Erabiltzaile Tresnak


hizk:5:1:2:5

Ondorio batzuk

1. Kalkatzeak esan nahi du kanpoko elementu linguistiko baten alderdi ezmateriala (egitura edo esanahia) “itzulpen bidez kopiatzea” eta “ordeztea”; bestela esanda, imitazioz, eta hizkuntza hartzailearen adierazleak edo elementuak erabiliz, kanpoko hizkuntzaren elementu baten esanahia erreproduzitzea. Kalkatzearen edo kalkobidearen emaitza da kalkoa. Beraz, kontzeptualki eta terminologikoki ondo bereizi behar dira bi kontzeptu horiek (kalkatzea edo kalkobidea eta kalkoa) mailegutzatik, interferentziatik eta erdarakadatik.
2. Lan honetan kalko mota nagusi hauek bereizi ditut: hiztegiaren mailakoak diren kalko semantikoa (cuerpos y fuerzas de seguridad > segurtasun-kidego eta indarrak), lexikoa (prever > aurreikusi, administrador > administratzaile, acuerdo marco > esparru-akordio…), lexiko-fraseologikoa (complemento salarial > alokairu-osagarri, accidente de trabajo > lan-istripu), lexiko-sintaktikoa (jokaera behatu da) eta fraseologikoa (soldatak izoztu, ordainketak etete); kalko morfosintaktikoa (zenbait gogoeta Xren inguruan, zeina bait ); eta kalko diskurtsiboa (era berean testu-antolatzailea). Kalko lexikoaren kontzeptualizazio hedatu bat proposatu dut, sintagma terminologikoen itzulpen diren kalkoen berri emateko; ‘kalko lexiko-fraseologiko’ deituraz bataiatu dut azpisail berria.
3. Termino-sorkuntzarako baliabideen tipologia bat proposatu dut, baina kalkobidea sailkapen horretatik kanpo utzita. Izan ere, zenbaitetan, eratorbideari, elkarketari edo zabalkuntza semantikoari kontrajartzen zaio kalkobidea, maila bereko fenomenoak balira bezala: hots, lehian dauden eta elkar baztertzen duten baliabideak balira bezala edo aldi berean gerta ezin daitezkeen fenomenoak balira bezala. Baina, lan honetan ikusi dugunez, eratorbidearen, elkarketaren eta abarren atzean kalkoaren mekanismoa ezkutatzen da sarri askotan (ajenidad > inorentasun, acuerdo marco > esparru-akordio, acción protectora > babes-ekintza, paraíso fiscal > zerga-paradisu, eje de rotación > biraketa-ardatz…). Beraz, mailegubidea alde batera utzita, eratorbidea, hitz-elkarketa, sintagmazioa eta gainerako baliabideen eragile izaten da kalkobidea. Ondorioz, kalkobidea mekanismotzat hartzea proposatzen dut, kalkoaren kontzeptua neologian hobeto kokatzeko. Kalkatzea eta kalkoa, sarritan, neologiarako mekanismo edo eragile dira, baliabide baino areago: esparru-akordio, esaterako, kalkoaren mekanismoaren eraginez sortu da (kalko lexikoa), baina hitz-elkarketa baliatuz; eta indar armatuak esapidean eta haren antzekoetan aldaketa semantikoa gertatu da (baliabidea), baina kalko semantikoaren mekanismoaren ondorio dira halakoak.
4. Termino-sorkuntzarako baliabideen emankortasunari dagokionez, gure azterketak, balio orokorrik ez badu ere, agerian uzten ditu zenbait joera jakingarri. Hasteko, begien bistan geratzen da baliabide batzuen emankortasun hutsala: bakanka baizik ez dira baliatzen kategoria-aldaketa, lexikalizazioa eta berrezarpen lexikala. Beste muturrean sintagmazioa dugu, baliabiderik erabiliena, unitate terminologiko asko eta asko sintagmak baitira. Bitarteko emankortasuna dute baliabide morfologikoek —bereziki, hitz-elkarketak— eta mailegutzak. Eta askozaz ere eragin apalagoa du aldaketa semantikoak.
5. Lan Zuzenbideko terminologia sortzeko eta eguneratzeko orduan, funtsezkoak dira hiztegiari eragiten dioten kalko motak: bereziki, kalko lexikoak eta lexiko-fraseologikoak, eta, neurri apalagoan, semantikoak. Gure azterketaren arabera, kalko lexikoak du (kalko lexiko-fraseologikoa haren barnean sarturik) eraginkortasunik handiena. Kontuan harturik kalko lexikoaren izaera deskriptiboa ezin hobeto doakiola espezialitate-hizkerek duten izendatu beharrari eta kalkobidea gehiegizko mailegutza (azalekoa, behintzat) saihesteko modu bat dela, nahiko ulergarria da kalko lexikoaren aldeko joera hori. Kalko lexikoen azpisailei dagokienez, hitzez hitzekoak dira kalko lexiko gehienak (ajenidad > inorentasun, acogimiento familiar > familia-harrera, acta de constitución > eratze-akta…), eta kalko hurbilek mulzo handi samarra osatzen dute (custodio > zaintzaile, convenio > hitzarmen; alteración de la salud > osasun-arazo, codemandado > demandatukide, concesión > emakida, empresario > enpresaburu…). Kalko semantikoak ere badu dezenteko eragina, baina askozaz ere apalagoa da lexikoarenaren aldean. Hona hemen joera orokorrak:
a. Guztiz nabarmena da kalkoaren mekanismoak Lan Zuzenbideko eratorpen bidezko hizperrigintzan duen eragina. Izan ere, arakatu dugun hiztegi zatian erdal hitzen egitura erabat edo zatika kalkatuz sortuak dira euskal eratorri berri guztiak. Bestalde, tradiziotik datozkigun hitz eratorri gehienetan ere oso nabarmena da kalkoaren itzala, nahiz eta ezin zaion egotzi beti eta soil-soilik kalkatzeari neologismoaren motibazioa.
b. Guztiz nabarmena da kalkoaren mekanismoak Lan Zuzenbideko hitz elkartuen sorreran duen eragina: kalkatzearen ondorio dira hitz-elkarte gehien-gehienak (% 86,6). Kalko horien artetik, lautik hiru hitzez hitzekoak dira (% 76,6) eta gutxi batzuk baino ez dira kalko hurbilak (% 10).
c. Arakatu dugun hiztegi zatian, guztira, 272 aldiz erabili da sintagmazioa: gehienetan, erdal sintagma terminologikoen ordainak sortzeko (coeficiente reductor > koefiziente murrizgarri, acción legal > legezko akzio, auxilio por defunción > heriotzaren ondoriozko sorospen…). Logikoa denez, halakoetan bete-betean sartzen da jokoan kalkoaren mekanismoa: erdal joskerak era batera edo bestera itzuliz sortzen dira euskarazko esapide berriak. Erdal sintagma terminologikoen itzulpen diren euskal egiturok kalkoak dira; gure sailkapenaren arabera, kalko lexiko-fraseologikoak, hain zuzen.
d. Gure corpusean, esanahiaren mugaketan eta terminologizazioan oinarritzen dira neologismo semantiko gehienak. Kalkoaren mekanismoa egoten da gehienetan halako neologismo semantikoen azpian. Izan ere, Zuzenbideko euskaran aldaketa semantiko horiek ez dira gertatzen berez, baizik eta Zuzenbideko gaztelaniazko terminologia nolabait kalkatu izanaren ondorioz.
6. Lan Zuzenbidean, askotan, eredu-hizkuntzen eraginez eta kalkoaren mekanismoaren eraginez jotzen da barne-baliabide emankorrenak erabiltzera (sintagmazioa, elkarketa, eratorbidea, aldaketa semantikoa). Ikusi dugunez, kalkoaren mekanismoa ezkutatzen da neologiako barne-baliabide emankorrenen atzean (eratorbidea, elkarketa, sintagmazioa, aldaketa semantikoa). Beraz, kalkoek —bereziki, lexikoek, lexiko-fraseologikoek eta semantikoek— ikaragarrizko eragina dute Lan Zuzenbideko hizkuntza akademikoaren garapen lexikoan.
7. Kalkobidea eta kalkoak —bereziki, lexikoak— ezinbestekoak dira termino-sorkuntzarako edozein hizkuntzatan; eta, are gehiago, diglosia-egoeran dauden hizkuntzen kasuan. Euskaraz, ezinbestekoak izateaz gainera, ikaragarrizko eragina dute hizkuntza akademiko(ar)en garapen lexikoan.
8. Kanpo-neologian, mailegutza saihesteko modu bat da kalkobidea; baina, mailegubidea saihestuta ere, hartzaile (kalko-hartzaile) izaten segitzen du euskarak, bai Zuzenbidean, bai gainerako espezialitate eta jakintzetan.

— Egilea: Xabier Alberdi

lanaren aipamena nola egin...

Xabier Alberdi, "Ondorio batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3