Hizkuntza kalkoek ez dute fama onik gure artean, nahiz eta hizkuntzalariek ongi aski dakiten oso fenomeno arrunta dela hizkuntzen artean. Hizkuntza guztiak, batez ere ukipenean daudelarik, etengabe ari dira aldameneko hizkuntzatik hitzak hartzen: testu hau “makinaz” idazten ari gara edo, nahi bada, “ordenagailuz” edo “konputagailuz”. Mahai gainean “liburuak” ditugu, eta “telefonoa” ere hurbil dago. Ordenagailuko “pantailan” “kurtsorea” jartzeko “sagua” erabiltzen dugu. Eta sagua ere aldameneko hizkuntzatik kalkatutzat hartzen badugu, ez da hitza bere horretan hartu dugulako euskaraz, baizik kontzeptua, kasu honetan, euskarara beste hizkuntzek egin duten bidea kurrituz itzultzen baitugu: tresna hori, bistan da, ez da sagua, saguaren antza izan badezake ere. Inoiz bere eskuetan erabili izan ez duen adineko (edo “edadeko”) euskaldun bati galdetzen badiogu hori zer den, ez litzaioke burutik pasatuko horri “sagu” deitzea, baina nola ingelesez tresnatxo hori asmatu zutenek “mouse” izena jarri zioten, “sagua”, alegia, gero hizkuntza gehienek izen bera eman diote. Beraz, ikuspuntu horretatik esan daiteke “sagua” ere, kasu honetan, hizkuntza kalkoa dela.
Esan bezala, kalko hauek etengabe gertatzen dira: batzuetan oso ongi ohartzen gara, gainera, kalkoak direla: hitz berriak behar ditugunean, batez ere. Irtenbiderik gabe gaudelarik, zuzenean hartzen ditugu, inolako arazorik gabe: internet, politeista, kontsul, elektrizitate, eta abar, gainerako hizkuntzetan bezala. beste batzuetan ez dira hain nazioartekoak: euskaldunok “gasolina” edo “ezantza”, esaten dugu, non bizi garen. Beste batzuetan, hitz berria zaharraren ondoan erabiltzen dugu: argazki, fotografia. Euskarak beti hartu ditu ondoko hizkuntzetatik hitzak, hasiera-hasieratik: aldare, arima, errege, lege… latinetik hartuak dira. Arruntean hizkuntza indartsuenak ematen ditu hitz hauek, handik mailegatzen ditu hizkuntza ahulenak. Baina alderantziz ere gertatzen da: batzuen ustez, gaztelerak bost bokal bakarrik izatea euskararen eragina da, gainerako hizkuntza erromantzeek bokal gehiago baitituzte. Hiztegia ere badira aztarna aski: bistan da agur, cococha, txabola, órdago edo chamarra euskaratik hartuak direla. Hizkuntzak etengabe aldatzen dira, eta aldaketa horretan kalkoek garrantzi handia dute. ez bakarrik hiztegian, noski, morfologian garrantzi handia dute kalkoek: hor ditugu, lekuko, “-tu”z bukatzen diren aditz infinitiboak, horiek ere latinaren partizipioaren amaierako “-tum” oinarritzen direnak. Edo, euskara zaharrean “lehentxoago” deitzen dugu adizki hori (“etorri da”, “joan gara”, “ikusi dugu”, eta abar) ez zen ezagutzen. Pixkanaka sartu zen hizkuntza eta hor geratu da.
Arazoak hasten dira mailagatze horibeharrik gabe gertatzen denean: halako alferkeria batez, edo euskara bera (kasu honetaz euskaraz ari baldin bagara) ongi ez jakitearen ondorioa denean. Orduan, hizkuntza nagusiaren eragina handia da: batzuek “zarata sartu” (gaztelaniaz “meter ruido”) esaten dute, euskaraz beti “zarata atera” esan baldin bada ere. Edo, ez da hain arrotza gaur egun “istripu horretan bi zauritu eta bost hildako eman dira” (gaztelaniazko “se han dado”), nahiz euskaraz “ematea” beste zerbait aski desberdina den, kasu horretan “gertatu dira” esango baikenuke. Azken aldiotan beti ailegatzen gara toki guztietara berandu, nahiz tenorez edo garaiz iritsi. Horrela, Martin bostetan etortzen bada eta Miren seietan, arazorik gabe esango dugu Miren beranduago etorri dela, baina hori ez da nahitaez horrela: beharbada garaiz etorri da, etortzeko ordua seietan bazen, eta aski garaiz etorri da etortzeko ordua zazpietan bazen. Kasu honetan “beranduago” eta “geroago” nahasi ditugu (gaztelaniazko “más tarde”) Miren Martin baino geroago etorri denean.
Euskaraz ez du fama onik “kalko” delako horrek, gehienetan saihetsi behar diren kalkoez ari baikara, baina atal honetan ikusiko den gisan, era askotako kalkoak ditugu gure hizkuntzan: batzuk egokiak eta ezinbestekoak, beste batzuk zalantzazkoak eta beste batzuk baztertzekoak. Eta maila askotan, egia esan, ez bakarrik hiztegian. Hori da atal honetan aztertuko dena.
lanaren aipamena nola egin...