Erabiltzaile Tresnak


morf:2:0

SOA hizkuntza

Euskararen oinarrizko ordena, ez markatua, alegia, SOA da:

Subjektua - Objektua - Aditza

Horrek ez du esan nahi euskal perpaus guztiak, hitz egitean, ordena horretan ematen ditugula. Inondik ere ez. Baina esan daiteke badirela argumentu batzuk (argumentu sintaktikoak, hizkuntzaren prozesamenduak ematen dizkigunak, eta abar) hori onartzera makurtzen gaituztenak. Horretan ere bereizten da, argi eta garbi, inguruko hizkuntzetatik (gaztelania, frantsesa, ingelesa… SAO baitira oro har. Honek badu eragina hizkuntzaren prozesamendu kontuetan. Informazio honetaz “Hitz ordenaren kanonikotasuna eta buru parametroa” izeneko atalean ikus daiteke.

Ilaran

Euskararen hitz hurrenkera ez-markatua Subjektua-Objektua-Aditza (SOA) da, baina egia da euskaraz gazte horrek auto berria erosi du esaten badugu, perpaus horretan ageri diren hitzek beste hurrenkera asko onartzen dituztela:

  • auto berria erosi du gazte horrek ⇒ (OAS)
  • gazte horrek erosi du auto berria ⇒ (SAO)
  • erosi du gazte horrek auto berria ⇒ (ASO)…

Lehenbiziko hurrenkera bezain egokiak dira euskaraz, testuingurua nolakoa den eta zer adierazi nahi den. Gauza bera gertatzen da zeharkako osagarria sartu nahi izanez gero:

  • aitak amari gona gorria erosi dio
  • amari ekarri dio aitak gona gorria
  • gona gorria ekarri dio aitak amari

Denak dira euskara, eta horiek bezala, hemen ezarri nahi ditugun hurrenkera guztiak (Goenaga 1978).

Hala ere, lehenbiziko hurrenkera (gazte horrek auto berria erosi du) naturalago bezala sentitzen du hiztunak. Ez da kontua bigarrena (auto berria erosi du gazte horrek), adibidez, ezin dela erabili, arazorik gabe erabiltzen ahal baitugu. Baina badirudi bigarren hurrenkera horretan zerbait bereziagoa adierazi nahi dugula, zerbait markatuagoa. Ez gara zerbait neutroa kontatzen ari (zer gertatu da gaur?), baizik galdera bereziago bati erantzuten (zer erosi du gazte horrek?). Bigarren hurrenkera horrek badu bere gainean lehenbizikoak ez duen informazio gehigarri bat. Lehenbizikoarena, SOA, hurrenkera ez-markatua dela esaten dugu. Egia da hemen perpaus sinpleez ari garela, eta gauzak ez direla hain garbi perpausak luzatu eta mendeko perpausak ere erabiltzen ditugunean:

  • Hemen dauden guztiek Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko jakingo dute

Esaldi hori baino naturalago erabiltzen dugu beste hau, osagarri luzea aditzaren eskuin aldera eramanez (Mujika, 2002: 51):

  • Hemen dauden guztiek jakingo dute Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko

konpota egiteko sagar piloa

Ikus dezagun beste perpaus hau: zuk gizonari sagarra kendu diozu. Hori ere, aurrekoan bezala, modurik neutroenean eman dugu, nahiz bestelako hurrenkera asko onartzen dituen, denak gramatikalak, aldi bakoitzean dagokien erara molda daitezkeenak. Perpaus hori beste baten barnean txerta dezakegu, perpaus erlatibo baten barnean, esaterako:

  • zuk sagarra kendu diozun gizona gure osaba da

Hor ez da hain erraza bururatzen zaizkigun hurrenkera guztiak erabiltzea. Ezin dugu esan, adibidez;

  • *zuk kendu diozun sagarra gizona gure osaba da.

Perpaus erlatiboetako sintagmak ezin ditugu nolanahi jarri, eta hurrenkera batzuk bakarrik onartzen dituzte, ez besteak. Perpaus horretan, esate baterako, aditzak amaieran joan behar du:

  • [[zuk sagarra kendu diozun] gizona] gure osaba da

Zenbait argudiobide erabili izan dituzte gramatikariek (Gramatika Batzordea 1987) euskara SOA hurrenkerako hizkuntza dela erakusteko: “naturaltasuna”, hurrenkera ez askea mendeko perpaus batzuetan -azken adibidea bezalakoetan-, hurrenkeraren estatistikak 1, ordena bateko edo besteko perpausen prozesamendua burmuinean2), eta abar. Euskara SOA dela baieztatzen badugu ere, ez ditugu beste hurrenkerak baztertzen, euskarak, inguruko hizkuntzekin erkatuz gero, aise askatasun handiagoa baitu perpaus barneko hitzak (azken batean, osagaiak) ordenatzeko. Esan nahi duguna beste hau da: hurrenkera posible anitz izanik ere, badira argudiobideak baieztatzeko horietako bat oinarrizkoagoa dela, besteak baino: hurrenkera horretan perpausak subjektuarekin hasten ditugu eta tartean osagai gramatikalak sarturik, aditza amaierara eramaten dugu (hala ere, badira salbuespenak, jakina3).

1 Estatistiken kontua eztabaidatua izan da. Gai honetaz Rudolf de Rijk, besteak beste (1969) mintzatu da. Bittor Hidalgok (1994) zalantzan jarri ditu Rudolf de Rijken emaitzak. Geroago K. Erdociak (2009, 65) erakutsi du bere tesian Hidalgo ez zebilela zuzen, batez ere O kategoria objektu zuzenari deitzen baitzaio eta ez, Hidalgok egiten duen gisan, aditzaren ondotik datorren edozein osagai sintaktikori. Horrek aldatzen ditu emaitza estatistiko guztiak. L. Pastor eta I. Laka (2013) ere mintzatu dira gai honetaz. Nolanahi ere, gaurko testuetan, egitura sinpleenetan bederen, “andreak gizona ikusi du” (SOA) bezalako esaldiak hamar aldiz gehiago ageri dira “gizona andreak ikusi du” (OSA) baino, eta hiru aldiz gehiago “andreak ikusi du gizona” (SAO) baino, EHUko Euskara Institutuak egin dituen azterketen arabera.
2 Hemen honako lan hauek aipa daitezke: Erdocia et al (2009); Laka et al (2010); Laka I. eta K. Erdocia (2012); Laka et al (2012); Laka (2012) eta Erdocia et al (2012
3 Altubek (1930) eragin handia izan du eta haren arauak zurrunegi ezarri izan dira askotan. Euskal hitzen hurrenkera, batez ere perpaus luze eta elkartuetan, ez dator bat askotan perpaus bakunetako hurrenkerarekin.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "SOA hizkuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3