Erabiltzaile Tresnak


morf:2:2

Hizkuntza eranskaria

Euskara hizkuntza postpositiboa da. Honekin esan nahi dugu euskarak, inguruko hizkuntzek ez bezala, postposizioen bidez osatzen dituela sintagma batzuk, eta ez preposizioen bidez. Postposizio horietako batzuk postposizio itsatsiak dira, eta “deklinabidea” osatzen dutela esan ohi da, nahiz ez den egia hori, euskaraz ez baita deklinabiderik. Egia da batzuetan hitz laburrak behar direla zerbaiti izena emateko, baina “deklinabide” hitza ez da batere egokia, hala ageri baldin bada ere gramatika guztietan. Zer desberdintasun dago “etxean” eta “etxe ondoan” sintagmen artean. Badira batzuk, baina puntu honi dagokionez hau esan daiteke: “etxean” horretan postposizio itsatsi bat ikusten dugula (“-n”), artikuluaren ondotik. Postposizio hori ez da beregaina, ezin dugu bakarrik erabili, eta zerbaiti lotua ageriko da, baina aurreko izena beti bere osotasunean mantentzen da, aldatu gabe (deklinabidea duten hizkuntzetan izen horrek forma desberdinak hartzen ditu kasuen arabera). Bigarren sintagman, “etxe ondoan” sintagman, alegia, beste postposizio bat ageri da, “ondo-an”, baina hori postposizio askea da, eta ez itsatsia. Postposizio horrek badu berak ere bere postposizio itsatsia (“etxe ondotik” edo “etxe ondora” esan daiteke, besteak beste), eta marka gabeko izena gobernatzen du (kontuan hartu ez dela hori postposizio guztiekin berdin gertatzen (“etxetik hurbil”, ez “*etxe hurbil”, adibidez). Beraz, horixe da esan nahi dena: postposizioak ikusten ditugu euskaraz, postposizio itsatsiak eta postposizio askeak, guztiz paraleloak. Eta ez dago deklinabiderik, kontuak erraztearren “kasuez” mintzatuko bagara ere.

Hizkuntza postpositiboa dela diogu, eta hori erakusteko adibide batzuk eman ditugu izenarekin lotuak. Hala ere, postposizioaren kontu hori ez da hor amaitzen, eta sintaxian ere ikus daiteke, perpausaren hitzen ordenean, esate baterako: oinarrizko hurrenkeran, aditzarekin bukatzen dugu perpausa, jakina denez. Hori ikusten da ondoko ezaugarrian.

eranstea gehitzea da Hizkuntzak era askotakoak dira, baina tipologoek hizkuntza bakartzaileak, malgukariak eta eranskariak bereizten dituzte, haien arteko bereizketak egitea anitzetan aski zaila baldin bada ere. Hizkuntza bakartzaileek (txinera estandarra, vietnamiera, hizkuntza austronesioak, eta abar) joera dute forma bakarreko hitzak erabiltzeko, eta ez dute, horregatik, hitz eratorpen edo elkarketa prozesu asko erabiltzen. Beste hizkuntza batzuk malgukariak dira. Latina da hor kasu argia. Izenekin, adibidez, hau gertatzen da: dominus, domini, dominorum… Ikusten denez, izenaren oinarrizko erroak deklinabideko kasuen markak hartzen ditu, izenaren itxura aldatuz: dominus da nominatiboa, baina gero domini ageri da, edo domino, eta gainerako kasu guztiak, nahiz domin- horrek ez duen berezko izaerarik hiztegian hitz laxo gisan. Hizkuntza horiek dute benetako deklinabidea. Beste hizkuntza batzuk, euskara tarteko, eranskariak dira: hizkiak (artikulua, pluralgilea, eta abar) gaineratzen zaizkio hitzari (adiskide-a), eta azkenean postposizioak eransten zaizkio aurreko sintagmari (adiskidea-rentzat). Latinez ez bezala, hizkuntza hauek hiztegiko hitz bat hartzen dute oinarri, bere osotasunean (horregatik diogu euskaraz ez dela deklinabiderik, ikus beherago), eta hitzaren itxura aldatu gabe, kasu markak nahiz postposizioak eransten dizkiote hitzak osatzen duen sintagmari: adiskidea, adiskidearen, adiskidearentzat, eta abar. Izenekin, adjektiboekin eta izenordainekin gertatzen da hori. Gaztelania eta frantsesa ere hizkuntza malgukaritzat hartzen dira.

Hizkuntza tipologiak
Bakartzaileak txinera estandarra, vietnamera, hizkuntza austronesioakforma bakarreko hitzak
Malgukariak latinaerroa+deklinabideko kasu marka
Eranskariak euskarahitza+artikulua+postposizioa

Euskara gaztelaniarekin eta frantsesarekin erkatzen badugu, euskara, beste biak ez bezala, postposizionala dela esaten dugu (preposizioen ordez postposizioak ditu), eta eranskaria (postposizio hauek hitzari gaineratzen zaizkio). Hola, andre hitza hartzen badugu, artikuluarekin andrea egiten du, eta postposizioarekin andrearentzat, edo andrearekin. Postposizio horiek guztiak izenaren ondoren idazten ditugu, izenarekin (edo dagokion sintagmarekin) elkarturik. Gaztelaniaz edo frantsesez elementu horiek guztiak aurretik jartzen ditugu, bereiz idatziak: mujer, la mujer, de la mujer, con la mujer; femme, la femme, de la femme, avec la femme. Euskarak erabiltzen dituen elementuak baliokideak dira baina eskuinaldean kokatzen ditugu eta, gainera, itsatsiak. Horrek guztiak hitz hurrenkerarekin ere badu zerikusia, jakina. Hori da euskara inguruko hizkuntzetatik bereizten duen ezaugarrietako bat.

  • Erantsitako postposizio horiek itsatsiak ditugu batzuetan: Jonekin, menditik, lurrean, zuretzat, Ainhoari, Izarorengan, eta abar.
  • Beste batzuetan, ordea, postposizioak bereiz jartzen ditugu, askeak dira: maldan behera, zure ordez, etxe aurrean, lanari buruz, gizona baitan, goitik behera, eta abar.

Ohart gaitezen postposizio aske hauek arau zehatz batzuen agindupean eratzen ditugula. Batetik, postposizioari berari behatzen badiogu, horietako askok –ko genitiboaren marka har dezakete: etxe aurreko, maldan beherako, zure ordezko, lanari buruzko, goitik beherako. Beste batzuetan beste kasu marka batzuk ere har ditzakete: etxe aurretik, etxe aurrean, gizona baitatik… Badirudi horietan toki markak erants daitezkeela arazorik gabe. Ez, ordea, beste batzuetan: *lanari burutik. Hortaz, esan daiteke postposizioak behe, orde, aurre, baita… direla hor. Eta postposizio aske horiek beste postposizio itsatsi batzuk har ditzaketela. Hori batetik. Bestetik, postposizio bakoitzak aurreko sintagma gobernatzen du: maldan behera, baina ez *maldako behera. Beste hitz batzuetan esateko: postposizioak agintzen du nolako markak hartu behar dituen aurreko sintagmak: behera postposizioak inesiboa (-n) eskatzen du: maldan behera. Baina postposizio horren barneko egiturari behatuz gero, berehala ohartzen gara hor behe izena dagoela –ra kasu marka harturik. Horregatik gauza bera gertatzen da etxe ondoan bezalako sintagmetan: hor ondo izenak hartzen du inesiboaren marka. Postposizio asko izenak dira jatorriz, baina erabilera horretan guztiz adberbializatu direla esan daiteke. Horregatik diogu postposizioak berak markak har ditzakeela, eta aldi berean aurreko sintagmak hartu behar dituenak zein diren agintzen duela.

  • Batzuetan sintagma soila eskatzen du, hutsean: erreka alboan, herri barruan.
  • Edo absolutiboa: hirurak inguruan, ordu bata arte.
  • Aski arrunta da genitiboa eskatzea: gure aitzinean.
  • Edo datiboa: lanari buruz.
  • Ablatiboa ere, edo inesiboa: eskolatik at; maldan goiti.
  • Instrumentala da batzuek nahi dutena: honetaz gain, elizaz landa.
  • Beste zenbaitetan partizipioa eskatzen du postposizioak, edo aditzoina: etorri artean; ekarri beharrean; ebats arau.
  • Adjektibo sintagma ere eska dezake: makal antzean.
  • Edo zenbatzaile sintagma: bi ordu barru.

Erreferentziak

  • Fernandez, Beatriz, eta Jon Ortiz de Urbina (2007), Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan. Bilbo, UEU.
  • Whaley, Lindsay J. (1997) Introduction to Tipology. The unity and diversity of language, Thousand Oaks, Sage Publications.

Gaian sakonduz

Munduko beste hizkuntza asko kontuan harturik, gai honekin loturik dago ondoko esteka honetan aurki dezakezun informazioa: hemen

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntza eranskaria", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3