Erabiltzaile Tresnak


morf:3

Gramatika kategoriak

Gramatika kategoriak zer diren ikusiko dugu atal honetan, euskaraz zer gramatika kategoria bereizten ditugun eta nola erabiltzen diren.

Definizioa eta sailkapena

Gramatika kategoriak hizkuntzetako ale lexikoak sailkatzeko erabiltzen diren klase formalak dira, esate baterako, izenak, aditzak, adjektiboak, postposizioak eta abar. Talde horietan sartzen ditugun aleek ezaugarri morfosintaktiko eta, hein batean, semantiko berberak izaten dituzte. Adibidez, mahai eta erle ale lexikoak izenak direla esaten dugu, banaketa morfosintaktiko bertsua dutelako, eta erreferentzia egiten diotelako munduan edo gure gogoan existitzen den entitate bati. erlea

Dena dela, ale lexikoak kategorietan sailkatzeko erabiltzen diren irizpideak ez dira oso argiak; izan ere, kategoria bereko ale batzuek ez dituzte beti ezaugarri berberak izaten, eta alderantziz, kategoria desberdinetako aleek berdintsu jokatzen dute zenbait testuingurutan.

Kategoria kopurua

Kategoria kopuruari dagokionez, ez dago erabateko adostasunik. Batetik, esan dugu ez dagoela irizpide argirik; eta bestetik, kategoria guztiak ez daude hizkuntza guztietan. Esaterako, hizkuntza askotan ez dago adjektiborik, eta horien ordez izenak edo aditzak erabiltzen dituzte. Bestetik, hizkuntza batean kategoria bati egozten zaizkion ezaugarriak beste hizkuntza batzuetan ez dira beti kategoria bereko aleetan aurkitzen. Bestalde, hizkuntza batean oinarrizkoa dirudien kategoria batek beste kategoria batetik eratorria irudi lezake beste hizkuntza batean.

Laburbilduz, zaila da (edo ezinezkoa) kategoria gramatikalen zerrenda unibertsal bat egitea. Hala eta guztiz ere, guk hemen oinarrizko hamar kategoria zerrendatuko ditugu, euskararen gramatika kategoriak ulertzeko eta deskribatzeko:

  • izena
  • aditza
  • adjektiboa
  • postposizioa
  • adberbioa
  • determinatzailea
  • flexioa
  • mailakatzaileak
  • menderagailuak
  • juntagailuak

Gramatika kategoriak sailkatzeko irizpideak

Hizkuntzetako ale lexikoak gramatika kategoriatan sailkatzeko, irizpide batzuk erabiltzen dira:

  • morfosintaktikoak → aleen formarekin edo testuinguru formalarekin zerikusia duten irizpideak
  • semantikoak → hizkuntza unitateen esanahiari lotzen zaizkion irizpideak (hauetan oinarritzeak arazo handiak sortzen dituela egiaztatu da)

Irizpide morfosintaktikoak

Irizpide morfosintaktikoek ale lexikoen banaketa morfologikoari eta sintaktikoari egiten diote erreferentzia, hau da, ale horiek aldamenean izaten dituzten hizkiei edo hitzei erreparatzen diete. Oro har, kategoria bereko aleek modu berean jokatzen dute ondoan hizkiak eta hitzak onartzerakoan. Esate baterako, mahai eta erle hitzek -a edo bat determinatzaileak har ditzakete: mahai-a, erle-a, mahai bat, erle bat. Adjektibo batek modifikatzea ere onartzen dute: mahai handia, erle handia… Hortaz, esan genezake, mahai eta erle talde bereko ale lexikoak direla, eta ondorioztatu genezake, gainera, determinatzaileen eta adjektiboen ezkerretara agertzea izen kategoriaren ezaugarria dela euskaraz. Hala ere, izenak ez dira testuinguru horietan ager daitezkeen bakarrak; izan ere, adjektiboak euskaraz determinatzaileekin azaltzen dira: txiki-a, txiki bat; gorri-a, gorri bat eta abar. Kasu horietan, baina, isilpeko izen bat dagoela esango genuke, hau da, txiki bat diogunean, benetan [IZEN txiki bat] adierazten ari gara, hau da, hartzaileak aurreko diskurtsotik edo testuinguru komunikatibotik ezagutzen duen izen bati erreferentzia egiten zaio. Horrenbestez, determinatzaileekin agertzea izen kategoriaren ezaugarria da.

Beste batzuetan, aldiz, eragozpenak gaindiezinak dira. Xabier Artiagoitiak esana du adjektibo kategoriaren ezaugarri bat dela mailakatzaileekin (-ago, -egi, -en) agertu ahal izatea:

  • argalago, argalegi, argalen
  • estuago, estuegi, estuen
  • zabalago, zabalegi, zabalen
  • haserreago, haserregi, haserren
  • gaiztoago, gaiztoegi, gaiztoen

Adjektiboek entitateen ezaugarriak zehazten dituzte eta mailakatzaileak ezaugarri horien maila edo gradua zehazten dute, batzuetan, besteekiko alderaketa eginez. Mailakatzaileekin agertu ahal izatea adjektiboen ezaugarria dela pentsa genezake baina baieztapen hori egiteko bidean bi arazo aurkituko genituzke:

  • a) adjektibo guztiek ez dute mailakatzailerik onartzen
  • b) adjektiboak ez diren ale lexiko batzuek ere hartzen dituzte modifikatzaileak
  • Lehenengo arazoari dagokionez, Xabier Artiagoitiak erakutsi du erlaziozko adjektiboak (laborala) ezin ager daitezkeela mailakatzaileekin 1:
    • kontratu laborala > ? kontratu laboralagoa, laboralegia, laboralena, oso laborala…
  • Antza, ezaugarri bat adierazten duten adjektiboak bakarrik ager daitezke mailakatzaileekin. Hemen, beste adibide batzuk ikus daitezke:
    • sententzia judiziala > ? judizialagoa, judizialegia, judizialena
    • zuzenbide penala > ? penalagoa, penalegia, penalena
    • gerra zibila > ? zibilagoa, zibilegia, zibilena
    • analisi soziologikoa > ? soziologikoagoa, soziologikoegia, soziologikoena
  • Erlaziozko adjektiboek ez dituzte ezaugarriak adierazten, modifikatzen duten izenen argumentuak (izenak argumentuak baditu) edo izen horiekin lotura duten entitateak edo eremuak (gerra zibila = biztanleria zibilaren gerra) adierazten dituzte. Goiko adibideak onargarriak edo ulergarriak izan daitezen, adjektiboon ohiko esanahia egokitu beharko genuke, eta ulertu laborala, judiziala, penala, zibila eta soziologikoa ezaugarriak direla eta graduatu daitezkeela. Testuinguru morfosintaktikoaren eraginez egiten dugun esanahi moldaketa horri koertzioa2 esaten zaio hizkuntzalaritzan.
  • Bestetik, adjektiboak ez diren beste ale batzuk ere ager daitezke modifikatzaileekin. Artiagoitiak moduzko adberbio baten adibideak erakutsi ditu: egokiro-ago, egokiro-egi, egokiro-en. EGLU I-en ere adberbio hauek jaso dira:
  • berandu > beranduago, beranduegi, beranduen
  • ederki → ederkiago, ederkiegi, ederkien
  • egokiro, berandu eta ederki adberbioak dira: aditzak modifikatzen dituzte (eta ez adjektiboak, zeinak izenak modifikatzen dituzten). Hala eta guztiz ere, egokiro, berandu eta ederki ager daitezke mailakatzaileekin, eta horrek erakusten du mailakatzaileekin agertzeko ahalmena ez dela soilik adjektiboena. Are gehiago, adlatibo postposizio sintagma batzuek ere onartzen dituzte mailakatzaileak, esate baterako, aurrerak eta gorak; aurrerago, aurreregi, aurreren eta gorago, goregi, goren3.

Irizpide semantikoak

Oro har, ezingo dugu ale lexiko bat gramatika kategoria batean sailkatu, soilik ale horren adierari erreparatuta. Adibidez, lehen esan dugu izenek munduan edo gure irudimenean existitzen diren entitateei erreferentzia egiten dietela. Baina hori ez da beti horrela izaten. Izan ere, maitasun, adore, gorroto, suntsiketa, dantza… izenek ez dituzte entitateak adierazten, egoerak (maitasun, adore, gorroto), emaitzak (suntsiketa) eta prozesuak (dantza) baizik. Emaitzak eta prozesuak normalean aditzen bidez azaleratzen badira ere, maitasun, adore, gorroto, suntsiketa, dantza… izenak dira.

Hortaz, oro har, irizpide semantikoak ez du balio gramatika kategoriak sailkatzeko. Dena dela, bestelako ezaugarri semantiko batzuk erabilgarriagoak izan litezke. Bosquek 4, esaterako, onartzen du izenek ez dituztela beti “substantziak” adierazten. Orobat, adjektiboek ez dituzte beti “ezaugarriak” aditzera ematen, ezta aditzek “egoerak” edo “prozesuak” ere. Azkenik, preposizioak edo juntagailuak ez dira kasu guztietan “erlazioak”. Baina adierarekin loturiko beste irizpide batzuek lagun dezakete kategoriak bereizten, adibidez, “erreferentzia egiteko gaitasuna” izenen kasuan, “zenbatzeko ahalmena” determinatzaileen kasuan, “argumentuak izatea” aditzen kasuan eta abar. Horrelako esanahi ezaugarriek harreman estua dute hurrengo atalean aipatuko ditugun funtzioekin.

Ale lexikoen funtzioa perpausean

Ale lexikoek perpausean duten funtzioa ere hartu izan da ale horien gramatika kategoria definitzeko ezaugarritzat. Ale batek perpauseko beste elementu batzuekin harremanetan duen zeregin erlatiboari erreparatzen zaio. Demagun adibide hau:

  • Suteak urduritasuna piztu du.

Adibide horretan, sute izenak subjektu funtzioa dauka eta urduritasuna izenak osagarri zuzenarena. Ikus daitekeenez, ez dago harreman zuzenik funtzioaren eta kategoria gramatikalaren artean, biak izenak badira ere subjektua da bat eta osagarri zuzena bestea. Izentasuna definitzeko, bi funtzio horiek barnebilduko lituzkeen funtzio orokorrago bat proposa daiteke, adibidez, “aditzaren argumentu” funtzioa. Baina funtzio zabalago horrekin, izenek goiko adibidean dituzten funtzioak zehaztuko genituzke, biak, subjektuak eta osagarri zuzenak, baitira aditzaren argumentu5. sutea Elgoibarren Kasu horretan ere, arazoak izango genituzke; izan ere, izenek funtzio gehiago izan ditzakete. Esate baterako, izenak postposizioen osagarriak izan daitezke: sutean, sutera, sutetik; urditasunean, urduritasunera, urduritasunetik… Postposizioen eta aditzen arteko antzekotasunak asko aztertu dira hizkuntzalaritzan. Postposizioek bi entitateren arteko harremana ezartzen dute: Irudiaren (ingelesez Figure) eta Eremuaren (ingelesez Ground) artekoa. Postposizioek Irudiaren kokapenaren edo ibilbidearen berri ematen dute Eremua erreferentziatzat hartuta. Bada, pentsa liteke Irudia postposizioaren subjektua dela nolabait, eta Eremua, aldiz, osagarri zuzena. Hortaz, badirudi bai aditzek bai postposizioek ere argumentuak hartzeko gaitasuna daukatela, eta horrela, argumentu horiek izenak izan behar dutela. Argumentu izateko gaitasuna izango litzateke, beraz, izentasuna definitzeko modu bat. Baina beste arazo batekin egingo genuke topo orduan. Izenak, argumentuak izateaz gain, predikatuak ere izan daitezke:

  • Emakume hura irakaslea da.

irakasle izena ez da adibide horretan aditzaren (edo postposizio baten) subjektua, ezta osagarri zuzena ere. Kopula aditzaren subjektuarekin (hau da, emakume hura sintagmarekin) berdintzen den predikatua baizik. Beraz, izen kategoria ezin dugu norabide bakarrean lotu argumentu funtzioarekin, izenak predikatuak ere izan daitezkeelako. Orobat, kontrakoa egitea ere arazotsua izango litzateke, argumentu eta predikatu guztiak ez baitira izenak:

  • Mikel etortzea / Mikel etor dadin nahi dut
  • Ogia erostera joan da / Emakume hura oso azkarra da

Adibide horietan ikus daiteke, batetik, perpausak aditzen eta postposizioen argumentuak izan daitezkeela, eta bestetik, predikatu funtzioa adjektiboek ere bete dezaketela. Ondorioz, ezin da ezarri funtzioaren eta kategoriaren arteko harreman zuzenik. Lehenengo kasuetan, baina, aditzek -te atzizkia daramate, eta horrek adierazten du aditzok nominalizatzeko prozesua jasan dutela. Kategoria aldatzeko prozesuez Eratorpenean parte hartu ahal izatea eta izenen ezaugarriak hartzen dituzten aditzak ataletan jardungo dugu.

Egitura

Atal hau amaitu aurretik, garrantzitsua da ohar bat egitea kategorien eta ale lexiko batek izan dezakeen egituraren arteko bereizketaren inguruan. Orain arte funtzioez aritu gara kategorietatik abiatuta; izenak argumentu eta predikatu funtzioarekin lotu ditugu atal honetan. Argi izan behar dugu, ordea, argumentua izatea ez dagokiola izenari, hots, izen kategoria duen ale lexikoari, izenaren inguruan sortzen den sintagmari baizik. Demagun aditz baten argumentua izen sintagma konplexu bat dela:

  • Mikeli asko gustatzen zaizkio egunsentiko arrosa koloreko lore usaintsuak.

gustatu aditzaren argumentua ez da lore izena, baizik eta lore izenaren inguruan eratu den izen sintagma osoa:

  • [egunsentiko [arrosa koloreko [[lore] usaintsu]]]-ak.

Egitura hori izenaren islapena da, izen sintagma, alegia, eta egitura horretan daude -ko erlaziozko postposizioarekin sortutako bi izenlagun (egunsentiko eta arrosa koloreko) eta adjektibo bat (usaintsu). -ko postposizioak eta adjektiboek ere beren islapena dute, kategoria guztietako kideek beren egitura zabaltzen baitute, baina kasu honetan egitura horiek izen sintagmaren barruan daude, eta guztien artean eratutako izen sintagma gustatu aditzaren argumentua da.

Erreferentziak

  • Agirre, X. 2017. Euskal adjektibozko adberbioak aztergai. Gradu Amaierako Lana, UPV/EHU.
  • Artiagoitia, X. 2011. “Gramatika kategoriak”, Sareko Euskal Gramatika (SEG)
  • Azkue, RM, 1923-25, Morfologia vasca, hiru liburuki, Bilbao: La Gran Enciclopedia Vascak 1969an hiru liburukitan argitaratua.
  • Berro, A. 2017. Pluractionality and more. The lexical plural -ka in Basque. Eskuizkribua.
  • Bosque, I. 1996. Las categorías gramaticales. Relaciones y diferencias. Madrid: Editorial Sintesis.
  • Demirdache, H. & M. Uribe-Etxebarria. 2000. “The Primitives of Temporal Relations”. In Roger Martin, David Michaels & Juan Uriagereka (arg.), Step by step. Essays on Minimalist syntax in honor of Howard Lasnik, 157-186. Cambridge, MA: the MIT Press.
  • Etxepare, Ricardo. 2003. Valency and Argument Structure in the Verb. In Jisé Ignacio Hualde & Jon Ortiz de Urbina (arg.), A grammar of Basque, 369- 465. Berlin: Mouton de Gruyter.
  • Euskaltzaindia. 1991. Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak I. Nafarroa: Nafarroako Foru Elkargoa eta Euskaltzaindia.
  • Euskaltzaindia. 1997. Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak II. Nafarroa: Nafarroako Foru Elkargoa eta Euskaltzaindia.
  • Fábregas, A. & S. Alexeyenko. 2016. Between adverbs and adjectives: Invariable adjectives in Spanish and English. Eskuizkribua. University of Tromsø, University of Göttingen.
  • Fernández, B. 2015. The syntax of -(k)i, a Basque preposition. Xulio Sousa, Carlota de Benito & Víctor Lara (arg.) Dialectologia. Special Issue. Syntactic variation in Western European Languages. From the noun phrase to clause structure, V. 81-107.
  • Fernández, B. & J. Ortiz de Urbina. 2010. Datiboa hiztegian. Bilbao: UPV/EHU.
  • Fernández, B. & J. Ortiz de Urbina. 2012. “Dative (first) complements in Basque”. In E. Carrilho & B. Fernández (arg.), Syntactic microvariation in Westmost European Languages. Journal of Portuguese Linguistics, 11-1.
  • Hale, K. & S. J. Keyser.1993. “On Argument Structure and the Lexical Expression of Syntactic Relations”. In K. Hale and S. J. Keyser (arg.), The View from Building 20. Cambridge, Massachusetts: The MIT press. 53-109.
  • Krajewska, Dorota. 2013a. The diachrony of resultative constructions in Basque. Master Thesis, UPV/EHU.
  • Krifka, Manfred. 1998. “The origins of telicity”. In S. Rothstein, (arg.), Events and Grammar, 197-235. Dordrecht: Kluwer.
  • Laka, Itziar. 2004. “Ari progresiboaz: euskararen kasu markak”. In Pablo Albizu & Beatriz Fernández (arg.), Euskal Gramatika XXI. mendearen atarian: arazo zaharrak, azterbide berriak. Bilbao: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • Laka, Itziar. 2006. “Deriving Split Ergativity in the Progressive: the Case of Basque”. In Alana Johns, Diane Massam & Juvenal Ndayiragije (arg.), Ergativity: Emerging Issues, 173-195. Dordrecht/Berlin: Springer.
  • Mateu, Jaume & Laia Amadas. 1999. “Extended Argument Structure: Progressive as Unaccusative”. Catalan Working Papers in Linguistics 7. 159-174.
  • Mounole, Céline. 2011. Le verbe basque ancien: étude philologique et diachronique. Doctoral dissertation, University of the Basque Country (UPV/EHU) and Université Michel de Montaigne-Bordeaux III.
  • de Rijk, Rudolf P.G. 2008. Standard Basque. A Progressive Grammar. Cambridge/London: The MIT Press.
  • Rothstein, Susan. 2004. Structuring events: a study in the semantics of lexical aspect. Oxford: Blackwell.
  • Uribe-Etxebarria, M. 2014. Asymmetries in the Long Distance Reading of Temporal Clauses. Hizkuntzalartiza Mintegia / Seminario Lingüística. January 31st. Vitoria-Gasteiz. University of the Basque Country (UPV/EHU).
  • Zwarts, Joost. 2005. “Prepositional Aspect and the Algebra of Pahts”. Linguistics and Philosophy 28. 739-779
  • Zwarts, Joost. 2008. “Aspects of a typology of direction”. In Susan Rothstein (ed.), Theoretical and cross-linguistic approaches to the semantics of aspect. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.

Glosategia

Gramatika-kategoria

Izen

Adjektibo

Aditz

Gramatika-ezaugarri

Ezaugarri formal

Ezaugarri sintaktiko

Irizpide morfologikoa

Irizpide formal

Aditz motak

Hitz elkarketa

Postposizio-sintagma

Zenbatzaile zehaztugabe

Kategoria nagusi

Kategoria lexiko

Kategoria txiki

Kategoria funtzional

Egitura

Funtzioa

1 ikus Bosque, Las categorías gramaticales. Relaciones y diferencias, 1996
2 koertzio iz. hertsatzea, hertsadura.
3 hara adlatibo postposizioak ere onartzen du mailakatzaile konparatzailea (harago), baina ez superlatiboa (*haren), ezta gehiegizko maila ere (*haregi). Kontuan izan behar dugu adlatibo postposizio sintagmak, oro har, ez direla onargarriak mailakatzaileekin, beraz, pentsa liteke goian aipatutako aurrera eta gora ez direla benetan postposizio sintagmak, adberbio sintagmak baizik.
4 Las categorías gramaticales. Relaciones y diferencias, 1996
5 Lan honetarako ez dugu kontuan hartuko egungo hizkuntzalaritzan ontzat hartzen den analisi bat, Marantzek ( On the Nature of Grammatical Relations, 1984) eta Kratzer-ek (“Severing the external argument from its verb”. In: Phrase structure and the lexicon, 1996) proposatutakoa hain zuzen ere, non esaten den subjektua ez dela aditzaren argumentua, baizik eta bestelako funtzio buru batek gaineratutakoa

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Gramatika kategoriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3