Erabiltzaile Tresnak


hizk:5:1:3

Kalkoaren kontzeptua eta haren terminologia

Lan honetan ez da azterketa sakonik egingo kalkoaren fenomenoaz; alegia, ez da aztertuko zer eragin duen kalkoak euskarazko lexikoan, edo zer joera nabari diren hiztunen artean kalkoaren erabilerari dagokionez, baizik kalkoaren kontzeptua bera izango da hizpide. Aztertuko da, izan ere, nola jorratzen den kalkoaren kontzeptua ikasliburuetan eta gramatiketan, zer kalko mota bereizten diren halako testuetan, eta zer argibide ematen diren mota horiei buruz.

IKASLIBURUAKBi atal nagusitan dago banaturik lana. Lehen atalean, errepasoa egingo zaio gaiari buruzko bibliografiari; batetik, kalkoaren kontzeptua eta haren inguruko beste kontzeptu batzuk finkatu eta elkarrengandik bereizteko, eta, bestetik, kalkoaren oinarrizko tipologia zehaztu eta kalko moten bereizgarrien berri emateko.

Bigarren atalean, bestalde, azterketa egingo da, azterketa kritikoa, ikasliburuetan, gramatiketan eta estilo-liburuetan erabiltzen eta jorratzen diren kalkoaren kontzeptuari eta tipologiari buruzkoa.

Kalkoa: kontzeptua eta tipologia

Kalko motak

Kalkoa neologia-bideetako bat da (lexiko-sorkuntzarako bideetako bat), oso emankorra. Hizkuntza guztietan gertatzen da, eta hizkuntzen garai guztietan agertzen da (Sala 1988: 159; García Yebra 1982: 335). Egokiro erabiliz gero, hizkuntza ugaltzen du lexikoaren aldetik. Eta berrikuntzek (direla kulturalek, direla teknologikoek) hizkuntzan sortzen dituzten hutsune lexikoak betetzeko baliabide eraginkorra da2. Kanpoko-neologismotzat jotzen dira kalkoak. IDAZKERA KUNEIFORMEAN KALKOAK EGITEA ZAILAGOA IZANGO ZENBibliografian, hautaturiko irizpidearen arabera, hainbat neologia-sailkapen aurki daitezke3:

  • neologismo formala / neologismo semantikoa4
  • neologismo orokorra / espezialitate-neologismoa5
  • lehen mailako neologismoa / bigarren mailako neologismoa6
  • barne-neologismoa / kanpo-neologismoa7

Lan honetarako, laugarren sailkapena erabiliko dugu (barne-neologismoa / kanpo-neologismoa), hobeto baitatorkigu hariari eta geroko eztabaidari jarraitzeko; haren bidez, izan ere, zehazkiago bereiz dezakegu kalkoa gainerako neologismo-mekanismoetatik.

Sailkapen horretan, neologia baten eta bestearen arteko aldea neologismoaren eraketan datza: alegia, neologismoa sortu egiten den ala beste hizkuntza batetik kopiatu edo itzuli egiten den. Hartara, baldin eta, errealitate edo kontzeptu berria 8 izendatu beharrez, hiztunak, bere hizkuntza-gaitasunaz baliatuz, inolako kanpo-eraginik gabe eta inongo kanpo-ereduri jarraitu gabe unitate lexiko berria sortzen badu, edo hizkuntzan baden hitz bati beste adiera bat (berria) egokitzen badio, neologismoa barnekoa izaten da. Haren sorreran, zenbait hizkuntza-mekanismo baliatzen ditu hiztunak. Mekanismo horietako batzuk formalak dira, eta elementu lexiko berria (hitz berria) sortzen da haien bidez.

Mekanismo formal batzuk:

  • Hitz-elkarketa: unitate lexiko beregainak elkartuz
  • Eratorpena: atzizkiak, aurrizkiak eta artizkiak baliatuz
  • Unitate lexiko konplexuak: sekuentzia sintaktikoak lexikalizatuz
  • Parasintesia (gazt. picapedrero)
  • Siglak (hies, renfe…)
  • Izen bereziak (ampere…)
  • Akronimia: (telematika)
  • Ex nihilo: hutsetik hitz berria sortzea

Beste mekanismo batzuk, berriz, semantikoak dira, eta haien bidez, ez da hitz berririk sortzen, baizik lehendik bazen hitzaren eduki semantikoa aldatzen da, bai hitzari beste adiera bat erantsiz (zabalkuntza semantikoa), bai hitzari adiera berria egokituz (berrezarpen lexikala).

Esan egin behar da neologia-mekanismo horiek ez direla barne-neologiaren berariazkok; izan ere, kalkorako ere erabiltzen dira horietako batzuk, formalak zein semantikoak, gerora ikusiko dugunez9. Horiek horrela, ez da egokia jotzea mekanismo formal eta semantiko horiek barne-neologismoak soilik sortzeko bidetzat 10).

Nondik sortzen dira neologiak

NEOLOGISMOAK SORTZEKO BIDEAK

Kanpo-neologia, bestalde, atzerritik heldutako errealitate bat izendatu beharra sortzen denean agertu ohi da. Errealitate hori, beste kultura bateko objektu, ohitura edo kontzeptu bat izan daiteke, xede-hizkuntzako hiztunentzat ezezaguna (burka, yihad…), edo berrikuntza teknologiko bat. Berrikuntzak hutsune lexikoa eragiten du hizkuntza hartzailean, eta hiztunak kanpo neologismoz betetzen du hutsune hori, sorrera-hizkuntzako unitate lexikoak kopiatu edo itzuliz. Maileguak, kalkoak eta hibridoak dira11 neologia mota honen mekanismoak.

Mailegutzan12 elementu lexiko bat bere betean (adierazlea eta adierazia, forma eta adiera) igortzen da hizkuntza batetik bestera, xede-hizkuntzara itzuli gabe. Xede-hizkuntzarako egokitze-mailaren arabera, maileguak irentsiak edo irentsigabeak13 izan daitezke (hizkuntza-sistema bakoitzak bere arauak dauzka maileguak sistema morfofonologikora egokitze hori gauzatzeko). Hala, irentsia esaten zaio maileguari baldin hitz igorriaren grafia eta ahoskera aldatu eta xede hizkuntzaren sistema morfofonologikora egokitu bada (erreferentzia, errugbi, abstinentzia…). Aldiz, hitz mailegatuak ez badu inolako aldaketarik izan bere forman, hots, bere jatorrizko grafiari eusten badio xede-hizkuntzan, irentsigabe deritzo maileguari (rafting, zapping, footing…). Bi mailegu multzo horietaz gainera, badago beste sorta bat; halako maileguek ez dute egokitze finkoa ageri, eta irensteko bidean daudela jo daiteke —Hiztegi Batuan, esaterako, mailegu batzuek, banaka batzuek, bi egokitze-egoera horiek (irentsia eta irentsigabea) ageri dituzte: kanpin zein camping, esmokin zein smoking—. Adierari dagokionez, monosemikoa ohi da mailegua, hasieran behintzat, sorrera-hizkuntzan polisemikoa bada ere.

Mailegutza, gorago adierazi bezala, “inportazioan” datza funtsean: elementu lexiko bat hizkuntza batetik bestera inportatzean. Kalkoaren mekanismoa, aitzitik, itzulpenean (edo ordezkapenean)14. Horixe da, hain zuzen, maileguen eta kakoen alderik funtsezkoena (inportazioa / ordezkapena). Kalkoaren bidez, izan ere, sorrera-hizkuntzako unitate lexiko bat erreproduzitu egiten da xede-hizkuntzako unitate lexikoak baliatuz15. Kalkoaren sortze horretarako, xede-hizkuntzaren berezko baliabide neologiko formalak zein semantikoak erabiltzen dira, baina, barne-neologiaz bestera,kanpo-eredu batek eragiten du horien erabilera. Kanpo-eredu baten parte-hartze hori dela zio, mailegutzat ere jotzen da kalkoa (izatez, mailegu motatzat definitzen dute zenbait autorek, edo mailegutzaren barruan sailkatzen), baina “benetako” maileguan ez bezala —horretan, kanpoko hitzaren adierazlea zein adierazia igortzen baitira— kalkoan kanpoko hitzaren adierazia baino ez da igortzen xede-hizkuntzara; hots, erdizka gertatzen da mailegatze hori. Ezaugarri hori dela bide, mailegu partzial ere esaten diote kalkoari, beste mailegu motatik bereizteko, zeinari mailegu integral baiteritzote.

Kalko lexikoak eta semantikoak

Kalko motei dagokienez, bi bereizi ohi dira: lexikoak (formalak, estrukturalak, lexiko estrukturalak edo morfologikoak) eta semantikoak. Kalko lexikoan, elementu lexiko berria sortzen da, xede-hizkuntzan lehen ez zena. Gómez Capuz-en azalpenaren arabera (2005: 37), kalkoa lexikoa gertatuko bada, kanpo-hitzak bi ezaugarri morfologiko eta semantiko bete behar ditu. Batetik, polimorfemikoa izan behar du; hots, adiera-unitate txikiagoz osaturik egon behar du (hitz-elkarketaz eta eratorpenez eraturiko unitate lexikoek betetzen dute ezaugarri hori); kalkoa sortzeko, xede-hizkuntzako hiztunak unitate txikiago horietan (morfematan) deskonposa dezake kanpo-elementu lexikoa, eta unitate horietako bakoitzaren ordez xede-hizkuntzako morfema edo unitate lexiko bakuna jarri. Kanpo-unitateak, bestetik, gardena izan behar du esanahiari dagokionez; hots, esanahi literal edo deskriptiboa izan behar du, eta ez metaforikoa: elementu lexikoaren adiera, beraz, elementu hori osatzen duten unitate txikiagoen adieren batuketatik ondorioztatu beharra dago. Horrela sortzen den unitate lexikoak —esan bezala, xede-hizkuntzan berria izateaz gainera— eredu izan duen kanpo-hitzaren ezaugarri morfosemantiko berak agertzen ditu oro har: unitate lexiko polimorfemikoa da, eta esanahi deskriptiboa du:

  • eu: biraketa-abiadura
  • es: velocidad de rotación
  • fr: vitesse de rotatione
  • en: velocity of rotation

Hiztunak, kanpo-unitate lexikoa bere hizkuntzara itzuli eta unitate berria sortzeko, hizkuntzak lexiko-sorkuntzarako dauzkan mekanismo formalak baliatuko ditu (hitz-elkarketa, eratorpena…).

Kalko semantikoak (edo adiera-kalkoak), bestalde, elementu lexiko bakunen16 itzulpenak dira, eta emaitza ez da unitate lexiko berria17. Sorrera-hizkuntzako hitz batek xede-hizkuntzako hitz bati adiera berri bat ematen dionean gertatzen da kalko semantikoa. Horrelako kalkoen erakusgarriak, esaterako, informatika-hiztegian aurki ditzakegu:

eu: leihoaeu: morroieu: sagu
es: ventanaes: esclavoes: ratón
fr: fenêtrefr: esclavefr: souris
en: window en: slaveen: mouse

Igortze semantiko hori bi hitzen artean nolabaiteko antzekotasun semantikoa dagoelako gertatzen da, eta antzekotasun hori oinarrizko adieran ohi datza maizenik. Kalko semantikoa gauzatzeko erabiltzen den mekanismoari erreparatuz gero, antzemango diogu zabalkuntza semantikoa dela.

Kalko hibridoak

HAIZE ENERGIA GERO ETA GEHIAGO ERABILTZEN DAMaileguez eta kalkoez gain, beste mota bat bereizten da transferentzia lexikoetan, maileguaren eta kalkoaren arteko erdibidea dena: hibridoak. Hibridoetan, inportazioa eta ordezkapena gertatzen dira aldi berean. Kalko lexikoan bezala, kanpo-unitate lexikoak polimorfemikoa izan behar du hibridoa sortzeko; baina hibridoan ez dira morfema guztiak itzultzen, kalko lexikoan ez bezala, baizik morfema bat mailegatu egiten da, eta bestea itzuli:

  • Hitz eratorri hibridoa: dopatzaile, aglomeratzaile, azeleragailu
  • Hitz-elkarketa hibridoa: elektroi-emaile, lur-elektrodo, haize-energia

Hibridoak, kalko lexikoak bezala, xede-hizkuntzako hiztegia ugaltzen du, unitate lexiko berria sortzen baitu, polimorfemikoa hori ere. Ikuspegi soziolinguistikotik, hizpide ditugun lexiko-transferentzia motak (mailegua, kalkoa eta hibridoa) mailegu kulturalaren egoeran gertatzen dira18. Termino hori, mailegu kulturala alegia, eta, harekin batera, mailegu intimo eta barne-mailegua terminoak, Bloomfield-ek (1933) sortu zituen. Maileguen banaketa hori gauzatzeko, egoera soziolinguistikoa edo hizkuntza-sistemen hierarkia erabili zituen bereizgarri.

Mailegu kulturalak

Mailegu kulturala, eskualde geografiko bera partekatzen ez duten hizkuntzen artean agertzen da, eta bi hizkuntza-komunitateren artean harreman motaren bat (kulturala, ekonomikoa edo politikoa) dagoelako gertatzen. Horiek horrela, komunitateetako batean berrikuntzaren bat sortzen denean, beste komunitateko kideek, kontzeptu edo objektu berriarekin batera, errealitate berri hori izendatzen duen elementu lexikoa bereganatzera jotzen dute. Hizkuntzetako bat, oro har, hizkuntza frankoa ohi da, edo nazioarteko hedadura zabalekoa.

Xede-hizkuntzan horrela sartzen diren mailegu guzti-guztiak, hala ere, ez dira onuragarriak, eta bereizketa egiten da haien artean (Alcaraz & Martínez 2004). Batetik, beharrezko maileguak ditugu (mailegu denotatiboak); haien bidez, berrikuntzek xede-hizkuntzaren hiztegian sorturiko hutsune lexikoak betetzen dira. Eta, bestetik, mailegu behargabeak edo luxuzkoak daude (mailegu konnotatiboak); xede-hizkuntzak jada lexikalizaturiko izakiak izendatzen dituzte. Mailegu behargabe horiek hainbat arrazoirengatik agertzen dira hizkuntzan: sorrera-hizkuntzen ospea, xede-hizkuntzako unitate lexiko propioa ez ezagutzea19, esnobismoa, marketina20… Halako mailegu behargabeok, autoreek salatzen dutenez (Álvarez 2001; Benavent & Amador 2001: 144-149; Moreno de los Ríos 2001; García Yebra 1982: 353) baztertu egin behar dira, zokoratu egin baitezakete jatorrizko hitza, eta hizkuntza txirotu eta kutsatu egiten baitute.

Mailegu "intimoak"

Mailegu kulturalez gainera, intimo deritzen maileguak ere bereizten dira (mailegu intimoa edo interferentzia). Mota honetako maileguak eta mailegu kulturalak egoera soziolinguistiko guztiz ezberdinetan gertatzen dira; izan ere, mailegu intimoak, kulturalak ez bezala, egoera elebidunetan suertatzen dira (hots, kontaktu zuzena dago bi hizkuntzen artean), eta bi hizkuntzek, erabat edo zati batean, komun dituzte (edo partekatzen dituzte) eskualde geografikoa, hiztun kopurua eta erabil-esparru bera. GIZARTE ELEBIDUNETAN SEINALE ELEBIDUNAKGizarte elebidunetan, baina, bakanka egoten dira maila berean bi hizkuntzak, eta, oro har, diglosikoa izaten da egoera, edo elebitasuna asimetrikoa21. Horren ondorioz, hizkuntzetako batek (nagusiak, menderatzaileak) etengabeko eragina izaten du “mendeko” hizkuntzaren gainean.

Eragin hori mendeko hizkuntzaren sistemaren maila guztietan hautematen da: lexikoan, sintaxian, morfosintaxian, fraseologian, fonetikan… (mailegu kulturaletan ez bezala, batik bat lexikoak baitira)22. Komunitate elebiduneko hiztunek, bi hizkuntzatan aritzean, hizkuntza baten berariazko egitura fonetiko, morfologiko, lexiko edo sintaktikoa beste hizkuntzan erabiltzen dute maiz, eta, ondorioz, hutsegiteak edo arauetatik urruntzeak gauzatzen. Hots, kutsatu egiten da bigarren hizkuntza, eta kalko okerrak eta interferentziak agertzen dira, besteak beste.

Barne-maileguak, bestetik, mailegu kulturalez eta intimoez bestera, hizkuntzaren beraren barruan agertzen dira, eta ez ukipenean dauden hizkuntzen artean; izatez, mailegu dialektalak ere baderitze. Ez dira, ordea, aldaera diatopikoetara mugatzen (aldaera geografikoetara), baizik aldaera diastratikoetan (aldaera soziokulturaletan) eta diafasikoetan (erregistroetan) ere agertzen dira (Castillo 2006). Barne-maileguetan sailka daitezke, esaterako, hizkuntza arruntetik espezialitatera igarotzen diren hitzak23, dibulgazioaren bidez edo teknologia berrien erabilera dela bide espezialitate-hizkeretatik hizkera arruntera igarotzen diren terminoak24, edo, berebat, nolabaiteko kontzeptu-analogiaz espezialitate-hizkera batetik bestera igortzen diren terminoak (Gutiérrez 1998: 145)25.

Kalkoaren kontzeptua ikasliburuetan; argi-ilunak

Behin kalkoari buruzko oinarri teoriko funtsezkoa finkatuz gero, hurrengo urratsa da aztertzea nola jorratzen den kalkoaren kontzeptua eta tipologia ikasleek bere irakaskuntzan eskura dituzten ikasliburuetan. Hasieran, informazioa jasotzeko, asmoa zen DBHko eta Batxilergoko ikasliburuak (literaturari eta hizkuntzari buruzkoak)26 bakarrik miatzea. Taxuzko azterketa egingo bazen, ordea, urri samarra zen horrelako liburuetan jasotako informazioa; hori dela eta, bilaketa-esparrua zabaldu, eta beste kontsulta-liburu ere hartu dira aintzat, hala nola kontsulta-gramatikak, gaikako entziklopediak, estilo-liburuak… Azterketa horretatik ateratako ondorioak banan-banan aipatu eta azalduko dira jarraian.

  • a) Arakaturiko liburuetan, gaingiroki eta zeharka azaltzen da zer den kalkoa: gehienetan, mailegutzari buruzko azalpenaren barruan. Nabarmentzekoa da, halaber, ez dagoela oro har kalkoaren azalpen neutrorik; alegia, ez da azaltzen neologia-mekanismo bat dela, oso emankorra, hizkuntza guztietan gertatzen dela kultura-trukearen ondorioz, eta haren bidez hizkuntzen lexikoa ugaritzen dela.
  • b) Azalpenei halako gaitzespen-kutsua darie, eta haietatik erraz atera daiteke ondorioz kalkoa zerbait kaltegarri dela hizkuntzarentzat. Adibidez, arriskutzat jotzen da:
    • “Eta bere arriskuak ditu. Horietako bat kalkoarena da”.
  • Edo arazotzat jotzen da:
    • “Askotan, baina, kalkoaren arazoa sortzen da”.
  • Berebat leporatzen zaio gaztelaniarekiko morrontzaren kausa, sorburu, isla izatea:
    • “Baina badago mailegu mota berezi-berezi bat, hizkuntza hartzailearen mendekotasuna ezin garbiago islatzen duena: kalkoa”.
  • Edo hizkuntza kutsatzeko bidea izatea leporatzen zaio:
    • “(…) baina ez gara konturatzen bide horretatik ere [kalkoak erabiltzea] hizkuntza zeharo kutsatzen ari zaigula, eta modu sotilean gertatu ere”.
  • Halaber, hizkuntzan ezkutuan edo maltzurkeriaz sartu nahi duen zerbait izatea ere egozten zaio kalkoari: “…mailegu maskaratua da…”; “…mailegutza maskaratua ere deitzen zaio…”

MAILEGU MASKARATUA OTE?

  • Termino hori (mailegutza maskaratua), esaterako, ez dugu aurkitu bibliografian. Esan behar da, bai, autore batzuek, hala nola Gómez Capuz-ek, erabili dutela maskaratu izenondoa kalkoez aritzean, baina esplikatzeko zergatik hobesten duten hizkuntza batzuek kalkoa maileguaren aldean:
    • Por otra parte, debido a su carácter “enmascarado”, el calco es un recurso neológico muy eficaz, ya que permite a la vez enriquecer el vocabulario y disimular su origen extranjero, de ahí que sea habitual en algunas lenguas poco proclives al préstamo integral, como el alemán… (Gómez Capuz 2005: 39)
  • c) Erabiltzen diren adibideek ere ez dute laguntzen azalpena argitzen. Zaku berean sartzen dira kalko guztiak, eta ez dira bereizten kalko onartuak kalko okerretatik; zenbaitetan, batera, bereizi gabe, ageri dira kalko onartuak (diru beltza, kafe ebakia) eta kalko okerrak (ilea hartu, aldaketa batzuk eman)27.
  • Testu batean, adibidez, zabalkuntza semantikoaren arriskuak eta arazoak jardungai direlarik, kalko semantikoa jotzen da, besteak beste, neologia-mekanismo horren arriskutzat, eta halako kalkoen adibide gisa (jai)zubia, diru beltza, kafe ebakia kalkoak erabiltzen dira, kalko horiek onartuak diren arren.
  • Liburuetako adibiderik gehienak, bestalde, kalko okerrei dagozkie. Horrek pentsaraz dezake kalko oro kaltegarria dela hizkuntzarentzat, eta, beraz, baztertu beharrekoa.
  • d) Beste zenbaitetan, azalpenean erabiltzen den terminologiak berak gaizki ulertua eragin dezake: “Mailegutza ez da, hala ere, hizkuntza interferentziaren emaitza bakarra. Kalkoak ere iturri berari zor zaizkio.”; “Hizkuntza interferentziak, beraz, (erdarakadetan eta kalkoetan islatzen direnak) eguneroko kontu ditugu.”
  • Azalpen horietan, hizkuntza interferentzia terminoa ageri da, baina testuetan ez da inon esplikatzen zeri esaten zaion hizkuntza-interferentzia.
  • Bibliografian interferentziaren hiru definizio aurki daitezke. Bat datoz hirurak interferentziak elebitasun-egoeran gertatzen direla. Baina autore batzuek, konparazio baterako, gaitzesgarritzat jotzen dute hizkuntza-gertaera hori, arautik urruntzea baita haien ustez interferentzia. Beste autore batzuek, ordea, modu neutroagoan ulertzen dute interferentzia, eta ukipenean dauden hizkuntzen artean gertatzen diren eragin-truke guztiak (maileguak eta kalkoak barne) hartzen dituzte interferentziatzat. Eta, azkenik, teoria konduktistaren arabera, ama-hizkuntzak bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan duen eragina da interferentzia, eta positiboa edo negatiboa da, ikaskuntzan laguntzen duen ala ez.
  • Kontua, ordea, ez da nola ulertzen duten adituek termino hori, baizik zeri esaten dioten interferentzia testu horien erabiltzaileek (ikasleek) edo zer nolako konnotazioa duen haientzat hitz horrek. Adiera arruntetik abiatzen bagara terminoa interpretatzeko, ondorioa da kalkoa kaltegarria dela hizkuntzarentzat.
  • e) Modu ilunean edo oker azaltzen da zer den kalkoa zenbaitetan: “Hitza soilik mailegatu beharrean, hitz horrek hizkuntza emailean dituen bestelako esanahiak imitatzea, hartzea, litzateke kalkoa”; “Bi hizkuntzatako adierak nahasteari kalko semantikoa esaten diogu.”
  • f) Kontzeptu-nahasketa: kalkoa / mailegua / interferentzia.
  • Azalpen teorikoaren arabera, kalkoa itzulpena da funtsean, sorrera-hizkuntzako hitz bat xede-hizkuntzako hiztegi-baliabideez adieraztea, alegia. Horren arabera, nekez har daitezke kalkotzat euskarazko ahozko hizkeran tartekatzen diren gaztelaniazko egiturak, hala nola es que (eske), entre que, según, en cambio, aunque…:
    • * Ostiralean jendez gainezka egoten da, en cambio igande goizean joaten bazara, ez dago inor.
  • Adibidean, hiztunak bi hizkuntza-sistema (euskara eta gaztelania) txandakatu ditu mintzatzean. Hizkuntza-gertaera hori oso ohikoa da komunitate elebidunetan, eta kode-aldaketa deritzo.
  • g) Kalko lexikoa eta kalko semantikoa nahastea.
  • Laburpen teorikoan egindako bereizketaren arabera, kalko lexikoa kanpo-eredu polimorfemikoan oinarritzen da, eta kalkatzearen ondorioz unitate lexiko berria sortzen da, xede-hizkuntzan lehen ez zegoena. Kalko semantikoan, ordea, ez da unitate lexiko berririk sortzen, baizik xede-hizkuntzan baden unitate lexiko sinple baten adiera aldatzen da, beste adierazi bat hartzen baitu. Testu batzuetan, ordea, kalko mota horiek nahasiak daude, eta, esaterako, kalko semantiko bat erabiltzen da kalko lexikoaren erakusgarri gisa: eman aditza gertatu aditzaren esanahiarekin erabiltzea kalko lexikotzat jotzen da. Kalko hori, ordea, (kalko okerra eta behargabea, zer esanik ez) semantikoa da, eman aditzari beste adiera bat ematen baitzaio.
  • Beste testu batzuetan, berriz, kafe ebakia, jai-zubia, aditz-erroa edo diru beltza elementu lexikoak, zeinak kalko lexikoak baitira, kalko semantikoaren adibide gisa ageri dira. Unitate lexiko horiek euskaran lehendik izan balira eta beste adiera bat egokitu balitzaie kanpo elementu lexiko baten analogiaz, orduan semantikoak lirateke kalkook. Ez dugu hori, ordea, baizik kanpo-eredu lexiko bati jarraituz sortu diren elementu lexikoak, berriak, lehen hizkuntzan ez zirenak; kalko lexikoak, beraz.

Ondorio orokorra

Kalkoa neologia-mekanismo emankorra den arren eta berrikuntzek hizkuntzen lexikoan sortzen dituzten hutsuneak betetzeko bide eraginkorra bada ere, ikasliburuetan eta kontsulta-liburuetan kalkoaren alderdi bat nabarmentzen da gehienbat, eta kalko okerrak aztertzen dira batik bat. Horrek kalkoaren kontzeptua kalko okerraren kontzeptuarekin berdintzera eraman dezake, eta kalkoa hizkuntza-gertaera kaltegarritzat jotzera.

Oharra: Lan hau Ugarteburu terminologia jardunaldietan (2010) aurkeztu zuen Julio Gartziak lehen aldiz, eta Euskara Institutuaren webgunean argitaratu da.28

— Egilea: Julio Garcia

2 Gutiérrez ek (1998; 189-191) eta García Yebra-k (1985; 345) salatu egiten dute autore batzuek kalkoaren kontra agertzen duten jarrera. Horri dagokionez, zera dio Gutiérrez-ek: “No es, en cualquier caso, el origen de los formantes o el mecanismo utilizado en la creación del nuevo término lo que debe primar para aceptar o no el neologismo, sino la necesidad que hubiera de crear una palabra para denominar el nuevo concepto”.
3 Desadostasun horren erakusgarri, hiru hizkuntzalaritza-hiztegi hauek ditugu: Lewandowski (1986) Dubois, (1983) eta Welte (1985); interferentzia terminoaren ikuspegi bana baitakarte.
4 Neologia formalean, unitate lexiko berria sortzen da, hots, lehen ez ziren adierazlea (zeinua) eta adierazia (esanahia); neologia semantikoan, berriz, beste adiera bat egokitzen zaio lehendik bazen adierazle bati (adierazia aldatzen da, baina ez adierazlea). Sailkapen batzuetan, bi neologia horrekin batera, neologia sintaktikoa ere bereizten da. Horretan, ez forma ez adiera aldatzen da, hitzaren kategoria gramatikala baizik.
5 Neologia orokorra, hizkuntza bateko hiztun guztiek erabiltzen duten neologiari dagokio; espezialitate neologia, aitzitik, edo neologia terminologikoa, errealitate zientifiko tekniko berriak izendatzeari dagokio.
6 Diaz Rojo-k (2001) egiten du bereizketa hori terminologia zientifikoari dagokiolarik, eta beste bi kategoria bereizten ditu bigarren mailako neologian: bigarren mailako neologia elebakarra (hizkuntzaren barnekoa) eta bigarren mailako neologia elebiduna (hizkuntzen artekoa). Hizkuntzen arteko neologia horri irizteko, beste bi termino darabiltza: neologia traductiva eta neologia inducida.
7 Cabré-k (2006) neologismoen tipologia zabalagoa dakarkigu.
8 Neologismoen antzera, errealitate eta kontzeptu berri horiek kanpokoak zein barnekoak izan daitezke, non sortu diren.
9 Izatez, IULAko neologia-behatokiak ez du sail berezirik osatzen kalkoekin, baizik haiek osatzeko erabilitako mekanismoaren arabera sailkatzen dira (eratorpena, elkarketa…).
10 Ikus, Diaz de Lezana (2003: 39) eta Terminolgia Batzordea (2004: 2
11 Autore guztiek ez dute bereizten hirugarren mekanismo hori beste bietatik. Batzuek (Díaz Rojo 2001) kalkoetan kokatzen dituzte hibridoak, eta kalko hibridoak deritze. Beste batzuek, berriz, maileguetan sailkatzen dituzte; adibidez, Otaolak (2004: 79) morfologikoki egokituriko mailegutzat jotzen ditu hibridoak, eta Gimeno-k (2001) mailegu puruak / mailegu hibridoak bereizketa egiten du. Santos-ek (2004:14), bereizten du, bereizi, hirugarren mekanismo hori, baina semicalco deritzo.
12 Bibliografian, salatu ohi da maileguaren metafora desegokia dela lexiko-transferentzia mota hau izendatzeko; maileguak, izan ere, emandakoa atzera itzultzea dakar berekin, eta hizkuntza-mailegutzan ez da ezer itzultzen. Beste termino batzuk proposatu dira haren ordez; alabaina, García Yebra-k (1985) dioenez, “Pero el término «préstamo» ha prendido con fuerza en la terminología y sería dificil desarraigarlo”
13 Hizkuntza-mailegutzari buruz jardutean euskaraz erabili ohi den bereizketa eta terminologia.
14 Gimeno-ren hitzetan (2001): “Mientras que el préstamo puede darse en el discurso de hablantes monolingües, el cambio de código y el calco implican siempre algún grado de competencia bilingüe”.
15 Zenbaitetan, bitarteko hizkuntza baten bidez igortzen da unitate lexikoa sorrera-hizkuntzatik xede-hizkuntzara.
16 Alegia, ezin deskonposa daitezke adieradun osagai txikiagotan.
17 Hain zuzen, ezaugarri hori, hots, unitate lexiko berririk ez sortzea darabilte autore batzuek argudio gisa, frogatzeko kalko semantikoak ez direla benetako kalkoak baizik eta maileguak (Strbáková; 2007: 158), eta mailegu semantikoetan sailkatzen dituzte. Mailegu semantikoen motak bereizteko, Haugen-en (1950: 219-220) sailkapenari jarraitzen diote, eta hirutariko kalko semantikoak bereizten: mailegu semantiko analogoak, mailegu semantiko homologoak eta mailegu semantiko homofonoak. Kalko mota horiek bata bestetik bereizteko irizpidea kanpo-hitzaren eta barne-hitzaren arteko antzekotasun formal eta semantikoa da. Horren arabera, mailegu semantiko analogoan, antzekotasun semantikoa eta formala dago unitateen artean [paronimoekin parekatzen ditu horrelako kalko semantikoak Gómez Capuz-ek (2005: 47)]; mailegu semantiko homologoan [gure sailkapeneko kalko semantikoak (Gómez Capuz 2005: 51)], berriz, badago antzekotasun semantikoa unitateen artean, baina ez formala; eta mailegu semantiko homofonoan, aldiz, antzekotasun formala baino ez dute izan behar unitate lexikoek.
18 Castillo-k (2004: 1) Contreras-en honako aipu hau (1953: 177) dakar: “Todo intercambio en el ámbito de la cultura implica un intercambio lingüístico”.
19 Benavent eta Amador-ek (2001), medikuntzako terminologiari dagozkiolarik, salatu egiten dute itzultzaileak xede-hizkuntza ondo ez dakielako gertatzen direla maiz horrelako mailegu behargabeak.
20 García Yebrak dioenez (1985): “En niveles de la lengua menos elevados, los intereses comerciales, por ejemplo fomentan el uso de préstamos (hoy sobre todo anglicismos) para aumentar el atractivo de sus mercancías.”
21 Egoera diglosikoan, hizkuntzetako batek itzal handiagoa du besteak baino, gizartean. Elebitasun asimetrikoan, berriz, hiztunek gaitasun handiagoa agertzen dute hizkuntza batekiko bestearekiko baino.
22 Horietako baten bat kalko lexiko ez baizik kalko lexiko fraseologikoak dira.
23 Prozesu horri terminologizazio deritzo, eta haren bidez espezialitate bateko hiztunek adiera tekniko bat egokitzen diote hizkera arrunteko hitz bati.
24 Gómez Capuz-ek (1998: 24-25) Leheman-en sailkapena dakar. Sailkapen horretan, mailegu diatekniko deritze hizkera arruntean sarturiko termino zientifiko-teknikoei. Horrelako maileguei dagokielarik, Gómez Capuz-ek (ibidem, 202) dio hizkera arruntean sartuta terminoek zehaztasun semantikoa galtzen dutela gehienetan.
25 Espezialitateen arteko mailegatze horren ondorioz, termino homonimoak sortzen dira, hots, forma bera baina adiera desberdina dituzten terminoak. Horri dagokionez, ez dira nahasi behar homonimia eta polisemia kontzeptuak [ikus Cabré (1993: 218) eta Martín Camacho (2004: 27)].
26 Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiko datu-basea baliatu dut horretarako.
27 Ilea hartu esapidea, jo daiteke kalkotzat, kalko lexiko-fraseologikotzat hain zuzen. Baina behargabea, bai baitugu adarra jo esapidea euskaraz; eta behargabea denez, okertzat jotzen da. Baina aldaketa batzuk eman esapidea, ordea, ez da kalkoa; bada, izan, kalkoa, kalko semantiko okerra, horrelako esapideetan eman aditza gertatu aditzaren ordez erabiltzea.
28 Lan hau UPV/EHUk finantzatu duen UE08/05 “Inguruko erdaren interferentzia eta kalkoak hedabideetako hizkeran” ikerketa-proiektuaren eta MICINNek finantzatutako RICOTERM-3 (HUM2007-65966-CO2-02) ikerketa-proiektuaren emaitzetariko bat da. Esker onak eman nahi dizkiet neure lankide eta adiskide Xabier Alberdi eta Xabier Altzibarri, lan hau osatzeko eta orrazteko eman didaten laguntza paregabeagatik.

lanaren aipamena nola egin...

Julio Garcia, "Kalkoaren kontzeptua eta haren terminologia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3