Erabiltzaile Tresnak


morf:2:7

Pro-drop hizkuntza

Askotariko komunztadura izan da aipatu dugun azken bereizgarria eta batzuen ustez, bederen, beste ezaugarri tipologiko batekin lot daiteke, hots, pro-drop hizkuntza izatearekin, nahiz eta bi ezaugarriak ez diren nahitaez uztartzen. Pro-drop deitura pronoun dropping-en laburdura da, hots, izenordaina isiltzeko hizkuntza batzuek erakusten duten gaitasuna. Horrela nik hari liburuak ekarri dizkiot esaten dugu, baina berdin esan dezakegu, informaziorik galdu gabe, ekarri dizkiot. Esan, horrela esaten da gainera, gehienetan, baldin testuingurutik badakigu ekarri ditugun zer horiek liburuak direla.

Ekarri dizkiot adizki soileko perpausa da, eta hor ez daude agerian ez subjektuari ez zehar objektuari ezta osagarri zuzenari ere dagozkien pertsona izenordainak, nik, hari eta haiek, hurrenez hurren. Izenordain horiek guztiak isildu egin dira eta isildu arren, gramatikala da perpausa.

Hiromi Yoshidari eginiko elkarrizketa

Izenordainak isiltzeko gaitasuna duten hizkuntzei deritzegu pro-drop hizkuntzak: euskara eta japoniera dira bi adibide ezagun.

Beste hizkuntza batzuetan, isildu daitekeen izenordain bakarra subjektuarena baino ez da, eta halakoetan, subjektu isileko hizkuntzez hitz egiten dugu. Gaztelania edo katalana dira halako hizkuntzak. Adibidez, vengo tarde ‘berandu nator’ esan daiteke yo ‘ni’ pertsona izenordaina isilduz eta perpausa gramatikala da erabat, baina hortik aurrerako osagarri zuzena edo zehar osagarria ezin daitezke isildu. Adibidez, *traigo ‘dakart’ soila jasotzen duen perpausa ez da gramatikala da, hau da, dakardana agerian adierazi behar dugu pertsona izenordaina isildu gabe: lo traigo ‘dakart’. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, ezin daiteke subjektua ere isildu, eta ez bestelako argumenturik, noski. Hizkuntza erromanikoen artean hori gertatzen da frantsesez, adibidez, eta hizkuntza familia horretatik kanpo, ingelesez:

  • nator
  • *viens, *come
  • Je viens, I come

Hizkuntza horietan hainbestekoa da subjektu ageriaren (“entzuten” den subjektua esan nahi dugu) premia, non izenordain espletiboen bidez bete behar baita subjektuaren egongune hori.

  • gaur euria egingo du
  • *today will rain, *aujourd’hui pleura
  • today it will rain, aujourd’hui il pleura

Subjektu betegarri bat eman behar da perpaus gramatikala izango bada.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Pro-drop hizkuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3