Erabiltzaile Tresnak


hizk:5:1:2:1

Kalkoaren kontzeptua: mailegua, erdarakada, kalkoa, interferentzia…

Lan honetan kalkoen eraginaz jardun behar dugunez gero, ezinbestekoa iruditzen zaigu, beste ezer baino lehen, kalkoaren kontzeptua zedarritzea, eta mailegutzatik eta interferentziatik bereiztea.

Mailegutza terminoak, adiera hertsian, kanpoko elementu —gehienetan, lexiko— baten transferentzia oso edo erabatekoa adierazten du; eta, beraz, kanpoko adierazle bat eta adierazi bat “inportatzea” edo hartzea esan nahi du (Gómez Capuz 1998: 18-43). Kalko eta kalkatze terminoak, berriz, zentzu honetan erabiliko ditugu: kalkatzeak esan nahi du kanpoko elementu bat “itzulpen bidez kopiatzea” eta “ordeztea”; bestela esanda, imitazioz, eta hizkuntza hartzailearen adierazleak edo elementuak erabiliz, kanpoko hizkuntzaren elementu baten esanahia erreproduzitzea . Gai honi buruzko literaturan (Haugen 1950, Deroy 1956/1980: 223), honelako aurkakotasunen bidez aurkeztu ohi da mailegutza/kalkatzea kontzeptuen arteko bereizkuntza: inportatzea/ordeztea, mailegutza osoa/partziala.

Interferentziaren kontzeptua, berriz, zabalagoa da, Ipar Amerikako hizkuntzalaritza-tradiziotik datorkigu eta hizkuntzen arteko ukipen-gertakarien berri emateko sortu zen. Estrukturalismoaren ikuspegitik, honela definizen du Weinreich-ek interferentzia (1953/1968/1974): “The term interference implies the rearrangement of patterns that result from the introduction of foreign elements into the more highly structured domains of language, such as the bulk of the phonemic system, a large part of morphology and syntax, and some areas of the vocabulary (kinship, color, weather, etc.)”. Interferentziak, beraz, berregituratzea esan nahi du eta ez soilik inbentariora elementu solteak ekartzea: alde batetik, kanpo-elementuak transferitzen edo eskualdatzen dira hizkuntza hartzailera; bestetik, analogia dela medio, identifikatu egiten dira hizkuntza-sistema bietako elementu batzuk eta, identifikazio horren ondorioz, berregituratu egiten dira hizkuntza hartzaileko azpisistema batzuk. Izatez, termino neutroa da hizkuntzalaritzaren eremuan . Baina orobat erabili da interferentzia terminoa, beste ikuspegi batetik, hiztun elebidunen hizkuntza-gaitasun eskasari lotuta (García Yebra 1981: 353), eta, orobat, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan, errakuntzaren ideiari lotuta (ikus Domínguez 2001).

Gure gramatika-tradizioan erdarakada terminoa erabili da gehien; batik bat, auzo-hizkuntzen eraginez euskaraz sortu diren esapide eta egitura okerrak eta mailegu premiarik gabeak izendatzeko. Oso kontzeptu lauso eta zabala da, mailegutza-, kalkatze- zein interferentzia-gertakarien arteko bereizkuntzarik egiten ez duena. Horregatik ez da oso baliagarria hizkuntzaren azterketa deskriptiboetarako.

Nahasketa terminologiko eta kontzeptual handia dago gaurko testu-liburuetan . Bereziki, ez dira bereizten behar bezala kontzeptu hauek: kalkatzea/mailegatzea; mailegu semantikoa / kalko semantikoa; kalko lexikoa / kalko semantikoa; kalkoa/interferentzia… Ukipenean dauden hizkuntzen arteko eragin-trukeak aztertzeko modu edo ikuspuntu asko daude, eta denak dira zilegi, baina, hurbilketa zeinahi dela ere, ezinbestekoa da zehaztasun terminologiko eta kontzeptuala.

Esan bezala, kalkoen esparrura mugatzen da nire azterlan hau, mailegutza- eta interferentzia-gertakariak alde batera utzita. Dena dela, nahikoa hedatua dago beste ikuspegi bat, zeinaren arabera kalkoak mailegutza-gertakarien artean sailkatzen baitira (Gomez Capuz 1998, 2005). Azken ikuspegi horrekin bat dator UZEI (2002: 50), non kalkoak itzulpen bidezko mailegutzat jotzen baitira: “Maileguen artean aipatzekoak dira, era berean, kalkoak. Kalkoak mailegu bereziak dira: hizkuntza batek beste hizkuntza bateko hitza edo esamoldea itzuliz sortzen dituen unitate linguistikoak dira. Gisa honetakoak dira, esaterako, segurtasun-indarrak, argi berdea eman, gastuak estali, etab.”.

Gorago esan dudanez, interferentzia terminoari gaitzespen-konnotazio eta are denotazioak erantsi zaizkio zenbait erabileremutan. Eta antzeko zerbait gertatu da kalko terminoarekin: berez termino neutro eta deskriptibo hutsa bada ere, sarritan erabiltzen da kalko okerraren zentzuan (Garzia 2005: 16). Hainbesteraino kutsatu zaio kalko hitzari gaitzespen-kutsua, ezen gure artean gutxitan aipatzen baita lexiko-sorkuntzarako baliabideen artean; are gehiago, kalkoa aipatzekotan, errezelo, tentu eta erreserba askorekin aipatzen da neologiaren esparruan: “Azken urteotan nagusitzen ari den baliabidea da [kalkoa], eta terminoak sortzeko baliabide egokia izan daiteke, baldin eta zuhur eta zuzen jokatzen bada” (UZEI 2002: 50).

Kontua da egungo euskarazko terminogintzan etengabe jotzen dugula kalkora, bereziki, kalko semantikora, kalko lexikora eta lexiko-fraseologikora. Alegia, kalkatzea, egungo euskaran, neologia-mekanismo guztiz emankorra da: hiztegi orokorrak eta bereziki espezializatuak arakatu besterik ez dago jokaera horretaz jabetzeko.

Interferentzia- eta mailegutza-gertakariak aztertzean, oso hedatua dago (ez bakarrik gure artean, baita hemendik kanpo ere) nahasketa terminologiko eta kontzeptuala. Hona adierazpen nahasgarri bat (Terminologia Batzordea 2004): “Mailegua eta kalkoa errealitate berriak izendatzeko baliabideak dira; dena den, kontuan hartzekoa da hizkuntzak badituela bestelako baliabideak (eratorpena, hitz-elkarketa, zabalkuntza semantikoa, eta abar)”. Alegia, eratorpenari, hitz elkarketari eta zabalkuntza semantikoari (!) kontrajartzen zaizkio kalkoa eta mailegua, erreparatu gabe kalko lexikoa, esaterako, eratorpenaren (kartesiar, erakarle) edo elkarketaren bidez (zerga-paradisu, biraketa-ardatz, elektroi-erakarle) gauzatzen dela eta kalko semantikoa, berriz, zabalkuntza semantikoa gauzatzeko moduetako bat dela.

Esandakoaren harira, bereizkuntza hau aurreratu nahi dut kalkoaren kontzeptua neologian hobeto kokatzeko: kalkatzea eta kalkoa, 4. atalean azaltzen denez, neologiarako mekanismo edo eragile dira, baliabidea baino areago: trenbide, esaterako, kalkoaren mekanismoak eragindakoa da (kalko lexikoa), baina hitz-elkarketa baliatuz sortua.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Kalkoaren kontzeptua: mailegua, erdarakada, kalkoa, interferentzia…", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3