Erabiltzaile Tresnak


morf:2:6

Aditz komunztadura

Euskal adizkiaren itxura dugu euskararen beste bereizgarri argi bat. Batez ere laguntzaileareakin erabiltzen ditugun adizkietan. Gauza jakina da euskal aditzak pertsona aniztasuna islatzen duela. Jakina, ez da hau hizkuntza honek bakarrik duen ezaugarria, hizkuntza askok erakusten baitituzte aditz sistema aberats eta konplexuak: errumanierak, adibidez, hainbeste aditz joko desberdin ditu (autore batzuen ustez 4, beste batzuen ustez 8, nolako irizpideak erabiltzen diren).

Pertsona markak aditzean

Euskarak, kontu jakina da hau, aditz laguntzailean pertsona markak erakusten ditu, aditzaren argumentu nagusien pertsona markak. Hizkuntza anitzetan pertsona markak subjektuarekin bakarrik izaten dute zerikusia: subjektuaren pertsona aldatuz gero, adizkia ere aldatzen da. Ingelesez, esaterako, lehenbiziko biak eta hirugarrena bakarrik bereizten dira: “I go” (ni noa), “You go” (zu zoaz), “he goes” (bera doa). Lehenbiziko bi adibideetan, pertsona aldaturik ere, adizkia ez da aldatzen. Espainolez aldatzen da, ordea: “yo voy”, “tu vas”.

Alde horretatik, gaztelaniaren aditz morfologia ingelesarena baino aberatsagoa da. Baina, denok dakigunez, euskararena are aberatsagoa: “yo te he visto”, “yo os he visto”, baina “ikusi zaitut”, “ikusi zaituztet”.
Euskararen laguntzaileak aditzaren hiru argumentu nagusiak erakutsian uzten ditu: subjektua, objektua eta datiboa. Gauza bera gertatzen da adizki trinkoekin ere. Eta horrek ingelesak edo gaztelaniak baino askoz ere adizki gehiago sortzen ditu, ezinbestean. Horregatik ikusten dute batzuek euskal aditzaren sisteman munduko mirari bat, eta beste batzuek, aldi berean, munduko konplexutasun aspergarriena. Ez bata ez bestea: hori da hizkuntza natural honek duen funtsezko ezaugarria, ez da deus ere gehiago. Informazio gehiago Inflexioa edo Aditz komunztadura izeneko ataletan ikus daiteke.|

Argumentuen isla aditzean

Euskal perpausetan hiru argumentuak ager daitezke: nik subjektua, Joni zehar osagarria eta liburuak osagarri zuzena. Argumentuak orotara hiru dira, ekarri aditz iragankor datiboduna/aditz ditrantsitiboa delako. Hori esan nahi du, hain zuzen ere, “ditrantsitibo” hitzak, delako aditz horrek osagarri zuzena eta zehar osagarria eskatzen dituela, hain zuzen ere (gramatikari batzuek “hipertrantsitibo” ere deitu izan diete holako aditzei).

Kontuan izan behar dugu, hortaz, aditz iragangaitzek argumentu bakarra dutela (subjektua), aditz iragankorrek bi (subjektua eta osagarri zuzena) eta aditz ditrantsitiboek hiru (subjektua, zehar osagarria eta osagarri zuzena). Hirugarren argumentuak, hots, zehar osagarriak datibo kasua jasotzen du eta -( r)i marka morfologikoa du euskaraz.
  • Begira diezaiogun orain aditzari. Aditzak forma analitikoa (euskal gramatiketan perifrastiko deitu izan zaie holakoei) erakusten du, hau da, aditz lexikoa (ekarri) eta aditz laguntzailea (dizkiot) bereizten ditu, eta aditz laguntzaile horrek jasotzen du lehen aipatu ditugun hiru argumentuen gaineko komunztadura, hots, subjektu, zehar osagarri eta osagarri (zuzen) komunztadura:

    • dizkiot
    • -t: subjektu komunztadurari dagokio singularreko lehen pertsonako atzizkia
    • -zki: osagarriaren numero komunztadura marka da
    • -o: singularreko hirugarren pertsona komunztadura marka zehar osagarriari zor zaio.

Ikusten denez, beraz, askotariko komunztadura jasotzen da aditz laguntzailean. Kontuan izan beharra dago hizkuntza asko eta askotan, gaztelaniaz edo frantsesez, esaterako, subjektu komunztadura baino ez dagoela, eta oso gutxi direla euskaraz bezalaxe, hiru komunztadura marka jasotzeko gaitasun morfologikoa dutenak. Horien artean aipatu beharrak dira Kaukasoko Ipar-mendebaldeko abkhar-adygtar hizkuntzak (abkhazera, ubikhera, adyghera)1. Gaztelaniaz, zenbait kasutan, klitiko batzuekin gertatzen denak euskaraz egiten duguna ere ekartzen digu gogora: Tu a mí esos papeles, déjamelos bien ordenados.

Ergatibotasuna

Berezi samarra da euskararen aditz komunztadura. Goian esan dugu euskara hizkuntza ergatiboa den edo ez ebazten dugula bere kasu sistemari begiraturik, baina hori bera jakin daiteke komunztadurari begira ere: baldin eta aditz iragangaitzeko eta aditz iragankorreko subjektuei komunztadura marka diferenteak egozten bazaizkie eta aditz iragangaitzeko subjektuari ezartzen zaiona osagarriari ezartzen zaion bera bada, orduan, komunztadurak sistema ergatiboa erakutsiko du. Lehen aipatu dugu hau, baina ikus dezagun astiroago:

  • zu berandu etorri zara
  • zuk ni ikusi nauzu
  • nik zu ikusi zaitut

Aditz laguntzaileak biltzen dituen markak hartu ditugu hor kontuan eta haiei behatu diegu.

Erreparatu diezaiogun zu pertsona izenordainari:

  • Lehen perpausean zu subjektua da, absolutibo kasua du eta aditz laguntzaileak z- aurrizkiaren bitartez egiten du komunztadura harekin.
  • Bigarren perpausean, aldiz, zuk subjektua izan arren, ergatibo kasua du eta -zu atzizkiaren bitartez ageri da aditz laguntzailean. Ikusten denez, subjektu komunztadura ez da hizki bakar batekin bakarrik adierazten aditzean: komunztadura aurrizkia (-z) egozten zaio absolutiboz markatutako subjektuari eta komunztadura atzizkia (-zu), berriz, ergatiboz markatutako subjektuari. Horregatik, hizkuntzalaritzan absolutibo komunztaduraz eta ergatibo komunztaduraz hitz egitea egokiago ikusi da, ez horrenbeste subjektu komunztaduraz, subjektu komunztadura bat bera ez delako.
  • Hirugarren perpausari begiratzen bazaio, zu osagarria da eta osagarri horrek predikatu iragangaitzeko subjektuaren kasu bera du, hots, absolutiboa eta bere z- komunztadura aurrizki bera du aditz laguntzailean. Beraz, euskararen komunztadura sistema bera ere ergatiboa da.

Ergatibotasuna beste hizkuntza batzuetan

Hizkuntza ergatibo batzuetan ergatibotasuna ez da kasuen bitartez azaltzen, komunztaduraren bitartez baino. Maiar hizkuntzak halakoak dira, hots, komunztadura sistema ergatiboa dute. Argumentuek, euskaraz ez bezala, ez dute kasu marka espliziturik, eta hortaz, ezin daiteke esan kasu sistema ergatiborik edo bestelakorik dutenik. Alabaina, komunztadurak erakusten duenez, aditz iragangaitzeko subjektua eta aditz iragankorrekoa bereizi egiten dira eta osagarriaren komunztadura marka bera du iragangaitzeko subjektuak. Ergatiboak dira, beraz.

Euskarak, nolabait ere esateko, modu bikoitz batean erakusten du izaera ergatiboa: kasu sisteman eta aditz komunztaduraren sisteman.

Ergatibotasuna eta komunztadura haustura

Baina batzuetan komunztaduran haustura bat gertatzen da. Ikus ditzagun perpaus hauek:

  • ni berandu etorri naiz / nik Jon ikusi dut
  • ni berandu etorri nintzen / nik Jon ikusi nuen

Lehen bi perpausetan, espero izatekoa den komunztadura aurkitu dugu: batetik n- absolutibo komunztadura aurrizkia ni absolutiboz markatutako subjektuarekin lotzen dugu, eta bestetik -t ergatibo komunztadura atzizkia nik ergatiboz markatutako subjektuarekin. Alabaina, gauzak zertxobait aldatzen dira iraganeko kideko bi perpausetan, bereziki azken perpausean, nik subjektu ergatibodunak adizkian ohiko -t komunztadura atzizkia erakutsi beharrean, ezusteko n- komunztadura aurrizkia erakusten baitu, orainaldiko perpausaren absolutiboaren marka (eta ez, espero zitekeen gisan, ergatiboarena): Jon ikusi dut / Jon ikusi nuen.

Horren ondorioz, bi subjektuen arteko komunztadura berdindu egiten da, eta hizkuntza akusatiboetan ere hala izaten denez (pentsa bestela nosotros venimos / nous arrivons ‘gu gatoz’ eta nosotros leemos / nous lisons ‘guk irakurtzen dugu’ subjektu komunztaduren batasunean), badirudi ereduak huts egiten duela. Holako gauzak ez dira arrotzak hizkuntza ergatiboetan. Ergatibotasun hautsia deritza honi, edo “ergatibotasun erdibitua” (split ergativity), eta horrek erakusten du ergatibotasunaren ezaugarrien eredua batzuetan hautsi egiten dela. Hala ere, ikusi behar da hori egiazko haustura den, ala erdibiketaren itxura baizik ez den. Gure ustez, itxura kontua da gehiago, egiazko erdibiketa baino. Erdibiketa itxura diogu, zeren tipologikoki apur bat desbideratzen baita euskara euren komunztadura sisteman erdibiketak erakusten dituzten beste hizkuntza batzuetatik.

Kontuan izan behar da halako itxuraketa akusatibo bat gertatzen dela euskaraz iraganean edota alegiazko adizkietan (egingo nuke, egin nezake), hau da, nolabait denborak edota moduak baldintzatzen dutela nuen eta abarren agerraldia. Eta betiere absolutiboaren hirugarren pertsonaz ari gara2, ez besteez: hura ikusi nuen baina zuk ikusi ninduzun. Azken hori guztiz erregularra da: zuk ikusi nauzu, zuk ikusi ninduzun. Alabaina, aditz morfologiaren ergatibotasun erdibitua (ikusi dut, ikusi nuen) denborak, aspektuak edo moduak ere baldintza dezaketen arren, hala izanez gero, ez da hizkuntza horietan gertatzen euskaraz gertatzen dena, baizik juxtu-juxtu alderantzizkoa: euskaraz ez bezala, iragan denboran edo aspektu burutuan gertatzen da itxuraketa ergatiboa eta akusatiboa, berriz, bestelakoetan. Hindiera/urduera dugu honen adibide. Hortaz, antzekotasun tipologikoak beste nonbait aurkitu behar ditugula dirudi eta ez horrenbeste ergatibotasun erdibituaren eremuan.

Ergatiboa lekuz aldatzea

Nik Jon ikusi nuen perpausean erakutsi dugun fenomenoari ergatiboa lekuz aldatzea deitzea egokiago litzateke, Laka (1993) eta beste batzuen ustez. Deitura horren atzean dagoen ustea da ergatibo komunztadura, atzizkia izan ohi dena, lekuz aldatu dela nolabait eta aurrizki baten bidez azaldu dela (-t –> n-). Fenomeno hau azaltzeko, hortaz, bi modu erabil daitezke:

  • ergatibotasun erdibitu klasikoa: beste hizkuntza batzuetan gertatzen dena; baina azalpen horrek baditu eragozpenak, esan bezala.
  • ergatiboaren lekualdatzea: hau ere ez da batere gauza berezia euskaraz, sintaxian beti ikusi izan dira lekualdatze fenomenoak: norekin esan dizu Maitek bizi dela? Perpaus arrunt horretan kontua ez da ni norbaitekin nagoela eta Maitek esan didala zerbait, baizik Maite norbaitekin bizi dela (bera edo beste norbait), eta galdera egitean norbait horretaz erabiltzen dugun galdetzailea tokiz mugitu dugula (alde batera utziko ditugu hemen interesik ez duten perpausaren barne egiturako beste kontu batzuk): norekin esan dizu Maitek - bizi dela? Hutsarte horretatik mugitu da galdetzailea kanpora. Bada, holako zerbait gertatuko litzateke aurrizkiarekin ere: -t atzizkia (dut), n- aurrizkia bihurtzen da tokiz aldatzean (nuen).

Erdibitzea izan, lekualdatzea izan, beste batzuek uste dute, ordea, eta hau litzateke hirugarren azalpen posiblea, hor ez dela benetan lekuz aldatutako ergatibo komunztadura hizkirik, baizik absolutibo komunztadura hizki huts bat. Hemen ere, ikusten denez, kontrako hipotesiez azaldu nahi izan dira datu berberak. Inork ukatuko ez duena da aipatzen ari garen perpausean komunztadura aldetik zerbait bitxia gertatzen dela, ingeleseko eccentric agreement deitzen dutena (Ken Hale, Eccentric Agreement), zeren euskaraz ez ezik, munduko beste hizkuntza urrun samarretan ere antzeko fenomenoen testigantza jaso baita, txuktxieraren antipasibo izunean (spurious antipassive, ingelesez) adibidez. Itzuliko gara geroago egitura antipasibo hauen ezaugarrietara.

Aipatzekoa ere bada, neurri batean bitxia, eta orain ez gara azalpen teknikoez ari, euskaltzaleak nola mintzatu diren forma hauezaz ohartu direnean, nola ikusi izan dituzten. Adibidez, Euzkeltzale Bazkunak 1933an argitaratu zuen euskara ikasteko testuliburuan, iraganerako, leudan, leuguban, leuzuban… formak ematen ditu, eta sarriago erabili arren, forma okertzat hartzen ditu neban, geban, zeban… edota azken bi horien ordezko genduban, zenduban… Ikusten denez, ergatiboaren lekualdatzea zuten formak (aditz batuko nuen, genuen, zenuen adizkien kidekoak) okertzat jotzen zituzten, eta forma zuzentzat jotzen zituzten komunztadura sistemari eusten zioten forma asmatuak. Bitxikeriak bitxikeria, arretarik ez zaio falta izan komunztadura itxuraketa honi, ez euskalarien artean, ez oro har gramatikarien artean ere.

Komunztaduraz ari garela, komunztadura argumentalaz hitz egin dugu orain arte, subjektuarekin eta gainerako argumentuekin batera datorrenaz. Hola, nik zu ikusi zaitut diogunean, laguntzailean markaturik gelditzen dira subjektua (nik…, adizkiaren amaieran –t ageri da) eta objektua (zu…, adizkiaren hasieran z-): zaitut.

Argumentuak eta alokutibotasuna

Horiek argumentuak dira: ikusi aditzak norbaitek zerbait ikustea eskatzen du. Komunztadura argumentala dela diogu, horregatik. Aldiz, beste batzuetan aditzak beste mota bateko komunztadura egiten du: ikusi dut / ikusi diat / ikusi dinat. Adizki horietan lehenbizikoa bakarrik da zaitut-en pareko. Beste bietan beste mota bateko komunztadura egiten da: diat erabiltzen dugu gure solaskidea gizona bada, eta dinat, berriz, andrea delarik, baldin hizkera alokutiboa aukeratzen bada. Baina solaskidea andrea edo gizona izateak ez du deus zerikusirik aditzaren argumentuekin. Holakoetan komunztadura ez-argumentala egiten da eta orduan izatez ez da perpauseko inongo argumenturi dagokion agerpen morfologikoa, ez bada argumentua ez den zerbaiti egotzi beharrekoa. Komunztadura ez-argumentala da euskararen alokutiboa, ikusten denez (Oyharçabal 1993). Tipologikoki ezaugarri berezia da hau ere, japonieraren honorifikoekin konpara daitekeena, esaterako. Konpara ditzagun elkarren artean ondoko bi perpausak: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot eta nik Joni liburuak ekarri zizkioat/zizkionat. Lehenbiziko perpausean komunztadura argumentala egiten da, beste bietan argumentala eta ez-argumentala (alokutiboen erabileraz ikus Alberdi 1996).

Ez dago desberditasunik, esanahiaren aldetik, adibide horien artean. Desberdintasun bakarra aditz laguntzailaren formari begira antzeman daiteke: dizkiot vs. zizkioat/zizkionat. Zizkioat/zizkionat adizkiek jasotzen dituzte banaka-banaka lehen aipatu ditugun komunztadura morfema guztiak, baina morfema berri bat ere gaineratzen du: -a/-na morfemak, hiztunak aurrean duen solaskideari dagozkionak. Hizketa modu hau solaskideari lotua da hertsiki, eta lagunarteko erregistroan bakarrik erabiltzen da, betiere aditz jokatuekin. Beraz, euskaraz, erregistro horretan, generoa sexuarekin lotua da gehienetan: andreari modu batean egiten zaio, eta gizonari bestean. Solaskide gisa animalia bat (izan dadin arra edo emea) edo gauza bat (hiri bat, arbola bat, mendi bat, ibai bat…) hartzen denean, genero markatugabea erabiltzen da (gizonari egiten zaiona bezalakoa, tokakoa. Andreari egiten zaiona nokakoa da), euskalki batzuetan bederen (Lafon 1947: 373-394).

Alokutiboa
tokakoa (gizonari) zizkioat
nokakoa (emakumeari) zizkionat

Komunztadura ez-argumentala

Adizki horiexek dira, hain zuzen, komuntadura ez-argumentaleko morfemek eta alokutibo formek sortzen dituztenak. Komunztadura ez-argumentala diogu morfema horiek ez direlako perpauseko inongo argumenturen adierazpide morfologikoak, perpausetik kanpo dagoen solaskidearenak baizik. Kontuan izan morfema horiek benetako argumentu bati balegozkio, orduan argumentu hori agerian egon litzatekeela perpausean, baina hori ezinezkoa da:

  • *Nik hiri Joni liburuak ekarri zizkioa/nat.

Azken batean, alokutiboa ezinezkoa da baldin eta perpausean (eta adizkian) bigarren pertsonako argumenturen bat bada:

  • *nik zuei esango zizueat.

Adizki hori –holako zerbait eskatzen du aditzaren morfologiak— ez da existitzen euskaraz.

Alokutiboen komunztadura ez-argumentala izan arren, gainerako komunztadura argumentalarekin batera jarriz gero, orduan, lau komunztadura arteko sistema du euskarak: subjektua, osagarri zuzena, zehar osagarria eta alokutiboa. Hori oso kasu bakanetan aurki daiteke munduko hizkuntzetan: bat aipatzekotan, eta diferentziak diferentzia, Kaukasoko abazera ekar dezakegu hona, nahiz badiren desberdintasunak. Abazeraren adizkerak aditz ditrantsitiboetako hiru argumentuekin komunztadura egiten du (euskarak bezala), eta gainera adjuntu zenbaitekin ere komunztatzen da (O’Herin 2001, 77-3: 477-493). Baina kontua bestelakoa da aipatu hizkuntza horretan, itxurazko parekotasunak badira ere: abazeraren komunztadura jokoak xeheki azaltzen dituen lan horrek ez du aipatzen komunztadura alokutiborik.

1 C. Paris 1969. Autore berak (eta J.-C. Anscombrek artikulu bat argitaratu zuten euskararen komunztadura sistema eta Txerkezierarena konparatuz eta, nolabait, argumentuen komunztadurari dagokionez; elkarren antza dutela agerian emanez: “Comparaison typologique des systèmes verbaux du tcherkesse et du basque” in Anscombre & Bidart 1980
2 Aipatzekoa hemen, zenbait hizkeretan, erdibiketa hau ohartu gabe hausteko edo sortu diren zidazun bezalakoak, zenidan horren ordez. Edo leikezu bezalakoak, zeinke adizkiaren ordez.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz komunztadura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3