Erabiltzaile Tresnak


hizk:5:1:2:2

Kalkoen sailkapena

Atal honetan, gaingiroki bada ere, kalkoen sail nagusiak aurkeztuko ditut (ikus Alberdi 2010). Dena dela, lehenengo hiru kalko motak (semantikoa, lexikoa eta lexiko-fraseologikoa) dira eraginkorren eta emankorrenak espezialitate-hizkeraren garapen lexikoari begira.

Kalko semantikoa, mailegu semantikoa eta zabalkuntza semantikoa

Deiturak berak aditzera ematen duenez, hitzaren esanahiaren mailan eragiten du kalko semantikoak. Kalko lexikoan bezalatsu (infra 3.2. azpiatala), kanpoko ereduaren “barne-forma” (alderdi ezmateriala, alegia) imitatzen edo kopiatzen da: kalko lexikoan, morfologia-egitura; eta, kalko semantikoan, esanahia. Baina kalko semantikoan, kalko lexikoan ez bezala, ez da hitz konposatu berririk sortzen, baizik eta aldatu egiten da hizkuntza hartzailean lehendik ere baden hitz baten esanahia. Honako adibide hauetan ikus daitekeenez, oro har, zabaldu egiten da hitzaren esanahia (zabalkuntza semantikoa). \\
(1)
a. ingl. conventional (weapon) 1 ‘konbentzional’; 2 ‘atomikoa ez dena’
b1. fr. conventionnel 1 ‘konbentzional’ >
b2. fr. conventionnel 1 ‘konbentzional’; [ingl.. >] + 2 ‘atomikoa ez dena’

(2)
a. ingl. butterfly 1 ‘mitxeleta’; 2 ‘igeriketa-estiloa’
b1. fr. papillon 1 ‘mitxeleta’ >
b2. fr. papillon 1 ‘mitxeleta’; [ingl.. >] + 2 ‘igeriketa-estiloa’

(3) a. gazt. puente (‘jai-eguna’) > eusk. zubi
b. gazt. estrella de cine > eusk. zinema izar
c. gazt. puerta, portería (futbola) > eusk. ate

(4)
a. ingl. mouse (Informatika) > gazt. ratón / eusk. sagu
b. gazt. eje de rotación (Matematika) > eusk. biraketa-ardatz

Bestalde, argitu beharra dago zertan bereizten den kalko semantikoa mailegu semantikotik. Gómez Capuz-ek (1998: 75), Haugen-en mailegutza-tipologia oinarritzat harturik, honela aurkeztu du bereizkuntza kontzeptual hori:

(5)
a. Mailegu semantikoa (analogoak): antzekotasun formal eta kontzeptuala dagoenean (ingl. paper 1 “papera”, 2 “txostena”; fr. papier 1 “papera”; [ingl. >] + 2 “txostena”).
b. Kalko semantikoa (homologoak): antzekotasun kontzeptuala baino ez dagoenean, eta, beraz, kalkoetan bezalatsu, lexema itzuli beharra dagoenean (ingl. hawk 1 ‘gabiraia’; 2 ‘jokaera gogorreko politikari ausarta’; fr. épervier 1 ‘gabiraia’; [ingl. >] + 2 ‘jokaera gogorreko politikari ausarta’).

Azkenik, argitu behar dugu kalko semantikoaren eta zabalkuntza semantikoaren arteko bereizkuntza zertan datzan. Lexikologiako eta terminologiako eskuliburu gehienetan aldaketa semantikoa eta, bereziki, zabalkuntza semantikoa aipatu ohi da lexiko-sorkuntzarako baliabide semantikoen artean (simetria-ardatz, elektroi-talka, eraztun trukakor…; Gurutze Gorria, kafe ebakia…). Zabalkuntza semantikoan nolabaiteko “ahaidetasuna” dago jatorrizko adieraren eta zabalkuntzazko adieraren artean eta ahaidetasun hori erlazio logikoetan (metonimian, bereziki), analogian (antzekotasunean, metaforan) edota asimilazioan oinarritu ohi da (objektu baten izena objektu horren forma berri bati emateari esaten zaio asimilazioa). Dena dela, askotan berez edo barne-bilakaeraren ondorioz gertatzen da zabalkuntza semantikoa hizkuntza batean, eta ez nahitaez kalko semantikoaren mekanismoaren ondorioz. Zabalkuntza semantikoa, kontzeptu zabalago edo abstraktuagoa da, eta, besteak beste, kalko semantikoaren mekanismoa dela bide gauzatzen da.

Kalko lexikoa: hitzez hitzekoa, hurbila eta eraginezkoa. Hibridoak.

Funtsean, honetan datza kalko lexikoaren mekanismoa: beste hizkuntza bateko —sorburu-hizkuntzako— hitz baten barne-egitura, eskema edo barne-forma itzultzen da xede-hizkuntzara. Adibidez,

(6)
a. ingl. freethinker > gazt. librepensador
b. gr. eu-logein > lat. bene-dicere / gazt. bendecir
c. gazt. prever > eusk. aurreikusi

Beraz, kanpoko hitz bat kalkatzean, sorburu-hizkuntzako edo eredu-hizkuntzako hitz konplexu bat “berregiten” du hizkuntza hartzaileak, baina bere baliabide formalak erabiliz (Gómez Capuz 1998: 61 ). Alegia, kalkoaren prozesuak kanpoko hitzaren egitura aztertzea eskatzen du lehenik, eta, ondoren, haren osagaiak ordeztea. Roberto Gusmani-k dioenez (1983: 8-11), bi baldintza bete behar ditu kanpoko ereduak: a) morfema bat baino gehiago izatea (polimorfematikoa izatea) edo erraz zatitzeko moduko egitura izatea; b) gainera, esanahi deskriptiboa izatea, hots, osagaien “batuketaz” ondorioztatzeko moduko esanahia izatea.
W. Betzen tipologian hiru azpisail nagusi hauek bereizten dira kalko lexikoen artean:

(7)
a. Kalko lexiko hitzez hitzekoa (Lehnübersetzung): ereduarekiko fideltasunik handiena erakusten duena, eredua zehazki eta osagaiz osagai itzultzen duena; Lewandowski-k dioenez (1990), ereduko morfema bakoitza hizkuntza hartzaileko morfemarik hurbilenaren bidez itzultzen da (adibidez, ingl. freethinker > gazt. librepensador).
b. Kalko lexiko hurbila (Lehnübertragung): ereduko hitz konposatuaren osagaiak modu libreago batez itzultzen dituena; Lewandowski-k dioenez (1990), ereduko atal edo osagai bat baino ez da itzultzen (lat. patria > al. Vaterland ‘aitaren lurra’; lat. paeninsula gazt. ‘casi-isla’) > al. Halbinsel ‘erdi-uharte’).
c. Eraginezko kalko lexikoa, kanpoko eredu batek sorrarazitakoa (Lehnschöpfung, gazt. creación inducida): hitz sortu berriak beregaintasun formala du, baina kanpoko eredu baten eraginez sortua da hizkuntza hartzailean. Kalko lexikoaren aldaerarik libreena da. Hain librea, ezen Gusmanik uste baitu kalko lexikoaren kategoriatik kanpo geratzen dela. Izan ere, halako hitzetan ez da betetzen kidekotasun formal eta kontzeptualaren baldintza, eta, baliokideen kategoria dakarkigute gogora (fr.. automovil > al. Kraftwagen; fr. cognac > al. Weinbrand).

Kalko lexikoaren tipologiari eskainitako azpiatal hau amaitzeko, sail berezi bat aipatu beharra daukat: hibridoak (Gómez Capuz 2005: 42). Halako hitz hibridoetan (eusk. boxeolari, futbolari, eskaneatze; gau-klub, izotz-hockey, belar-hockey…) aldi berean gertatzen da mailegutza eta kalkatzea: inportatua edo bere horretan harturikoa da hitzaren morfema bat (boxeo-, futbol-, eskanea(tu)-; -klub, -hockey); eta kalkatua beste bat (-lari, -lari, -tze; gau-, izotz-).

Kalko lexiko-fraseologikoa

Gaztelaniazko bibliografian (Gómez Capuz 1997, 1998, 2005, 2009), hitz konposatu bat —elkartua nahiz eratorria— agertu ohi da ia beti kalko lexikoen sorburu-hizkuntzan, nahiz eta xede-hizkuntzan sintagma batez baliatu esapidea kalkatzeko. Esate baterako, Gómez Capuzek (2009: 8) kalko lexiko hitzez hitzekotzat jotzen ditu honelakoak :

(8)
a. brainwashing > lavado de cerebro
b. service station > estación de servicio
c. mountain-bike > bicicleta de montaña
d. contact lenses > lentes de contacto

Alde horretatik, zalantza izan dezakegu complemento salarial > alokairu-osagarri modukoak eta contrato individual > banakako kontratu gisakoak kalko lexikoak ote diren, koontzeptuaren zentzu hertsiari lotzen bagatzaizkio, behintzat. Izan ere, horrelakoetan ez da itzultzen motibazio semantiko gardeneko hitz polimorfematiko (konposatu) bat —elkartua nahiz eratorria—, baizik eta sintagma (terminologiko) bat (“izena + izenondoa”).
Zalantzak zalantza, nire proposamena da kalko lexikoaren kontzeptua hedatzea sintagma terminologikoen itzulpen diren egitura guztietara:

(9) KALKO LEXIKOAK (KONTZEPTUALIZAZIO HEDATUA)

A. KALKO LEXIKOAK (HITZ KONPOSATUEN KALKOAK)
1a [eratorria] administrador 1b [eratorria] administratzaile
2a [elkartua] acuerdo marco 2b [elkartua] esparru-akordio
B. KALKO LEXIKO-FRASEOLOGIKOAK (SINTAGMEN KALKOAK)
3a [iz. + erlazio-izond.] complemento salarial 3b [elkartua] alokairu-osagarri
4a [iz. + erlazio-izond.] contrato individual 4b [izlag. + iz.] banakako kontratu
5a [A de B] accidente de trabajo 5b [elkartua] lan-istripu
6a [A de B] componentes del salario 6b [izlag. + iz.] alokairuaren osagaiak

Izendapenari eta terminologiari estuki lotuta daude “A de B” nahiz “iz. + erlazio-izenondoa” gisako sintagmak. Izan ere, erlazio-izenondo bat duten erdal egituren ordainak emateko (complemento salarial, contrato individual), esaterako, izenondoaren azpian dagoen erreferentzia bilatzen da lehenik eta, gero, itzulpen bidez (elkarketa erabiliz —alokairu-osagarri— edo izenlagun bat erabiliz —banakako kontratu—) ematen da aditzera erreferentzia hori. Definizioz, izaera deskribatzailea dute erlazio-izenondoek, eta, logikoa denez, haien ordainak ematerakoan bete-betean sartzen da jokoan kalkoaren mekanismoa.
Beraz, sintagma terminologikoen itzulpen diren esapideak izendatzeko erabiliko dugu ‘kalko lexiko-fraseologikoak’ deitura , eta, nolabait esateko, kalko lexikoen azpisail bat osatzen dute gure tipologian.

Kalko lexiko-sintaktikoa

Hitz batzuek argumentu-egitura dute eta joskera jakin bat eskatzen dute (observar (algo); observar (que)…). Zenbaitetan, bada, kalko semantikoarekin batera hitzen joskera ere kalkatu ohi da, hitzen konplementazioa, alegia. Esate baterako, Hiztegi Batuaren eta literatura-tradizioaren arabera, behatu aditzari, ‘begiratu’ adieran, dio erregimena dagokio , baina gaurko prosan (ikus ZTC) gaztelaniazko observar-en ordain gisa nahikoa hedatua dago (zerbait) behatu (du) erabilera eta are bestelakoak ere. Horrelako kalkoak izendatzeko erabiliko dugu ‘lexiko-sintaktiko’ deitura. Izan ere, hiztegia eta joskera uztarturik ageri dira halako kalkoetan.

Kalko fraseologikoa

Definizioz, hizkuntza bakoitzak “bere” esapide eta fraseologia-banakoak ditu: hitz multzo eginak, instituzionalizatuak eta semantikoki finkatuak dira . Beraz, askotan halako elementuak ezin dira hitzez hitz itzuli hizkuntza batetik bestera.
Hiru multzo nagusitan sailkatu ohi dira:

(10)
a. Lokuzioak (ziria sartu, adarra jo…)
b. Kolokazioak (auzia erabaki, istilu larri, aldeko iritzi…)
c. Hizketa-formulak (Zer duzu?, kontuak atera!…) eta paremiak (Lan lasterra, lan alferra…)

Bada, halako hitz-multzo egin eta finkatuei eragiten dieten kalkoei deituko diegu kalko fraseologiko. Haietako asko eta asko, okerrak dira (*eta abar luze bat / eta abar, *ilea hartu / adarra jo…; *eskolara faltatu / eskola huts egin, *(zerbaitek) atentzioa deitu / atentzioa eman…). Hala ere, uste baino askozaz ere gehiago dira kalko fraseologiko onargarriak. Aski da gaur egungo hiztegi elebidunak azaletik arakatzea honelakoak ikusteko: soldatak izoztu, aipu-markak ireki/itxi, (norbait) poltsikoan izan, alderdiz aldatu (es cambiar de chaqueta, en to change sides), goitik behera ireki (es abrir en canal, fr ouvrir de haut en bas) …

Kalko morfosintaktikoa

Sail honetan sartzekoak dira morfosintaxiarekin zerikusia duten era guztietako kalkoak: izen-sintagmaren mailakoak (zenbatzaileak, mugatzailea…); aditz-sintagmaren mailakoak (aspektu- eta denbora-balioak, aditz-perifrasiak…); nahiz perpausaren mailakoak (kasu-markak, postposizioak, koordinazioa, menderakuntza…). Gehienetan, honela gauzatuko da kalko sintaktikoa: antzekotasun funtzionala dela eta, eredu-hizkuntzako forma baten balioa edo funtzioa eransten zaio hizkuntza hartzaileko formari edo egiturari. Kasu horretan, mekanismoari dagokionez, erabateko paralelismoa dago kalko semantikoaren eta kalko sintaktikoaren artean: “esanahia” edo “barne-forma” itzultzen da, baina adierazle berririk sortu gabe. Adieraziaren mailako gertakaria da, beraz (Sala 1998: 182-185). Kalko sintaktiko gehienak okerrak dira, baina ez guztiak: esaterako, gaia adierazteko (OEH: “acerca de, sobre”) –en inguruan postposizioa erabiltzea da kalko sintaktiko onargarrietako bat .

Kalko diskurtsiboa

Azken sail honetan sartuko ditut hiztegiaren eta gramatikaren maila gainditzen duten kalkoak, baliabide diskurtsibo komun edo hizkuntza-artekoak alde batera utzita: hau da, era batera edo bestera, diskurtsoaren mailan koka daitezkeenak, baina hizkuntzaz hizkuntza aldatzen direnak. Bereziki, konexioaren, kohesioaren edota modalizazioaren mailako kalkoak ditugu sail honetan (testu-antolatzaileak, anaforak, eta abar). Kalko diskurtsibotzat joko dugu, esate baterako, testu-antolatzaile gisa (eta ez konparazioa adierazteko) era berean esapidea erabiltzea da.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Kalkoen sailkapena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3