Erabiltzaile Tresnak


morf:2

Bereizgarri tipologikoak

Askotan saiatu izan dira gramatikariak eta hizkuntzalariak euskararen berezitasunen berri ematen. Hemen paratuko ditugu berezitasun nabarmenen ezaugarriak zein diren. Euskarak dituen funtsezko ezaugarri batzuei buruzko informazioa ematen da atal honetan. Zertan den bereiz euskara, hori da kapitulu honek azaldu nahi duena.

Euskararen gramatika

Ahaiderik gabeko hizkuntza dugu euskara. Eta horregatik nahi izan ditugu atal honetan bildu hizkuntza honen ezugarri nagusiak.

Baditu euskararen gramatikak zenbait bereizgarri nabarmen. Asko dira eta askotarikoak, ikuspuntua zein den, baina badira batzuk guztietatik bereziki gogoan hartzekoak. Atal honetan euskararen berezko ezaugarri funtsezko batzuk hartu ditugu aztergai, uste baitugu horiek ongi ematen dutela gure hizkuntzak dituen berezitasunen berri.

  • SOA hurrenkerakoa
  • egitura ergatiboduna (batzuetan “hausten” dena, hala ere)
  • hizkuntza eranskaria (postpositiboa)
  • burua sintagmaren amaieran ageri da gehienetan
  • ez du deklinabiderik
  • aditz laguntzailearen eta argumentuen arteko komunztadura biziki aberatsa du (horregatik isil ditzakegu izenordainak (pro-drop hizkuntza da), eta egiturak nolakoak diren, laguntzailearen aldaketak gertatzen dira.
  • pro-drop hizkuntza
  • laguntzailearen txandakatzea

Gauza asko aipatu ditugu hemen, eta batzuk gehiegi azaldu gabe gelditu dira. Baina hau sarrera baizik ez da, egitura kontuetako gai horiek guztiak bere tokian azalduko baitira.

Ahaiderik gabeko hizkuntza

Euskarak ez du familiarik, ez urrun ez hurbil. Pena da hori?Hizkuntzek desberdintasun handiak dituzte elkarren artean. Batzuetan, egitura dela eta, lexikoa dela eta, fonologia dela eta, elkarren artean hurbilago edo urrunago egon daitezke, baina bistakoa da hizkuntzek erakusten dizkiguten ezaugarriek berezitasunak markatzen dituztela elkarren artean.

Euskara, jakina denez, bakarrik dago munduan. Hizkuntza bezala ez du seniderik, ez zaio ezagutzen ez amarik ez aitarik, ez beste haurriderik ere, eta ezagutzen ditugun hizkuntzekin erkatuz gero, ez dago munduko beste batekin erlazionatzeko modurik. Jendaki ezagunik gabeko hizkuntza da. Ikerketa serio guztiek hori erakutsi digute orain arte.

Bakarrik egote horrek ez du esan nahi, jakina, ez duela inolako harremanik inguruko hizkuntzekin: hauek indoeuroparrak dira jatorriz, baina ez da holakorik gertatzen euskararekin. Hiztegi mailan, esate baterako, ehunka hitz hartu ditu euskarak latinetik (ikus “Euskalkien berrikuntza komunak” izeneko atala), eta egunero hartzen ditu hitzak espainoletik, frantsesetik edo ingelesetik. Egun ere gertatzen da hori. Batzuetan egitura osoak hartzen ditu, eta hartu izan ditu historian zehar: “orain etorri da” esaten badugu, adibidez, latinaren eraginak sortutako egitura da hori. Etengabe gertatzen dira holakoak, eta ez gara konturatu ere egiten gertatzen den horretaz. Horrekin batera, esan behar da euskarak dituen ezaugarri nagusi batzuk beste hizkuntza batzuetan ere ikus daitezkeela: esaten denean, adibidez, egitura zenbait baduela euskarak hungarieraz edo japonieraz ere aurki daitezkeenak, ez gara gezurrik esaten ari. Baina ezaugarri horiek ez dute inolako familia loturarik erakusten. Azken batean hizkuntza natural guztiek baliabide jakin batzuk erabiltzen dituzte: hots batzuk, sistema sintaktiko batzuk, hizkuntza osatzen duten elementuen arteko lotura batzuk… eta hori hola izanik, ez da harritzekoa batere, ezaugarri horiek han-hemenka errepikatzea.

Egoera hau, euskararen bakartze hau esan nahi dugu, aski berezia da, baina ez da euskararekin bakarrik gertatzen, bai baitira munduan beste zenbait hizkuntza, euskara bezain isolatu ageri direnak, familiarik gabeak. Europan ere: suomiera (finlandiera), hungariera eta Kaukaso aldeko hizkuntzak ere ez dira indoeuroparrak. Arruntean munduko hizkuntzak familiaka sailkatzen dira, taldeka. Hizkuntzen arteko erlazioen berri dokumentu historikoek ematen dute, konparazio sistemek, zeharkako datuek… horietaz baliatzen dira filologoak hizkuntzen arteko erlazio eta harremanen berri emateko orduan. Hola, hizkuntza erromanikoak, adibidez, latinetik sortu direla esaten dugu. Horregatik deitzen ditugu latin hizkuntzak. Bada lekukotasun asko testuetan hori hala gertatu dela baieztatzeko.

Bernard Comrie

Europako hizkuntza gehienak hizkuntza indoeuroparraren ondokoak dira, aski da mapa batean ikustea (Comrie 1987; Clackson 2007; Hararmann 2011; Reissmann & Argador 2006). Multzo handi horretatik bereiz gelditzen dira, hizkuntza indoeuroparrek inguraturik uharte batzuen antzera, beste hizkuntza zenbait, nahiz zenbait kasutan hizkuntza-familia horien arteko osaera eta mugak zehaztea ez den batere lan erraza eta garbia. Eztabaida handiak daude hizkuntzalarien artean. Esan dezagun, zernahi gisaz, familia indoeuroparretik kanpo gelditzen direla euskara, hungariera, hizkuntza altaikoak (hizkuntza mongolikoak, turkiera…), eta uralikoak (finlandiera-suomiera, hizkuntza baltikoak, eta abar). Europaz bakarrik ari gara, noski. Gainerakoak, Europa osoan hedatuak, indoeuroparrak dira: latin hizkuntzak (espainiera, frantsesa, italiera,…); germaniarrak (alemana, ingelesa, suediera, daniera…); zeltikoak (bretoiera, gaelikoa…); baltikoak (estoniera, lituaniera…); greziera eta albaniera.

Euskara, pro-drop hizkuntza

Askotariko komunztadura izan da aipatu dugun azken bereizgarria eta batzuen ustez, bederen, beste ezaugarri tipologiko batekin lot daiteke, hots, pro-drop hizkuntza izatearekin, nahiz eta bi ezaugarriak ez diren nahitaez uztartzen. Pro-drop deitura pronoun dropping-en laburdura da, hots, izenordaina isiltzeko hizkuntza batzuek erakusten duten gaitasuna. Horrela nik hari liburuak ekarri dizkiot esaten dugu, baina berdin esan dezakegu, informaziorik galdu gabe, ekarri dizkiot. Esan, horrela esaten da gainera, gehienetan, baldin testuingurutik badakigu ekarri ditugun zer horiek liburuak direla.

Ekarri dizkiot adizki soileko perpausa da, eta hor ez daude agerian ez subjektuari ez zehar objektuari ezta osagarri zuzenari ere dagozkien pertsona izenordainak, nik, hari eta haiek, hurrenez hurren. Izenordain horiek guztiak isildu egin dira eta isildu arren, gramatikala da perpausa.

Izenordainak isiltzeko gaitasuna duten hizkuntzei deritzegu pro-drop hizkuntzak: euskara eta japoniera dira bi adibide ezagun.

Beste hizkuntza batzuetan, isildu daitekeen izenordain bakarra subjektuarena baino ez da, eta halakoetan, subjektu isileko hizkuntzez hitz egiten dugu. Gaztelania edo katalana dira halako hizkuntzak. Adibidez, vengo tarde ‘berandu nator’ esan daiteke yo ‘ni’ pertsona izenordaina isilduz eta perpausa gramatikala da erabat, baina hortik aurrerako osagarri zuzena edo zehar osagarria ezin daitezke isildu. Adibidez, *traigo ‘dakart’ soila jasotzen duen perpausa ez da gramatikala da, hau da, dakardana agerian adierazi behar dugu pertsona izenordaina isildu gabe: lo traigo ‘dakart’. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, ezin daiteke subjektua ere isildu, eta ez bestelako argumenturik, noski. Hizkuntza erromanikoen artean hori gertatzen da frantsesez, adibidez, eta hizkuntza familia horretatik kanpo, ingelesez:

  • nator
  • *viens, *come
  • Je viens, I come

Hizkuntza horietan hainbestekoa da subjektu ageriaren (“entzuten” den subjektua esan nahi dugu) premia, non izenordain espletiboen bidez bete behar baita subjektuaren egongune hori.

  • gaur euria egingo du
  • *today will rain, *aujourd’hui pleura
  • today it will rain, aujourd’hui il pleura

Subjektu betegarri bat eman behar da perpaus gramatikala izango bada.

Aditz laguntzailea txandakatzea

Ikusten denez, asko dira euskarak dituen bereizgarriak: besteak beste, SOA hizkuntza da, hizkuntza ergatiboa, baita pro-drop hizkuntza ere. Horiek guztiak, ikusi dugun gisan, euskararen ezaugarriak dira, eta beste hizkuntza asko guztiz desberdinak dira puntu horietan. Hizkuntzen arteko desberdintasunak parametroen bidez azaltzen ditugu, parametroak baitira hizkuntzen arteko aldakortasun ardatzak: adibidez, hitz hurrenkeraren parametroari zor zaio euskara SOA hizkuntza izatea (buru-parametroa da bere izen teknikoa), ergatibotasunaren parametroari hizkuntza ergatiboa izatea, pro-drop parametroari pro-drop izatea. Alabaina, aldakortasunaren parametroak ez dira nahikoa izan hizkuntzen alderdi bereizgarriak azaltzeko, eta parametro horietatik kanpo bilatu behar ditugu euskarak eta beste hizkuntza batzuek erakusten dituzten zenbait ezaugarri berezi. Horietako bat da, adibidez, aditz laguntzailea txandakatzea.

Bereizgarri horietaz (eta gainerakoez ere), ez gara jabetu ere egiten, baina esanguratsua da euskara beste hizkuntza batzuekin alderatzen dugunean. Ikus ondoko perpaus hauek, esate baterako:

  • zu berandu etorri zara
  • zuk trena galdu duzu

Izatez, bi perpaus ditugu hor, aditz iragangaitzekoa lehena (etorri) eta iragankorrekoa bigarrena (galdu), eta aditz mota bakoitzarekin aditz laguntzaile bat edo bestea darabilgu: izan laguntzailea etorri aditz iragangaitzarekin eta *edun laguntzailea galdu aditz iragankorrarekin. Ohartzen garenez, *edun laguntzaileari aurretik izartxoa jartzen zaio, ez delako berez dagoen-dagoenean, forma horrekin, ager daitekeen aditza, izan ager daitekeen bezala (etxean izan da / *arazoa edun du): datu morfologikoen arabera berreraikitako forma da. Beraz, izan/*edun aditz laguntzaileen artean hautatzen du euskarak, aditz nagusia eta perpausa nolakoa den:

  • txakurra etorri da
  • esan duena entzun dugu

Kontura gaitezen, zer adierazi nahi dugun argi uzteko, ez dela hori gertatzen gaztelaniaz, adibidez:

  • ha venido el perro
  • hemos oído lo que ha dicho

Bietan haber aditza dugu, ez euskaraz bezala bi aditz.

Datiboa erants dezakegu batzuetan, eta aditz berak erabiltzen ditugu orduan ere:

  • txakurra etorri zaigu
  • esan duena entzun diogu

Batzuetan aditzek berez eskatzen dute datiboa:

  • niri kakaoa gustatzen zait
  • nik zuri katilua eman dizut

Adibidez, gustatu aditz psikologikoa dugu lehen perpausean, datibo eta absolutibo argumentuak hautatzen dituena, eta zait adizkian ikus daitekeenez, izan bera da aditz laguntzailea, nahiz eta datibo komunztadura ere biltzen duen. Eman aditz iragankor datibodunarekin (ditrantsitibo ere deituak), berriz, dizut adizkia dago. Adizki horretan ez dugu morfologikoki agerian *edun-en aditz erroa, hots, -u-, dut forma datibo komunztadurarik gabean ez bezala. Alabaina, printzipioz *edun bera dela uste izan dute gramatikari batzuek. Beste batzuek, aldiz, kontuan izanik euskalkien arabera deutsut, dautzut, derautzut, deizüt… bezalako adizkiak erabiltzen direla, -i- horretan (dizut) aditz baten erroa ikusi dute. Zernahi gisaz aditz laguntzailearen hautaketa, hemen ikusten den gisan, zabaldu egiten da datiboa gaineratzen duten egituretara ere. Azkenik, hautaketa hori are konplexuagoa gertatzen da: izan eta *edun aditz laguntzaile iragangaitz eta iragankorraz gain, *edin eta *ezan aditz laguntzaileak ere erabiltzen baitira euskaraz, denbora eta modua zein den, geroago xehetasunez azalduko dugun bezala.

Italierak ere bereizten ditu aditz laguntzaileak, eta banaketa hori antzematen da baita aditza inakusatiboa edo inergatiboa denean ere, euskararen antzera:

  • je suis venu
  • j’ai skie
  • sono venuto
  • ho sciato

Beste hizkuntza batzuek, ordea, aditz laguntzaile bakarra erabiltzen dute forma analitiko batzuetarako (adizki perifrastikoak, esan nahi dugu): gaztelaniak, esaterako, haber aditz laguntzailea erabiltzen du predikatu iragangaitz (he venido ‘etorri naiz’) zein iragankorrekin (he leído un libro ‘liburu bat irakurri dut’). Baina egituraz aldatzean posible da beste aditz laguntzaile bat aukeratzea: berriz ere gaztelaniara itzuliz, ser aditz laguntzailea ageri da egitura pasiboetan, adizkietan (fue arrestado ‘atxilotua izan zen’).

Beste hizkuntza batzuek, ordea, ez dute halako aditz laguntzaile hautaketarik erakusten: hori gertatzen da txekieraz edo bulgarieraz, adibidez, eslabiar hizkuntzen arteko bi aipatzeagatik.

Ondoko bi perpaus hauek dira, orain arte esana kontuan hartzen badugu, euskararen egitura arruntenak:

  • jendea etorri da
  • jendeak gezurrak esaten ditu

Iragangaitza lehenbizikoa, iragankorra bigarrena. Aditz laguntzailea izan da lehenbizikoan, eta edun bigarrenean. Aditz laguntzaileez ari garenez, aipa ditzagun beste zenbait kasu, non ikus baitaiteke laguntzailearen aldaketa hori beste egitura batzuetan.

  • jendeak gezurrak esaten ditu
  • orain gezurrak esaten dira (Izatez inpertsonala da, baina hemen egitura interesatzen zaigu)

Aurrekoarekin erkatuz, han objektu zuzena zena (gezurrak) orain subjektu bihurtu da. Ikus daitekeenez, honek pasiboen itxura hartzen du. Pasiboen eredu garbia duten hizkuntzetan (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez…) gramatikariek aldaera horren berri eman dute: nolabait esateko, objektu zuzena subjektuaren tokira igo dela esaten da, eta aktiboan subjektu zena orain “por, par edo by” bezalako preposizioek osatutako sintagma batean biltzen dela: por el profesor; par le professeur; by the teacher. Egia da gezurrak esaten dira bezalako perpaus batean ez dugula holako postposizio sintagmarik (*gezurrak esaten dira jendeaz), eta irakurketa beti inpertsonala dela, ez baitute egile gauzaturik onartzen. Argumentuen kopurua murriztu egiten da, eta haien nolakotasuna aldatu. Bestela, egitura pasiboen aski antzekoa dela esan daiteke. Hor ere laguntzailea aldatu da: *edun =⇒ izan.

Dakigun gisan, hala ere, euskal literaturan, batez ere ipar-ekialdeko idazleen lanetan, badira euskaraz beste hizkuntzetako pasibo “arruntak” bezalakoak:

  • Jainkoa deabruak tentatu zuen
  • Jainkoa deabruaz tentatua izan zen =⇒ pasiboa

Beste hauek ere parekoak dira:

  • Nehork, tentatzen denean, ezterrala Jainkoaz tentatzen dela; ezen Jainkoa ezin tenta daite gaizkiz, eta nehor eztu tentatzen = ‘Inork ere, norbaitek tentatzen duenean ez dezala esan Jainkoak tentatzen duela; ezen Jainkoa ezin tenta dezake gaitzak, eta berak ez du inor ere tentatzen’.

Jainkoaz (edo deabruaz, gorago) postposizio sintagma sintaktikoki adjuntu bat da (deabruak ez bezala), baina horrek ez ditu gauzak gehiegi aldatzen. Literatura tradizioko adibide gehienak (ez dira gehiegi) tankera horretakoak dira:

  • deabruaz poseditua
  • deabruaz tormentatua
  • deabruaz tentatua…

Egitura hori duten perpausak ikus daitezke testuetan, batez ere testu klasikoetan, esan bezala, baina aise gutxiago hizkera mintzatuan. Ez dute gramatikarien artean izen ona izan holako egiturek, eta hizkuntza kalkotzat hartuak izan dira. Bestetik, Jainkoa deabruagatik tentatua izan zen gisako perpausak, itxuraz pasiboen beste aldaera bat, geroago ikusiko dira.

Egitura pasiboak haien kideak diren egitura aktiboekin daude harremanetan:

  • Deabruak Jainkoa tentatu zuen ⇒ egitura aktiboa
  • Jainkoa deabruaz tentatua izan zen ⇒ egitura pasiboa

Bi esaldi horiek esanahi bera dute, baina egituraz ezberdinak dira. Egitura aktiboan bi argumentu daude, subjektua eta osagarria; aldiz, egitura pasiboan, lehengo osagarria, hots, Jainkoa oraingo subjektua da eta lehengo subjektua, deabruak, forma aldetik aukerakoa den (eta hortaz, isil daitekeen) adjuntu bat izatera igaro da. Kontuan izan behar dugu, esaten dugunaz jabetzeko, argumentuak (subjektua, osagarria eta zehar osagarria) perpauseko partaide nagusiak direla eta adjuntuak, ordea, sintaktikoki periferikoak. Esan nahi baita, aditzek ezinbestean eskatzen dituztela argumentu batzuk beren sare tematikoan: “norbait” etortzen da, “norbaitek” “norbaiti” “zerbait” erosten dio, “norbaitek” “norbait” tentatzen du, eta abar. Hori zehaztea ezinbestekoa dute etorri, erosi eta tentatu aditzek. Baina aditz horiek ez dute eskatzen “gaur” erostea edo etortzea edo tentatzea, “honenbestean” erostea, “diruarekin” edo beste zerbaitekin tentatzea, “norbaiten laguntzarekin” edo ez tentatzea, eta abar. Aditzek sare estu batean inguratzen dituzte beren argumentuak. Ordea, sare estu horretatik kanpo daude adjuntu deitzen ditugun sintagmak: gaur, adiskidearekin, goizik, hamar eurotan, deabruaz… Horregatik, azkeneko horiek, muineko partaideak ez direnez, isil daitezke edo besterik gabe ez dute zertan agertu.

Pasiboen multzo honetan bada beste egitura bat ere aski deigarria:

  • etxe hau deabruak egina da.

Aurrekoak bezalakoa da:

  • etxe hau deabruaz egina da
  • etxe hau deabruagatik egina da

Komunztadura eta sintagmen kokapena berdina da: badugu subjektu bat (etxe hau), izan aditza (da), komunztadura arrunta (etxe hau handia da esaten dugunean bezala), baina orain bada argumentu bat ergatiboan, berari legokiokeen laguntzailerik gabe: ergatiboak edun eskatzen du, baina hor izan dugu. Ohart gaitezen etxe hau deabruak egina da edo etxe hau deabruak egina du, bietara esaten dugula. Ez gara hemen barneko egituraz ari: segur aski ere, egitura diferenteak daude hor perpausean, egitura konplexuak nolanahi ere, Trask-ek (1980:301), Brettschneider-ek (1979: 371-384), eta Wilbur-ek (1979) esan duten gisan, hori ere azalduko da. Hemen aditz laguntzailearen aldaketen berri eman nahi dugu, ez besterik. Eta, ikusten denez, aditz laguntzaile desberdinak ditugu.

Ez dira horietan bukatzen eredu hedatuenetik (iragangaitz/iragankor arruntak) urruntzen diren egiturak. Badira etorri naiz/etorria naiz bezalakoak, eta ikusi ditut/ikusiak ditut bezalako bereizketak. Baina perpaus horien egitura edozein dela ere, ez da hor aditz laguntzailea aldatzen, eta ez ditugu, hortaz, hemen azalduko. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste bikote honekin:

  • (nik) gauza asko ikusi dut / (ni) gauza asko ikusia naiz

Hor bai, aditza aldatu egin da. Rebuschik (1984:437-448) antipasibo deitu zituen holako egiturak, 1972an Silverstein-ek (1972) proposatutakoari jarraiki.

Laguntzailea aldatu da baina komunztadura ez du abiapuntuko objektu zuzenarekin egiten (pasiboetan: objektu zuzena ⇒ subjektu), baizik lehenago ere subjektua zenarekin (antipasiboetan: subjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutibo)
Egitura aktiboaEgitura antipasiboa Egitura pasiboa
nik gauza asko ikusi dut ni gauza asko ikusia naiz etxea deabruak egina da
subjektu ergatiboa + objektuasubjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutiboobjektu zuzena ⇒ subjektu

Hor aldaketa bat gertatu da, baina aldaketa hori ez da pasiboetan gertatzen dena bezalakoa. Horregatik deitu zitzaien “antipasibo” egitura hauei, pentsatzekoa da. Gero euskal gramatikariek ere terminologia hori erabili dute (EGLU 20012:18, lekuko, edo Zabala 2003: 431). Baina handik urte batzuetara Rudolf de Rijk irakasleak kritika egin zion Rebuschiri, kontzeptu hori beste zerbaitetarako –itxuraz antzekoa, ez ordea, edukiz–, proposatu baitzuen Silversteinek. De Rijkek egitura parapasiboak deitzen ditu holakoak: gauza asko ikusia naiz. Egiazko antipasiboak txuktxieraz eta maiar hizkuntzetan aurki daitezke.

Baina gauza asko ikusia naiz bezalakoak ez badira antipasiboak, badira, hala ere, egitura antipasiboak euskaraz? Bai, R. De Rijken ustez (2008: 766-769). De Rijkek dioenez, (Ortiz de Urbina 1989: 203, 15. oinoharra) izan zen lehenbiziko ikertzailea egitura hauek zuzen kokatu zituena. Holako egitura gutxi ditugu, egia da. Segur aski aditz iragankorretatik sortuak dira, baina prozesua ez da emankorra. Antipasiboak dira baliatu aditzarekin sortutakoak, adibidez:

  • liburu horretaz baliatuko dira

Aditz hori erabili izan da historian, eta gaur ere Iparraldeko euskalkietan, aditz iragankor arrunta bezala:

  • liburu hori baliatuko dute

Badirudi egitura iragankor arrunt horretatik sortzen dela liburu horretaz baliatuko dira egitura antipasiboa. Antipasiboak gertatzen dira beste aditz batzuekin ere:

  • ahaztu › Andoni ahaztu dut / Andoniz ahaztu naiz
  • gogoratu › Andoni gogoratu dugu / Andoniz gogoratu gara
  • oroitu › oroituko zaitugu / zutaz oroituko gara
  • gozatu › film hori gozatu dugu / film horretaz gozatu gara

Baina prozesua ez da egun emankorra, eta ezin da esan hortaz egungo euskaran egitura antipasibo hauek sistematikoki aditz iragankorretatik sortzen direla. Ikusten denez, hauetan guztietan ere gertatzen da aditz laguntzailearen aldaketa.

Erreferentziak

  • Alberdi, Xabier. 1996. Euskararen tratamenduak: Erabilera. Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Albizu P. eta B. Fernández (arg), Euskal Gramatika XXI. mendearen atarian, Gasteiz: EHU-Arabako Foru Aldundia
  • Altube, Seber. 1930. Erderismos. Bermeo: Gaubeka
  • Anscombre J.-C., Bidart P. (arg) 1980. La Nouvelle société Basque: ruptures et changements. Paris: Hartmattan D. L.
  • Artiagoitia, Xabier. 2002a. “The functional structure of the Basque noun phrase”, in X. Artiagoitia, P. Goenaga eta J.
  • A. Lakarra (arg), 73-90
  • ——-, 2002b. “-(t)zar atzizkidun hitzen jokabide sintaktikoaren inguruan”, FLV 91, 443-462.
  • ——-, 2004. “Izen-sintagmaren berziklatzea: IS-tik izenaren inguruko funtzio-buruetara”, in P. Albizu eta B. Fernández (arg), Euskal Gramatika XXI. mendearen atarian, Gasteiz: EHU-Arabako Foru Aldundia, 11-38
  • ——-, 2006. Euskarazko izen-sintagma: arkitektura eta egitura funtzionala (“Euskal Gramatika: Sintaxia” ikerlanerako proiektua, eskuidazkia, UPV/EHU
  • Bath D.N.S. 1991. Grammatical Relations. London & New York: Routledge
  • Brettschneider, Gunther. 1979. Typological Characteristics of Basque. In: Frans Plank (ed.) 371-384.
  • Cinque, Guglielmo. 2005. “Deriving Greenberg’s Universal 20 and Its Excepctions”, LI 36, 3: 315-332.
  • Clackson, James. 2007. Indo-European linguistics: An Introduction. Londres: Cambridge University Press.
  • Comrie Bernard, ed. 1987. The Major Languages of South Asia, the Middle East and Africa. Londres: Routledge.
  • Coopmans P., M. Everaert and J. Grimshaw , eds. 2000. Lexical Specification and Insertion. Amsterdam: Benjamins
  • Dryer, Matthew S. 1992. “The Greenbergian word order correlations”, Language 68-1, 81-138.
  • Erdocia, K. (2009). Euskal hitz hurrenkerak azterketa psikolinguistiko eta neurolinguistikoen bidez [Word order and ambiguous chains in Basque, behavioural and neurolinguistical evidences]. Bilbo: UEU.
  • Erdocia K., Laka I. Mestres A., Rodriguez-Fornells A. (2009). “ Syntactic complexity and ambiguity resolution in a free word order language: behavioral and electrophysiological evidences from Basque”. Brain and Language, 109, 1-7
  • Erdocia K., Laka I., and Rodríguez-Fornells A. (2012) "Processing verb medial word orders in a verb final language". In M. Lamers and P. de Swart (eds.), Case, Word Order and Prominence: Interacting Cues in Language Production and Comprehension, Studies in Theoretical Psycholinguistics 40, Dordrecht/Berlin:Springer. Volume 40, pp. 217-138
  • Etxepare, Rikardo. 2003. “Valency and argument Structure in the Basque Verb.” In Jose Ignacio Hualde & Jon Ortiz de Urbina (arg.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 363-425.
  • Euskaltzaindia 2002
  • Fernández, B. eta I. Laka (arg) Andolin Eguzkitza gogoan. Bilbo: UPV/EHU
  • Goenaga, Patxi. 1978. Gramatika bideetan. Donostia: Erein
  • Gramatika Batzordea (Euskaltzaindia). 1991. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Gramatika Batzordea (Euskaltzaindia). 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I (Eranskina). Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Greenberg, J. 1963. “Some Universals of Grammar with Particular Reference to the Order of Meaningful Elements,” Universals of Language, London: MIT Press, 73-113
  • Haarmann, Harald. 2011. Europe's Mosaic of Languages, Institute of European History. Retrieved 2 November 2.
  • Hidalgo, Bittor. 1994. Hitzen ordena euskaraz. EHU: Doktore tesia
  • Hualde, Jose Ignacio & Jon Ortiz de Urbina (eds.). 1993. Generative Studies in Basque Linguistics, 89-114. Amsterdam: Benjamins.
  • Hualde, José Ignacio & Jon Ortiz de Urbina. 2003. A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.
  • Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Librairie Le Livre, Baiona. [Birrarg. 1979. Donostia: Elkar.]
  • Lafon, R. 1947. “La catégorie de genre gramatical en basque” (Bulletin Hispanique, 1947, 373-394).
  • Laka, I. 1993. “The Structure of Inflection: A Case Study in X Syntax”. In: J.I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg.) Generative Studies in Basque Linguistics, John Benjamins Publishing Co., Amsterdam/Philadelphia, 21-70.
  • ——-, (2012). “ Merging from the temporal input: on subject-object asymmetries and an ergative language”. In R. Berwick R. & M. Piattelli-Palmarini (eds.) Rich Grammars from Poor Inputs, Oxford: Oxford University Press. ISBN: 978-01-995-9033-9.
  • Laka, I., & Erdocia, K. (2012). “ Linearization preferences given “free word order”; subject preferences given ergativity. A look at Basque”. In E. Torrego (ed.). Of grammar, words, and verses: In honor of Carlos Piera, pp. 115.142, Oxford: Oxford University Press. ISBN: 9789027208255.
  • Laka, I., Santesteban, M., Erdocia, K., & Zawiszewski, A. (2012) “ The Basque language in the minds of native and non-native bilinguals”. In Pello Salaburu & Xabier Alberdi (Eds.) The Challenge of a Bilingual Society in the Basque Country. Current Research Series No. 9. Reno: University of Nevada. pp. 157-172. ISBN: 978-1-935709-30-5
  • Laka, I., Zawiszewski, A., & Erdocia, K. (2010). “ Euskal Gramatika prozesatzen: Hastapenetako zenbait emaitza” in R. Etxepare, R. Gómez, & J. A., Lakarra. (Eds.). Beñat Oihartzabalen Omenez-A Festschrift for Bernard Oyharçabal, pp. 553-564, Bilbao: UPV/EHU Press.
  • Lehmann, Christian. 1973. Latein mit abstrakten Strukturen. München: W. Fink
  • Melikishvili, I. 2008. “Georgian as an Active/Ergative Split Language”, Journal of the Georgian National Academy of Sciences, vol. 2, n° 2, 138-147.
  • Mounole, C. 2011. Tesia
  • Mujika, Jose Antonio. 2002. Agindutako lurraren bila II, Donostia,: Erein
  • O'Herin, B. 2001. “Abaza Applicatives”, Language 77-3, 477-493
  • Ortiz de Urbina, Jon. 1989. Parameters in the Grammar of Basque. Dordrecht: Zurich
  • Oyharçabal, B. 1993. “Verb agreement with non arguments: On Allocutive Agreement” in José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Generative Studies in Basque Linguistics, 89-114. Amsterdam: Benjamins.
  • ——-, 2006. “DSaren barneko zenbait ordena kontu”, in B. Fernández eta I. Laka (arg) Andolin Eguzkitza gogoan. Bilbo: UPV/EHU, 741-755
  • Pastor, L., Laka, I. (2013) “Processing facilitation strategies in OV and VO languages: a corpus study”. Open Journal of Modern Linguistics Vol.3, No.3, 252-258.
  • Paris, C. 1969. “Indices personnels intraverbaux comparés des trois langues du Caucase du nord-ouest”, BSLP, LXIV, 104-183, in Anscombre & Bidart 1980
  • Plank, Frans (ed.). 1979. Ergativity. Towards a Theory of Grammatical Relations. London: Academic Press
  • Rappaport, Hova & B. Levin. 2000. “Clasifying Single Argument Verbs” in P. Coopmans, M. Everaert and J. Grimshaw , eds., Lexical Specification and Insertion. Amsterdam: Benjamins
  • Rebuschi, G. 1984. (AIPAMENA 8f-n)
  • Reissmann, Stefan; Argador, Urion. 2006. “ Luingoi in Europa”, Reissmann & Argador. Retrieved 2 November 2009
  • Rijk, Rudolf de. 1969. “Is Basque an S.O.V. language?”, FLV 3: 319-351 [berriz ere argitaratua in de Rijk 1998: 421-433]
  • ——-, 1998. “De lingua Vasconum: Selected writings”. Bilbao eta Donostia-San Sebastian: Euskal Herriko Unibertsitatea eta Gipuzkoako Foru Diputazioa (ASJU-ren gehigarriak)
  • ——-, 2008. Standard Basque, a progresive grammar, Cambridge, MIT Press
  • Schulze, Wolfgang. 2010. “ The Grammaticalization of Antipassives”, Wolfgang Schulze (LMU Munich) 1, Revised and extended version (4/2010) - Forth revison (8/2010)
  • Silverstein, M. 1972. “Chinook Jargon: Language Contact and the Problem of Multi-level Generative Systems”. Language 48:596-625.
  • Trask, Robert Larry. 1980. “Basque Verbal Morphology”. Euskalarien nazioarteko jardunaldiak [Encuentros Internacionales de Vascólogos] 1:285-304. Bilbao: Euskaltzaindia / Pamplona: Aránzadi.
  • Walter, Henriette. 1944. L’Aventure des langues en Occident, Paris: Laffont
  • Wilbur, Terence H. 1979. Prolegomena to a Grammar of Basque. Amsterdam: Benjamins.
  • Zabala, I. 2003.

Gaian sakonduz

Euskara, hizkuntzen artean

2011ko apirilaren 17an, TVEk emandako "Redes" programan, darwinismoaren garapena zela gai nagusia, hizuntzen eboluzioaz mintzatu ziren. Euskara aipatzen da. Hemen ikus dezakezu (hemen ingelesez) Mark Pagel, Reading unibertsitateko biologiako irakaslearekin egindako elkarrizketa osoa, eta elkarrizketari dagokion testua (hemen Pagelen hitzaldi bat.

Hizkuntzen eboluzioaz, Nature aldizkarian ateratako testu hau ikus daiteke, eta beste hau Current Biology izenekoan argitara emana.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Bereizgarri tipologikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3