Erabiltzaile Tresnak


morf:2:8

Aditz laguntzailea txandakatzea

Ikusten denez, asko dira euskarak dituen bereizgarriak: besteak beste, SOA hizkuntza da, hizkuntza ergatiboa, baita pro-drop hizkuntza ere. Horiek guztiak, ikusi dugun gisan, euskararen ezaugarriak dira, eta beste hizkuntza asko guztiz desberdinak dira puntu horietan. Hizkuntzen arteko desberdintasunak parametroen bidez azaltzen ditugu, parametroak baitira hizkuntzen arteko aldakortasun ardatzak: adibidez, hitz hurrenkeraren parametroari zor zaio euskara SOA hizkuntza izatea (buru-parametroa da bere izen teknikoa), ergatibotasunaren parametroari hizkuntza ergatiboa izatea, pro-drop parametroari pro-drop izatea. Alabaina, aldakortasunaren parametroak ez dira nahikoa izan hizkuntzen alderdi bereizgarriak azaltzeko, eta parametro horietatik kanpo bilatu behar ditugu euskarak eta beste hizkuntza batzuek erakusten dituzten zenbait ezaugarri berezi. Horietako bat da, adibidez, aditz laguntzailea txandakatzea.

Bereizgarri horietaz (eta gainerakoez ere), ez gara jabetu ere egiten, baina esanguratsua da euskara beste hizkuntza batzuekin alderatzen dugunean. Ikus ondoko perpaus hauek, esate baterako:

  • zu berandu etorri zara
  • zuk trena galdu duzu

Izatez, bi perpaus ditugu hor, aditz iragangaitzekoa lehena (etorri) eta iragankorrekoa bigarrena (galdu), eta aditz mota bakoitzarekin aditz laguntzaile bat edo bestea darabilgu: izan laguntzailea etorri aditz iragangaitzarekin eta *edun laguntzailea galdu aditz iragankorrarekin. Ohartzen garenez, *edun laguntzaileari aurretik izartxoa jartzen zaio, ez delako berez dagoen-dagoenean, forma horrekin, ager daitekeen aditza, izan ager daitekeen bezala (etxean izan da / *arazoa edun du): datu morfologikoen arabera berreraikitako forma da. Beraz, izan/*edun aditz laguntzaileen artean hautatzen du euskarak, aditz nagusia eta perpausa nolakoa den:

  • txakurra etorri da
  • esan duena entzun dugu

Kontura gaitezen, zer adierazi nahi dugun argi uzteko, ez dela hori gertatzen gaztelaniaz, adibidez:

  • ha venido el perro
  • hemos oído lo que ha dicho

Bietan haber aditza dugu, ez euskaraz bezala bi aditz.

Datiboa erants dezakegu batzuetan, eta aditz berak erabiltzen ditugu orduan ere:

  • txakurra etorri zaigu
  • esan duena entzun diogu

Batzuetan aditzek berez eskatzen dute datiboa:

  • niri kakaoa gustatzen zait
  • nik zuri katilua eman dizut

Adibidez, gustatu aditz psikologikoa dugu lehen perpausean, datibo eta absolutibo argumentuak hautatzen dituena, eta zait adizkian ikus daitekeenez, izan bera da aditz laguntzailea, nahiz eta datibo komunztadura ere biltzen duen. Eman aditz iragankor datibodunarekin (ditrantsitibo ere deituak), berriz, dizut adizkia dago. Adizki horretan ez dugu morfologikoki agerian *edun-en aditz erroa, hots, -u-, dut forma datibo komunztadurarik gabean ez bezala. Alabaina, printzipioz *edun bera dela uste izan dute gramatikari batzuek. Beste batzuek, aldiz, kontuan izanik euskalkien arabera deutsut, dautzut, derautzut, deizüt… bezalako adizkiak erabiltzen direla, -i- horretan (dizut) aditz baten erroa ikusi dute. Zernahi gisaz aditz laguntzailearen hautaketa, hemen ikusten den gisan, zabaldu egiten da datiboa gaineratzen duten egituretara ere. Azkenik, hautaketa hori are konplexuagoa gertatzen da: izan eta *edun aditz laguntzaile iragangaitz eta iragankorraz gain, *edin eta *ezan aditz laguntzaileak ere erabiltzen baitira euskaraz, denbora eta modua zein den, geroago xehetasunez azalduko dugun bezala1.

Italierak ere bereizten ditu aditz laguntzaileak, eta banaketa hori antzematen da baita aditza inakusatiboa edo inergatiboa denean ere, euskararen antzera:

  • je suis venu
  • j’ai skie
  • sono venuto
  • ho sciato

Beste hizkuntza batzuek, ordea, aditz laguntzaile bakarra erabiltzen dute forma analitiko batzuetarako (adizki perifrastikoak, esan nahi dugu): gaztelaniak, esaterako, haber aditz laguntzailea erabiltzen du predikatu iragangaitz (he venido ‘etorri naiz’) zein iragankorrekin (he leído un libro ‘liburu bat irakurri dut’). Baina egituraz aldatzean posible da beste aditz laguntzaile bat aukeratzea: berriz ere gaztelaniara itzuliz, ser aditz laguntzailea ageri da egitura pasiboetan, adizkietan (fue arrestado ‘atxilotua izan zen’).

Beste hizkuntza batzuek, ordea, ez dute halako aditz laguntzaile hautaketarik erakusten: hori gertatzen da txekieraz edo bulgarieraz, adibidez, eslabiar hizkuntzen arteko bi aipatzeagatik.

Ondoko bi perpaus hauek dira, orain arte esana kontuan hartzen badugu, euskararen egitura arruntenak:

  • jendea etorri da
  • jendeak gezurrak esaten ditu

Iragangaitza lehenbizikoa, iragankorra bigarrena. Aditz laguntzailea izan da lehenbizikoan, eta edun bigarrenean. Aditz laguntzaileez ari garenez, aipa ditzagun beste zenbait kasu, non ikus baitaiteke laguntzailearen aldaketa hori beste egitura batzuetan.

  • jendeak gezurrak esaten ditu
  • orain gezurrak esaten dira (Izatez inpertsonala da, baina hemen egitura interesatzen zaigu)

Aurrekoarekin erkatuz, han objektu zuzena zena (gezurrak) orain subjektu bihurtu da. Ikus daitekeenez, honek pasiboen itxura hartzen du. Pasiboen eredu garbia duten hizkuntzetan (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez…) gramatikariek aldaera horren berri eman dute: nolabait esateko, objektu zuzena subjektuaren tokira igo dela esaten da, eta aktiboan subjektu zena orain “por, par edo by” bezalako preposizioek osatutako sintagma batean biltzen dela: por el profesor; par le professeur; by the teacher. Egia da gezurrak esaten dira bezalako perpaus batean ez dugula holako postposizio sintagmarik (*gezurrak esaten dira jendeaz), eta irakurketa beti inpertsonala dela, ez baitute egile gauzaturik onartzen. Argumentuen kopurua murriztu egiten da, eta haien nolakotasuna aldatu. Bestela, egitura pasiboen aski antzekoa dela esan daiteke. Hor ere laguntzailea aldatu da: *edun =⇒ izan.

Dakigun gisan, hala ere, euskal literaturan, batez ere ipar-ekialdeko idazleen lanetan, badira euskaraz beste hizkuntzetako pasibo “arruntak” bezalakoak:

  • Jainkoa deabruak tentatu zuen
  • Jainkoa deabruaz tentatua izan zen =⇒ pasiboa

Beste hauek ere parekoak dira:

  • Nehork, tentatzen denean, ezterrala Jainkoaz tentatzen dela; ezen Jainkoa ezin tenta daite gaizkiz, eta nehor eztu tentatzen = ‘Inork ere, norbaitek tentatzen duenean ez dezala esan Jainkoak tentatzen duela; ezen Jainkoa ezin tenta dezake gaitzak, eta berak ez du inor ere tentatzen’.

Jainkoaz (edo deabruaz, gorago) postposizio sintagma sintaktikoki adjuntu bat da (deabruak ez bezala), baina horrek ez ditu gauzak gehiegi aldatzen. Literatura tradizioko adibide gehienak (ez dira gehiegi) tankera horretakoak dira:

  • deabruaz poseditua
  • deabruaz tormentatua
  • deabruaz tentatua…

Egitura hori duten perpausak ikus daitezke testuetan, batez ere testu klasikoetan, esan bezala, baina aise gutxiago hizkera mintzatuan. Ez dute gramatikarien artean izen ona izan holako egiturek, eta hizkuntza kalkotzat hartuak izan dira. Bestetik, Jainkoa deabruagatik tentatua izan zen gisako perpausak, itxuraz pasiboen beste aldaera bat, geroago ikusiko dira.

Egitura pasiboak haien kideak diren egitura aktiboekin daude harremanetan:

  • Deabruak Jainkoa tentatu zuen ⇒ egitura aktiboa
  • Jainkoa deabruaz tentatua izan zen ⇒ egitura pasiboa

Bi esaldi horiek esanahi bera dute, baina egituraz ezberdinak dira. Egitura aktiboan bi argumentu daude, subjektua eta osagarria; aldiz, egitura pasiboan, lehengo osagarria, hots, Jainkoa oraingo subjektua da eta lehengo subjektua, deabruak, forma aldetik aukerakoa den (eta hortaz, isil daitekeen) adjuntu bat izatera igaro da. Kontuan izan behar dugu, esaten dugunaz jabetzeko, argumentuak (subjektua, osagarria eta zehar osagarria) perpauseko partaide nagusiak direla eta adjuntuak, ordea, sintaktikoki periferikoak. Esan nahi baita, aditzek ezinbestean eskatzen dituztela argumentu batzuk beren sare tematikoan: “norbait” etortzen da, “norbaitek” “norbaiti” “zerbait” erosten dio, “norbaitek” “norbait” tentatzen du, eta abar. Hori zehaztea ezinbestekoa dute etorri, erosi eta tentatu aditzek. Baina aditz horiek ez dute eskatzen “gaur” erostea edo etortzea edo tentatzea, “honenbestean” erostea, “diruarekin” edo beste zerbaitekin tentatzea, “norbaiten laguntzarekin” edo ez tentatzea, eta abar. Aditzek sare estu batean inguratzen dituzte beren argumentuak. Ordea, sare estu horretatik kanpo daude adjuntu deitzen ditugun sintagmak: gaur, adiskidearekin, goizik, hamar eurotan, deabruaz… Horregatik, azkeneko horiek, muineko partaideak ez direnez, isil daitezke edo besterik gabe ez dute zertan agertu.

Pasiboen multzo honetan bada beste egitura bat ere aski deigarria:

  • etxe hau deabruak egina da.

Aurrekoak bezalakoa da:

  • etxe hau deabruaz egina da
  • etxe hau deabruagatik egina da

Komunztadura eta sintagmen kokapena berdina da: badugu subjektu bat (etxe hau), izan aditza (da), komunztadura arrunta (etxe hau handia da esaten dugunean bezala), baina orain bada argumentu bat ergatiboan, berari legokiokeen laguntzailerik gabe: ergatiboak edun eskatzen du, baina hor izan dugu. Ohart gaitezen etxe hau deabruak egina da edo etxe hau deabruak egina du, bietara esaten dugula. Ez gara hemen barneko egituraz ari: segur aski ere, egitura diferenteak daude hor perpausean, egitura konplexuak nolanahi ere, Trask-ek (1980:301), Brettschneider-ek (1979: 371-384), eta Wilbur-ek (1979) esan duten gisan, hori ere azalduko da. Hemen aditz laguntzailearen aldaketen berri eman nahi dugu, ez besterik. Eta, ikusten denez, aditz laguntzaile desberdinak ditugu.

Ez dira horietan bukatzen eredu hedatuenetik (iragangaitz/iragankor arruntak) urruntzen diren egiturak. Badira etorri naiz/etorria naiz bezalakoak, eta ikusi ditut/ikusiak ditut bezalako bereizketak. Baina perpaus horien egitura edozein dela ere, ez da hor aditz laguntzailea aldatzen, eta ez ditugu, hortaz, hemen azalduko. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste bikote honekin:

  • (nik) gauza asko ikusi dut / (ni) gauza asko ikusia naiz

Hor bai, aditza aldatu egin da. Rebuschik (1984:437-448) antipasibo deitu zituen holako egiturak, 1972an Silverstein-ek (1972)2 proposatutakoari jarraiki.

Laguntzailea aldatu da baina komunztadura ez du abiapuntuko objektu zuzenarekin egiten (pasiboetan: objektu zuzena ⇒ subjektu), baizik lehenago ere subjektua zenarekin (antipasiboetan: subjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutibo)
Egitura aktiboaEgitura antipasiboa Egitura pasiboa
nik gauza asko ikusi dut ni gauza asko ikusia naiz etxea deabruak egina da
subjektu ergatiboa + objektuasubjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutiboobjektu zuzena ⇒ subjektu

Hor aldaketa bat gertatu da, baina aldaketa hori ez da pasiboetan gertatzen dena bezalakoa. Horregatik deitu zitzaien “antipasibo” egitura hauei, pentsatzekoa da. Gero euskal gramatikariek ere terminologia hori erabili dute (EGLU 20012:18, lekuko, edo Zabala 2003: 431). Baina handik urte batzuetara Rudolf de Rijk irakasleak kritika egin zion Rebuschiri, kontzeptu hori beste zerbaitetarako –itxuraz antzekoa, ez ordea, edukiz–, proposatu baitzuen Silversteinek. De Rijkek egitura parapasiboak deitzen ditu holakoak: gauza asko ikusia naiz. Egiazko antipasiboak txuktxieraz eta maiar hizkuntzetan aurki daitezke.

Baina gauza asko ikusia naiz bezalakoak ez badira antipasiboak, badira, hala ere, egitura antipasiboak euskaraz? Bai, R. De Rijken ustez (2008: 766-769). De Rijkek dioenez, (Ortiz de Urbina 1989: 203, 15. oinoharra) izan zen lehenbiziko ikertzailea egitura hauek zuzen kokatu zituena. Holako egitura gutxi ditugu, egia da. Segur aski aditz iragankorretatik sortuak dira, baina prozesua ez da emankorra. Antipasiboak dira baliatu aditzarekin sortutakoak, adibidez:

  • liburu horretaz baliatuko dira

Aditz hori erabili izan da historian, eta gaur ere Iparraldeko euskalkietan, aditz iragankor arrunta bezala:

  • liburu hori baliatuko dute

Badirudi egitura iragankor arrunt horretatik sortzen dela liburu horretaz baliatuko dira egitura antipasiboa. Antipasiboak gertatzen dira beste aditz batzuekin ere:

  • ahaztu › Andoni ahaztu dut / Andoniz ahaztu naiz
  • gogoratu › Andoni gogoratu dugu / Andoniz gogoratu gara
  • oroitu › oroituko zaitugu / zutaz oroituko gara
  • gozatu › film hori gozatu dugu / film horretaz gozatu gara

Baina prozesua ez da egun emankorra, eta ezin da esan hortaz egungo euskaran egitura antipasibo hauek sistematikoki aditz iragankorretatik sortzen direla. Ikusten denez, hauetan guztietan ere gertatzen da aditz laguntzailearen aldaketa.

1 Batasunean hartu den ereduaz ari gara, jakina. Esan dugu euskalkietan beste aditz batzuk ere erabiltzen direla laguntzaile gisa. Horien artean daude eutsi (*edutsi), egin, *iro(n), *eradun bezalakoak proposatu izan dira: esan deutsat, esan leike, ikus diro, erran derautzut
2 Kontu honetaz Wolfgang Schulze 2010 ere ikus daiteke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz laguntzailea txandakatzea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3