Atal honetan zera erakutsi nahi dugu: kalkoek ikaragarrizko eragin eta garrantzia dute lexikoaren berrikuntzan eta, beraz, hizkuntza akademikoaren garapen lexikoan . Hain zuzen ere, gure hipotesia honako hau da: kalkoak —bereziki, semantikoak, lexikoak eta lexiko-fraseologikoak—, ezinbestekoak izateaz gainera, guztiz emankorrak dira hizkuntza akademikoen hiztegia garatzeko.
Alde horretatik, Zuzenbidearen hizkuntza akademikoa ez da salbuespen: atal honetan frogatuko dudanez, termino asko sortzen dira arlo horretan hitzak eta hitz multzoak kalkatuz. Nolanahi ere, terminoak kalkatzeko orduan, oro har, zenbait gomendio eta irizpide hartu behar dira kontuan (Terminologia Batzordea 2004):
Gomendioak gomendio, Zuzenbideak badu berezitasun bat beste jakintzen eta zientzien aldean: kontzeptualizazioa ez da unibertsala, sistema juridiko bakoitzak berea baitu. Beraz, ia ezinbestean, gaztelania juridikoari begira —eta, ondorioz, Espainiako sistema juridikoari begira— bizi da eta garatzen ari da euskara juridikoa. Eta horrek ondorioak ditu hirugarren gomendioari dagokionez. Izan ere, Zuzenbideko kalko batean baino gehiagotan gertatuko da esanahiaren nazioartekotasunaren baldintza edo gomendioa ez betetzea. Lan honetan alde batera utziko dut alderdi hori, gure helburu nagusia kalkoaren mekanismoak Lan Zuzenbideko euskaran duen eragina frogatzea baita.
Metodologikoki, Lan Zuzenbidearen arloa aukeratu dugu geure hipotesia egiaztatzeko edo gezurtatzeko. Zehazki, Lan Zuzenbidearen ikasgaiak ikasliburuko hiztegia aztertuko dugu atal honetan, kalkoaren mekanismoaren garrantziaz jabetzeko.
Zehazki, A-C hiztegi zatiko sarrera terminologiko guztiak aztertu ditut. Lehenik, saiatu naiz zehazten zer baliabide erabili den sarrera bakoitzean: inorentasun sarreran, esaterako, eratorpena baino ez da erabili; baina enpresaburuaren hartzekodun sarreran, aldiz, baliabide bat baino gehiago erabili da (elkarketa, enpresaburu hitzean; eratorpena, hartzekodun hitzean; eta sintagmazioa, sintagma osoan). Bada, horrelako sarreren kasuan, bikoiztu edo hirukoiztu ditut erregistroak, sarrera bakar batean erabili diren baliabide guztien berri jasotzeko. Metodologia hori erabiliz, emaitza hauek lortu ditut lexiko-sorkuntzarako baliabideei dagokienez:
LEXIKO-SORKUNTZARAKO BALIABIDEEN ERABILERA-MAIZTASUNA | |
---|---|
Berrikuntza fonologikoa | 0 |
Mailegutza | 67 (% 11,3) |
Eratorpena | 67 (% 11,3) |
Hitz-elkarketa | 150 (% 25,4) |
Sintagmazioa | 272 (% 46,1) |
Kategoria-aldaketa | 1 (% 0,1) |
Lexikalizazioa | 1 (% 0,1) |
Aldaketa semantikoa | 31 (% 5,2) |
Berrezarpen lexikala | 1 (% 0,1) |
GUZTIRA | 590 erregistro |
Emaitzok ez dute balio orokorrik, baina agerian uzten dituzte zenbait joera jakingarri. Hasteko, begien bistan geratzen da baliabide batzuen emankortasun hutsala: bakanka baizik ez dira baliatzen kategoria-aldaketa, lexikalizazioa eta berrezarpen lexikala . Beste muturrean, sintagmazioa dugu , baliabiderik erabiliena, unitate terminologiko asko eta asko sintagmak baitira. Bitarteko emankortasuna dute baliabide morfologikoek —bereziki, hitz-elkarketak— eta mailegutzak. Eta askozaz ere eragin apalagoa du aldaketa semantikoak.
Arakatu dugun hiztegi zatian, guztira, 67 hitz edo termino eratorri ditugu. Haietatik 21 dira sortu berriak. Bada, halako hitz sortu berri guztietan ageri da kalkoaren mekanismoaren itzala: gehienetan, hitz-eraketaren ikuspegitik, erabateko analogia dago gaztelaniazko hitzaren eta euskarazko ordainaren artean; eta, zenbaitetan, analogia partziala.
Hitz eratorri sortu “berriak” eta kalkoaren mekanismoa
Tradiziotik datozkigun hitz eratorri gehienetan ere (34 hitz) oso nabarmena da kalkoaren mekanismoaren indarra:
Tradizioko hitz eratorriak eta kalkoaren mekanismoa
Hitz eratorriak: kalko lexiko “hurbilak”
Guztiz adierazgarria da gaurko euskaran, eta bereziki espezialitate-hizkera batzuetan, le/ tzaile atzizkiarekin gertatzen ari den bilakaera. Berez, izen-sortzaile gisa eta erreferente bizidunekin erabili izan da gehien tradizioan; gaurko neologian ere halaxe erabiltzen da gehienetan (auzi-jartzaile, administratzaile…). Baina, gaur egun, gero eta gehiago erabiltzen da izenondoak sortzeko eta izen bizigabeei erreferentzia egiteko (/base reguladora > oinarri arautzaile, acción declarativa > akzio adierazle, comisión ejecutiva > batzorde betearazle, contenido normativo > eduki arau-emaile, círculo rector > esparru zuzentzaile…). Elosegiren iritziz (2007), berrikuntza ez da erabatekoa izan: hizkuntzan lozorroan egon den joera bat areagotu da orain edo atzizkiaren balio bat aktibatu da, gaurko terminologia-premia berriei erantzuteko. Aldaketa garrantzitsua da, hizkuntzaren morfologiari eragiten diolako eta ez soilik hitz solte baten edo batzuen kategoria gramatikalari. Edozein modutan ere, nire ustetan, ukaezina da kalkoaren mekanismoak bilakaera horretan izan duen eragina.
Laburbilduta, oso nabarmena da kalkoaren mekanismoak eratorpen bidezko hizperrigintzan duen eragina: izan ere, erdal hitzen egitura erabat edo zatika kalkatuz sortuak dira euskal eratorri berri guztiak. Tradiziotik datozkigun hitz eratorri gehienetan ere oso nabarmena da kalkoaren itzala, nahiz eta ezin zaion egotzi beti eta soil-soilik kalkatzeari neologismoaren motibazioa. Oso gutxi dira barne-motibazioari soil-soilik zor zaizkion hitz eratorriak (acreedor/hartzekodun, ama de llaves / giltzari, árbitro/tartekari, autoridad/agintaritza, beneficio/mozkin…).
Hitz eratorri berriak: kalkoaren mekanismoaren eragina
HITZ ERATORRI BERRIAK | 21 |
---|---|
Kalkoaren mekanismoak eragindakoak | 21 % 100 |
Hitz eratorriak: kalkoaren mekanismoaren eragina
HITZ ERATORRIAK | 67 |
---|---|
Kalkoaren mekanismoak (ere) eragindakoak | 55 % 82 |
Bestelako motibazioa dutenak | 12 % 18 |
Aztertu dugun hiztegi zatian, guztira, 150 hitz elkartu aurkitu ditugu: espezialitate-hizkeran sarritan gertatu ohi denez, izen-elkarteak dira ia-ia denak. Elkarte horien artean salbuespen dira (% 13 inguru) kalkoaren mekanismoari zor ez zaizkionak (actor/auzi-jartzaile, comisión/batzorde, cursillo/ikastaro). Izan ere, kalko lexiko garbi-garbiak dira elkarte gehienak: lautik hiru, hitzez hitzeko kalko lexiko edo lexiko-fraseologikoak ditugu (115/150: % 76,6); eta, banaka batzuk (% 10 inguru), kalko lexiko edo lexiko-fraseologiko hurbilak edo hibridoak.
Ez da harritzekoa emaitza, kontuan hartzen badugu euskaraz hitz-elkarketa lexiko-sorkuntzarako baliabiderik emankorrenetako bat dela, Euskaltzaindiak bere 25. arauan berariaz gomendatua:
Baliabide indartsua da hitz-elkarketa, erdarazko hainbat hitzarte euskaraz eroso eta labur azaltzeko. Erdal izen-konplementazio askoren ordaina, esate baterako, horrela ematen du euskarak: guraso-elkarte, telefono-zenbaki, garapen-maila, zerga-biltzaile. Aukera paregabea eskaintzen du, orobat, erdal “izen + adjektibo erreferentzial” egiturak ordezkatzeko: esku-lan (trabajo manual / travail manuel), aho-literatura (literatura oral / littérature orale), ekonomi teoria (teoría económica / théorie économique), etab. Bide honi eutsi behar litzaioke orain ere, ahal den guztian, erdal hitz-moldaera arrotzen menpekoegi bihurtu nahi ez badugu.
Hain zuzen ere, aurreko pasartean aipatu diren erdarazko bi egitura horiexek ordezteko erabili da gehien hitz-elkarketa gure hiztegi zatian: elkarte guztien % 38, erdal “izena + erreferenzia-izenondoa” egitura ordeztera dator; eta hiru elkartetik bat (% 32,6), erdal izen-konplementazioa (“izena + de + izena”) ordezteko sortua da.
Hitz-elkarteak: hitzez hitzeko kalko lexiko edo lexiko-fraseologikoak
Lan Zuzenbidearen ikasgaiak liburuaren itzultzaileak hiztegiaren atarian aitortzen duenez , Euskaltzaindiaren gomendioari jarraituz (“Bide honi eutsi behar litzaioke orain ere, ahal den guztian, erdal hitz-moldaera arrotzen menpekoegi bihurtu nahi ez badugu”), nahiko modu sistematikoan jo dute elkarketara erlazio-izenondoen ordainak sortzeko. Hona, beti ere “iz. + erlazio-izenondo” egituran, elkarketa bidez eman diren erdal erlazio-izenondoak:
Erdal “Iz. + erreferentzia-izond.” egituraren ordezko elkarteak (elkarketa bidezko kalko lexiko-fraseologiko hitzez hitzekoak)
1. administrativo (contrato ) | administrazio-kontratu |
2. arbitral (compromiso ) | tartekaritza-konpromiso |
3. bancario (aval ) | banku-abal |
4. conciliatorio (acuerdo ) | adiskidetze-akordio |
5. contractual (autonomía ) | kontratu-autonomia |
6. directivo (cuadro ) | zuzendaritza-koadro |
7. electivo (cargo ) | hautespen-kargu |
8. electoral (censo ) | hauteskunde-errolda |
9. externo (agente ) | kanpo-agente |
10. familiar (acogimiento ) | familia-harrera |
11. formativo (contrato ) | prestakuntza-kontratu |
12. humanos (derechos ) | giza eskubideak |
13. industrial (conflicto ) | industria-gatazka |
14. interna (comisión ) | barne-batzorde |
15. inventiva (actividad ) | asmatze-jarduera |
16. laboral (conflicto ) | lan-gatazka |
17. litigiosa (cuantía ) | auzi-kopuru |
18. local (corporación ) | toki-korporazio |
19. lúdica (actividad ) | jolas-jarduera |
20. mercantil (sociedad ) | merkataritza-sozietate |
21. novatorio (conflicto ) | aldaberritze-gatazka |
22. plural (conflicto ) | talde-gatazka |
23. procesal (capacidad ) | prozesu-gaitasun |
24. productivo (ciclo ) | ekoizpen-ziklo |
25. profesional (categoría ) | lanbide-kategoria |
26. protectora (acción ) | babes-ekintza |
27. representativo (cargo ) | ordezkaritza-kargu |
28. salarial (bloque ) | alokairu-bloke |
29. sanitaria (asistencia ) | osasun-laguntza |
30. sexual (acoso ) | sexu-jazarpen |
31. sindical (actividad ) | sindikatu-jarduera |
32. social (agente ) | gizarte-agente |
33. técnico (cuadro ) | teknikari-koadro |
34. territorial (ámbito ) | lurralde-esparru |
Ikusi dugunez, hitz-elkarte gehienak (%76,6), hitzez hitzeko kalko lexiko edo lexiko-fraseologikoak dira. Beste batzuk, berriz, kalko hurbilak dira (% 10).
Elkarte batzuetan zatiz edo partez baino ez da kalkatzen jatorrizkoaren forma: kalko hurbil asimetikoak ditugu halakoak.
Kalko hurbil asimetrikoak:
Elkarteetariko batzuk, berriz, erdal hitz aurrizkidunak ordeztera datoz eta kalko hurbiltzat jo ditzakegu: egituraren aldetik bada nolabaiteko parekotasuna eredu-hitzaren eta hitz kalkatuaren artean, baina morfologia-kidekotasuna ez da erabatekoa.
Euskal aurrizkibide mugatuak eragindako kalko hurbilak
Euskarazko beste zenbait hitz-elkarte, azkenik, kalko hurbil hedatutzat jo ditzakegu: zatiz kalkatzen da jatorrizkoaren forma, baina egitura hedatuago bat —hitz-elkarte bat— erabiliz.
Kalko hurbil hedatuak:
Kalkaturiko hitz-elkarteen —hitzez hitzekoen nahiz hurbilen— artean ez dira falta, noski, hibridoak, zati bat mailegatua dutenak, alegia.
Kalko hibrido hitzez hitzekoak:
Kalko hibrido hurbilak:
Kalkoaren mekanismoari zor zaizkion hitz-elkarteen artean aipagarria iruditzen zait (batzorde) parekide izenondo elkartuaren eraketa. Izan ere, nahikoa badaezpadakoa da , paritario mailegua saihesteko sortua.
Laburbilduta, guztiz nabarmena da kalkoaren mekanismoak hitz-elkarketan duen eragina: kalkatzearen ondorio dira hitz-elkarte gehien-gehienak (% 86,6). Kalko horien artetik lautik hiru hitzez hitzekoak dira (% 76,6) eta gutxi batzuk baino ez dira kalko hurbilak (% 10).
Hitz elkarteak: kalko lexiko hurbilak eta hitzez hitzekoak
Hitz-elkarteak: hitzez hitzeko kalko lexikoak guztira | 115/150 (% 76,6) |
---|---|
Hitz-elkarteak: kalko lexiko hurbilak guztira | 15/150 (% 10) |
HITZ-ELKARTEAK: KALKO LEXIKOAK GUZTIRA | 130/150 (% 86,6) |
Arakatu dugun hiztegi zatian, guztira, 272 aldiz erabili da sintagmazioa: gehienetan, erdal sintagma terminologikoen ordainak sortzeko (coeficiente reductor > koefiziente murrizgarri, acción legal > legezko akzio, auxilio por defunción > heriotzaren ondoriozko sorospen…). Logikoa denez, halakoetan bete-betean sartzen da jokoan kalkoaren mekanismoa: erdal joskerak era batera edo bestera itzuliz sortzen dira euskarazko esapide berriak. Nire ustez, erdal sintagma terminologikoen itzulpen diren euskal esapideok kalkoak dira; gure sailkapenaren arabera, kalko lexiko-fraseologikoak, hain zuzen.
Sintagmazioa: sintagma terminologikoen euskal ordainak
Gorago ikusi dugunez, Lan Zuzenbidearen ikasgaiak liburuan nahiko modu sistematikoan erabili dute hitz-elkarketa “izena + erlazio-izenondoa” tankerako erdal esapideen ordainak emateko. Horrek ez du esan nahi, ordea, elkarketa denik halako erdal egiturak ordezteko erabili den erabide nagusia, horretarako sintagmazioa ere antzeko maiztasunez erabili baita.
“Iz. + erlazio-izenondoa” tankerako erdal esapideen ordainak
Hitz-elkarketa: complemento salarial > alokairu-osagarri | 57 (% 41,9) |
---|---|
Sintagmazioa: costas procesales > prozesuko kostuak | 59 (% 43,3) |
Mailegutza: administración pública > administrazio publiko | 20 (% 14,7) |
GUZTIRA | 136 |
Euskaraz, sintagma-egituren artetik “izenlaguna + izena” joskera erabili da gehien “izena + erlazio-izenondoa” tankerako erdal esapideak ordezteko:
“Iz. + erlazio+izenondoa” tankerako erdal esapideen ordainak sortzeko erabilitako euskal joskerak“
SINTAGMAZIOA (erdal “iz. + erlazio-izond.” esapideen ordez) | Guztira: 59/272 |
---|---|
“Izenlaguna + izena” - Izenlaguna (-ko) + iz. 41 - Izenlaguna (-en) + iz. 6 - Izenlaguna (-dun) + iz.\\- Izenlaguna (erlatiboa: -n) + iz. 2 | 49 |
Izena + izenondoa | 7 |
Aditz-izena: -t(z)ea | 3 |
Kalkoak dira, beraz, erdal “izena + erlazio-izenondoa” sintagmak ordeztera datozen “izenlaguna + izena” tankerako esapideak; bai eta “izena + izenondoak” tankerakoak ere (guztira, 56/272: % 20). Hain zuzen ere, euskarazko izenlagun batzuk lexikalizatze- edo finkatze-bidean daude erdal erlazio-izenondo batzuk ordezteko (eventual/behin-behineko, fundamental/oinarrizko, individual/banakako, interprofesional/lanbidearteko, original/jatorrizko, temporal/aldi baterako…):
Erdal “iz. + erlazio-izond.” esapideen ordainak: “izlag. + iz.” joskera
Comunidad Europea > | Europako Erkidegoa |
actividad agrícola > | nekazaritzako jarduera |
acuerdo interconfederal > | konfederazioarteko akordio |
espectáculo público > | jendaurreko ikuskizun |
contrato individual > | banakako kontratu |
apremio pecuniario > | diruzko premiamendu |
composición tripartita > | hiru alderdiko osaketa |
contrato temporal > | aldi baterako kontratu |
cláusula convencional > | hitzarmen bidezko klausula |
amonestación verbal > | hitzez egindako zentzarazpen |
Erdal “Iz. + erlazio-izond.” esapideen ordainak: “Iz. + izond.” joskera
base reguladora > | oinarri arautzaile |
cheque nominativo > | txeke izendun |
comisión ejecutiva > | batzorde betearazle |
contenido normativo > | eduki arau-emaile |
círculo (orgánico,) rector > | esparru (organiko,) zuzentzaile |
Erdal “izena + izenondoa” sintagma ordeztera datozen “izenlaguna + izena” eta “izena + izenondoak” tankerako egiturak ere kalkoak dira (61/272: % 22,4):
ERDAL “IZENA + IZENONDOA” ESAPIDEEN ORDAINAK: | 61 |
---|---|
“Izenlaguna + izena”: - acción legal > legezko akzio - actividad lucrativa > irabazizko jarduera - formación contínua > etengabeko prestakuntza | 34 |
“Izena + izenondoa” - convenio especial > hitzarmen berezi - capacidad plena > gaitasun oso - clase dominante > klase nagusi | 23 |
Kalkoak dira, orobat, erdarazko “A de B” konplementazio-egiturak ordeztera datozen “izenlaguna + izena” (77/272, % 28,3) eta “izena + -t(z)ea” egiturak (13/272, % 4,7):
Erdal “A de B” esapideen ordainak: “izlag.+ iz.” joskera
acreedores del empresario > | enpresaburuaren hartzekodunak |
carga de la prueba > | frogaren zama |
acta de infracción > | arau-hausteen akta |
actividad del mar > | itsasoko jarduera |
alta de pleno derecho > | zuzenbide osoko alta |
auxiliar de organización > | antolaketako laguntzaile |
centro de formación profesional > | lanbide-heziketarako zentro |
comité de Seguridad y Salud > | Segurtasun eta Osasuneko Batzordea |
——————-
calendario de negociación > | negoziatzeko egutegi |
cláusula de aplicabilidad inmediata > | zuzenean aplikatzeko klausula |
cláusula de contratación preferente > | kontratatzeko lehentasunari buruzko klausula |
cláusula de revisión salarial > | alokairuak berrikusteko klausula |
comisiones de control de las Mutuas > | Mutuak kontrolatzeko batzordeak |
Erdal “A de B” esapideen ordainak: “iz. + -t(z)ea” joskera
abandono del trabajo > | lana bertan behera uztea |
adaptación del puesto de trabajo > | lanpostua moldatzea |
amortización de puestos de trabajo > | lanpostuak amortizatzea |
apreciación de la prueba > | froga aintzat hartzea |
archivo de actuaciones > | jardunak artxibatzea |
cesión de trabajadores > | langileak lagatzea |
Kalkoak dira, azkenik, erdarazko bestelako preposizio-sintagmak (“A sobre/en/a/por/para… B”) ordeztera datozen euskal egitura gehienak (40/272: % 14,7):
Erdal “A sobre/en/a/por… B” esapideen ordainak
Acuerdo Nacional sobre Formación Contínua > | Etengabeko Prestakuntzarako Akordio Nazionala |
agencia privada sin ánimo de lucro > | irabazteko asmorik gabeko agentzia pribatu |
anticipos a cuenta > | konturako aurrerakinak |
artistas en espectáculos públicos > | jendaurreko ikuskizunetako artistak |
ausencia al trabajo > | laneko absentzia |
auxilio por defunción > | heriotzaren ondoriozko sorospen |
ayudas a familias numerosas > | familia ugarientzako laguntzak |
capacidad para contratar > | kontratatzeko gaitasun |
cheque al portador > | eramailearentzako txeke |
comisión por venta > | salmentaren araberako komisio |
complementos salariales por el trabajo realizado > | egindako lanari lotutako alokairu-osagarriak |
contrato a tiempo parcial > | lanaldi partzialeko kontratu |
contrato de trabajo a tiempo completo > | lanaldi osoko lan-kontratu |
contrato de trabajo en prácticas > | praktikaldiko lan-kontratu |
contrato para la formación > | prestakuntzarako kontratu |
Polisemian oinarritzen da neologia semantikoa: oinarri lexiko baten aldaketa semantikoak eragiten ditu neologismo semantikoak. Funtsean, bi eratako aldaketak bereizten ditugu: a) tropoetan oinarrituak (metafora, metonimia eta sinekdoke bidez gauzatuak); b) mugaketa edota zabalkuntza semantikoan oinarrituak.
Arakatu dugun hiztegi zatian, gutxienez, 31 hitzetan sumatu dugu aldaketa semantiko nabarmenen bat, Lan Zuzenbidearen kontzeptu-sareari lotua edo kontzeptu berriak izendatu beharrari lotua. Kasu guztietan, terminologizazioari zor zaio aldaketa: hau da, hizkuntza orokorreko hitz batek adiera zehatz eta finkatua hartzen du Lan Zuzenbideko terminologian: adiskidetze hitzak, esaterako, “adiskide bihurtzea, bereziki, haserreturik edo etsaiturik zeudenak” esan nahi du Euskal Hiztegiaren arabera (gazt. “reconciliación, conciliación, avenimiento”); baina Lan Zuzenbidean (adibidez, adiskidetze-ekitaldi eta nahitaezko adiskidetze esapideetan) gaztelaniazko conciliación-en ordain bihurtzen da eta adiera zehatz horretan geratzen da finkatuta: arlo horretan adiskidetzea ez da ”adiskide bihurtze hutsa”, baizik (lan-)gatazkak konpontzeko prozedura bat, non hirugarren batek alderdiei laguntzen baitie beren arteko desadostasunak gainditzen edo jarrerak hurbiltzen” (Martín; García 1998: 68).
Halakoetan, hiztegi orokorreko hitz bati analogiaz espezialitate-hizkeran antzeko adiera bat ematen zaion neurrian, zabalkuntza semantikoaz hitz egin genezake, alde batetik. Baina, beste alde batetik, ondo pentsatuta, badirudi mugaketa semantikoa gertatzen dela adibide gehienetan: alegia, Lan Zuzenbidean esanahi mugatua edo murriztua ematen zaio hiztegi orokorretik hartzen den hitzari. Hain zuzen ere, aditu guztiek diotenez, horixe da Zuzenbideko hizkeraren ezaugarri nagusietako bat: hots, neurri handi batean hiztegi orokorraz baliatzea terminologia juridikoa sortzeko (Elosegi 2006: 167-171). Azken batean, gaztelania juridikoan —hots, Espainiako sistema juridikoan— gertatzen den mugaketa semantikoaren antzeko bat onartzen da euskal termino sortu berrientzat.
Mugaketa semantikoaren adibideak:
1. actuaciones (archivo de ) | jardunak (artxibatzea) |
2. adherirse (a convenio colectivo) | atxikitzea (hitzarmen kolektiboari ) |
3. adhesión | atxikimendu |
4. amonestación | zentzarazpen |
5. árbitro | tartekari |
6. asamblea (de trabajadores) | (langileen) batzar |
7. atenuante | aringarri |
8. audiencia-1 | oihartzun |
9. audiencia-2 (preliminar) | (aurretiazko) entzunaldi |
10. autoridad (laboral) | (lan-)agintaritza |
11. auxilio (por defunción) | (heriotzaren ondoriozko) sorospen |
12. avenencia | adostasun |
13. bonificación | hobari |
14. catástrofe | hondamen |
15. causa (1) | kari (kontratua) |
16. cesión (de trabajadores) | (langileak) lagatzea |
17. circunscripción | mugabarru |
18. coaccionar | derrigortzea |
19. cobertura | estaldura |
20. conciliación (obligatoria) | ( nahitaezko) adiskidetze |
21. conciliador | adiskidetzaile |
22. concurso | lehiaketa |
23. conflicto | gatazka |
24. contingencia | gertakizun |
25. contracción (de la demanda) | (eskaria) uzkurtzea |
26. convenio | hitzarmen |
27. (convenio) marco | esparru(-akordio) |
28. corredor (de plaza) | (merkataritzako) artekari |
29. custodio | zaintzaile |
30. (cuerpos y) fuerzas de seguridad | segurtasun(-kidegoak eta) -indarrak |
31. delegados (consejo de ) | eskuorde(en kontseilu) |
Esan bezala, gehienetan, euskal hitzean halako mugatze edo finkatze semantiko bat gertatu ohi da terminologizazioaren ondorioz: leihaketa, esaterako, norgehiagoka-ren sinonimo eta competición hitzaren baliokide da bigarren adieran (“sari bat irabazteko elkarren lehian egiten den jarduna”, EHren arabera); baina Zuzenbideko hizkeran, concurso terminoarekin lotzen da eta, besteak beste, adiera mugatu hau ematen zaio: “Administrazioko langileak merezimendu bidez hautatzeko sistema…”. Mugatze edo finkatze semantiko hori, noski, gaztelania juridikoan gertatutakoaren antzekoa da eta kalkoaren mekanismoan oinarritzen da funtsean: erdal hitz orokorra itzultzen da edo haren baliokidea hautatzen da; eta gero, adiera berezitua ematen zaio hitz hautatuari. Izan ere, zergatik aukeratu zen lehiaketa eta ez norgehiagoka administrazioko kontzeptu hori adierazteko? Bada, concursar/concurso erdal hitz bikotearen itzulpenaz baliatu ginelako (lehiatu/lehiaketa). Beste hainbeste gertatzen da honako hauekin: fuerzas de seguridad / segurtasun-indarrak, actuación/jarduna, avenencia/adostasun…
Hiztegi orokorrean anbiguoak diren hitz batzuk, adiera jakin eta zehatz batean geratzen dira finkatuta terminologizazioaren ondorioz: hitzarmen hitzak, esaterako, “hitz hartzea, ados etortzea” esanahi lauso eta zabala du hiztegi orokorrean (gazt. “convenio, tratado”) eta ez da garbiro bereizten abeniko, itun eta akordio hitzetatik; baina Zuzenbidean, esanahia murriztu eta convenio-ren ordain gisa finkatu da. Zuzenbideko termino bihurturik, antzeko mugatze semantikoa jasan dute, orobat, hitz hauek: adiskidetze (conciliación), aringarri (atenuante), gatazka (conflicto), hitzarmen (convenio), hobari (bonificación), lagatzea (cesión), langile (trabajador), sorospen (auxilio), zaintzaile (custodio)…
Aipagarriak dira alde horretatik (Lan) Zuzenbideko hizkeran nahiko modu arbitrarioan finkatu diren esanahi-bereizkuntza hauek:
Neologia semantikoaren barruan bi azpimultzo nagusi bereizten ditu Sánchez-ek (2009: 128): alde batetik, askotariko tropoetan (bereziki, metaforan eta metonimian) oinarrituak; bestetik, esanahiaren mugaketan eta zabalkuntzan oinarrituak. Gure corpusean, ikusi dugunez, esanahiaren mugaketan eta terminologizazioan oinarritzen dira neologismo semantiko gehienak. Kalkoaren mekanismoa egoten da gehienetan halako neologismo semantikoen azpian. Izan ere, Zuzenbideko euskaran aldaketa semantiko horiek ez dira gertatzen berez, baizik eta Zuzenbideko gaztelaniazko terminologia nolabait kalkatu izanaren ondorioz.
— Egilea: Xabier Alberdi
lanaren aipamena nola egin...