Erabiltzaile Tresnak


morf:2:6:1:1

Objektu-komunztadura XIX eta XX. mendeetako euskal gramatikagintzan

Gauza jakina da euskararen aditz flexioan zenbait komunztadura markatzen direla: argumentu absolutibo, ergatibo eta datiboarekikoak, eta behar denean, komunztadura alokutiboa.1 Bestalde, euskararen morfologia ergatiboa dela-eta, egitura iragangaitzen -zehazkiago, ez-akusatiboen- argumentu bakarrak eta egitura iragankorretako objektuak kasu berbera eta komunztadura-hizki berberak dituzte, absolutiboari dagozkionak, alegia. Baina xix. mendean eta neurri txikiagoan bederen, xx. mende hasieran, tradiziozko gramatikagintzaren moldeek, nagusiki latin gramatikan oinarrituek, oraino sendo diraute eta latinaren morfologia nominatibo-akusatiboaren eredua —besteak beste, subjektuarekiko komunztadura besterik kontuan hartzen ez duena— da hizkuntza guztien gramatikei aplikatu ohi zaiena.

Kapitulu honek xix. eta xx. mendeetako euskal gramatikagintzan, latin eredutik abiatuz, objektu-komunztadura nola ulertu den eta zein azterbide proposatu diren azaldu nahi luke. Euskal aditzaren objektu-komunztadurari buruzko azterketen bi abiaburu aurkeztuko dira, alegia (aurreko mendeetarako, ikus Euskal aditzaren sailkapenak XIX. mendea arte):

  • a. Astarloaren ideiak: euskal aditzaren lehen analisi morfemikoa dugu harena. Astarloak pertsona-komunztadura hizkien tradiziozko analisiaren oinarriak ezarri zituen, bereziki Diskurtso filosofikoetako (Astarloa 1883) “Características de personas” (465-468. or.) izeneko kapituluan.
  • b. Gramatika orokorraren ideiak, eta batik bat, “aditz bakarraren teoria” deiturikoa.2

Halaber, hiru analisi mota bereiziko dira hemen, analisi bakoitzak hirugarren pertsonako objektuarekiko komunztadurari eskaini dion ikuspegia aintzat harturik. Hiru ikuspegiok ez dute inondik ere elkar baztertzen; aitzitik, historikoki loturik agertzen zaizkigu eta, noizik behin, elkarren osagarri ere gertatzen dira, ikusiko dugunez. Honakoak dira:

  • a. Gramatika orokor eta filosofikoa eta, zeharka bederen, teoria pasibista: aditz “iragankorretan” hirugarren pertsonako objektua beti markatzen dela aldarrikatzen dute, are objekturik ez dagoen kasuetan ere. Pasibisten formulazioa apur bat konplexuagoa da, haatik.
  • b. Tradiziozko teoria: d-, z- (ø-), l- eta b- aurrizkiak hirugarren pertsonaren markatzat hartzen dira eta, batzuetan, ustezko izenordainekin erlazionatzen dira.
  • c. Aspektu-denborazko teoria:3 d-, z- (ø-), l- eta b- aurrizkiak (antzinako) modu-aspektu-denborazko markak dira.

Astarloa (1883 [1805])

Astarloak euskal aditzaren aurreneko morfema-zatiketa burutu zuen. Euskal aditzaren zatiketari ekiteko aintzat hartu zituen oinarri teorikoak ez dira kapitulu honen aztergai (ik. horretaz Gómez 2004); oinarriok albo batera utzirik, pertsona, denbora, modu eta abarren markak aski zuzen identifikatu zituela ohartarazi nahi nuke. Nolanahi ere den, gure gaiari loturik baitaude, Astarloaren teoriaren bi puntu bereziki gogorarazi nahi nituzke, alegia ekonomia hatsarrea eta euskaran —hots, jatorrizko hizkuntzan, hizkuntza “naturalean”— zortzi pertsona bereiztea:

Astarloa

Astarloaren formulazioan, naturaren arabera adierazi behar den oro adierazteko, hizkuntzak ahalik eta baliabide formal gutxien erabiltzea eskatzen du ekonomiak. Honekin batera, Astarloak hizkien edo ezaugarrien (características) eta esanahien arteko bana-banako erlazioaren perfekzioa aldarrikatzen du. Ondorioz, erlazio honi ekonomiaren hatsarrea erantsiz gero, Astarloak behin eta berriz aldezten du bereizkuntza batean ezaugarrietariko bat betiere ezaugarririk eza dela. Edo, egungo terminoetan emana, kategoria bakoitzean aurkaritzaren terminoetariko bat zero morfemak (ø) markatzen duela. Areago, ezaugarririk gabeko hori oro har semantikoki markatugabea da (adibidez, numeroan singularra, kasuetan paciente edo absolutiboa, etab.). Astarloak gramatikaren kategoria eta azpikategoria guztietan ezartzen du ekonomia hatsarrea, sistema sendo eta zehatza lortuz.

Bestalde, zortzi pertsona bereiztea (1883: 424-426) bigarren pertsona singularra hirutan banatzeak dakar: eztabadako tratamendua (cortés), hitano (familiar) maskulinoa eta hitano femeninoa, alegia (ik. beheko taula). Bereizkuntza honek agerian jartzen dizkigu Astarloaren apriorizko planteamenduak. Izan ere, aitorturiko helburuen arabera jatorrizko hizkuntzaren gramatika bilatzen ari delarik ere, argi dago aldez aurretik euskara duela buruan eta ez dituela beti hain irizpide logiko eta naturalak erabiltzen. Horrela, bada, ekonomia hatsarrea pertsona-hizkiei ezarri baitie, Astarloak dio ezaugarririk eza, batetik, singularreko hirugarren pertsona egilean eta, bestetik, singularreko bigarren pertsona maskulino jasailean gertatu behar duela, naturak hala agintzen duelako gertatu ere:

  • Por la misma economía suponemos que el no tener característica alguna de persona el auxiliar, ha de ser señal de que el agente es tercera persona de singular, y el paciente la segunda masculina del mismo número. (Astarloa 1883: 465)

Honen arabera, adizki laguntzaile “ekonomikoena” au (ø-au-ø) ‘hau’ litzateke. Ondoko taula honek Astarloak (1883: 465-468) proposaturiko pertsona-hizki guztiak aurkezten ditu, arazo konplexu edo zalantzazkoak argitu nahian oin-oharretan Astarloaren beraren pasarte batzuk gehitzen ditudalarik:4

jasailea (paciente) egilea (agente) / hartzailea (recipiente)
1 n- -t-, -t
2c z- -zu-, -zu
2f5 ø-LAG-n LAG-n
2m ø- -aa-, -k
3 d-, fam. ø-6 / -a-, -a
1p g- -gu-, -gu
2p z-LAG-z -zu(b)ee7
3p -z -(b)ee

Taula: Astarloak proposatutako pertsona-hizkiak

Azkenik, Astarloak datibo-ergatibo hurrenkera erlatiboaz ohartarazten du:

  • Las personas recipientes se distinguen de las agentes en que aquellas van colocadas inmediatamente despues del auxiliar, y por consiguiente anteriores á las personas agentes. (1883: 466)

Behin baino gehiagotan Astarloak iradokitzen du pertsona-hizkiak pertsona-izenordainetatik datozela (z- < zu, n- < ni, g- < gu):

  • En la tercera conjugacion [Z-au — R.G.] hallamos por característica paciente la letra z, nota de segunda persona cortés, como que viene del pronombre zu, usted. […] En la cuarta conjugacion [N-au — R.G.] la característica paciente es la n y denota primera persona del singular, como que viene del pronombre ni yo. […] En la sétima conjugacion [G-au — R.G.] la persona paciente se halla caracterizada por la letra g y nos dá á entender la primera persona del plural, como que es la misma gu, nosotros, suprimida la u. (1883: 716-717)

Edo izenordain erakusleetatik datozela, hirugarren pertsona hartzaileez den bezainbatean:

  • En la conjugación 18 [Autza ‘Aquél te le ha muerto’ — R.G.]8 la persona recipiente es tercera de singular indicada en la letra a final, que es nota de esta persona, pues es el mismo pronombre con que damos á entender el aquel de la lengua castellana. […] y en la conjugación 20 [Autzee ‘Aquél te les ha muerto’ — R.G.] la tercera de plural es la que recibe, ó el dativo indicado por las dos ee que viene del pronombre aeec, aquellos. (1883: 718)

Astarloak ez ditu iraganaldiko (tiempos apostróficos, bere sisteman; ik. Gómez 2002) komunztadura-hizki bereziak aipatzen -5. oin-oharreko bigarren aipuan bidenabar agerturiko n- izan ezik—, ezta adizki irrealisen (l-) eta aginterazkoenak (b-) ere. Euskararen aditz-jokoa azaltzen duelarik, orainaldiko adibideak erabiltzen ditu nagusiki.

Laburbilduz, Astarloaren lanak euskararen komunztadura-hizkien tradiziozko analisiaren oinarrizko gai nagusiak agertu zituen; bide batez, ondoko autore batzuen lanetan baino askoz landuago agertu ere. Izan ere, aurreko paragrafoetan Astarloak honako gai hauek ezarri zituela ikusi dugu:

  • a. Argumentu motaren arabera komunztadura-hizki desberdinak daudela ohartaraztea.
  • b. Kasu bakoitzean zein hizki d(ir)en zehaztea.
  • c. Pertsona-komunztadura hizkien jatorrian izenordainak daudela iradokitzea.
  • d. Pertsona-komunztaduraren eta numero-komunztaduraren arteko nahasketa.9

Aditz bakarraren teoria eta euskal aditzaren objektu-komunztadura

Ekin diezaiogun, bada, xix. mendean euskal aditzaren objektu-komunztadura aztertzeko aditz bakarraren teoriaren ereduari jarraitu zioten saioen aurkezpenari. Oro har, proposamen hauen egileek berariazko ahaleginak egin zituzten euskal aditzak forma ugari dituela eta, halarik ere, sailkapen zeharo logiko, erraz eta erregular batean bil daitezkeela erakusteko. Egile hauetariko batzuek euskal aditza ikasteko erraztasuna ere aipatu zuten (Darrigol eta Intxauspe, kasu).

Ikusmolde logiko horren barruan, aditz iragankorrek betiere objektu-komunztaduraren hizkia badutela proposatu zen, are objektu jakinik ez dagoen kasuetan ere. Izan ere, bestela, adizki iragankorrek ez badituzte beti egilea eta jasailea barneratzen, zertarako ote?, zergatik haien ordez ez erabili iragangaitzak?

Darrigol (1827)

Darrigolek ez zuen euskal aditzaren egitura Astarloak bezain xeheki aztertu. Aitzitik, aditzaren analisiak helburu garbia du harengan: euskarak bi aditz besterik ez duela erakustea (n(a)iz eta dut). Hala ere, bi aditzok, azken buruan, aditz bakar baten bi aldaeratzat har daitezkeela iradoki zuen (Darrigol 1827: 109; ik., halaber, Gómez 2003); eta badirudi honelaxe ulertu zutela Darrigolen gogaideek (ik. "Aditz bakarraren" teoria XIX. mendeko euskal gramatikagintzan ataleko 18. oin-oharra). Dissertation

Abiapuntu honen ondorioz, oroit bedi, Darrigolek proposatzen du adizki jokatugabeak ez direla benetako aditzak, izenak edo adjektiboak baizik; orobat, adizki trinkoak (verbes subalternes izendatzen dituenak) niz edo dut benetako aditzetariko baten eta adizki jokatugabe baten nahastearen emaitza baino ez direla. Hain zuzen ere, Darrigolek pertsona-hizkiei buruz eskaintzen dituen azalpen bakarrak adizki trinkoen azterketa honen barruan kokatzen ditu, euren iturburua diren niz eta dut aditzekiko paralelismoaz ohartarazi nahi baitu, bere teoriaren bermetzat erabiliz (Darrigol 1827: 137 eta hh.):

  • et l’on verra d’abord que la première articulation, qui est l’expression du sujet, est constamment la même, soit dans les inflexions du verbe primitif (niz), soit dans les inflexions correspondantes du dérivé nago. Dans l’un et dans l’autre ce sont les initiales communes n, h, d, g, c, d. (1827: 140)

Aipu honetan esanak aintzat hartuz gero, irudi luke d- hirugarren pertsonako subjektu-markatzat hartzen zuela Darrigolek. Damurik, NOR-NORI, NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK paradigma “iragankorrak”10 aurkezten baditu ere, ez du objektu zuzenaren eta zeharkako objektuaren markei buruzko inolako oharrik egiten, eta ezin dugu jakin paradigma horietako d- aurrizkia pertsona-hizkitzat jotzen ote zuen, halakorik susma badezakegu ere.

Dakidalarik bederen, Darrigolen lanean agertzen da lehenbizikoz gramatika orokorrari jarraitzen dioten autoreek —eta ez hauek soilik— behin eta berriz errepikatuko duten iritzia, alegia adizki iragankorretan objektu-komunztadura beti adierazten dela:

  • Il a été dit que le mécanisme de ce verbe [transitive — R.G.] consiste à présenter toutes les combinaisons que peuvent exister entre les pronoms je, tu, vous, il, nous, vous, ils; de telle sorte que chacun de ces pronoms paraisse successivement en nominatif, en régime direct et en régime indirect.11 Conformément à cette doctrine, nous n’aurions pas le moyen de traduire les formules françaises j’ai, tu as, il a, &c.; car notre verbe transitif, pris dans toute sa force, renfermant toujours l’expression d’un complément déterminé, les formes duc, dut, du, [sic] ne disent pas seulement j’ai, tu as, il a, &c., leur sens est, je l’ai, tu l’as, il l’a, &c. Mais rien n’empêche qu’on ne fasse abstraction de tout complément déterminé; et c’est en effet par le moyen d’une abstraction autorisée par l’usage, que nous disons, jan dut (j’ai mangé), ikhusi dut (j’ai vu), entçun dut (j’ai entendu), &c. (Darrigol 1827: 137)

Ordea, harrigarria badirudi ere, sintaxiari buruzko atalean euskal aditza objektuarekin numeroan komunztadura dela aipatzen du, baina ez du deus ere esaten objektuekiko pertsona-komunztadurari buruz (cf. Gómez 2003).

Xaho (1836)

Aditz bakarraren teoriari buruzko atalean ikusi dugunez, Xahok ere euskal aditzaren bikoiztasuna onartu zuen, Lécluse-k (1826) eta Darrigolek proposatu zuten bezala. Baina, Xahoren iritziz, dut ez da niz-en aldaera bat baizik. Xahok uste du euskaran aditz bakarra dagoela: iz; aditz hau, gainera, izen bat da jatorriz: hitz. Egia esan, Xahok bere gramatikan hitz kategoria bakarra onartzen du, izena.

Halaber, Darrigolek adizki iragankorrek objektua beti adierazten dutela ohartaraztea besterik egin ez zuelarik, Xahok, horrekin batera, uste hau berretsi nahi duen analisi formala eskaintzen du eta, aldi berean, adizki iragangaitzak eta iragankorrak aditz bakar baten aldaeren multzoan biltzen ditu:

  • L’on a dit que la langue euskarienne reconnaît deux verbes Niz et Dut, je suis et j’ai. Cette assertion n’est exacte que sous un point de vue de division grammaticale. Il est certain que la forme Dut n’est que la troisième personne du verbe Niz; da, avec combinaison d’un double rapport: dahoura lui est, il est: le t final exprimant une relation personnelle à l’individu qui parle. Dut signifie en définition, lui est à moi, je l’ai, j’ai. Voilà la vraie raiso1836n pour laquelle la conjugaison de Dut emporte l’expression d’un régime j’ai, je l’ai. (Xaho 1836: 82)

EuskariensEsan nahi baitu, dut adizkiaren osagaiak hurrengo hauek lirateke: da adizkia, houra ‘hura’ erakuslea eta -t lehen pertsonako hizkia. Gauza bertsua gertatzen da iraganaldian eta aginteran. Lehenari buruz hauxe dio: “Le passé de Dut, nian ou nuen, j’avais je l’avais, offre dans sa décomposition syllabique nihurane, lui, était de moi: ainsi des autres modes” (Xaho 1836: 82). Analisi konplexuagoa da, beraz, iraganaldirako proposatzen duena: nian / nuen = ni + houra + ne. Aginterari dagokionez, azkenik:

  • L’impératif de Dut, ezak ezadak, qui n’a jamais de valeur que comme forme auxiliaire, dérive de l’impératif iz avec déterminante a et relation k; il s’écrit izak, izadak, dans la plupart des dialectes, et se combine avec les noms actifs pour compléter la conjugaison. (Xaho 1836: 82)

Alegia, ezak adizkia iz aginterakoaz, a mugatzaileaz eta -k bigarren pertsona maskulinoko hizkiaz osaturik dago.12

Xahok paradigma ugari eman zituen bere lanean, baina ez zuen adizkien morfologia egituraren azterketa zehatza burutu. Ohar bat edo beste eskaini zigun han-hemen, besterik ez; esaterako -goraxeago azaldutakoez gain eta kapitulu honetako gaiari dagokiolarik-, baldinkerako hirugarren pertsonan l- d-ren lekuan dagoela dio (Xaho 1836: 72).

Intxauspe (1858)

Intxauspek euskararen aditz bakarra bi “bozetan” sailkatzen du: iragankorra eta iragangaitza. Intxauspek adizki iragankorrek objektua nahitaez adierazten dutelako uste ezaguna errepikatzen du, baina ez du haren aldeko argudiorik ematen: “du exprime toujours une relation avec un objet autre que le sujet et demande un complément direct” (Intxauspe 1858: 22).

Darrigolek eta Xahok ez bezala, Intxauspek subjektu, objektu zuzen eta zeharkako objektuaren markak azaltzeko atal bat eskaintzen du (Intxauspe 1858: 435-439). Lehenik, begien bistako kasuetan (batik bat pluralekoetan) pertsona-izenordainekiko erlazioa iradokitzen du (n- eta ni; h- eta hi; g-, -gu eta gu; z-, -zu eta zu; z-, -zie eta zíek ‘zuek’). Bestalde, hirugarren pertsonako subjektuari dagokionez, Intxauspek honako hizki hauek proposatzen ditu: “D, L ou Z initiales pour les deux voix; l’impératif a de plus le B initial” (1858: 436). Hala eta guztiz ere, ez du d- aurrizkia egiazko pertsona-hizkitzat jotzen, sendogarri artikulatoriotzat baizik. Hasierako kontsonante hori ez dela orainaldiko hirugarren pertsonako adizki guztietan agertzen du irizpide:

Verbe basque

  • La troisième personne indéfinie est la plus simple dans toutes les formes, et elle semble devoir être considérée comme étant la forme radicale. Cependant, il serait possible que la forme radicale primitive fût plutôt a, u, et que la d, dans da, du, eût été introduit pour donner aux voyelles a, u, une articulation plus distincte et plus forte. Ce qui donnerait du fondement á cette opinion, c’est la disparition du d dans la composition des terminatifs; ainsi de da, il est, on a fait: záit, il est à moi; záiku, il est à nous; záyo, il est à lui; et le Biscayen, au lieu du z, emploi le y: yat, yaku, yako. Le d de la voix transitive du se conserve plus généralement dans les terminatifs; cependant, il disparaît aussi dans certains terminatifs; ainsi on dit nai ou nau, pour exprimer il a moi; hai, hau, pour il a toi. Ces terminatifs sont composés de ni, moi; hi, toi; et du verbe du ou u, au. (Intxauspe 1858: 437)

Azkenik, hirugarren pertsonako objektu zuzenaren hizkiei buruz ari delarik, ez ditu aurrizkiak errepikatzen eta “adizki sinple edo zehaztugabeen” bidez adierazten direla baino ez du aipatzen:

  • La troisième personne du singulier, exprimée en français par le, la, et les régimes directs animés ou inanimés indiqués par les mêmes articles, se rendent par la forme simple ou indéfinie (Intxauspe 1858: 438; azpimarratua nirea da)

Halaxe egitea espero genezake, kontuan hartzen badugu lehentxeago aurrizkiak subjektuaren markatzat hartu dituela eta, beraz, ezin dituela orain objektu zuzenaren markatzat ere jo.

Bonaparte (1869, 1876, 1877)

Bonaparteren aditz teorian toki berezia dute Printzeak “aditz-bukaera hutsak” izendatuek, dut-en paradigmakoek alegia. Honelako adizkiek, oroit gaitezen, ez dute inolako errorik eta, besteak beste, izenordainez eta bestelako hizkiez osaturik daude. Halaber, Darrigol, Xaho eta Intxauspek bezalatsu, Bonapartek uste du aditz-bukaera hutsetan objektu zuzena beti adierazten dela, baina horretarako proposatzen du adizkiotan erakuslea (dau eta haren aldaerak) agertzen dela.

Horrenbestez, Bonapartek ez ditu hirugarren pertsonan agertzen diren aurrizkiak pertsona-markatzat hartzen, bere teorian pertsona-hizki guztiak izenordainak baitira, ez dezagun ahaztu. Oroitarazi berri dudanez, d- erakuslearen zatia da; aldiz, z- eta l- “letra erredundanteen” sailean sartuko lirateke, Printzearen aburuz: Bonaparte

Le verbe basque in tableaux

  • Le d préfixe qui se trouve au présent de l’indicatif à régime de troisième personne et aux temps qui en dérivent, disparaît au passé et aux temps du même type. A la troisième personne on a un z redondant, qui à son tour se change en l au présent du conditionnel, au présent et aux futurs du potentiel conditionnel, ainsi qu’aux suppositifs et aux optatifs correspondants. (Bonaparte 1869: xi)

Irudi luke, bada, aurreko pasarteak nolabaiteko bilakaera iradokitzen duela: d- > z- > l-, alegia. Azkenik, aginterako b- aurrizkia ba baieztapenetik eratortzen du: “Nous avons en outre la suppression du d initial, et à la troisième personne l’addition de la syllabe affirmative ba fondue avec le terminatif: dezan, beza” (Bonaparte 1869: 158). Izan ere, Bonaparteren analisian hirugarren pertsonako subjektuaren marka berez ø da beti; gogoan izan bedi objektuaren marka dau erakuslea dela, dituen aldaera guztiekin izan ere:

  • Que le z et le l de la troisième personne des temps passés et conditionnels soient rédondants [sic], en tant du moins qu’ils n’expriment pas le sujet, c’est ce qui est amplement prouvé par le biscaïen qui supprime très-souvent ces consonnes initiales. Le sujet est toujours supposé être de troisième personne lorsqu’il n’est ni de première, ni de seconde. (Bonaparte 1877: 45)

Bonapartek bere lehenbiziko lanetatik azpimarratu zuen euskaran objektu zuzenak dukeen berezitasuna: adizki iragankorretan beti adierazi behar da objektua, objekturik ez dagoelarik ere: “En basque la voix transitive du verbe est toujours objective pronominale” (Bonaparte 1862: 22). Honen aldean, zeharkako objektua guztiz kontrako egoeran legoke: perpausean zeharkako objektua dagoelarik ere, gerta daiteke, Iparraldeko euskalkietan behinik behin, aditzarekiko komunztadurarik ez izatea. Gertakari hau, Printzearen ustez, gazteleraren klitiko-bikoizketarekin lot daiteke, gazteleran euskararen eraginagatik gertatu baita; Iparraldeko euskalkietan, aldiz, klitiko-bikoizketarik ez duen frantsesaren eraginez gerta daiteke komunztadurarik eza (Bonaparte 1862: 23; gai honen beste azterketa baterako, ik. Ortiz de Urbina 1994).

Campión (1884)

Campiónek funtsean Bonaparteren aditz-teoriari jarraitu zion. Haatik, Printzearen ideietatik urrundu zen z-, l-, b- aurrizkien etorkiari dagokionez; izan ere, Campiónen ustez, aurrizkiok antzinako izenordainen aztarnak lirateke:

  • La conjugación nos revela la existencia de un sistema de pronombres más rico que el actual, con serlo tanto. Incorporados al verbo se han salvado de una total sumersión uno de primera persona, t—d «yo» y tres de tercera z, l y b, además de vários sufijos de pluralización ó abundanciales que yá no entran en la composición ni derivación nominal (Campión 1884: 787-788)

Campion Halaber, Campiónek Bonaparteren aditz-teoriaren arazo nagusietariko bat berraztertu zuen: dut-en paradigman objektu zuzena markatzeko (d)au erakuslea azaltzen den ala ez. Zabalaren (1848) eta, beroni jarraituz, van Eysen (1875, 1879) proposamenaren bertsio aldatu batean oinarritzen da; autore hauen iritziz, dut, du, etab. daukat, dauka eta abarren laburketak baino ez dira. Campiónek, aldiz, eu “erroa” dela euki-tik datorrena uste du: “eu está tomado de euki directamente, no de euki yá conjugado, como suponen Zabala y Mr. Van Eys” (Campión 1884: 792). Eta, gainera, euki-ren etimologia proposatzen du; ‘honekin’ esanahia izango zuen:

  • Su etimología parece ser la siguiente: eu variante de au «ésto» y ki, nombre primitivo que, á juzgar por sus derivados, significa «compañía, reunión[»], ú otro concepto análogo (Campión 1884: 792)13

Hau da, ni euki ‘yo con esto’ eta nik dut, nik daukat ‘yo he, yo tengo’ pare-pareko adierazpenak lirateke.

Baina non sartzen da d- aurrizkia proposamen honen barruan? Campiónek uste du deus-etik datorrela, hitz hori erromantzetiko mailegu garbia dela konturatu gabe. Irtenbide honen bitartez, Bonaparteren (eta Darrigolen, Xahoren eta besteren) iritzia salbatu ahal du, alegia adizki iragankorretan objektuarekiko komunztadura beti dagoelakoa —nahiz ez duen arazoa zehazki azaltzen— eta, abiapuntu horretatik, hipotesi tipologiko ausart bat plazaratzen du:

  • En cuanto al orígen de la d aventuraré una hipótesis: que es un resto del vocablo deus «algo» […]. Mi hipótesis presupone el hecho, tambien del todo hipotético, de que la lengua euskara ha pasado por un período de incorporación […]. La incorporación, por lo tanto, correspondería á la infancia de la raza euskara. (Campión 1884: 795)

Azkue (1891)

Euzkal Izkindea Aditz bakarraren teoria aldez edo moldez baliatu zuten autoreekin amaitzeko, Azkueren Euskal Izkindea (1891) gramatika-liburuaz zertxobait azaldu nahi nuke. Azkueren lan honen iturri nagusia Astarloaren Diskurtso filosofikoak dira. Alabaina hainbatetan Azkuek Astarloaren proposamenak gainditzen ditu, ustezko jatorrizko euskara berreraikitzen ahalegintzen baita, erabilera praktikora eramateko asmoz.

Astarloarengandik abiatzen den ideia bati jarraituz, Azkuek ere pertsona-komunztadura hizkiak pertsona-izenordainekin erlazionatzen ditu, -t atzizkiaz14 zalantzak dituela aitortzen badu ere. Hirugarren pertsonako objektuaz den bezainbatean, urrundik ere Benveniste-ren formulazio ospetsua gogora ekartzen duen honako hau dio:

  • Las cosas singulares ó las llamadas terceras personas1 [1 Muchas veces no suelen ser personas; locutivos nunca. Véase el párrafo 205.] solemos indicarlas con tres elementos: d, b y l. (Azkue 1891: 185) 15

Ondoren, aurrizki bakoitzaren banaketa zehatza ematen du eta, geroztik, Campiónek proposaturiko izenordain-jatorriarekin bat dagoela adierazten du:

  • ¿Qué son, pues, b, l y d? ¿Cuál es su orígen? Yo no lo sé.
  • Entre todos los pareceres que conozco, el de Campión es á mi juicio el que anda más cerca de la verdad: dice el escritor nabarro que parecen rastros de pronombres perdidos. (Azkue 1891: 203)

Teoria pasibista

Jatorriz, teoria pasibista xix. mende hondarrean sortzen da, zenbait hizkuntzaren morfologia ergatiboari azalpen berri bat eskaintzeko asmoz; izan ere, latin gramatikaren ereduak markatzen zuen nominatiboa eta subjektua lotzeko joera handiegia baitzen oraindik ere. Aurrenik, Kaukasoko hizkuntzetan ezarri zen pasibotasunaren teoria eta geroxeago sartu zen euskalaritzan, lehenbizi Müller-en (1885) eta ondoren, xehetasun handiagoz, Stempf (1890) eta Schuchardt-en (1893) eskutik. Hein handi batean Schuchardten ospeak hartaraturik, hainbat euskalari, atzerritarrak batik bat, teoria pasibistari atxiki zitzaizkion, iragan mendearen 60etako hamarkada arte nolabaiteko dotrina bihurtu zelarik, “une espèce de dogme” Oyharçabalek (1991: 966) dioskunez.16 Pasibismoaren teoriak honako puntu hauek proposatzen ditu (erabilitako argudioen zehaztapena alde batera utziko dut oraingoan):

  • a. Aditza subjektuarekin komunztatzen da.
  • b. “Nominatiboa” (hots, absolutiboa) da beti perpausaren subjektua, bai perpaus iragankorretan, baita iragangaitzetan ere.
  • c. Ondorioz, perpaus iragankorretan aurkitzen duguna subjektu jasailea baino ez da. Hortaz, egitura pasiboak dira eta aditza aditz pasiboa dugu.
  • d. Azkenik, ergatiboa egile-osagarritzat hartzen dute, latineko egile-ablatiboaren antzera eta instrumentaletik oso gertu.

Tesi-lan honetan nabarmendu nahi nukeena hauxe da: absolutiboa beti subjektutzat jotzen dutenez, eta aditzaren eta subjektuaren arteko komunztadura derrigorrezkotzat hartzen dutenez, absolutiboarekiko komunztadura —hots, “gure” objektu zuzenarekiko komunztadura— nahitaezkoa da teoria honen barruan. Teoriaren alderdi honek aditzaren pasibotasuna hein batean Darrigolek-eta adierazitako analisiarekin lotzen du. Ildo honetatik Oyharçabalek (1991) ohartarazi digu teoria pasibistaren eta aditz bakarraren teoriaren arteko loturez eta Xahoren gramatika-lanean aurkitu ditu, hain zuzen ere, “les premiers éléments de la théorie de la passivité” (1991: 969).

Stempf (1890)

Areago dena, Stempf-ek berak aitortzen du Xahok egindako dut-en analisia (oroit bedi, da + houra + t) izan duela abiapuntu; hau da, euskarak ez duela egiazko adizki iragankorrik, denak direla izan-en adizkiak (Stempf 1890; apud Oyharçabal 1991: 969, 12. oh.). Orobat, Xahok aditz bakarraren alde eskainitako beste argudio batzuk ere aurki ditzakegu Stempf eta Schuchardten lanetan euskal aditzaren pasibotasuna aldezteko, hala nola (Oyharçabal 1991: 970-972):

  • a. *Ezan-en adizkiak izan-en paradigmaren barruan sartzea (Bonaparteren ideiekin ere zuzenean lotuz).
  • b. Niz-en paradigmako adizki inplikatiboak eta alokutiboak (zaitugu; nauk, dun…) dut-en paradigmakoekin parekatzea. Gogora bedi Xaho ere ohartu zela honetaz (ik. gorago 12. oharra).

Hala ere, Xahok edo Bonapartek ez bezala, Stempf-ek ez du -u- erroa erakusletzat hartzen, ukan aditzaren errotzat baizik. Proposamen hau Vinsonek plazaratu zuen lehenbizikoz, Bonaparteren eta van Eysen17 teoriei erantzuteko hain zuzen ere. Horrela bada, adizki iragankorretarako Stempf-ek ematen duen analisiak garbiro Darrigolez geroztik adizki trinkoetarako eman zena dakarkigu gogora (Stempf 1890: 4-8; apud Oyharçabal 1991: 972-973):

  • i. nauzu = naiz + ukan + zuk
    • tu m’as = je suis + eu + par toi
  • ii. nintuzun = nintze(n) + ukan + zuk + n
    • vous m’aviez = j’étais + eu + par vous
  • iii. nakarzu = naiz + ekar + zu
    • vous me portez = je suis + porté + par vous

Schuchardt (1893, 1895, 1923)

Ezer baino lehen, ohartarazi behar da Schuchardtek ez dituela erabiltzen Stempf-ek hain gogoko zituen goiko asmakuntza horien gisakoak (Oyharçabal 1991: 973). Azter dezagun orain pasibotasunaren aldekoei azaltzen zaien hurrengo arazo hau: pasibisten ustez, subjektuak —betiere nominatibo-absolutiboan markatua— aditzarekin komunztatu behar badu eta, aldi berean, laguntzaile iragankorrean (du) hirugarren pertsonako “subjektuarekiko” komunztadura hori markatzeko erakuslea dagoela (-u- osagaian alegia) arbuiatzen badute, nola burutzen da, orduan, hirugarren pertsonako “subjektuarekiko” komunztadura adizki “pasibo” edo iragankorretan? Schuchardten konponbidea tradiziozko teoriara itzultzea da: alegia, d- aurrizkia izenordain-jatorrikoa dela proposatu eta, bestalde, -u- osagaia aditz-errotzat, zehazkiago ukan-en errotzat, hartzea. Ikus ditzagun Schuchardten (1895: 208) adibide batzuk:

  • i. darot (=dit) = da du (ki) t
    • cela avoir à moi
  • ii. dakot (=diot) = da (du) k(i) o t
    • cela avoir à lui moi

Izan ere, Vinsonek analisi hauxe hartzen du, besteak beste, pasibotasunaren aurkako argudioen artean: Schuchardt

  • Quand on traduit du «il l’a», l’expression manque du signe du sujet, puisque u est le radical «avoir» et d le pronom régime de troisième personne; quand on le traduit comme M. Schuchardt «il est eu par lui», c’est l’instrumental «par lui» qui fait défaut, ce qui est beaucoup plus difficile à comprendre. D’autre part, le pronom régime direct de troisième personne, pour nous, c’est-à-dire le sujet de M. Schuchardt, manque absolument aux formes de l’imparfait. Tout cela est fort étrange. (Vinson 1895: 81)

Vinsonen azken baieztapen hau egoki ulertzeko, esan behar da Schuchardtek ez zituela orainaldiko adizkiak bakarrik aztertu eta aurrizki bakoitzaren jatorria proposatzen ahalegindu zela, orainalditik eta aginteratik kanpo izenordainen aztarna gutxi aurkitzen duelarik ere, itxuraz bederen. Zernahi gisaz, Schuchardten analisiok aski arrakastatsuak izan ziren hurrengo urteetan eta, gehienak Lafonek (1943) onartu ondoren, bat edo bestek egun arte iraun du. Jarraian, aurrizki bakoitzaren analisiak Schuchardtez geroztik izan duen bidea laburtuko dut:18

  • a. D(A)-: Agertu berri ditudan adibideetan ikusi ahal denez, Schuchardten (1893 [1972: 271]) iritziz, *da hirugarren pertsonako antzinako izenordaina izan zitekeen. Ildo bertsutik, Jacobsenek (1975) *do hirugarren pertsonako antzinako izenordaina berreraiki zuen, hortik d- eta dat. -o markatzaileak esplikatu nahian. Geroxeago, Traskek (1977) d- aurrizkia aspektu progresiboaren edo ez-burutuaren markatzat hartu zuen; cf. dator (progresiboa) vs. etortzen da (ohiturazkoa), baina ing. he comes (ohiturazkoa) vs. he is coming (progresiboa).
  • b. Z-: Schuchardtek (1893 [1972: 222-223]) hedapen analogikoa proposatu zuen hemen, zan-etik abiatu zelarik; adizki honetan z- osagaia izan-en erroaren zatia litzateke. Analogia za-nz-an berranalisitik abiatuko litzateke, lehenik z- aurrizki berria z-uen adizkira eta, geroago, gainontzeko aditzetara hedatuko zelarik.
  • c. L(E)-: Uste dut Schuchardtek (1923 [1947: 44-45]) iradoki zuela aurreneko aldiz l- aurrizkia ahal-en arrastoa izan zitekeela.19
  • d. B(E)-: Schuchardtek (1923 [1947: 56]) aurrizki hau hirugarren pertsonako bera izenordainekin lotu zuen, lehenago van Eysek bezala (1865: 59, 1867: 104; cf. §5.4.8).

Tradiziozko teoria

Ikusi dugunez, aditz bakarraren aldeko azken autoreak, Campión eta Azkue, eta pasibotasunaren aldekoak, azken buruan, tradiziozko teoria izendatu dudanarekin elkartzen dira: izan ere, haiek guztiek d-, z- (ø-), l- eta b- aurrizkiak hirugarren pertsonako (izenordain-)markatzat hartu zituzten. xix. mendeko beste egile batzuek ere aldarrikatu zuten, esplizituki edo inplizituki, aurrizkiok pertsona-hizkiak zirela, hala nola Lécluse, Zabala, Lardizabal, Vinson, van Eys, Ribáry, etab. Azken hau hartuko dut hizpide, alde batetik, ziur aski aipatu guztietarik ezezagunena delako eta, bestetik, zenbait proposamen interesgarri egin zituelako. Ondoren, xx. mendean oso eragin handia izan zuten Azkueren morfologian (1925) eta Lafitte-ren gramatikan (1944) agerturiko iritziak laburtuko ditut, tradiziozko teoriaren erakusgarri.

Ribáry (1877)

Ferencz Ribáry hungariarra zen eta hungarieraz idatzi zuen bere euskal gramatika. xix. mendearen bigarren erdiko euskalarien artean erdietsi zuen entzutea, urri samarra izanik ere, Vinsonek eginiko frantses itzulpenari zor zaio eta, batik bat, itzulpenarekin batera Vinsonek berak idatziriko sarrera eta ohar osagarriei, Bonaparteren erantzuna merezi izan baitzuten (Bonaparte 1877c). Ribáryren datu-iturri nagusiak Larramendi eta Lardizabalen gramatikak dira eta, euskararen gaineko hausnarketei dagokienez, Mahn-en liburuxka (1875), ordea.

Ribáry

Nabari da Ribáryk ez dakiela euskaraz ia ezer, ezta euskalaritzaren aurreko tradizioaz ere, eta honek hurbilketa arras berria baina, aldi berean, aski nahasia sorrarazten dio. Hori dela-eta, liburuan zehar nahiko kontraesan eta iritzi aldaketa aurkitzen ditugu; analisi xehe batek erraz arbuiatzen dituen proposamen burugabeak han-hemen sakabanatzen ditu, eta erabat garatzen ez duen zorioneko intuizio bat edo beste ere kausi dezakegu.

Esate baterako, lehen pertsonako -t atzizkia denik edo dunik formen laburketa delako proposamen harrigarria Mahn-engandik hartzen du (Ribáry 1877: 31). Halarik ere, aldi berean -da atzizkian “1. pertsonako izenordain zahar baten datiboa” ikusi uste du (1877: 37). Jakina, egun badakigu lehena bigarrenetik datorrela.

Aurrizkiei dagokienez, ahal den neurrian izenordainetatik eratortzen saiatzen da —gainerako pertsonetako hizkietan aski garbi ikusi duena—, noizik behin ustekabeko emaitzak lortzen dituelarik:

  • a. D-: objektu zuzenaren markatzailea delakoan dago, antzinako izenordain baten aztarna izanik (Ribáry 1877: 32-33).
  • b. Z-: proposamen ezin gaurkoagoa dakar (cf. Gómez & Sáinz 1995: 255, 266):
  • la dérivation du suff. de 3e pers. est obscure, le z ou se ne peut se tirer de ark: on pourrait songer au pronom zer, zerk «lequel, quoi», mais c’est vraiment à peu près impossible. (Ribáry 1877: 46)
  • c. B-: Lafonen iritzia aurreratzen du, itxuraz bederen:
  • Le b des 3e pers. sing. et plur. est identique avec le préfixe ba, qui exprime le désir [sic], comme en français la conjonction que; ainsi beza = «qu’il ait», bédi = «qu’il soit». (Ribáry 1877: 48)

Azkue (1925)

Tradiziozko teoria xx. mendearen lehen erdian eraginik handiena izan zuten bi gramatiketan ere aurkitzen dugu: Azkueren morfologian (1925) eta Lafitte-ren gramatikan (1944), hain zuzen. Azkuek aurrizkien distribuzioaren berri ematen du egoki, baina guztiak “características de paciente” direla dio:

Morfología Vasca

  • En las terceras personas hay varias características: 1ª d en indicativo, subjuntivo y potencial próximos: dator viene, datoŕela que venga, datorke puede venir. 2ª z en los mismos modos remotos: zetoŕen podía venir. En dialecto B la característica de esas flexiones es cero en casi todos los verbos conjugables: etoŕen, etoŕela, etorkean. 3ª b en imperativo: betor venga, siendo de advertir que tal elemento paciente, en la mayoría de los pueblos del B, sólo se usa hoy en tratamiento de berori vuesa merced […]. 4ª l en hipotético, condicional y potencial remoto: baletor si él viniera, letorke él vendría, etoŕi leiteke pudiera venir. Las terceras personas plurales tienen las mismas características. Se distinguen de las flexiones singulares en el elemento pluralizador z de los pacientes y e de los agentes. (Azkue 1925: 539-540)

Aurreko aipua hobeki ulertzeko, ohartarazi behar nuke Azkuek Euskal Izkindean (1891) erabili zuen aditz-denbora hurbilen eta urrunen (próximos eta remotos) arteko bereizketa Morfologían ere badarabilela: dakart / nekarren (cf. Azkue 1925: 529).

Azkuek aurrizkien etorkiari buruzko aurreko proposamen batzuk berrikusten eta iruzkintzen ditu:

  • a. Schuchardten (1893) z-ri buruzkoa aipatzen du, baina ez du inolako iritzirik ematen; pentsa genezake, beraz, Azkuek z- aurrizkiaren etorki analogikoa onartzen duela.
  • b. Campiónen (1884: 794) d-ri buruzkoa kritikatzen du, deusezer bezala eta zerbait ez bezala— ezezkako polaritatedun testuinguruetan baino ezin baita agertu, gaurko hitzez adieraztea zilegi bazait. Onartzen du, ildo beretik, Schuchardtek proposaturiko etimologia: deus < proventzerako degus ‘inor ez’.20
  • c. Schuchardten d-ren gainekoari harrera ona egiten dio. Areago dena, Azkuek egoki deritzo aitzineuskarako osagaien (elementos prevascos) zerrenda zabaltzeari, l- aurrizkia eta -z pluralizatzailea ere sartuz. Izan ere, Azkueren ustez, hiru osagai hauek ez dute gaurko izenordain-sisteman inongo kiderik, aginterako b- aurrizkiak ez bezala: berau, berori, bera, hain zuzen (Azkue 1925: 542; baina ik., horren kontra, Gómez & Sáinz 1995: 255-256).
  • d. Bonaparteren -o- eta d-ri buruzkoak ez ditu onartzen; Azkuek ez du uste bi hizkiok erakusleetatik datozenik.
  • e. Azkenik, Bonaparteren b-ri buruzkoa ere (beza < ba + dezan) arbuiatzen du. Azkueren ustez, b- aurrizkia baieztapenetik baletor, ezin izango lirateke aginterako adizkiak ezeztapenarekin batera erabili, bere iritziz adizki bakarra osatzen baitute. Hortaz, “ezbedi (ezpedi)” (Azkue 1925: 542) bezalako forma batean kontraesan bat izango litzateke, nolabait.

Lafitte (1944)

Lafitte-k erakusten digun honako taula honi (eta beste hainbati) erreparatzen badiogu, garbiro ikus dezakegu bere gramatika tradiziozko teorian koka daitekeela:

présent impératif éventuel passé
Le D — = B — = L — = Z — =
Me N — = Nind— = Nind — =
Te H — = H — = Hind— = Hind — =
Les D — z = B — z = L— z = Z — z =
Nous G — z = G — z = n Gind— z = Gind — z =
Vous (s.) Z — z = Z — z = Zind— z = Zind — z =
Vous (pl.) Z — z = te Z — z = te Zind— z = te Zind — z = te

Grammaire Basque Taula: Lafitte-ren pertsona-hizkiak (1944: 244)

Nolanahi ere den, Lafitte-k ez du hirugarren pertsonako aurrizkien jatorriaz ezer zehatzik adierazten, ez izenordainetatik ez beste nonbaitetik datozenik. Beste alde batetik, Lafitte-k uste du hirugarren pertsonako objektua agertu gabe ere ulertu behar dela, are objektu jakinik ez dagoen esaldietan, aspaldi Darrigolek eta Xahok iradoki eta Bonapartek bere teorian garatu zuen bezala:

  • En français, on peut dire: il chante, je mange, tu bois; en basque, il faut exprimer le complément en quelque manière; et, s’il est indéterminé, on suppose une 3e personne du singulier de valeur indéfinie ou neutre. (Lafitte 1944: 357)

Aspektu-denborazko teoria

Kapitulu honetan zehar erakutsi dudanez, d-, z- (ø-), l-, b- aditz-aurrizkiak denbora eta moduen arabera banatzen direla aski goiz hautemandako zerbait da (ik., esaterako, Bonaparteri buruzko ataleko aipuak). Halarik ere, luze itxaron beharko dugu aurrizkiok pertsona-komunztadura hizkiak direlako iritzia baztertu eta, haren ordez, modu, denbora edota aspektuaren markatzaileak direla proposatu arte.

  Fontes Linguae VasconumAlberdik (1989b: 778) Saroïhandyri (1918) egotzi dio gogoeta honen lehentasuna, nahiz eta Saroïhandyk berak aitortu zuen ezin zuela aurrizki bakoitzaren etorkia argitu. Ondoren, pentsabide hori Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaraturiko bi artikulutan berragertu zen, artean ia inork erreparatu ez bazien ere: Pennaod (1970) eta Oregi (1974), alegia. Haatik, Traskek (1977) bere kasa gisa bereko proposamena plazaratu zuenetik, gero eta euskalari gehiago atxiki zaizkio; esan liteke gaur egun ia aho batez onartzen dela.21 Ezbairik gabe esan liteke teoria honi bultzada handia eman ziola De Rijk-ek (1992) proposatu zuen d- aurrizkiaren etimologia: laburki esanda, *da aitzineuskaran ‘orain’ adierazteko hitza dugu eta, hortaz, orainaldiko adizkietan agertzea zeharo ulergarri gertatzen da (hala ere, d-ri buruzko ikuspuntu desberdin baterako, ik. Rotaetxe 1998).

Komunztadura-markei dagokienez, aspektu-denborazko teoriaren berehalako ondorioa honakoa dugu: hirugarren pertsonan agertzen diren aditz-aurrizkiak modu, denbora edota aspektuaren markak badira, hirugarren pertsonako argumentu absolutiboak —hala subjektu iragangaitzak nola iragankorretako objektuak— adizki-konplexuan pertsona-komunztadura hizkirik gabe geratzen dira, agerian behinik behin. Hala bada, argumentu ergatiboen egoerara hurbiltzen dira nolabait.

Teoria honetatik abiaturik, azken urteotan arazo hauen inguruko azterketak ugaldu dira: besteak beste, Laka (1988), Gómez (1994), Elordui (1995), Gómez & Sáinz (1995), Fernández (1997), Albizu eta Eguren (2000) eta Ormazabal eta Romero (2004). 22 Nolanahi ere den, aurrizkion jatorriaz adostasun ia erabatekoa den arren, zenbait lanetan aurrizkiak hirugarren pertsonaren markatzailetzat hartzen jarraitu da, kasuan kasuko egileak bere analisi diakroniko edota sinkronikoan hala jokatzea egokiagotzat jo badu.

Ondorioak

Aurreko orrialdeetan euskal aditzaren objektu-komunztadurari buruz xix-xx. mendeetan izan diren ikusmoldeak aurkezten saiatu naiz. Arreta berezia jarri dut, halere, zeresan gehien eman duten hirugarren pertsonako aurrizkien izaeraz eta jatorriaz esan direnetan, hauexetan nabarmentzen baitira, nik uste, teoria desberdinen arteko alderik markagarrienak. xix. mende hasieran kausitzen ditugu euskal aditzaren morfema-egiturari buruzko lehen azterketak, nola edo hala gramatika orokorrari atxikiak gehienbat. Astarloari zor diogu, hain zuzen, euskal aditzaren aurreneko morfema-banaketa, baita tradiziozko teoria deitu dudanaren oinarriak ezartzea ere. Ondoren, xix. mendeko autore gehienek gramatika orokorrean hainbesteko arrakasta izan zuen aditz bakarraren teoriaren eredura egituratu zituzten beren azterketak. Mendearen hondarrean euskal aditzaren pasibotasunaren teoriak lortu zuen euskalarien harrera ona, eta halaxe iraun zuen xx. mendeko 60etako hamarkada arte. Hala aditz bakarraren nola pasibotasunaren aldekoek -zeinek bere jarrera teoriko desberdinetik- hirugarren pertsonako objektu-komunztadurari buruzko ondorio bertsua erdietsi zuten: euskal aditzean objektu zuzena (pasibistentzat subjektua dena) beti markatzen da, are esaldian objektu jakinik ez dagoenean ere. xx. mendeko 70etako hamarkadan, ikuspuntua zeharo aldatzen da; hirugarren pertsonan agertzen diren aditz-aurrizkiak ez dira geroztik pertsona-hizkitzat hartzen eta modu, aspektu eta denborarekin lotzen dira; ondorioz, aspektu-denborazko teoriak hirugarren pertsonako objektu-komunztadura ez dela agerian markatzen proposatzen du. Nabarmentzekoa iruditzen zait azken puntu hau; izan ere, mende bat eta erdiko epean adizki iragankorretan hirugarren pertsonako objektua beti markatzen dela (are objekturik ez dagoenean ere) pentsatzetik objektu-markarik inoiz ez dagoela (are objektua dagoenean ere) proposatzera igaro da.

— Egilea: Ricardo Gómez

— Urtea: 2011

1 Kapitulu honen oinarria Gómez (2001) da.
2 Gramatika orokorrari eta “aditz bakarraren” teoriari buruz, ikus Gramatika orokorra eta aditz bakarraren teoria eta bertan aipatutako bibliografia.
3 “Tradiziozko teoria” eta “aspektu-denborazko teoria” deiturak Gómez (2001) lanean erabiltzen dira lehen aldiz, zenbait ideia biltzen dituzten etiketa identifikatzaile gisa. Kasu bakoitzean ideia hauek biltzen dituen ardatza haien antzekotasun “tipologikoa” da; izan ere, paralelotasunarekin jarraituz gero, batzuetan ez dute inongo “ahaidetasun genetikorik” erakusten.
4 Honako laburdura hauek erabili ditut: c = cortés (eztabadakoa), f = femeninoa, fam. = familiar (hitanoa), LAG = laguntzailea(ren erroa), m = maskulinoa, p = plurala.
5 Cf. “La segunda persona femenina tendrá por característica paciente la letra n pospuesta al auxiliar, á quien no antecederá persona alguna cuando esta persona es paciente, y cuando es agente ó recipiente, se conocerá por la característica de paciente que antecederá á dicho auxiliar” (Astarloa 1883: 466). Edo beste pasarte hau: “En la segunda conjugacion [Au-na — R.G.] se ven dos letras más que en la primera, esto es, la n y la a. La n es característica de segunda persona femenina paciente y la letra a es letra eufónica. Si la n se coloca despues de la radical au, y no ántes como lo tiene de costumbre el bascuence en todos los tiempos reales con las características de personas pacientes: el motivo es el no confundirse con la primera persona de singular paciente: por esto es que la n inicial es característica de primera persona paciente en el tiempo real y agente en el apostrófico; pero para que la n sea característica de segunda femenina ha de hallarse al fin ó en medio de diccion” (1883: 716).
6 Cf. “La tercera persona será paciente en las conjugaciones corteses cuando precede al auxiliar la letra d, y en las familiares no necesita de característica alguna ni para ser agente ni para ser paciente; de modo que cuando en estas conjugaciones no hay característica de agente ni de paciente, será señal de que una tercer persona de singular es el agente, y otra tercera del mismo número el paciente” (Astarloa 1883: 466). Edo beste pasarte hau: “otra tercera persona del mismo número singular paciente, caracterizada en la d inicial de dicho auxiliar [d-eu-ts-a-t — R.G.]” (Astarloa 1803: 150).
7 Cf.: “Las características de agente y recipiente, se pluralizan añadiendo á las letras que las indican, una doble e cuando tienen consonantes; pero siendo vocales se sustituyen por la dicha letra e doble” (Astarloa 1883: 466).
8 Astarloak, euskal aditz sistema osatze aldera, NOR-NORI-NORK izeneko paradigman lehen edo bigarren pertsonako argumentu absolutiboa duten adizkiak “berreraiki” zituen. Gaztelaniaz halakoetan klitiko konbinaketak ezinezkoak direnez —cf. María me (DAT) lo denunció / *María me (DAT) te denunció)—, Astarloak itzulpenak bortxatu egin behar ditu, klitikoen hurrenkera arrunta aldatuz: hortaz, uler bedi ‘Aquél (ERG) te (ABS) le (DAT) ha muerto’, eta orobat hurrengo adibideetan. Zabalak, erabilerari atxikiago, “conjugaciones anticuadas” izendatu zituen eta ohartarazi zuen ez direla erabiltzen (Zabala 1848: 8).
9 B. Oyharçabalek (a.a.) gogorarazi didanez, kontuan izan behar da sagarra jan dut bezalakoetan (ez, ordea, ondo afaldu dut bezalakoetan, segurki) objektu-komunztadura badela, ageriko morfemarik ez izanagatik; baina ez pertsona-komunztadura, numero-komunztadura baizik (singularrekoa, noski). Horrelakorik ez onartzera, nekez azal dezakegu pluraleko komunztadurarekiko aurkaritza.
10 Darrigolek darabilen terminologian “iragankor” terminoak esanahi bikoitza du: batetik, pertsona bat baino gehiago dituzten aditzak dira, bata nominatiboan (hots, absolutiboan) eta bestea(k) zehar-kasuren batean; aditzaren esanahia pertsona batetik bestera “iragaiten” da (NOR-NORI paradigmari buruz ari delarik baino ez du adiera hau erabiltzen, letra etzanez erabili ere; ik. 1827: 118). Hauxe da, hain zuzen, besteak beste Larramendik darabilen adiera (Larramendi 1729: 170 eta hh.). Eta hauxe da, orobat, terminoaren lehen adiera, azken buruan, Priszianorenganaino gibeleratu daitekeena. Baina, beste alde batetik, Berpizkundeko latin gramatiketan nagusi da aditz iragankorren saila “aktiboen” barruan sartzea; hots, objektu zuzena dutenak dira iragankorrak (ik., Antzin Aroko eta Espainiako tradizioei buruz, Gómez Asencio 1985: 128 eta hh.). Denbora aurrera joan ahala, “aktibo” ezaugarri semantikoa eta “iragankor” ezaugarri sintaktikoa gero eta nahasiago agertuko ziren eta hori da Darrigolen lanean aurkitzen dugun bigarren adiera, adiera nagusia alegia. Larramendiren kasuan, honako aditz sailkapena dugu: aktiboak eta neutroak, eta aktiboen barnean bi aditz-joko absolutu (dut, ditut) eta hogeita bat aditz-joko iragankor edo erlatibo (NOR-NORI-NORK eta NOR-NORK paradigmei dagozkienak).
11 Cf. “Affirmer l’influence la plus étendue que se puisse imaginer, l’action la plus générale possible d’un sujet sur un autre, telle est la valeur première et la fonction essentielle de notre verbe actif. Renfermer en soit les pronoms tant singuliers que pluriels des trois personnes; épuiser avec un laconisme parfait toutes les combinaisons mathématiquement possibles entre les six pronoms personnels, en les présentant d’abord deux à deux, puis trois à trois; exprimer, avec une facilité qui étonne, une variété qui enchante, une rapidité d’expression que rien n’égale, toutes les attitudes ou situations respectives que peuvent prendre ces divers pronoms, employés en sujet et en complément, en complément direct et en complément indirect; tel est le mécanisme intéressant et la richesse singulière de ce verbe incomparable” (Darrigol 1827: 125-126). Pasarte honetan “aktibo” deitzen badio ere, hamar bat orrialde beherago “iragankor” berba erabiliko du (cf. aurreko oharrean esandakoa).
12 Bidenabar esanda, Xahok beste argudio bat ematen du niz eta dut-en batasunaren alde: niz-en forma alokutiboak eta dut-en bigarren pertsonakoak berdin-berdinak dira (ik. Xaho 1836: 82):
  • Nuzu, vous m’avez (vous singulier).
  • Nuzu, je suis (vous dis-je, vous singulier).
  • Nuk, tu m’as (toi masculin).
  • Nuk, je suis (parlant à toi masculin).
  • Nun, tu m’as (toi féminin).
  • Nun, je suis (parlant à toi féminin).
13 Kontuan izan bedi zenbait urte lehenago Bonapartek (1877: 43) iradoki zuela -ki aditz atzizkia (eduki, egoki) eta -ki(n) deklinabide atzizkia gauza bera direla eta, hortaz, biek ‘kidetasuna’ esan nahi dutela.
14 Bestalde, -k eta -n atzizkiei dagokienez, Azkuek, guztiz Astarloaren erara eta zehazki Errori jarraituz, ‘sendotasun’ (1891: 110) eta ‘ahultasun’ (1891: 183) esanahiekin lotzen ditu, hurrenez hurren: “N, a juicio del escritor de Erro, suele indicar debilidad y cuadra bien á hembras”.
15 Gogoan har bedi z- ez duela aipatzen gramatika bizkaieran oinarritzen duelako eta iritzi garbizaleek hartara eramaten dutelako.
16 Euskalaritzatik at ere izan zen egitura ergatiboaren pasibotasunari buruzko eztabaida; ik. Seely (1977: 197-199).
17 Van Eysek, lehenbiziko lanetan behinik behin (1874, 1875), dut-en paradigmako adizkiak eroan-en forma laburtuak zirela proposatu zuen.
18 Xehetasunetarako ik. Gómez & Sáinz (1995: 254-256).
19 Cf. orain Aldairen (1998, 2001) hipotesia; autore honen arabera, l- aurrizkiaren etorkia hirugarren graduko erakuslea izango litzateke, *hal (> *har) alegia. Dena dela, Aldairen ustez, aurrizkiaren eginkizun zaharra inpertsonal ez-burutua markatzea litzateke; cf. fr. on, gazt. zah. omne < lat. homine(m); al. man < Mann ‘gizon’; gazt. mod. uno ‘bat’, etab.
20 Deus-en etimologiaz, ik. Agud & Tovar (1991: s.u.).
21 Aipa dezadan, erakusgarri gisa, Euskaltzaindiaren gramatikak ere onartu duela azterbide hori (Euskaltzaindia 1987: 143).
22 Beste ildo batetik, Oyharçabalek (1993, 1997 eta, bereziki, 2000) aginterako b- aurrizkia menderagailu gisa aztertzea proposatu du. Horren alde darabiltzan argudioak honakoak dira: alokutibotasunik eza (*bedik, *bezak), beste menderagailurik hartzeko ezintasuna (*bedila, *bitzala) eta euskalki batzuetan pertsona-markekin batera agertzeko ahalmena (benaza).

lanaren aipamena nola egin...

Ricardo Gómez, "Objektu-komunztadura XIX eta XX. mendeetako euskal gramatikagintzan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3