Erabiltzaile Tresnak


hizk:5:1:1

Kalkoen tipologia eta eragina gaurko euskarazko neologian

Lan honetan1 kalkoen tipologiaz jardun behar dugunez gero, ezinbestekoa da, beste ezer baino lehen, kalkoaren kontzeptua zedarritzea, eta mailegutzatik eta interferentziatik bereiztea.

  • Mailegutza terminoak, adiera hertsian, kanpoko elementu —gehienetan, lexiko— baten transferentzia oso edo erabatekoa adierazten du; eta, beraz, kanpoko adierazle bat eta adierazi bat “inportatzea” edo hartzea esan nahi du (Gómez Capuz 1998: 18-43).
  • Kalko eta kalkatze terminoak, berriz, zentzu honetan erabiliko ditugu: kalkatzeak esan nahi du kanpoko elementu bat “itzulpen bidez kopiatzea” eta “ordeztea”; bestela esanda, imitazioz, eta hizkuntza hartzailearen adierazleak edo elementuak erabiliz, kanpoko hizkuntzaren elementu baten esanahia erreproduzitzea2. Gai honi buruzko literaturan (Haugen 1950, Deroy 1956/1980: 223), honelako aurkakotasunen bidez aurkeztu ohi da mailegutza/kalkatzea kontzeptuen arteko bereizkuntza: inportatzea/ordeztea, mailegutza osoa/partziala.
  • Interferentziaren kontzeptua, berriz, zabalagoa da, Ipar Ameriketako hizkuntzalaritza-tradiziotik datorkigu eta hizkuntzen arteko ukipen-gertakarien berri emateko sortu zen. Estrukturalismoaren ikuspegitik, honela definizen du Weinreich-ek interferentzia (1953/1968/1974): “The term interference implies the rearrangement of patterns that result from the introduction of foreign elements into the more highly structured domains of language, such as the bulk of the phonemic system, a large part of morphology and syntax, and some areas of the vocabulary (kinship, color, weather, etc.)”.
  • Interferentziak, beraz, berregituratzea esan nahi du eta ez soilik inbentariora elementu solteak ekartzea: alde batetik, kanpo-elementuak transferitzen edo eskualdatzen dira hizkuntza hartzailera; bestetik, analogia dela medio, identifikatu egiten dira hizkuntza-sistema bietako elementu batzuk eta, identifikazio horren ondorioz, berregituratu egiten dira hizkuntza hartzaileko azpisistema batzuk. Izatez, termino neutroa da hizkuntzalaritzaren eremuan3. Baina orobat erabili da interferentzia terminoa, beste ikuspegi batetik, hiztun elebidunen hizkuntza-gaitasun eskasari lotuta (García Yebra 1981: 353), eta, orobat, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan, errakuntzaren ideiari lotuta (ikus Domínguez 2001).

Nahasketa terminologiko handia

Nahasketa terminologiko eta kontzeptual handia dago gaurko testu-liburuetan. Bereziki, ez dira bereizten behar bezala kontzeptu hauek: kalkatzea/mailegatzea; mailegu semantikoa / kalko semantikoa; kalko lexikoa / kalko semantikoa; kalkoa/interferentzia… Ukipenean dauden hizkuntzen arteko eragin-trukeak aztertzeko modu edo ikuspuntu asko daude, eta denak dira zilegi, baina, hurbilketa zeinahi dela ere, ezinbestekoa da zehaztasun terminologiko eta kontzeptuala.

Esan bezala, kalkoen tipologiara mugatzen da nire azterlan hau, mailegutza- eta interferentzia-gertakariak alde batera utzita. Dena dela, nahikoa hedatua dago beste ikuspegi bat, zeinaren arabera kalkoak mailegutza-gertakarien artean sailkatzen baitira (Gomez Capuz 1998, 2005). Azken ikuspegi horrekin bat dator UZEI (2002: 50), non kalkoak itzulpen bidezko mailegutzat jotzen baitira: “Maileguen artean aipatzekoak dira, era berean, kalkoak. Kalkoak mailegu bereziak dira: hizkuntza batek beste hizkuntza bateko hitza edo esamoldea itzuliz sortzen dituen unitate linguistikoak dira. Gisa honetakoak dira, esaterako, segurtasun-indarrak, argi berdea eman, gastuak estali, etab.”. AIRE GAIZTOEK ERE SEKULAKO NAHASTEAK SOR DITZAKETE: INTERFERENTZIA HANDIAK IZAN DAITEZKE

Gorago esan dudanez, interferentzia terminoari gaitzespen-konnotazio eta are denotazioak erantsi zaizkio zenbait erabileremutan. Eta antzeko zerbait gertatu da kalko terminoarekin: berez termino neutro eta deskriptibo hutsa bada ere, sarritan erabiltzen da kalko oker zentzuan (Garzia 2005: 16). Hainbesteraino kutsatu zaio kalko hitzari gaitzespen-kutsua, ezen gure artean gutxitan aipatzen baita lexiko-sorkuntzarako baliabideen artean; are gehiago, kalkoa aipatzekotan, errezelo, tentu eta erreserba askorekin aipatzen da neologiaren esparruan: “Azken urteotan nagusitzen ari den baliabidea da [kalkoa], eta terminoak sortzeko baliabide egokia izan daiteke, baldin eta zuhur eta zuzen jokatzen bada” (UZEI 2002: 50).

Kontua da egungo euskarazko terminogintzan etengabe jotzen dugula kalkora, bereziki, kalko semantikora (infra 2.1.), kalko lexikora (infra 2.2.) eta fraseologikora (infra 2.4.). Alegia, neologia-mekanismo guztiz emankorra da kalkoa egungo euskaran: hiztegi orokorrak eta bereziki espezializatuak arakatu besterik ez dago jokaera horretaz jabetzeko.

Hain zuzen ere, kalkoen egungo emankortasuna azpimarratzera dator azterlan hau: gure artean, sarritan aipatzen eta aztertzen dira kalko okerrak; gutxitan, ordea, kalko “onargarriak”4. Kalkoen sailkapen bat, tipologia bat eskainiko dut eta, horrekin batera, kalko mota bakoitzak zer-nolako emankortasuna duen aztertzeko abiapuntua jarri nahi dut.

Interferentzia- eta mailegutza-gertakariak aztertzean, oso hedatua dago (ez bakarrik gure artean, baita hemendik kanpo ere) nahasketa terminologiko eta kontzeptuala. Hona adierazpen nahasgarri bat (Terminologia Batzordea 2004): “Mailegua eta kalkoa errealitate berriak izendatzeko baliabideak dira; dena den, kontuan hartzekoa da hizkuntzak badituela bestelako baliabideak (eratorpena, hitz-elkarketa, zabalkuntza semantikoa, eta abar)”. Alegia, eratorpenari, hitz elkarketari eta zabalkuntza semantikoari(!) kontrajartzen zaizkio kalkoa eta mailegua, erreparatu gabe kalko lexikoa, esaterako, eratorpenaren (kartesiar, erakarle) edo elkarketaren bidez (zerga-paradisu, biraketa-ardatz, elektroi-erakarle) gauzatzen dela eta kalko semantikoa, berriz, zabalkuntza semantikoa5 gauzatzeko moduetako bat dela.

Esandakoaren harira, ohar bat egin nahi genuke kalkoaren kontzeptua neologian hobeto kokatzeko. Kalkatzea eta kalkoa, sarritan, neologiarako mekanismo edo eragile dira, baliabidea baino areago: burdinbide, esaterako, kalkoaren mekanismoak eraginda sortua da (kalko lexikoa), baina hitz-elkarketa baliatuz.

Kalkoen tipologia eta eragina

Hitzen esanahia: kalko semantikoak eta zabalkuntza semantikoa

Deiturak berak aditzera ematen duenez, hitzaren esanahiaren mailan eragiten du kalko semantikoak. Kalko lexikoan bezalatsu, kanpoko ereduaren “barne-forma” (alderdi immateriala, alegia) imitatzen edo kopiatzen da: kalko lexikoan, morfologia-egitura; eta, kalko semantikoan, esanahia. Baina kalko semantikoan, kalko lexikoan ez bezala, ez da hitz konposatu berririk sortzen, baizik eta aldatu egiten da hizkuntza hartzailean lehendik ere baden hitz baten esanahia. Honako adibide hauetan ikus daitekeenez, oro har, zabaldu egiten da hitzaren esanahia (zabalkuntza semantikoa).

(1)
a. ingl. conventional (weapon) 1 ‘konbentzional’; 2 ‘atomikoa ez dena’
b1. fr. conventionnel 1 ‘konbentzional’ > b2. fr. conventionnel 1 ‘konbentzional’; [ingl.. >] + 2 ‘atomikoa ez dena’6

(2)
a. ingl. butterfly 1 ‘mitxeleta’; 2 ‘igeriketa-estiloa’
b1. fr. papillon 1 ‘mitxeleta’ >
b2. fr. papillon 1 ‘mitxeleta’; [ingl.. >] + 2 ‘igeriketa-estiloa’

(3)
a. gazt. puente (‘jai-eguna’) > eusk. zubi
b. gazt. estrella de cine > eusk. zinema izar
c. gazt. puerta, portería (futbola) > eusk. ate

(4)
a. ingl. mouse (Informatika) > gazt. ratón / eusk. sagu
b. gazt. eje de rotación (Matematika) > eusk. biraketa-ardatz

ERDI AROAN ERE EGITEN ZIREN KALKOAK, KOPIAK ETA INTERFERENTZIAKGoragoko adibideetan ez dugu zalantza izpirik euskarazko esanahi edo erabileren berritasunaz, baina zenbat eta txikiagoa den lerratze semantikoa, orduan eta zalantza handiagoa izango dugu jakiteko ea esanahi berria kanpoko eredu batek eragindakoa ote den ala barne-bilakaera semantiko baten ondorioz garatu ote den7.

Kalko semantikoaren eta lexikoaren arteko bereizkuntza zertan den ikusi ondoren, azter ditzagun kalko semantikoaren baldintzak eta mekanismoa. Baldintzei bagagozkie, autore askok azpimarratzen dutenez, bi hitzek —eredu-hitzak eta kalkatuak— oinarri edo tasun semantiko komun bat izan behar dute (izan ere, hiztun elebidunak, kode desberdinetako bi hitz erdi-sinonimo aurrean baditu, joera du haien eremu semantikoak berdintzeko). Gusmani-k (1983: 12-14), ukipenean dauden bi hizkuntzetako baliokide teorikoen arteko kidekotasun semantiko erabatekorik ezari egozten dio kalko semantikoaren mekanismoa: interferentzia-egoeretan, hiztun elebidunak bi unitate lexikoen testuinguru-erabilerak berdintzeko joera du; alegia, bi hizkuntzetako zeinu biak zeinu konplexu baten bidez bateratzeko joera du (polisemia indotta esapidea darabil, “eragindako polisemia”).

(5)
a. eslav. cvet 1 ‘argia’; 2 ‘mundua’
b1. errum. cvet 1 ‘argia’ >
b2. errum. cvet 1 ‘argia’; [eslav. >] + 2 ‘mundua’

Tipologiari dagokionez, Haugen-ek (1950), mailegutzaz ari dela, hiru mailegu semantiko mota bereizten ditu (semantic loan): a) analogoak, bi hizkuntzetako hitzen artean antzekotasun formal eta semantikoa badago (infra 6); b) homologoak, antzekotasun semantikoa baino ez dagoenean (infra 7); c) homofonoak, antzekotasun formal hutsa dagoenean.

(6) Analogoak
a. ingl. paper 1 ‘papera’; 2 ‘txostena’
b1. fr. papier 1 ‘papera’ >
b2. fr. papier 1 ‘papera’; [ingl. >] + 2 ‘txostena’

(7) Homologoak8
a. ingl. hawk 1 ‘gabiraia’; 2 ‘jokaera gogorreko politikari ausarta’
b1. fr. épervier 1 ‘gabiraia’, ‘hegazti harraparia’ >
b2. fr. épervier 1 ‘gabiraia’; [ingl. >] + 2 ‘jokaera gogorreko politikari ausarta’

(8) Homofonoak
a. ingl. grocery 1 ‘janari-denda’
b1. Estatu Batuetako port. grosseria ‘zakarkeria’
b2. Estatu Batuetako port. grosseria 1 ‘zakarkeria’ [ingl. >] + 2 ‘janari-denda’

Gómez Capuz-ek (1998: 75), Haugen-en mailegutza-tipologia oinarritzat harturik, bereizkuntza kontzeptual hau aurkezten du:

(9)
a. Mailegu semantikoa (analogoak): antzekotasun formal eta kontzeptuala dagoenean.
b. Kalko semantikoa (homologoak): antzekotasun kontzeptuala baino ez dagoenean, eta, beraz, kalkoetan bezalatsu, lexema itzuli beharra dagoenean.

Aurreko bereizkuntza (9a/9b) aspalditik bide dago errotua hizkuntzalaritza frantsesean eta erromanikoan, eta, bereizkuntza horren arabera (Deroy 1956/1980: 216), guztiz desegokia litzateke kalkoaren kategoriaren barruan sailkatzea “mailegu semantikoa”. Alemaniako zenbait hizkuntzalarik, berriz, bestelako ikuspegia dute eta mailegu semantikoaren eta kalko semantikoaren arteko antzekotasunak azpimarratzen dituzte (Höfler 1989: 116-117), bereziki transferentzia-mekanismoari dagokionez: bi kasuetan, eredu-hizkuntzako hitz batek hizkuntza hartzaileko hitz (kontzeptualki soilik nahiz kontzeptualki eta formalki) kidekoari eskualdatzen dio bere adieretako bat, metafora edo analogia bidez.

Nolanahi ere, badirudi desberdintasun nabarmen bat dagoela mailegu semantikoaren eta kalko semantikoaren artean (Gómez Capuz 1998:76): kalko semantikoak (ingl. butterfly > fr. papillon ‘igeriketa-estiloa’), oro har, kontzientzia- eta artifizialtasun-maila handiagoa eskatzen du eta itzulpengintzan gertatzen da maiz; hitz sustraikideen arteko edo paronimoen arteko mailegu semantikoak (ingl. paper > fr. papier ‘txostena’), aldiz, naturalagoa dirudi, kontzientzia-maila txikiagoa eskatzen du eta, hori dela eta, maiz gertatu ohi da hiztun elebidunen artean (ikus Gómez Capuz 2005: 35).

Lexikologiako eta terminologiako eskuliburu gehienetan aldaketa semantikoa eta, bereziki, zabalkuntza semantikoa aipatu ohi da lexiko-sorkuntzarako baliabide semantikoen artean. Euskaraz, honelako adibideak aipatu ohi dira:

(10) simetria-ardatz, Konkorde-ren isatsa, elektroi-talka, eraztun trukakor, erro kubikoa…
(11) Gurutze Gorria, kafe ebakia

Zabalkuntza semantikoan nolabaiteko “ahaidetasuna” dago jatorrizko adieraren eta zabalkuntzazko adieraren artean eta ahaidetasun hori erlazio logikoetan (metonimian, bereziki), analogian (antzekotasunean, metaforan) edota asimilazioan oinarritu ohi da (objektu baten izena objektu horren forma berri bati emateari esaten zaio asimilazioa). Dena dela, askotan berez edo barne-bilakaeraren ondorioz gertatzen da zabalkuntza semantikoa hizkuntza batean, eta ez nahitaez kalko semantikoaren mekanismoaren ondorioz. Zabalkuntza semantikoa, kontzeptu zabalago edo abstraktuagoa da, eta, besteak beste, kalko semantikoaren mekanismoa dela bide gauzatzen da.
Neologiako baliabide emankorrenetako bat da zabalkuntza semantikoa, oro har, edozein hizkuntzatan9, eta, zer esanik ez, are emankorragoa da diglosia-egoeran dauden hizkuntzen neologian10. Gutxitan esaten da, ordea, nahiz eta ageriko kontua den, baliabide semantiko horren atzean kalkoa —kalko semantikoa— ezkutatzen dela. Bestela esanda, euskara bezalako hizkuntzetan, eredu-hizkuntzen eraginez jotzen da zabalkuntza semantikora lexiko- eta termino-sorkuntzan; alegia, kalko semantikoaren mekanismoaren ondorioz gertatu ohi da zabalkuntza semantikoa: hizkuntza hartzailearen ondareko hitz bati, eredu-hizkuntza batean kideko hitz batek duen esanahi berri bera ematen zaio; baina, gehienetan aldaketa semantikoa ez da gertatzen berez, beste hizkuntza batean gertatutako aldaketa kalkatuz baizik.

Gaurko euskaran, esaterako, indar hitza erabiltzen dugu, kalko semantikoz, segurtasun-indarrak, indar armatuak…moduko esapideetan, bai eta fisikan ere (grabitate-indar, flotazio-indar, indar nuklear…). Izan ere, guztiz logiko eta bidezkoa da auzo-hizkuntzetan erabiltzen diren analogiak, lizentziak eta malgutasuna euskaraz ere baliatzea (ikus Sarasola 1997: 81): ezin ukatuzkoa da analogiak, irudizko zentzuak eta metaforek hizkuntza-aldaketan duten eragina11.

Terminologiako irizpideen arabera, nazioartekotasunaren bermea12 izan behar du kalko batek —hizkuntza hartzailearen sistema gramatikalaren araberakoa izateaz gainera— onargarria izateko (Terminologia Batzordea 2004, 8). Adibidez,

(12) [Informatika]
a. eusk. disko gogor, gazt. disco duro, fr. disque dur, ingl. hard disk
b. eusk. posta elektroniko, gazt. correo electrónico, fr. courrier électronique, ingl. electronic mail

Bestalde, baztertzeko kalkoak izango dira, ez bakarrik euskararen gramatika urratzen dutenak, baizik hizkuntza hartzailearen unibertso semantikoan “zarata” sortzen dutenak edota ondareko esanahi-sareekin talka egiten dutenak: hala, txirrindularitzan, haize-babes proposatu da eta haizemaile baztertu; arrazoi beragatik proposatu da zinta erabiligabe eta ez *zinta birjin (Terminologia Batzordea 2004); arotzia metaliko proposatu da eta ez zurgintza metaliko [Zehazki].

Hitzen morfologia: kalko lexikoak (//aurreikusi, burdinbide, telefono-linea//…)

Kalkoaren mekanismoak hizkuntzaren maila askotan du eragina, baina hiztegiaren mailan eragiten du gehien. Hiztegiaren mailako kalkoei Lehnbildung izena ematen zaie alemanez (Lewandowski, 1990), eta lan honetan kalko lexiko deitura erabiliko dut halako emaitzak izendatzeko13. Funtsean, honetan datza kalko lexikoaren mekanismoa: beste hizkuntza bateko —sorburu-hizkuntzako— hitz baten barne-egitura, eskema edo barne-forma itzultzen da xede-hizkuntzara. Adibidez,
HAUEK ERE BURDINBIDETIK IBILTZEN ZIREN
(13)
a. ingl. freethinker > gazt. librepensador
b. gazt. prever > eusk. aurreikusi
c. gazt. ferrocarril / fr. chemin de fer > eusk. burdinbide
d. gazt. línea telefónica > eusk. telefono-linea

Kalko lexikoak: prozesua, mekanismoa eta baldintzak

Beste hizkuntza bateko hitz bat kalkatzen denean, ez da kopiatzen kanpoko hitzaren azala edo adierazlea (osagai fonetikoa, alegia), bi alderdi hauek baizik: a) eredu-hitzaren morfologia-egitura; b) eredu-hitzaren esanahia. Hala, filologo eta hizkuntzalari askoren lanetan ageri da, era batera edo bestera, kalkoaren ikuspegi “humboldtarra”, zeinaren arabera, kalkatzea, funtsean, hitzaren barne-forma kopiatzea baita (Gómez Capuz 1998: 58-59). Werner Betz-en arabera, kalkoari buruzko Alemaniako ikerketen aitzindariaren arabera, esaterako, kalko lexikoa zera da: hizkuntza batek, kanpoko eredu batek eraginda, bere baitatik eratutako hitz berria.
Beraz, kanpoko hitz bat kalkatzean, sorburu-hizkuntzako edo eredu-hizkuntzako hitz konplexu bat “berregiten” du hizkuntza hartzaileak, baina bere baliabide formalak erabiliz (Gómez Capuz 1998: 6114). Alegia, kalkoaren prozesuak kanpoko hitzaren egitura aztertzea eskatzen du lehenik, eta, ondoren, haren osagaiak ordeztea.
Horiek horrela, Roberto Gusmani-k dioenez (1983: 8-11), bi baldintza bete behar ditu kanpoko ereduak:

(14)
a) morfema bat baino gehiago izatea (polimorfematikoa izatea) edo erraz zatitzeko moduko egitura izatea;

b) gainera, esanahi deskriptiboa izatea, hots, osagaien “batuketaz” ondorioztatzeko moduko esanahia izatea.

Laburbilduta, morfologikoki eta semantikoki unitate lexiko motibatua edo gardena izatea da kanpoko ereduak bete behar duen baldintza oinarrizkoa. Baldintza bikoitz horrek, erraztu egingo du kalkoaren mekanismoa. Kalkatzea, beraz, honetan datza (Gusmani 1983): hizkuntza hartzaileak, sintesi bidez eta bere baitako unitateen bidez, kanpoko ereduaren motibazio semantikoa eta egitura (berregina) dituen hitz berri bat sortzea. Hona adibide bat, aipaturiko motibazio bikoitzaren erakusgarri.

(15)
gr. eu-logein >
a. lat. bene-dicere
b. it. bene-dire
c. gazt. ben-decir

Hizkera teknikoko hitz konposatu deskriptiboetan bete ohi da garbien gardentasun formal eta semantikoaren baldintza, baina baita hiztegi orokorrean ere:

(16)
a. fr. automobile > eusk. beribil
b. gazt. subrayar > eusk. azpimarratu
c. gazt. descasarse > eusk. desezkondu

Gorago ikusi dugunez, nazioartekotasunaren baldintza aipatu ohi da maileguak eta kalkoak onartzeko orduan, baina irizpide hori ez da beti betetzen, eta halakoetan agerian geratzen da gaztelaniaren morrontza:

(17)
a. gazt. bebé probeta > probeta-ume (Elhuyar)
b. ingl. test-tube baby > saio-hodiko ume [Zehazki, bebé probeta]

(18)
a. gazt. nivel de alcoholemia > alkoholemia-maila
b. ingl. blood alcohol level > odoleko alkohol maila (Zehazki, Elh.)

(19)
a. gazt. guardaespaldas > eusk. bizkartzain (Hiztegi Batua)GIZARTEETAN BETI IZAN DIRA BIZKARTZAINAK
b. fr. garde du corps / ingl. bodyguard >
b1. eusk. gizazain, bizkartzain (Beh.) [Zehazki]
b2. eusk. bizkartzain, gizazain [Elh.]

Hitz bat kalkatzea, orain arte esandakoetatik ondoriozta daitekeenez, hitza itzultzea da, nolabait. Eta, hain zuzen ere, hori dela eta, “itzulpen bidezko mailegutzat” hartu ohi da kalkoa definizio askotan.
Zenbait kasutan, ordea, blokeatuta geratzen da itzulpenaren bidea. Horixe gertatzen da, adibidez, esapide eta lokuzio idiomatiko batzuen kasuan (ingl. long drink > # gazt. bebida larga / # eusk. edari luze), eta eredu-hitzari dagokion itzulpenak lehendik ere hizkuntza hartzailean bestelako esanahia duenean (ingl. count-down “atzera-kontu” > al. Abzählen “kontaketa”).
Gorago ikusi dugun moduan (supra (15)), konposatua —elkartua edo eratorria— edo polimorfematikoa behar du izan kalko lexikoaren mekanismoa eragiten duen kanpoko hitzak, bestela ez baitago itzulpenerako biderik. Eredu-hitzaren izaera polimorfematikoaren baldintza azpimarratzen dute, modu lausoan zein esplizituki, kalkoaren femomenoa aztertu duten hizkuntzalari gehienek (Gómez Capuz 1998: 62-64). Hona zenbait adibide adierazgarri:

(20)
a. gr. prolepsis [pro-lepsis] > lat. anticipatio [anti-cipatio]
b. lat. expressio [ex-pressio] > al. Ausdruck [Aus-druck]
c. ingl. basketball [basket-ball] > eusk. saskibaloi [saski-baloi]
d. ingl. weekend [week-end] > eusk. asteburu [aste-buru]
e. fr. autoroute [auto-route] > eusk. autobide [auto-bide]
f. gazt. reorganizar [re-organizar] > eusk. berrantolatu [ber(r)-antolatu]

Gómez Capuz-ek (1998: 66) formulazio semiotiko bana ematen die mailegu lexikoari eta kalko lexikoari, bien arteko desberdintasunak agerian jartzeko.

(21) Mailegua:


Hau da, mailegu lexikoaren kasuan kanpoko hizkuntza batetik (L2) eskualdatzen da hitz bat (P2) hizkuntza hartzailera (L1). Maileguzko hitzak adierazlea (E= expresión) eta adierazia (C = contenido) ditu, eta prozesua T eta T’ aldien artean gauzatzen da.

(22) Kalko lexikoa:

Hitzen joskera: kalko lexiko-sintaktikoak

Hiztegiko pieza lexiko batzuek —aditz askok, eta adjektibo eta izen jakin batzuek, esaterako— badute berezitasun bat beste hitz batzuen aldean: joskerarekin uztarturik egotea eta joskeran eragitea. Alegia, hitz batzuek argumentu-egitura dute eta joskera jakin bat eskatzen dute (27). Zenbaitetan, bada, kalko semantikoarekin batera hitzen joskera ere kalkatu ohi da, hitzen konplementazioa, alegia. Esate baterako, Hiztegi Batuaren eta literatura-tradizioaren arabera, behatu aditzari, ‘begiratu’ adieran, dio erregimena dagokio15, baina gaurko prosan (ikus ZTC) gaztelaniazko observar-en ordain gisa nahikoa hedatua dago (zerbait) behatu (du) erabilera eta are bestelakoak ere (28)16.

(27)
a. Observar (algo): (…) observar los movimientos de los astros DRAE: observar]
b. Observar (que): Es curioso observar que en el índice temático… [CREA]

(28)
a. (Zerbait) behatu (du): Zulo beltzaren ingurua urrutitik beha daiteke [Elh. behatu: ‘observar, examinar’]
b. (Zerbaiten) behaketa egin: bakterioen behaketa egin mikroskopioaz [Zehazki: observar]
c. (Zerbaiti) behatu (dio): bakterioei mikroskopioz behatu [Zehazki: observar]
d. (-(e)la) behatu (du): (…) erraila ezkerrekoa baino gehiago higatzen dela behatu da, oro har noski. [ZTC]

Berez, kalko morfosintaktikoen artean aipatu ohi dira halako kalkoak (infra 2.5.). Baina, kontuan harturik kalko mota honetan morfosintaxia eta hiztegia elkarrekin uztarturik daudela, zuhurragoa iruditu zait hiztegiaren mailan kokatzea, aparteko azpisail batean. Deituraren bat erabiltzekotan, kalko lexiko-sintaktikoa proposatuko nuke (28) modukoak izendatzeko.
Dena dela, kalko mota honek, oro har, nahikoa emankortasun urri eta mugatua du gaurko euskarazko neologian. Alegia, neologia-baliabidetzat jo badaiteke ere, ez da erabiltzen modu sistematikoan, ezta hurrik eman ere, euskara gaurko premia berrietara egokitzeko.

Hitz multzo eginak edo finkatuak: kalko fraseologikoak

Definizioz, hizkuntza bakoitzak “bere” esapide eta fraseologia-banakoak ditu17; eta, beraz, halako elementuak ezin dira hitzez hitz itzuli hizkuntza batetik bestera. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi hizkuntza batzuetako esapideen artean forma-paralelismorik gerta ez daitekeenik; izan ere, sarritan gertatzen da hizkuntza bateko eta besteko esapideak formaren eta irudizko zentzuaren aldetik bat etortzea (kolorea jan “higatu”, hitzak jan “ez ahoskatu”…).
Hiztegiaren mailan kokatuak daude esapideak, eta era askotakoak ditugu. Diskurtsoaren garapenari loturiko testu-antolatzaileak, anaforak eta antzekoak alde batera utziz gero (2.6. atalean aztertuko baititugu halakoak: era berean testu-antolatzailea, adibidez), fraseologia-banako mota nagusi hauek bereiziko ditugu (Altzibar 2004, Altzibar 2002): a) lokuzioak (ziria sartu, adarra jo, antzarak ferratzera bidali…); b) kolokazioak (auzia erabaki, martxan/abian jarri, agerian jarri/utzi, gerra piztu, adiskide min, istilu larri, aldeko iritzia, kontrako iritzia…; argi eta garbi esan, garbi mintzatu…; txerri zikin, langile porrokatu; larriki zauritua…); c) hizketa-formulak (Zer moduz?; Ondo esan beharko; Zer duzu?; Izan ongi; Sentitzen dut; Kontuak atera; Hor dago gakoa; Bai horixe!…) eta paremiak (Lan lasterra, lan alferra).
Kalko fraseologiko asko eta asko, okerrak dira (*eta abar luze bat / eta abar, *ilea hartu / adarra jo…; *eskolara faltatu / eskola huts egin, *(zerbaitek) atentzioa deitu / atentzioa eman…). Hala ere, uste baino askozaz ere gehiago dira kalko fraseologiko onargarriak. Aski da gaur egungo hiztegi elebidunak azaletik arakatzea honelakoak ikusteko: soldatak izoztu, aipu-markak ireki/itxi, (norbait) poltsikoan izan, alderdiz aldatu (es cambiar de chaqueta, en to change sides), goitik behera ireki (es abrir en canal, fr ouvrir de haut en bas18
Beharbada, kalko fraseologikoen artean aparteko azpisail bat bereizi behar genuke, eratorri edo elkartuak ez diren bestelako hitz multzo eginak eta izendapenari lotuak sailkatzeko: izadi hil (fr. nature morte) modukoak sailkatzeko, alegia. Izan ere, halako kalkoak erdibidean daude eta, agian, lexiko-fraseologiko izenez bataia genitzake: alde batetik, izendatu beharrari lotuak daude (lexikoak dira); eta, bestetik, adiskide min kolokazioaren pareko egitura dute (fraseologikoak dira).
Kalko fraseologiko gehienak adierazlearen mailakoak dira; hots, hizkuntza hartzaileko hitzak konbinatuz eta eredu-hizkuntza imitatuz esapide berri bat eratzen dutenak: soldatak izoztu, ordainketak etetea
Egiteko dago oraindik fraseologia-banako berri kalkatu eta onargarrien azterketa, baina auzo-hizkuntzetako esapide ugari kalkatu —eta gerora ere kalkatuko— ditugulakoan nago19.

Kalko morfosintaktikoak

Sail honetan sartzekoak dira morfosintaxiarekin zerikusia duten era guztietako kalkoak: izen-sintagmaren mailakoak (zenbatzaileak, mugatzailea…); aditz-sintagmaren mailakoak (aspektu- eta denbora-balioak, aditz-perifrasiak…); nahiz perpausaren mailakoak (kasu-markak, postposizioak, koordinazioa, menderakuntza…).
Hizkuntza baten osagai guztien artetik sintaxiaren maila da, seguru asko, iragazgaitzena kanpoko eragin eta interferentziekiko. Neologian, esate baterako, printzipioz baztertu egiten dira mailegu sintaktikoak (Terminologia Batzordea 2004: 3). Gainera, kontuan harturik euskara tipologikoki oso bestelakoa dela auzo-hizkuntzen eta kultura-hizkuntzen aldean, espero izatekoa da, oro har, mailegu sintaktiko gutxi gertatzea (mailegu hitza, zentzurik hertsienean harturik, inportazioaren zentzuan, alegia),

 ZER OTE DA "ZERBITZUZ KANPO"?Kalko sintaktikoak, berriz, maizago gertatu izan dira euskaraz, lehen eta orain. Kalkatzea, gorago azaldu denez, kanpoko elementuen esanahiak hizkuntza hartzailearen formen bidez “itzultzea” denez gero, kalko sintaktikoa honela gauzatuko da gehienetan: antzekotasun funtzionala dela eta, eredu-hizkuntzako forma baten balioa edo funtzioa eransten zaio hizkuntza hartzaileko formari edo egiturari. Kasu horretan, mekanismoari dagokionez, erabateko paralelismoa dago kalko semantikoaren eta kalko sintaktikoaren artean: “esanahia” edo “barne-forma” itzultzen da, baina adierazle berririk sortu gabe. Adieraziaren mailako gertakaria da, beraz (Sala 1998: 182-185). Esaterako, gaia adierazteko (OEH: “acerca de, sobre”) –en inguruan postposizioa erabiltzea dugu kalko sintaktiko mota horren erakusgarri bat:

(29) (…) hizkuntzaren inguruan egina zegoen eta egiten ari zen ikerlana baizik (OEH: inguru).

Bestalde, inoiz edo behin gertatzen da kalkatzearen ondorioz egitura edo adierazle berriak sortzea. Euskaraz, horrelako gutxi ditugula uste dut. Beharbada, zein(a) (…) bait- (-n) egitura jo genezake adierazlearen mailako kalko sintaktikotzat. Beste adibide bat, -gatiko atzizkia dugu (heriotzagatiko baimen eta horren antzeko beste batzuk ematen ditu Euskaltermek): kasu horretan ere, itxura denez, euskararen gramatika-baliabide bat aktibatu da, espezialitate-hizkeren beharkizunek eta, zenbaitetan, beharkizun ustelek eraginda; izan ere, oso tradizio urrikoa da baliabide hori20 eta gehienetan erraz asko eman daitezke halako esapideak beste era batera21.
Esandakoetatik eta hona ekarri ditudan adibide urrietatik ondoriozta daitekeenez, hizkuntza zaharberritzeko orduan, emankortasun apal eta mugatua dute euskararen kasuan kalko sintaktikoek. Izan ere, kalko morfosintaktiko gehienak okerrak izan ohi dira (ik. Garzia 2005) eta ez dira onartzekoak terminologian22.

Kalko diskurtsiboak

Azken sail honetan sartuko ditut hiztegiaren eta gramatikaren maila gainditzen duten kalkoak, baliabide diskurtsibo komun edo hizkuntza-artekoak alde batera utzita: hau da, era batera edo bestera, diskurtsoaren mailan koka daitezkeenak, baina hizkuntzaz hizkuntza aldatzen direnak. Bereziki, konexioaren, kohesioaren edota modalizazioaren mailako kalkoak ditugu aztergai sail honetan (testu-antolatzaileak, anaforak, eta abar). Kalko diskurtsibo gehienak ere, adieraziaren mailakoak dira: gehienetan, eredu-hizkuntzako forma baten imitazioz, balio edo erabilera diskurtsibo berri bat ematen zaio hizkuntza hartzaileko forma edo esapide bati. Kalko okerrak izaten dira, oro har, baina badira kalko diskurtsibo hedatu batzuk, gaurko prosan erabiliak, hala nola era berean esapidea: gehienbat, konparazio-esapide gisa erabili izan da tradizioan (ikus OEH); baina azken hamarkadetan ikaragarri zabaldu da testu-antolatzaile gisa (ikus EPG), testu batzuetan orobat, berebat eta antzeko partikulak ia desagerrarazteraino23.
Berrikuntzak berrikuntza, ez dirudi kalko diskurtsibo onargarriak24 —betiere, ‘diskurtsibo’ izenondoa testu-antolatzaile, anafora eta antzeko elementuetara mugatuz— asko direnik edo zeregin garrantzitsua jokatzen dutenik gaur egungo euskaran25.

Ondorio gisa

1. Kalkatzeak esan nahi du kanpoko elementu bat “itzulpen bidez kopiatzea” eta “ordeztea”; bestela esanda, imitazioz, eta hizkuntza hartzailearen adierazleak edo elementuak erabiliz, kanpoko hizkuntzaren elementu baten esanahia erreproduzitzea. Kalkatzearen ondorioa edo emaitza da kalkoa, eta lan honetan kalko mota nagusi hauek bereizi ditut: hiztegiaren mailakoak diren kalko semantikoa (zinema-izar, sagu), lexikoa (aurreikusi, burdinbide, telefono-linea), lexiko-sintaktikoa (jokaera behatu da) eta fraseologikoa (soldatak izoztu, ordainketak etete); kalko morfosintaktikoa (zenbait gogoeta Xren inguruan, zeina bait- ); eta kalko diskurtsiboa (era berean testu-antolatzailea).
2. Euskal ikasketetan maizenik kalko okerrak aipatu eta aztertu izan dira eta hortik dator, beharbada, kalkatzeari egotzi ohi zaion konnotazio peioratiboa. Kalkatzea, ordea, neologismogintzan eta terminogintzan erabili izan den —eta erabili behar den— baliabide edota mekanismo guztiz emankorra da edozein hizkuntzatan; eta, are gehiago, euskaraz eta euskara bezalako hizkuntzetan: alde batetik, kalko lexikoaren izaera deskriptiboa ezin hobeto doakio espezialitate-hizkerek duten izendatu beharrari; kalkatzea, bestetik, gehiegizko mailegutza (azalekoa, behintzat) saihesteko modu bat da.
3. Euskara zaharberritzeko orduan, hiztegiaren mailako kalkoak dira, nire ustez, eraginkorren eta erabilienak: bereziki, kalko semantikoa, lexikoa eta fraseologikoa. Azterketa sakonagoak behar dira, baina susmoa dut kalko morfosintaktiko eta diskurtsibo onargarrien emankortasuna askozaz ere apalagoa dela.
4. Kalkatzea eta kalkoa, sarritan, neologiarako mekanismo edo eragile dira, baliabide baino areago: trenbide, esaterako, kalkoaren mekanismoak eraginda sortua da (kalko lexikoa), baina hitz-elkarketa baliatuz. Nahasketa kontzeptual handia da, nire ustez, kalkoa eta mailegua, adibidez, eratorpenari, hitz elkarketari eta zabalkuntza semantikoari kontrajartzea, erreparatu gabe kalko lexikoa eratorpenaren edo elkarketaren bidez gauzatzen dela eta kalko semantikoa zabalkuntza semantikoa gauzatzeko moduetako bat dela.
5. Hitzak eta hitz multzoak kalkatzeko orduan, zenbait gomendio eta irizpide hartu behar dira kontuan: a) euskal ondare lexikoan —idatzian zein mintzatuan—, bila gabiltzan kontzeptua edo esanahia izendatzeko hitz edo termino egokirik ez aurkitzea; b) euskararen gramatikaren eta morfologiaren araberakoa izatea kalkoa; c) kalkatzen edo itzultzen den esanahiaren nazioartekotasuna (halakorik ezean, guztiz komenigarria da, gutxienez, frantsesa eta gaztelania bat etortzea); d) hitza edo esapidea kalkatzearen ondorioz euskararen unibertso lexiko-semantikoan “zaratarik” edo kontraesanik ez sortzea.

Oharra: Lan hau ASJU, SEG-erako pixka bat moldatu duguna, aldizkariaren ale berezi honetan argitaratu zen lehen aldiz: Alberdi, X. 2009. <Kalkoen tipologia eta eragina gaurko euskarazko neologian>. In Ricardo Etxepare, Ricardo Gomez, Joseba Lakarra (argit.), Beñat Oihartzabali gorazarre. Festschrift for Bernard Oyharçabal, ASJU, XLIII:1-2, 1-17.

— Egilea: Xabier Alberdi

1 Atal honetan aurkezten den lan hau UPV/EHUk finantzatu duen UE08/05 “Inguruko erdaren interferentzia eta kalkoak hedabideetako hizkeran” ikerketa-proiektu biurtekoaren emaitzetariko bat da. Bihotzez eskertzen diet neure lankide eta adiskide Julio Garcia eta Xabier Altzibarri, lan hau osatzeko eta orrazteko eman diguten laguntza paregabea. Eskerrik zintzoena adierazi nahi diogu, orobat, gure adiskide Iñaki Ugarteburu zenari, laguntza eskerga —eta bera bizi zelarik eskertu gabea— eman baitzigun lan honen hasieran.
2 Gaztelaniaz calco hitz bakarra erabiltzen da, baina, kontzeptualki, alde batetik, prozesua edo mekanismoa (ingl. loan translation), eta, bestetik, prozesuaren emaitza (ingl. translation loan word) bereizi behar ditugu. Lan honetan, kalko deituko diogu emaitzari, eta kalkatze nahiz kalkoaren mekanismo edo prozesua itzuliak erabiliko ditut prozesua izendatzeko. Hizkuntzaz hizkuntza erabiltzen diren termino edo izendapenei buruz zerbait jakin nahi duenak, Gómez Capuz (1998: 56-58) ikus dezake.
3 Honela definitzen du Payrato-k (1985: 58): “Una interferéncia, en sentit ampli, és un canvi lingüistic (= una innovació, una pérdua, una substitució) que té lloc en una llengua A (o registre), i que és motivat directamente per la influència d´una llengua B (o d´un altre registre de la mateixa llengua, si així s´especifica).”
4 Teorian, onargarritzat joko dugu kalko bat, baldin hizkuntza hartzailean ordezko baliabide kidekorik ez badauka edo hutsune bat betetzera badator (“aberasgarria” bada), gramatikaren eta morfologiaren araberakoa bada, baldin itzultzen den esanahia nazioartekoa bada (edo, euskararen kasuan, gutxienez, gaztelania eta frantsesa bat badatoz), eta, azkenik, kalkatzearen ondorioz hizkuntza hartzailearen unibertso lexiko-semantikoan “zaratarik” edo kontraesanik sortzen ez bada. Praktikan, ordea, kalko guztiek ez baitituzte betetzen aurreko baldintza guztiak, erabilerari kasu egin behar zaio kalko bat onartzen den erabakitzeko: hiztegi eta corpusetako emaitzak erabakigarri gertatzen dira gehienetan.
5 Zabalkuntza semantikoaren kontzeptua zabalago edo abstraktuagoa da, eta, besteak beste, kalko semantikoaren mekanismoa dela bide gauzatzen da (informatikako ingl. mouse > eusk. sagu); baina, beste batzuetan, barne-bilakaeraren ondorioz gertatzen da zabalkuntza semantikoa, inongo eredurik kalkatu gabe (lepo ‘sama’ > ‘jantziaren atala, lepoa inguratzen duena’ > ‘mendi arteko igarolekua’).
6 Euskaraz ere arma konbentzional dakar Zehazkik (convencional sarrera).
7 Betz-ek (apud Gómez Capuz 1998: 71-72) bi multzotan sailkatzen ditu mailegutza-gertakariak: a) “aberasgarriak” (bereichend), kanpoko eraginari zor zaizkionak, bereziki aldaketa edo jauzi semantikoa barne-bilakaera baten bidez esplikatzerik ez dagoenean; b) “garapenezkoak” (entwicklend), mailakako barne-bilakaera semantiko baten ondorio direnak. Dena dela, euskararen kasuan, terminologiaren eremuan batik bat, kalko semantiko asko eta asko “aberasgarriak” dira (alegia, kanpo-eredu batek eragindakoak), nahiz eta jauzi semantikoa guztiz “natural” edo logikoa den (adibidez, biraketa-ardatz).
8 Euskarazko adibide pare bat ematera mugatuko naiz: zutabe erabiltzen da gaur kazetaritzan (gazt. columna); eta Jean Etxeparek, esaterako, industriako arranoak, bankuetako saiak eta politikako miruak metaforak darabiltza Beribilez lanean: Industriako arranoak, bankoetako saiak, negozioko apalatzak, theatretako gau-ainharak, politikako miruak, zer aztaparrak dituzten orok, zer bekokia eta zer hegalak! Ikus daitekeenez, metaforan oinarrituta, esanahi berriak eskualdatzen dira hizkuntza batetik bestera.
9 Gómez Capuz-ek dioenez (2005: 39), “(…) En el fondo, los calcos siempre han sido un mecanismo neológico muy eficaz para adoptar las innovaciones extranjeras relativas a un determinado campo técnico (filosofía, religión, telecomunicaciones, informática, deportes)…”
10 Terminologia-lanaren metodologiako eskuliburuan esaten denez: “Gisa honetakoak dira, esaterako, segurtasun-indarrak, argi berdea eman, gastuak estali, etab. Azken urteotan nagusitzen ari den baliabidea da [kalkoa], eta terminoak sortzeko baliabide egokia izan daiteke, baldin eta zuhur eta zuzen jokatzen bada.” (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila 2002: 50).
11 Nabarmentzekoa da, orobat, antzinako hitzen berrezarpenean (gazt. azafata, eusk. oreka) kalkoaren mekanismoak duen eragina. Izan ere, eredu-hizkuntzako pieza lexikoen eremu semantikoa imitatuz plazaratzen dira hitz zaharberrituak.
12 Hala ere, nabarmentzekoa da, terminologiaren arloan batez ere, ingelesaren indarra eta nagusitasuna.
13 Gaztelaniaz, calco léxico, calco estructural edo calco del esquema ordain edo itzulpenak proposatzen ditu Gómez Capuz-ek (1998: 56), eta calco del esquema (Uebersetzungslehnwort) darabil Lázaro Carreterek (1981).
14 Bat datoz funtsezko ideia horrekin, besteak beste, Humbley (1974: 62), Payrató (1984: 54) eta Lewandowski (1990, s.v. Lehnprägung).
15 OEHn zehazten denez: (…) “[behatu] Suele ir acompañado de dativo o alativo: sólo Leiçarraga emplea el alativo en todos los casos; en el resto lo más frecuente es el dat., no usándose el alativo con nombre o pronombres personales (…), y quedando limitado sobre todo a nombres de lugar. Hay tbn. algún ej. con absoluto (en Axular, J.B. Elizanburu, etc.); con locativo en Pouvreau y en Andre-dena Mariaren Ilhabethea.”
16 Itxura guztien arabera, adostu aditzaren erabilera iragankorra dugu beste adibide egoki bat: (zerbait) adostu, “(zerbait) hitzartu” adieran. OEHren eta EHren arabera, behintzat, berria dirudi erabilera horrek, eta litekeena da gaztelaniazko consensuar, acordar eta antzeko aditzen eraginez zabaldu izana. -ra jolastu izan liteke kalko lexiko-sintaktikoaren beste adibide bat: soldadutara, aitortzetara, X haustera, lapur-polizietara… jolastu.
17 Hona fraseologia-banakoen bereizgarri batzuk (Corpas 1997): a) maiztasuna (maiz ageri dira elkarrekin konbinatuta, banako edo unitate gisa); b) instituzionalizazioa (konbentzional bihurtuak, etengabe erreproduzituak, hiztegian erregistratuak); c) egonkortasuna (finkatuak egotea, espezializazio semantikoa); d) idiomatikotasuna; e) aldakortasuna (finkotasun erlatiboa). Bestalde, fraseologia-banako guztiek ez dituzte ezaugarri horiek guztiak betetzen, eta, irizpide horren arabera, nolabaiteko mailaketa ezar daiteke haien artean.
18 Sarasolaren Zehazki hiztegitik jasoak dira adibideak.
19 Sarasolak aspaldi zioenez (1997: 76): “Dena dela, hiztegi elebidunetan, erdal esapideen kontuan, esapide horien kideak gure tradizioan bilatzen baino areago, euskal ordainak asmatzen ari garelako susmoa dut.”
20 Nahiz eta Leizarragaz geroztik dokumentatua dagoen (Kristengatiko hersturetan, Biandagatiko skandaloa, ene zuengatiko aflikzioneakgatik).
21 Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuak bere webgunean argitaratzen dituen Ehulkuren aholkuetan —-gatiko aholkua— ikus daitekeenez (ikus webgunearen helbidea bibliografian).
22 Terminologia Batzordearen txostenean (2004) azaltzen denez, “Baztertzeko kalkoak izango dira: (…) 4.2.1. Euskararen sistema gramatikala urratzen duen elementu-konbinazioz eratutako kalkoak. Motor fueraborda kalko gisa hartu nahi izanez gero, motor *karel-kanpo ez da onartzekoa. Sistemaren arabera eratutako karel(ez) kanpoko motor hobetsiko da.”
23 Gaurko prosan, uste baino hedatuago dago A, B eta C bezalako materialak egitura, adibideak emateko; baina kalko okertzat jotzen da.
24 Zer esanik ez, asko dira —eta haietariko batzuk, aski hedatuak— kalko diskurtsibo okerrak: gero aditzondoaren ordez sistematikoki ondoren erabiltzea, sistematikoki honela testu-antolatzaile gisa erabiltzea, baita ere esan nahi dut moduko emendiozko egiturak erabiltzea, eta abar.
25 Azterketa honetatik kanpo utzi ditut maiztasunezko kalko deiturikoak, hizkuntzaren maila guztietan eragiten dutelako eta kalkoen tipologian sail beregain bat osatzen ez dutelako.

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Kalkoen tipologia eta eragina gaurko euskarazko neologian", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3