Erabiltzaile Tresnak


morf:2:3

Sintagmek burua azkenean

Adibide horietan guztietan ikusten da euskara hizkuntza eranskaria dela:

Postposizioak eransten zaizkio sintagma osatzen duen azken hitzari (etxe ederrean, mendi gainean dagoen herrira…). Postposizioak gobernatzen du sintagma eskuin aldetik, eta gauza bera gertatzen da postposizio askeekin ere: eskuinetik gobernatzen dute aurreko sintagma (maldan behera) eta, aldi berean, batzuetan postposizio aske horrek berorrek postposizio itsatsiak ere hartzen ahal ditu (etxe ondotik).
  • Hau guztia ondoren azalduko den beste ezaugarri batekin loturik dago: Euskarak burua azkenean duela esaten dugu. Zer esan nahi dugu horrekin? Lehenago aipatu dugu euskara SOA hizkuntza dela: neskak mutila besarkatu du. Aditza azkenean jartzen duela, alegia. Aditza da aditz sintagmaren muina. Aditzaren barnean dago -edo aditzarekin lotua, barnean biltzen ez badu ere, hori trinkoetan bakarrik gertatzen baita- perpausaren burua (laguntzailea edo, hobeki esan, inflexioa deritzana, zehatzak izan nahi badugu, ikus beherago). Aditz nagusiaren eta laguntzailearen arteko bereizketa zertan oinarritzen den geroxeago azalduko da xehekiago. Esan dezagun oraingoz, aski da hori, perpausaren azkenean aditza doala, eta aditzak biltzen duela perpausaren gunea. Ikusten dugu, hortaz, inguruko hizkuntzetan ez bezala, osagai hori amaieran uzten dugula.
  • Koherentea da hori, halaber, hizkuntza postpositiboa izatearekin, kasuetan ageri diren marka horiek (-n, -tik, -ekin…) baitira, berez, sintagma buruak, eta burua azkenean ageri baita (ondoko hizkuntzetan: en casa/at home/ à la maison; de casa, con el amigo). Mugatzaileak (artikulua eta erakusleak) ere beti amaieran jartzen ditugu: etxea, herri horiek, eta ez aurretik, inguruko hizkuntzetan bezala (la casa; la maison; the house).
  • Aditz laguntzailea ere arruntean aditz nagusiaren eskuinean dago: egin dute, ikus dezagun… (ondoko hizkuntzetan: lo han hecho, hemos venido, Marie est venue,…). Badira hemen salbuespenak, jakina, baina horiek, gramatika honetan, dagokion tokian adizki laguntzaileen atalean argituko dira. Hola, etorri da bezalako sintagma baten osagaiak aditz laguntzailearen inguruan biltzen dira: Mirenekin etorri da. Edo, bestela esateko, sintagma horren burua aditz laguntzailea da eta hori ere azkeneko tokian doa (baiezkoez ari gara, jakina).
  • Euskarak, bestetik, menderagailuak ditu, eta menderagailu gehienak ere laguntzailearen eskuinean jartzen dira: entzun dugula, ikusi duten, delako, eta abar (ondoko hizkuntzetan: que hemos oído, que han visto, porque es pequeño…).
  • Euskarak, azkenik, atzizkiak ditu, ez aurrizkiak (edo, aurrizki batzuk baldin baditu ere, gutxiago dira, eta berriagoak, arruntean –nahiz ez denak– mailegu berrien analogiaz sortuak direnak). Nolanahi ere, bistan da gaztelaniak eta frantsesak aurrizkiak dituztela, eta euskarak atzizkiak.

Gramatikan geroago ikusiko dugunez, hurrenkera horiek guztiek, azken batean, gauza bat erakusten dute, euskal sintagmen burua sintagmaren amaieran ageri dela.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sintagmek burua azkenean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3