Erabiltzaile Tresnak


hizk:5:1:2:3

Termino-sorkuntzarako baliabideak eta kalkoaren mekanismoa

Terminologiari eta neologiari buruzko ikerlanetan, oro har, termino-sorkuntzarako baliabide nagusi hauek bereizi ohi dira : berrikuntza fonologikoa, eratorpena, hitz-elkarketa, sintagmazioa, kategoria-aldaketa, lexikalizazioa, zabalkuntza semantikoa, mugaketa semantikoa, berrezarpena, mailegutza eta kalkoa. Baliabideok, adibide eta guzti, lau sail nagusitan banatuta —baliabide formalak, funtzionalak, semantikoak, mailegubidea — ageri dira ondoko taulan.

TERMINO-SORKUNTZARAKO BALIABIDEAK: SAILKAPENA

Terminologia-lanetan mailegutzarekin batera edota zabalkuntza semantikoarekin batera azaltzen da kalkoa, baina, nire iritziz, kontzeptuaren funtsa eta kalkoaren izaera argitu eta zedarritu gabe: neologia-baliabidetzat jotzen da kalkoa, baina erreparatu gabe baliabide baino areago mekanismo edo eragile dela.
Lexikologiako eta terminologiako eskuliburu gehienetan aldaketa semantikoa eta, bereziki, zabalkuntza semantikoa aipatu ohi da lexiko-sorkuntzarako baliabide semantikoen artean. Euskaraz, honelako adibideak aipatu ohi dira:

(12)
a. simetria-ardatz, Konkorde-ren isatsa, elektroi-talka, erro kubiko…

b. Gurutze Gorria, kafe ebakia…

Zabalkuntza semantikoan nolabaiteko “ahaidetasuna” dago jatorrizko adieraren eta zabalkuntzazko adieraren artean eta ahaidetasun hori erlazio logikoetan (metonimian, bereziki), analogian (antzekotasunean, metaforan) edota asimilazioan oinarritu ohi da (objektu baten izena objektu horren forma berri bati emateari esaten zaio asimilazioa). Dena dela, askotan berez edo barne-bilakaeraren ondorioz gertatzen da zabalkuntza semantikoa hizkuntza batean, eta ez nahitaez kalko semantikoaren mekanismoaren ondorioz. Zabalkuntza semantikoa, kontzeptu zabalago edo abstraktuagoa da, eta, besteak beste, kalko semantikoaren mekanismoa dela bide edo haren eraginez gertatzen da.
Neologiako baliabide emankorra da zabalkuntza semantikoa, oro har, edozein hizkuntzatan, eta, zer esanik ez, are emankorragoa da diglosia-egoeran dauden hizkuntzen neologian . Gutxitan esaten da, ordea, nahiz eta ageriko kontua den, baliabide semantiko horren atzean kalkoa —kalko semantikoa— ezkutatzen dela. Bestela esanda, euskara bezalako hizkuntzetan, eredu-hizkuntzen eraginez jotzen da zabalkuntza (edota mugaketa) semantikora lexiko- eta termino-sorkuntzan; alegia, kalko semantikoaren mekanismoaren ondorioz gertatu ohi da zabalkuntza (edota mugaketa) semantikoa: hizkuntza hartzailearen ondareko hitz bati, eredu-hizkuntza batean kideko hitz batek duen esanahi berri bera ematen zaio; baina, gehienetan aldaketa semantikoa ez da gertatzen berez, beste hizkuntza batean ageri den kontzeptu-sarea kalkatuz baizik. Izan ere, euskaraz espezialitateko terminologiaren sorrera eta neologismo semantikoen sorrera ez da gertakari berezkoa, jarduera antolatua edo planifikatua baizik.
Gaurko euskaran, esaterako, indar hitza erabiltzen dugu, kalko semantikoz, segurtasun-indarrak, indar armatuak…moduko esapideetan, bai eta fisikan ere (grabitate-indar, flotazio-indar, indar nuklear…). Izan ere, guztiz logiko eta bidezkoa da auzo-hizkuntzetan erabiltzen diren analogiak, tropoak eta malgutasuna euskaraz ere baliatzea (ikus Sarasola 1997: 81): ezin ukatuzkoa da analogiak, irudizko zentzuak eta metaforek hizkuntza-aldaketan duten eragina .
Zenbaitetan, eratorbideari, elkarketari edo zabalkuntza semantikoari kontrajartzen zaie kalkoaren fenomenoa, maila bereko fenomenoak balira bezala: hots, lehian dauden baliabideak balira bezala edo aldi berean gerta ezin daitezkeen gertakariak balira bezala. Baina, gorago ikusi dugunez, baliabide horien atzean kalkoaren mekanismoa egoten da sarri askotan (kartesiar, erakarle, zerga-paradisu, biraketa-ardatz…). Ondorioz, bereizkuntza bat egin nahi nuke kalkoaren kontzeptua neologian hobeto kokatzeko. Kalkatzea eta kalkoa, sarritan, neologiarako mekanismo edo eragile dira, baliabide baino areago: trenbide, esaterako, kalkoaren mekanismoaren eraginez sortu da (kalko lexikoa), baina hitz-elkarketa baliatuz; eta indar armatuak esapidean eta haren antzekoetan zabalkuntza semantikoa gertatu da (baliabidea), baina kalko semantikoaren mekanismoaren ondorio dira halakoak.
Kalkatzearen fenomenoa, sarritan, kanpoko neologian edo termino-sorkuntzarako kanpoko baliabideen artean aipatu ohi da —mailegutza-gertakariekin batera—, barne-neologiari eta barne-baliabideei kontrajarriz (UZEI 2002, Cabré 1993: 191): ikuspegi horren arabera, nolabait esateko, “ezkutuko” edo “itzulpen bidezko” maileguak dira kalkoak. Dena dela, eman ditudan arrazoiengatik, egokiagoa iruditzen zait kalkoaren mekanismoaz hitz egitea eta, beraz, mekanismo gisa aurkeztea kalkatzearen fenomenoa eta ez soilik kanpoko baliabide gisa.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Termino-sorkuntzarako baliabideak eta kalkoaren mekanismoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3