Erabiltzaile Tresnak


morf:2:2:1

Postposibotasunaz

Euskara hizkuntza postpositiboa dela esan ohi da, batik bat atzizkiak erabiltzen dituelako:

  • etxe-a
  • esku-z
  • begi-ra

Euskarak ageri duen atzizkien ugaritasun honek ezaugarri sakonago bat islatzen du, sintaxi-osagaien (sintagmen) eraketari zor zaiona. Giza hizkuntzan, sintaxi-egitura osagaien bitartez eratzen da. Osagai hauek sintagma izena dute. Sintagmak, nolabait esateko, hizkuntzaren zelulak dira, eta bizidun guztiak zelulen bitartez eratuta dauden bezala, hizkuntzako egitura guztiak sintagmen bidez eratuta daude. Sintagma batek hitz edo ale lexiko bakar bat izan dezake, hurrengo adibideko nork sintagmak bezala:

NORK DANTZATUKO OTE DU SOINUTXO HORI?

  • Nork dantzatuko ote du soinutxo hori?

Baina sintagmek hitz bat baino gehiago izan dezakete:

  • nork dantzatuko ote du soinutxo hori?

Sintagma guztiek buru bat daukate; burua sintagmaren gunea da, eta buruak erabakitzen du sintagma zein motakoa den. Horrela, goiko adibidean, soinutxo hori sintagmaren burua hori erakuslea da. Beharbada eskolan bestela irakatsi dizute kontu hau, sintagma horren burua soinutxo dela esanez. Garai batean hala uste zen, eta sintaxiaren ur-sakonetan ez sartzearren esan ohi da hori gaur egun, baina orain ikusiko duzu euskal gramatika (eta baita gainerako hizkuntzen gramatika ere) askoz sinpleagoa dela hemen aurkezten den sintagma-egitura zurrun eta soilaren ikuspuntutik. Erakusleak determinatzaile kategoriako hitzak dira, eta izenak har ditzaketen Determinatzaile Sintagmak osatzen dituzte. Euskaraz, ia beti, sintagmen buruak azkenak dira sintagmaren hiz-hurrenkeran. Horrela, Determinatzaile-sintagman (DS) determinatzailea da burua eta azken hitza, Postposizio-sintagman (PS) postposizioa da azken hitza, Aditz-sintagman (AS) aditza da azken hitza, eta perpausa deitzen dugun sintagmaren kasuan, burua Flexioa (edo aditz-jokoa) da. Horregatik, hizkuntzalarion artean, berdin erabil ditzakegu “perpaus” eta “Flexio-sintagma” (FS) deiturak. Perpausaren kasuan, aditz jokoa azken hitza da hurrenkera kanonikoan. Kontua da, beraz, sintagma horietan guztietan burua azken hitza dela euskaraz, beheko adibideetan erakusten den legez:

  • [liburu]a
  • [liburua]ren
  • [liburuaren hitzaurrea] irakurri
  • nik [liburuaren hitzaurrea irakurri] dut

Atzizki edo postoposizio hitzek duten esanahia “azken hitza” da, eta morfema asko dauden hurrenkera batean bat bakarrik izan daiteke azkena, baina erraz ikus daiteke hurrenkera horretan azkenaurreko eta tarteko diren morfemak ere atzizkiak izan daitezkeela, haien sintagma (zeinetan buru baitira) isolaturik behatzen dugunean. Adibidez, determinatzailea atzizkia da absolutiboko sintagmetan (hau da, NOR kasuko sintagmentan), baina determinatzaile horren atzetik kasu markak ager daitezke “itsatsita”:

  • txori-a
  • txori-a-k
  • txori-a-ri

NORK DANTZATUKO DU SOINUTXO HORI?

“Deklinabide” deitzen dugun atzizkiekin ere gerta daiteke morfema-metatze hau:

  • txori-a-ren
  • txori-a-ren-gan-a-ino

Atzizki edo postposizio hitzak teknikoki erabiltzen baditugu, adibide horietan agertzen diren morfema guztiak atzizkiak lirateke, sintagma-hurrenkeran sintagma bakoitzeko azkeneko hitzak direlako. Postposizioak itsatsiak (“mendi-ra”) nahiz askeak (“mendi ondora”) izan daitezke. Ikus “Postposizioa eta postposizio sintagma” atala.

Euskararen atzizkiak erabiltzeko joera nabarmen hau beste ezaugarri batzuekin lotzen da: perpausaren hurrenkera kanonikoan aditz multzoa izan ohi da azkena, osagarria aditz nagusiaren aurretik doa, aditz nagusiaren atzetik aditz laguntzailea agertzen da, erlatibozko perpaus arruntak izenaren aurretik doaz, genitibozko sintagma izenaren aurretik doa, eta abar. Ezaugarri hauek guztiak sintagmen eraketari zor zaio: gure hizkuntzan, sintagma-buruek azkeneko kokagunea hartzen dute hurrenkeran, japonieraz edo turkieraz bezala, eta ez lehenengo kokagunea, espainolak, frantsesak edo ingelesak egiten duten bezala:

  • Kobe ni Japoniera: “Kobera”
  • ağaç-ta Turkiera: “herrira
  • to London Ingelesa: “Londresera”
  • a Bilbao Gaztelania:“Bilbora”
  • cerca de Bilbao Gaztelania: “Bilbo ondoan”

Laburbilduz, bada, euskara hizkuntza postpositiboa dela esaten dugu, atzizkiak erabiltzeko joera handia daukalako. Azaleko ezaugarri honek sustrai sakonak ditu euskararen sintaxi-egituran: euskararen sintagmak buru-azken dira, eta beraz sintagmaren burua azkeneko hitza da hurrenekeran. Atzizkiak deritzogun buruak (deklinabide-markak esaterako) eta baita atzizki ez deritzogunak (aditz laguntzailea esaterako), denak datoz bat ezaugarri honi dagokionez. Horregatik esan ohi da euskara hizkuntza buru-azkena dela. Hizkuntza postpositiboak hizkuntza buru-azkenak dira haien sintaxi-egituran.

— Egilea: Itziar Laka

lanaren aipamena nola egin...

Itziar Laka, "Postposibotasunaz", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3