Erabiltzaile Tresnak


morf:2:6:1

Pertsona aniztasuna adizki jokatuan

Aniztasuna Euskararen ezaugarri tipologikoen artean adizki jokatuen pertsona aniztasuna da aipatu beharreko arazoetako bat. Izan ere, euskaraz adizki jokatuek, adizki jokatugabeek ez bezala, argumentuen isla edo aztarna morfologikoak biltzen dituzte. Ondoko adibide hauetan ikusten ahal dugu hau:

  • Garaiz joan naiz lanera (adizki jokatua)
  • Lanera joateko esan dute (adizki jokatugabe)

“Garaiz joan naiz lanera” diogunean, naiz adizki jokatua kontuan hartzen badugu, isildurik dagoen argumentua berreskuratzen dugu, hau da, heldu naiz esatea nahikoa da, isildurik dagoen argumentua ni dela jakiteko:

  • Garaiz joan naiz = ni garaiz joan naiz

Nolabait, metaforikoki “argumentuen isla morfologikoa” dei dezakegun horri pertsona komunztadura deritzo eta komunztadura hizkien bitartez, edo nahiago bada, morfemen bitartez, adierazten da hori gure hizkuntzan: gure adibidean, esaterako, singularreko lehen pertsonako n- aurrizkiaz baliatzen gara. Gai honen inguruan informazio gehiago Inflexioa eta Aditzaren argumentu egitura izenpeko ataletan aurkituko duzu.

"pro-drop" parametroa, eta komunztadura

Esan bezala, euskaraz ez da beharrezkoa aurgumentu horiek agerian ematea, eta isil daitezke. Argumentuak isiltzeko gaitasun hori pro-drop deritzan parametro bati zor zaio, eta printzipioz parametro beregaina da, zenbait hizkuntzatan ageri dena. Ingeleseko esapide horrek (pro-drop esapideak, alegia) berez adierazi nahi duena da pertsona izenordaina (pro, pro txikia irakurriz) ezabatu (drop) daitekeela hizkuntza batzuetan. Beste hainbestetan ezinezkoa da hori egitea. Horregatik diogu euskara pro-drop hizkuntza dela. Halakoxea da baita, adibidez, gaztelania bera; aldiz, frantsesa edota ingelesa ez dira pertsona izenordainak ezabatu ditzaketen horietakoak -hau da, ez dira pro-drop hizkuntzak:

  • etorri da (euskara)
  • ha venido (gaztelania)
  • *est venu (izenordaina beharrezkoa da: il est venu) (frantsesa)
  • *came (izenordaina beharrezkoa da: he came) (ingelesa)

Komunztadura hizkiak agertzea eta pro-drop hizkuntzak izatearen artean nolabaiteko korrelazioa dago, baina gaian sakontzen duenak ikusiko duenez, korrelazioa ez da horren argia. Hemen ez dugu pro-drop parametroa aztertu nahi, ez bada pertsona komunztadura aniztasuna. Hortaz itzul gaitezen bide nagusira.

Jakina, gure adibidean ni argumentua isiltzeak ez du esan nahi argumentu hori halabeharrez isildu behar denik. Pertsona izenordain hori ezabatu daitekeen arren, euskal hiztunak ondokoa ere esan lezake goiko adibidearen ordez:

  • Ni garaiz heldu naiz lanera

Aditz jokatuan markatzen diren argumentuak

Hala, argumentua bera agerian eta dagokion komunztadura hizkia batera ager daitezke perpaus beraren barruan. Halaber, isilean nahiz agerian, argumentu hori perpausaren subjektua da, eta gramatika honetan euskararen ergatibotasuna azaltzen denean esaten den gisan, subjektu hori, perpaus honetan argumentu bakarra dena, absolutibo kasuaz markatzen da. Ni argumentuaren absolutibo kasu marka zero da –ez du marka morfologikorik– eta absolutibo komunztadura hizkia da adizkian egozten zaion n- hori. Euskaraz, beraz, kasuak behin markatzen duena, subjektua kasu honetan, komunztadurak adierazten du bigarrenez. Neurri batean, informazio linguistikoa bikoiztu egiten zaigunez komunztaduraren bitartez, komunztadura nolabait kasuaren bikoizketa dela pentsaraz liezaguke horrek.

Morfologia

Honainokoan, pertsona komunztaduraren deskribapenari dagokion lehen urratsa egin dugu pertsona komunztadura hizki bakarreko adizki bat erakutsiz. Bigarren urratsa egiteko, ondoko perpaus honi begiratu:

  • Zuk ni ikusi nauzu lanean

Adizkiak kasu honetan ez du komunztadura morfema bakarra erakusten, baizik bi: n- gorago singularreko lehen pertsonarako ikusitako bera, -u- aditz erroaren ezkerretara dagoena, eta -zu singularreko bigarren pertsonakoa, erroaren eskuin aldean:

  • n-au-zu

Bi dira, beraz, hemen, komunztadura hizkiak, bata ikusten denez, aurrizkia eta atzizkia bestea. n- aurrizkiaren bitartez adierazten den komunztadurari absolutibo komunztadura deritzo, eta -zu atzizkiaren bidez azaltzen denari, ostera, ergatibo komunztadura. Kontuan izan absolutibo komunztadura egozten zaiola absolutibo kasu markadun argumentuari -osagarria dena jarritako perpausean– eta ergatibo komunztadura jasotzen duela ergatibo kasu markadun argumentuak –subjektua dena perpausean.

Gramatika teorian sarri askotan hitz egin da subjektu eta osagarri komunztaduraz, eta jakina, halakoez hitz egitea zilegi da baita euskarari dagokionez ere, baina gogoan izan euskara hizkuntza ergatiboa dela, eta hortaz, goian ikusi dugun moduan, subjektu guztiak ez direla berdin markatzen ez kasuari dagokionez, ezta komunztadurari dagokionez ere.

Jo dezagun lehenengo perpausetara eta begira diezaiogun argumentuak markatzeko sistemari: perpaus inakusatiboetako subjektuak absolutiboaz markatzen dira, eta iragankorretakoak, berriz, ergatiboaz. Hortaz, subjektu komunztaduraz hitz egingo bagenu, subjektu komunztadura bi bereizi beharko genituzke (subjektua absolutiboan eta ergatiboan joan baitaiteke), eta subjektu komunztaduratzat hartuko genukeena inakusatiboko subjektuetarako, osagarri komunztadura ere badela esan beharko genuke, perpaus iragankorretan. Horregatik, hain zuzen ere, nahiago dugu ergatibo eta absolutibo komunztaduraz hitz egin, eta subjektu eta osagarri komunztadura printzipioz bestelakoak diren hizkuntza akusatiboetarako utzi. Hau egitea kasuren batean ikuspuntu apur bat murriztailea izan daiteke, beste hizkuntza batzuetan gertatzen den komunztadura azaltzeko ez baitu balio. Adibidez, txuktxierak, euskara bezalaxe hizkuntza ergatiboa izanik, eta komunztadura sistema ergatiboa izan arren, subjektuarekin egiten du komunztadura beti.

Itzul gaitezen berriz ere komunztadura aniztasunaren kontu horretara. Izatez, goiko bi adibideekin erakutsi dugu euskarak perpausen batean argumentu bat izanez gero –absolutiboa kasu gehienetan–, orduan, komunztadura egiten duela harekin, eta bi argumentu izanez gero –ergatiboa eta absolutiboa adibidez– biekin egiten duela komunztadura. Dena den, komunztadura ez da hemen agortzen. Esate baterako:

  • Nik zuri liburua eman dizut Liburuak

Perpaus horretan, ez dira bi, hiru baino perpausean ageri diren argumentuak. Ergatiboaz eta absolutiboaz markatutako argumentuez gain –nik eta liburua-, datiboaz markatutako zehar osagarria ere badugu –zuri. Bada, aditz laguntzaileari, edo nahiago bada, aditz inflexioari begiratuz gero, hirugarren komunztadura ere azaltzen da –zu alegia. Komunztadura honi zehar osagarri komunztadura deituko diogu, edo besterik gabe, guk ohikoa dugun bezala, datibo komunztadura (kontuan izan behar dugu, dena den, datiboaz markatutako argumentu guztiak ez direla nahitaez zehar osagarri, berehala ikusiko denez). Datibo komunztadura hori azaldu baino lehenago, beti aurkituko du irakurleak ingelesez dative flag edo euskaraz datibo aurrekoa deritzan morfema bat –i- kasu honetan.

Honaino erakutsi dugunez, hiru argumentu ager daitezke perpausean eta hirurekin egiten du komunztadura laguntzaileak. Perpauseko argumentuekin lotzen den komunztadurari argumentu komunztadura deitzen zaio: orain arte aipatu ditugun kasu guztiak halakoak dira.

Argumentu komunztadura eta adizki alokutiboak

Euskaraz, alabaina, laguntzaileak bil dezake, baita, mintzakideari dagokion komunztadura ere, eta hori ez da inongo argumenturena. Mintzakidea laguntzailean markatzen dela diogunean, forma alokutiboez hitz egiten ari gara. Adibidez:

  • Nik Joni liburuak eman zizkionat
  • Nik Joni liburuak eman zizkioat

Komunztadura

Forma horietan, orain arte ezagunak zitzaizkigun hiru komunztadurez gain, elkarrizketan gure mintzakidearen komunztadura marka ere ageri da –na– femeninoa, mintzakidea emakumezkoa denean, eta –a– maskulinoa, mintzakidea gizonezkoa denean. Mintzakidea ez da perpauseko argumentua, ez baitu eman aditzak adierazten duen horretan, inongo parte hartzerik (bai, ordea, nik, Joni edota liburuak argumentuek). Horregatik, mintzakidearen komunztadura ez da argumentu komunztadura, baina azken batean, bada komunztadura mota bat. Hortaz, euskaraz, lau dira oro har ager daitezkeen pertsona komunztadura markak. Edozein euskaldunentzat oso begibistakoa denak ez du zertan horrela izan behar beste hizkuntza batzuetako hiztunentzat. Kontuan izan, azterketa tipologikorik eginez gero, alegia, munduko hizkuntzak ezaugarri formalen arabera sailkatuz gero, orduan, oso oso gutxi direla lau komunztadura erakuts dezaketen hizkuntzak. Bost komunztadurakorik ez dago. Horrek erakusten du euskaraz aditz laguntzaileak edo inflexioak biltzen dituen pertsona komunztadura hizkiak direla hizkuntza natural batek bil ditzakeen gehienak, ez dagoela munduko hizkuntzetan lau pertsona-komunztadura marka baino gehiago erakuts dezakeen hizkuntzarik.

Badira, egia da, lau komunztadura dutenak, eta euskaraz ez bezala, argumentu komunztadura dutenak. Honek oraintxe esandakoaren kontrakoa dirudi. Baina azal dezagun pixka bat. Abazera, kaukasiar hizkuntza aipatzen da oso sarritan lau pertsona-komunztadurako hizkuntza bezala. Baina pentsa abazeraz ere perpaus arazleak behar ditugu lau komunztadura horiek ager daitezen. Halaber, kinyarwandera, Rwandako bantuar hizkuntza ere aipatu izan da lau komunztaduradunen artean, subjektu, osagarri eta zehar osagarri komunztaduraz gain, onuradunaren komunztadura ere bil dezakeelako. Gogoratu onuraduna euskaraz destinatiboaren (norentzat) bitartez adierazi ohi dugula. Bada, kinyarwanderak onuradun komunztadura ere jasotzen du inflexioan. Dena den, hizkuntza honen kasuan, euskaraz ez bezala, inflexioak biltzen dituen komunztadura hizki horietatik subjektua ez gainerako hirurak ez dira berez komunztadura, ez zentzu hertsian, behintzat, hizki horiek laguntzailean agertuz gero, orduan, ezin baita ageriko argumenturik aurkitu. Hau da, nolabait, inflexio hizki horiek ordezkatu egiten dituzte argumentuak. Ez da, beraz, hori komunztadura deitu izan dena (ikus beste batzuen artean Whaley (1997: 164-166)).

Euskara, komunztadura aberatsekoa

Komunztadura hizkietan, goitik jotzen du euskarak, ikusten denez. Irudi osoa behar bezalakoa izateko, gogoratu behar du irakurleak munduko hizkuntza asko eta askotan ez dagoela subjektu komunztadura besterik eta asko jota bi komunztadura biltzen direla inflexioan, bat ere komunztadurarik erakusten ez duten hizkuntzak ez ahaztearren. Komunztadura gaiaren inguruko hurbilketa tipologikoan interesa duenak Fernández eta Ortiz de Urbina (2007: 141-154) irakur ditzake.

— Egilea: Beatriz Fernandez

lanaren aipamena nola egin...

Beatriz Fernandez, "Pertsona aniztasuna adizki jokatuan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3