek ariketa itxiez gain ariketa irekiak proposatzeko bidea ematen dute. Ariketa irekietan ikasleak nahi duena idazteko aukera izaten du. Kasu horretan, ikaslearen ezagutzari buruzko informazio zehatzagoa lortzen dugu, dudarik gabe; baina aldi berean, ez dago ikaslearen emaitza aurreikusterik, eta horrek prozesua automatizatzeko zailtasuna nabarmen handiagotzen du.

Ikaslearen ikaslagun izan daiteke ordenagailua, noski, baina irakaslearen zeregina arintzeko lanabes ere bihur daiteke, bai ikasleen zereginak antolatzeko, baita ikasleekin hartu-emanetan egoteko. Eta horretaz gain, dudarik gabe, ordenagailuak laguntza eskain dakioke irakasleari baliabide didaktikoen sorkuntzan.

Glosategia

- Aldaki dialektalen markatzailea

- Corpus erroreduna

- Desbideratzea

- Errorea

- Errore-analisia

- Hitz zuzenen erabilera nahasketa

- Errore-detekzioa

- Erroreen diagnosi linguistikoa

- Erroreen diagnosi psikolinguistikoa

- Errore-zuzenketa

- Errore ortografikoa

- Estilo-zuzentzailea

- Gramatika-zuzentzailea

- Ortografia-zuzentzailea

- Perpaus-mailako errorea

- Sintagma-mailako errorea

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "I(ra)kaskuntza eta erroreen tratamendua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3