Erabiltzaile Tresnak


hizt:1

Hiztegiez pare bat hitz

Atal honetan euskal hiztegiaren inguruko lanabesak, besteak beste, aurkituko dituzu. Pixkanaka osatuko den orria da hau. Jakina: hiztegiaren inguruan hainbeste gauza jar daiteke, baina gu material jakin batzuetara mugatuko gara. Esan dezagun, nolanahi ere, hiztegiak mota askotakoak izan daitezkeela:

  • Arauemaileak dira batzuk. Adibidez, Euskaltzaindiaren Euskaltzaindiaren Hiztegia arauemailea da. Han zehazten da hitzak nola idatzi behar diren.
  • Historikoak dira beste batzuk. Adibidez, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), ikus beherago.
  • Badira hiztegi elebikoak edo eleanizkoak, nola esaten den delako hitz bat hizkuntza batean, eta horren parekoak beste hizkuntza batzuetan. Ikus, beherago, Zehazki hiztegia, adibidez.
  • Hiztegi teknikoak, batez ere zientzia eta teknologia esparruekin lotuak direnak
  • Badira sinonimo eta antonimoen hiztegiak ere

Hemen aukera bat egin da, eta hiztegiaren inguruko zenbait lanabes aurkituko duzu.

Orotariko Euskal Hiztegia, autoritateen hiztegia

OEHHiztegiaren inguruan euskaraz egin den lanik garrantzitsuena Orotariko Euskal Hiztegia da (OEH bezala ezaguna euskaltzaleen artean). Hiztegi hau Koldo Mitxelenaren ardurapean hasi zen egiten, eta lantaldearen burua Ibon Sarasola izan da. Hainbeste urteren buruan, 16 liburukiek biltzen duten lana bukatutzat eman da, eta gaur egun denen eskura dago. Hiztegi handi hau hiztegi historikoa da, eta euskal idazleen lanetan oinarritzen da. Lekuko gehienak 1970ean bukatzen dira, salbuespenak kendurik, orduan hasi baitzen batasuna indartzen. Hiztegiko azalpenak gaztelaniaz ematen dira. Milaka eta milaka adibide ageri dira hor, eta erraz ikus daiteke zein izan den sarrera bakoitzaren ibilbidea.

OEH egiteko idazle klasikoek egindako lanak hartu dira kontuan, esan bezala, 1970 arte. Lan horiek 5 milio inguruko hitz kopurua osatzen dute. Ez du esan nahi hor 5 milioi hitz desberdin ageri direla, baizik, orotara, 5 milioi hitz arrunt daudela: “etxe” bezalako hitz bat, konparazione, 2.500 aldiz errepikatzen da, edo “gogo” bezalako bat, mila aldiz. Hitz horiek bere inguru guztietan aztertu dira, funtsezko erabilerak bereizi, eta erabilera horietan oinarrituta, adierak eman.

Orotariko Euskal Hiztegia hemen kontsulta daiteke, eta nahi izanez gero, zure ordenagailuan bil dezakezu, hemen.

XXI. mendeko hiztegia

Ibon SarasolaOEH hiztegiak 1970erainoko lekukoak biltzen baditu, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) egungo euskara idatzian oinarritzen da, XXI. mendean idatzitako testuetan. Hiztegi hau pixkanaka-pixkanaka egiten ari garen zerbait da, eta hemen argitaratuko da, Euskara Institutuaren atarian. Azpian duen corpusa modernoa da (EPG), testu aukeratuetan oinarritzen dena, berdin liburuetan nola prentsa idatzian. OEH-ren azpian 5 milio hitzeko masa dago, baina EPG corpusak bost aldiz gehiagoko testu masa: 25 milioi ditu azpian. Beraz, OEH-ren halako bost. Neurriz, EEH paperera eramango bagenu, amaieran, OEH-ren parekoa izan daiteke neurriz. Ematen duen informazioa, hala ere, bestelakoa da, esan bezala, hemen euskara modernoa hartzen baita kontuan: 2000-2006 arteko epean idatzitako testuetan oinarritzen da, Euskaltzaindiak Hiztegi Batua atera zuen ondoren idatzi diren testuetan. Beraz, amaitu gabe bada ere, landutako letretan dagoen informazioa kontuan izanik, hau da egun euskara-euskara hiztegirik aberatsen eta handiena, alde handiarekin gainera.

Hona hemen, hiztegi honen xehetasun batzuk (A eta E letrak bakarrik falta):

sarrerak
Letrak sarrera kopuruasarrerak + adierakAdibide kopuruaHitz multzoak
25 56.425 203.666 419.886 342.925

Egungo Euskararen Hiztegia hemen kontsulta daiteke.

Gaztelania-euskara hiztegia

Gehien erabiltzen den gaztelania-euskara hiztegia ere, Zehazki hiztegia, web gune honetan kontsulta daiteke. Ikasle bazara, ZEHAZKI hiztegia behar duzu. Irakasle bazara, itzultzaile bazara, idazle bazara, administrazioan lan egiten baduzu, lerro batzuk nahiz idazkun bat, edo gutun bat, zure egunerokoa euskaraz idaztea erabaki baduzu, bai gaztelaniatik itzuli behar baduzu, bai zuzenean euskaraz idatzi nahi baduzu ere, argi, zuzen eta egoki ZEHAZKI hiztegia da zuk behar duzuna. Erdal sarrera bakoitzaren aldamenean bere parekoa ematen du euskaraz, baina horrekin batera hainbeste azpisarrera ditu, hiztegia bera sare gisan diseinatua baita. Erdal izena jarri, edo lehenbiziko hiru letrak ere aski dira, eta segidan aterako zaizu berehala behar duzun informazioa.

Zehazki hiztegia hemen kontsulta dezakezu.

Beste hiztegi batzuk: HBEP eta LAG

EHUk duen egungo euskararen EPG corpus erraldoi horretan oinarrituta sortu dira Hiztegi Batua Euskal Prosan (HBEP) eta Lexikoa Atzo eta Gaur (LAG). Lehenbizikoan ikusten da zein den idazleen egiazko erabilera, lexikoari dagokionez, eta Euskaltzaindiak 2000. urtean argitaratu Hiztegi Batuan bildutako zerrendarekin erkatzen da. Bigarrenak, sarreren erabilera historikoa hartzen du kontuan, eta sarrera bakoitzaren erabileraren joerak ikusten dira: orain historian zehar baino gehiago edo gutxiago erabiltzen da?

Hiztegi Batua Euskal Prosan hemen kontsulta dezakezu, eta Lexikoa Atzo eta Gaur, hemen

— Egilea: Pello Salaburu

lanaren aipamena nola egin...

Pello Salaburu, "Hiztegiez pare bat hitz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3