Erabiltzaile Tresnak


morf:2:4

Deklinabiderik ez

Euskal gramatiketan, eta EGLUn ere bai, euskal deklinabideaz hitz egin izan da. Horrela, deklinabideko kasuak aipatzen dira. Lan honetan, hala ere, ez dugu hitz hori erabiliko, ez baita egokia, gure ustez, euskararen kasuan termino horretaz baliatzea. Azken batean, nola gaztelaniak edo frantsesak preposizioak dituzten, dagokien izenaren aurrean jartzen direnak, euskarak preposizioak izan beharrean postposizioak dituela esatearekin aski da, kasu markak ere, azken batean, postposizioak baitira. Badira desberdintasunak, nolanahi ere, ez bakarrik tokiari dagokionez. Preposizioek badute nolabaiteko askatasun punttu bat, euskal postposizioekin gertatzen ez dena. Preposizioak elkarturik ager daitezke: lo haremos con o sin Antonio; Vive por y para la música. Ez, ordea, postposizioak euskaraz: *Andonirekin edo tzat eginen dugu. Euskaraz ezin da izena ezabatu, postposizioa izenarekin loturik ageri da. Postposizio askeen askatasun handiagoa dute: horren alde edo kontra zaude zu?

Idazkeran ikusten da hori aski garbi:

  • preposizioak bereiz idatzirik ageri dira: a casa; à la montagne; to the mountain
  • Euskal postposioekin ez da hori gertatzen: batzuk atxikiak dira, eta izenarekin1 elkarturik ematen dira (mendira); beste batzuk postposizio askeak dira, eta bereiz idazten ditugu (mendi ondoan). Azken kasu horretan postposizio askea den ondo horrek beste postposizio atxiki bat (-n) hartzen du2. Ez da har dezakeen bakarra: mendi ondora, mendi ondotik, eta abar. Gauza bera gertatzen da postposizio aske askorekin. Postposizio aske hauek beren kasua har dezakete (zure alboan, zure albora, zure albotik, herri barrutik,…), eta aurreko sintagmaren kasua ere gobernatzen dute (maldan beheiti, zuri esker, auzi horren gainean…).

Deklinabidea edo postposizio hutsak?

Zergatik esaten dugu euskaraz ez dela egiazko deklinabiderik? Deklinazioa hizkuntza malgukarien ezaugarria da, eta izenak, adibidez, deklinatzen direla diogunean, izen horien morfologia aldatu egiten da erroa oinarri hartuz. Latina da kasu tipikoa: dominus, domini, domino… bezalako aldaerak hiztegiko dominus (‘jauna’) hitzaren kasu aldaerak dira. Aldaera horiek osatzen duten multzoari deitzen zaio deklinabidea, eta aldaera bakoitzari kasua deitzen zaio. Kasu markak dira –us, -i, -o… Denak domin- erroari atxikitzen zaizkio. Baina domin ez da ezer ere latinez, zerbaiten erroa ez bada. Euskaraz ere, itxuraz, bederen, holako zerbait gertatzen da: jauna, jaunaren, jaunari… Baina ongi ohartzen bagara badira hor bi desberdintasun latinean ageri ez direnak: batetik, hitz osoa ageri da hor (jaun), eta ez hitzaren zati bat bakarrik, latinarekin gertatzen den gisan. Bestetik, hitzak determinatzailea hartzen du (-a), eta gero eransten zaizkio kasu markak (-∅, -en, -i…). Ez da beharrezkoa, jakina, beti determinatzailea agertzea hor (zenbat jaunekin etorri zara? perpausean izena+kasu marka besterik ez dugu), eta morfema batzuen artean tarteko lotura-morfemak ere agertzen ahal dira (goiko kasuan jaun+a+r+en). Badira arau fonologiko batzuk hemen orain aipatuko ez direnak.

Postposizioa sintagma osoak hartzen du, ez hitz bakoitzak

Bada beste desberdintasun nabarmen bat ere: postposizio hori sintagma osoari ezartzen zaio, eta bere gain hartzen du sintagma osatzen duen azken hitzak: deiadar handiz esaten badugu, -z postposizioa ez dagokio handi hitzari, baizik deiadar handi sintagmari: [deiadar handi]z. Baina latinez, esaterako, ez da hori gertatzen, kasu marka sintagma osatzen duten osagai guztiei ezartzen baitzaie. Lehenik preposizioa ageri da, eta kasu marka gero sintagma osatzen duten izen-adjektiboei erantsia: cum magno clamore.

Gauza bera ikusten da ondoko perpaus honetan: Tarraco izan zen eskualde tarracotarraren hiriburua. Hor sintagma hau ageri zaigu, besteak beste: [[eskualde tarrakotar]aren]. Baina latinez desberdina da: Tarraco caput fuit provinciae Tarraconensis. Hor, provinciae Tarraconensis sintagman, izenak eta adjektiboak daramate genitiboaren marka. Badira desberdintasun gehiago: latinak bost deklinazio mota ditu, morfologian bereizten direnak. Genitibo plurala, adibidez, -arum izan daiteke (puellarum, ‘neskena’), -orum (servorum, ‘esklaboena’), -um (temporum, ‘denborena’), -ium (avium, ‘hegaztiena’) edo –erum (sperum, ‘esperantzena’). Euskaraz beti bakarra dugu, eta oso sistematikoa da hori kasu guztietan (salbuespen bakarra izenordainen genitiboa, batzuetan: Mirenen da arrunta, baina ni izenordainak nire egiten du, -n marka gabe3.

Arrazoi horiengatik guztiengatik diogu ez dagoela deklinabiderik euskaraz: euskaraz postposizioak ditugu aurreko hitzari atxikiak, sintagma osoa besarkatzen dutenak, eta beste hizkuntza batzuek, ordea, preposizioak dituzte aurretik.

Deklinabiderik ez baina bai kasua

Deklinabiderik ez bada, horrek esan nahi du kasurik ere ez dela? Ez nahitaez. Euskaraz ez da deklinabiderik, baina badira kasuak. Inguruko hizkuntzetan ere, nahiz deklinabiderik izan ez, genitiboa, zeharkako kasua eta holakoak aipatzen dira. Beraz, kasuez mintzatuko gara, baina kasuak ez dira eratzen euskaraz deklinabidearen bitartez. Bai, ordea, latinez, esate baterako.

Postposizio sintagmak zer diren

Postposizioak eratzen duen sintagma Postposizio Sintagma deitzen dugu. Holakoak dira mendian, etxe ondoan, Mikelentzat, maldan goiti, ahizparekin… Horiek guztiak Postposizio Sintagmak dira, eta postposizio baten inguruan eratzen dira. Denen ezaugarria da sintagmaren ardatza azkenean ageri dela. Bat dator hori goian esan dugunarekin: burua azkenean. Greenberg hizkuntzalariak (1963) aztertu ditu munduko hizkuntzek dituzten antzekotasun tipologikoak, bera izan da holako lan mota modu sistematikoan egin duen lehenbizikoetakoa. Hizkuntzak sailkatzeko orduan honako hau aurkitu zuen, besteak beste: adierazpen perpausetan joera handia dago subjektua osagarri zuzena baino lehenago agertzeko (SOA); SOA hizkuntzak arruntean postposiziodunak dira (etxera), Greenbergen 4. unibertsala; genitiboa, hizkuntza preposiziodunetan, izenaren ondotik doa (la casa de Juan; la maison de Jean), baina hizkuntza postposiziodunetan genitiboa aurretik ageri da (Jonen argazkia); SOA hizkuntza batean genitiboa izenaren ondoren ageri bada, orduan adjektiboa ere izenaren ondotik ageri da. Berehala itzuliko gara hona.

Sintagma motak

Gramatiketan Izen Sintagma deitu izan dira adiskidea, gure etxea edo leiho handia bezalakoak. Hala ere, gramatikari batzuen ustez egokiago litzateke holakoetan Determinatzaile Sintagmaz hitz egitea. Horiek Determinatzaile Sintagmak lirateke, eta hala deitzen dituzte hizkuntzalariek beste hizkuntza batzuetan. Gramatika honetan aurrerago azalduko da arazoa, baina koherentea litzateke orain arte esaten dugunarekin, hor ere burua, -a determinatzailea kasu honetan, amaieran ageri baita. Kontu honetara berriz ere itzuliko gara gramatika honetan.

Arazoak sor litezke, itxura batean, adjektiboekin: etxe handia esaten dugunean, determinatzaile sintagma litzateke sintagma osoa. Zer da, ordea, hor ageri den etxe handi hori? Badirudi Izen Sintagma dela, baina sintagma burua izena (etxe) baldin bada ez da amaieran ageri, baizik aurretik. Greenbergek egindako azterketetan OA motako hizkuntzetan adjektiboak izenaren aurrean egon behar luke (genitiboarekin gertatzen den gisan), eta izenaren ondotik, hurrenkera VO baldin bada. Hori ez letorke bat euskararekin. Baina Greenbergen analisia, puntu honi dagokionez, ez dirudi zuzena den, berehalaxe izan baitzen hizkuntzalarien artean eztabaidatua. Dryer-ek (1992) erakutsi zuen ez dagoela halako joerarik, munduko berrehun hizkuntzatik gora aztertu ondoren. Cinquek (2005) ere gauza bera erakutsi zuen. Gaurko gramatiketan, zernahi gisaz, gizon handi ez dela berez IS proposatzen da, baizik Adjektibo Sintagma (AdjS), hau da, sintagma horretan adjektiboa bera (handi) izango litzateke burua, IS (gizon) haren osagarria eta horrek dagokion determinatzailea harturik (-a, kasu honetan) osatuko luke DS, determinatzaile sintagma (gizon handia). Hori proposatu izan dute Artiagoitiak (2002a, 2002b, 2004, 2006) eta Oyharçabalek (2006), esate baterako, argumentu sendoak erabiliz gainera. Badira, hortaz, arrazoiak holako zerbait dela pentsatzeko. Hori hala balitz, orduan ez genuke arazorik izango, eta guztia koherentea litzateke, burua azkenean ageri baita (gizon handi).

1 edo Determinatzaile Sintagmarekin, geroago ikusiko den gisan
2 ondo postposiziotzat hartu behar den edo ez zalantzak izan daitezke. Hiztegi Batuan iz kategoriarekin ageri da (mahai edo itxaropen bezala). Hala ere, ez da gainerako izenak bezalakoa. Baina EEHko adibideak ikusten baditugu berehala ohartuko gara gaur ez dela izen moduan erabiltzen. Bada “izen” multzo bat (ondoan, aurrean, atzean, gainean, azpian…) tokia (batzuetan denbora ere) adierazten dutenak eta –n, -ra, -tik postposizioekin erabiltzen dira ia beti. Horregatik erabaki dugu postposiziotzat hartzea
3 Hemen Rudolf de Rijk (2008: 34) ikus daiteke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Deklinabiderik ez", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3