Erabiltzaile Tresnak


morf:4:1

Hitza

Morfologia hitzaren gramatika aztertzen duen diziplina dela esan dugunez, 'hitza' zer den zehaztu beharko dugu lehenik eta behin. Horixe egingo dugu atal honetan.

Hitzak eta mamuak

Hitz motei buruz ezer esaten hasi aurretik, ezinbestekoa da 'hitza' zer den definitzea. Guztiek onartzen dute, ordea, ia ezinezkoa dela kontzeptu hau definitzea. Baina, aldi berean, badirudi hiztunek intuizioz hots-kateak 'hitz' deitu izan diren unitateetan zatitzen dituztela. Zer da, bada, 'hitza'? Bi etenaldiren arteko hots-multzoa? Eta, ondorioz, idaztean bi zuriuneren artean jartzen ditugun segmentu horiek hizkuntza-unitate jakin batean adierazle al dira? Berehala ohartzen gara gauzak ez direla hain sinpleak. Orain arte esan dugunaren arabera, dakarkizut, adibidez, euskaraz hitz bakarra izango da; erdaraz, berriz, gauza bera adierazteko lau hitz izango ditugu: yo te lo traigo; edo ingelesez sei: I am bringing it to you.

Hockett-ek (1958) dioen bezala, hizkuntza zuzenean aztertzen hasi orduko, idazkera alde batera utziaz, beste irizpide batzuetara jo beharko dugu. SaussureHalere Saussuregandik (1916) hasita ia hizkuntzalari guztiek onartu dute hiztunak 'hitza'ren kontzientzia baduela. Baina Gabriel Ferrater (1970) hizkuntzalari katalanaren iritziz, hitzak mamuaren pareko dira: gramatiketan zehar dabiltza, baina hizkuntzalariak ez dira gai haiek atzemateko, hau da, definitzeko. Eta hala ere hitzak badu estatus berezia, gainerako unitateek ez dutena, guztiok jarduten baitugu hitzen gainean, zer esan nahi duen halako edo halako hitzek, nola ahoskatu behar litzatekeen, nola ahoskatzen den halako edo halako herritan…

Baina 'mamuak' izan arren hizkuntzalariak ahalegindu dira 'hitza' definitzen, unitate horien ezaugarrietatik abiatuta. Ur handiegitan sartu gabe, ikus ditzagun definizio horietako batzuk, zein irizpidetan oinarritu diren hainbat hizkuntzalari kontzeptu hau, hizkuntzako unitate hau definitzeko.

Definizio posible bat

Nekez aurkituko dugu euskal gramatiketan 'hitza'ri buruzko definiziorik; guztiek darabilte 'hitz' terminoa (hitz elkartuak bi hitzez osatuak daudela esatean, adibidez), baina inplizituki ontzat ematen dute guztiek dakitela 'hitza' zer den. Hizkuntzalaritza teorikora jo beharko dugu, beraz, 'hitza' zer den argibide bila.

Bloomfield-ek (1926: 156) honako definizioa proposatu zuen: 'hitza' forma aske txikiena da; hau da, enuntziatua berak bakarrik osa dezakeen unitatea da 'hitza'. Definizio hau klasikoa da gaur egun hizkuntzalaritzan, eta 'hitza'ren oinarrizko ezaugarriaren berri ematen du. Baina ez da nahikoa. Izan ere, definizio honen arabera, espainolez goiko perpauseko te edo lo ezin dira hitz kontsideratu; ezta ere, oro har, hizkuntza erromantzeetako artikulua, pertsona-izenordain atonoak, preposizioak, juntagailuak, etab. Euskaraz ere lokailu asko eta asko (ordea, alta), edo juntagailuak (baina, baizik…) ezingo genituzke hitz kontsideratu, ezin baitute berek bakarrik enuntziatua osatu.

Bloomfielden definizioa osatzen saiatu dira hizkuntzalariak. Ullmann-ek (1962), adibidez, 'hitza' hiru mailatan azter daitekeela defendatu zuen: hurrenez hurren, alderdi fonologikoa, alderdi gramatikala eta alderdi semantikoa kontuan hartuta.

Hitza, fonologia-unitate

Kate mintzatuan, nekez agertzen dira 'hitz' deitzen ditugun segmentu horiek unitate gisa.hitzak mamuak bezala dira: ez dira erraz ikusten

  • gure alabaren lagunak aurkitu nituen atzo arratsaldean

esaten dugunean, adibidez, 'hitz' horiek kateak osatzen dituzte. Kate horietako bakoitza amaitzean egingo dugu etenaldi txiki-txiki bat; funtsean:

  • gure alabaren lagunak / aurkitu nituen / atzo arratsaldean

Hala ere, hiztuna, ahalik polikien hitz egiteko eskatzen zaionean, hitzen artean etenalditxoak egiteko gai omen da; beste modu batera esanda, poliki mintzatuz egiten dituen etenaldien artean geratzen diren segmentuak hitzak lirateke (ik. Hockett (1958) eta Lyons (1968). Nolanahi den, hiztunen alfabetizazio-mailaren eragina ere kontua hartzekoa da, jakina.

Esan berri dugu kate mintzatuan 'hitz' deitzen dugun unitate hori antzematen zaila dela, eta horren erakusgarri eta argigarri dirateka mintzatuaren zatiketa “oker”etatik sortutako zenbait hitz: an eke-name > a nickname etab. (ikus gehiagotarako Ullmann (1962:47). Robins-ek (1964) argi dio, bestalde, hitzak identifikatzeko fonologiak ez duela hizkuntza guztietan maila bereko laguntza ematen ikusteko; frantsesez, esaterako, ingelesez baino askoz gutxiago laguntzen du liaison delakoagatik).

Hitza, gramatika-unitate

Hitzak, bestalde, perpauseko elementutzat ere hartzen ditu hiztunak. Hizkuntza batetik bestera alde handiak aurkituko ditugu, gainera, urrunegi joan gabe, latinak, euskarak edo hizkuntza erromantzeek nahiz ingelesak erakusten duten bezala:

  • sorori
  • ahizpari
  • a la hermana
  • to the sister

Hiztegietan, esaterako, ahizpa edo soror hitz bakarraren formatzat hartzen dira. Horrenbestez, a la hermana ere hermana hitzaren forma ote? Edo ingelesez to the sister, sister hitzaren formatzat hartu behar ote dugu? Hitz bakarra ala bat baino gehiago dugun erabakitzeko, ‘bereizezintasun’ irizpidea baliatu izan da. Alde honetatik sorori eta ahizpari hitz bakarrak direla esango dugu; espainolez, aldiz, hiru hitz daudela baieztatuko luke Bloomfield-ek (1933), a esa hermana, con aquella hermana bezalako sintagmekin alderatuz. Beste hizkuntzalari batzuek, Marchand-ek (1960), esaterako, ez dituzte paralelismo horiek onartzen, zenbait hitz (artikulua ingelesez adib.) separaezinak direla ondorioztatuz. ‘Bereizezintasuna’ren irizpidea, bestalde, unitate konplexuetako osagaien artean ere gertatzen da (sintagma ihartuetan, esaterako, lobo de mar, piel de gallina…), ezin da-eta ezer tartekatu osagai horien artean. Oro har, aurrerago ikusiko dugun bezala, hitz elkartuaren eta izen-sintagmaren arteko mugaz aritu diren hizkuntzalari gehienek erabili duten irizpidea da ‘bereizezintasuna’, eta egitura jakin baten lexikalizazio edo ihartze-mailari estuki loturik dagoela ondorioztatu dute.

Saussure-k (1916), bestalde, esaldietan jaulkitzen ditugun hitz konkretuak eta hitz beraren forma desberdinen atzean dagoen unitate abstraktua bereizi behar direla azpimarratzen du (azken batean fonologia unitate eta gramatika-unitateak bereiztea). Ondoko adibidean, esaterako, bi hitz desberdin ditugu fonologiaren ikuspegitik:

  • cheval
  • chevaux

baina gramatikaren ikuspegitik, hitz bakarra dugula esango dugu, hiztegiek jasotzen duten cheval bere horretan emana, nahiago bada singularrean emana, cheval, eta pluralean chevaux. Gaztelaniaz ere bi hitz desberdin ditugu:

  • caballo
  • caballos

nahiz horren 'azpian', edo 'atzean', hitz bakarra izan, caballo. Eta beste horrenbeste euskaraz ere:zaldia eta pottoka

  • zaldia
  • zaldiak
  • zaldiaren
  • zaldiekin…

etab. hitz diferenteak dira, guztiak izanik, aldi berean, zaldi hitzaren aldaerak (beste ikuspegi batetik, jakina, Gramatika honetan bertan ikus daitekeenez, zaldia - zaldiekin zaldi izena ardatz duten sintagmak baino ez dira, artikulua eta kasu-marka desberdinak daramatzatenak).

Hitza, esanahi-unitate

Hitz baten esanahia ulertzeko testuinguruak (kultur inguruneak…) duen garrantzia ukatu gabe, hitzek esanahi finko, iraunkorra, izan ohi dute. Esanahien mundu zabala zatikatzen duten unitateak dira nolabait. Saussurek aipatzen zituen unitate abstraktu horiek (ikus aurreko puntua), cehval, caballo edo zaldi, adibidez, gramatika-unitate diren heinean, esanahi-unitate ere badira. Baina hitz-multzo bat, esaldi bat edo hitza baino segmentu txikiagoak ere izan daitezke esanahi-unitate; hor daude, esaterako, Benvenistek (1966) aipatutako sinapsiak hitz batez baino gehiagoz osatuak egon arren, esanahi-unitate liratekeenak . Bide beretik, azken hamarkadetan indar handia hartu duen Terminologiaren aztergaia 'terminoak' dira, hots, espezialitate-eremu jakin bateko unitateak; beraz, 'termino' batek espezialitate-eremu horretako kontzeptu jakin bat izendatzeko balio du, eta alde honetatik esanahi-unitate direla esango genuke. Baina esanahi bakarreko izateak ez dakar berarekin terminoak hitz bakarraz osatuak izaterik; aitzitik, askoz ugariagoak dira egitura konplexua duten terminoak, hitz bakarraz osatuak baino (ogasun higigarri, jabego intelektual edo lege mailako arau Zuzenbide arloko bizpahiru baino ez aipatzearren). Irizpide semantikoak ez du balio handiegirik beraz, hitza definitzeko.

Irizpide multzoaz baliatzea

Zenbait autoreren iritziz, motz geratzen da irizpide bakarrean oinarritzen den definizioa. Definizio osoagoa behar dugu. Unitate zabalagoen osagai den aldetik aztertu behar dugu lehenik, eta barne-egiturari ere begiratu behar diogu ondoren. Lehen irizpidetik abiatuz, kontuan hartu behar dugu hitzek sintagmak eta perpausak osatzen dituztela; eta unitate zabalago horietan nola jokatzen duen aztertuz, ezaugarriok ditu hitzak (ikusi ditugunen konbinaziotik sortuak):

  • Mugikortasuna (lekuz alda daiteke):
    • garaiz iristen da beti lanera
    • beti iristen da garaiz lanera
  • Lekuz aldatzeko askatasun hau egia izanik ere, hizkuntza batetik bestera aldatzen dena, bestalde, euskarari dagokionez ez da leku-aldaketa hutsa. Baditu bere ñabardurak, 'galdegaia' eta 'mintzagaia' osagaiak lekuz aldatuz markatzen baititu euskarak (ikus honetaz EGLU-I).

ume eder hori Mirenena da

  • Banagarritasuna (bi hitzen artean beste unitate batzuk tarteka daitezke):
    • umea Mirenena da
    • ume eder hori Mirenena da

    • etxera
    • etxe handira
    • etxe handi horretara…
  • Geldiunea (hitz egitean, etena egin daiteke hitz baten aurretik edo atzetik)

Ezin da esan, baina, hitz guztiek hiru ezaugarriok dituztenik. Espainolez, esaterako, klitikoek (preposizio, juntagailu, pertsona izenordainen forma atono, posesiboaren forma laburtuek edo haber aditzaren forma laburtuek) eta sintagmako determinatzaileek ez dituzte guztiz betetzen goiko irizpideak:

  • *libros los
  • *libros dos
  • estos mis otros libros
  • *mis estos otros libros
  • *otros estos mis libros

Euskaraz ere zenbatzaileek ez dute lehenengo irizpidea betetzen, mugikortasunarena, ez eta aditz laguntzaileak ere:

  • *liburu hamar
  • *dut irakurri

Azken batean, dio Penak (1999), unitate jakin bat hitza den ala ez, ez da bai ala ez terminotan planteatu behar, gutxiago edo gehiago terminotan baino; hau da, hitza definitzeko ezarri ditugun irizpideetatik zenbat betetzen dituen ikusi behar da.

Bestalde, bigarren irizpidearen, barne-egituraren arabera, beste ezaugarri batzuk hartu behar dira kontuan. Oro har, hiru hitz-mota bereizten dira barne-egitura kontuan hartuz:

  • hitz bakunak
  • hitz eratorriak
  • hitz elkartuak

Horrek guztiak morfemaz eta erroez hitz egitera garamatza.

Orain arte 'hitza' gramatikaren unitatetzat hartu eta ikuspegi horretatik aztertzen saiatu gara. Badira, baina, ikuspegi zabalagoak ere, Cabrék (1994) ematen duena, esaterako, 'hitza', erreferentzia-unitate gisa, komunikazio-unitate gisa, hizkuntza-sistemako unitate gisa (jadanik artikulu honetan aztertua duguna) eta, Saussure-ren bereizketa gogoan izanik (hizkuntza / hizketa, langue / parole), hiztunaren gaitasuneko / jarduneko unitate-gisa har daitekeela defendatuz.

  • Erreferentzia-unitate: Kanpoko mundua eta hizkuntza lotzen dituzten erreferentzia-elementuen artean txikiena da hitza. Hitzen bidez izendatzen ditugu objektuak, pertsonak, ekintzak edo gertaerak; hitzen bidez hurbiltzen gara mundura. Eta ikuspegi honetatik hitzak hizkuntzalaritzako unitate baino zerbait gehiago dira; haien azterketa ez dagokio hizkuntzalaritzari bakarrik.
  • Komunikazio-unitate: Hitzek, bestalde, hiztunak identifikatzeko balio dute; haien jatorria salatzen dute (euskarari dagokionez, euskalkia agerian uzten dute), hezkuntza-mailaren adierazle ere izan daitezke, zein belaunalditakoak edo kultura-ingurunekoak diren ere jakinaraz diezagukete. Hitzek agerian uzten dute (askotan oharkabean) hiztuna zein taldetakoa den.
  • Hizkuntzaren sistemako unitate
  • Hiztunaren gaitasunaren / jardunaren unitate: Saussurek eginiko bereizkuntzaren arabera, hiztunek hizkuntza jakin batean duten gaitasuna, ariketa edo jardun konkretuen bidez gauzatzen dutenez, hitzak badira gaitasun horretako eta jardun horietako unitate ere.

Hizkuntzaren sistemako unitate

Hitzak, gramatikaren atal batekin baino gehiagorekin zerikusia duten unitateak dira, kapitulu honetan bertan ikusi ahal izan dugun bezala: fonologiarekin zerikusia dute, morfologiarekin ere bai, morfemez osatuak dauden heinean; sintaxiko unitate ere badira, kategoria gramatikal jakin bateko unitate diren neurrian, sintagman edo perpausean modu jakin batean agertuko direlako (edo agian zehazkiago esanda, sintagma-mota jakin bat era dezaketelako kategoria gramatikalaren arabera); eta, azkenik, semantikako unitate ere badira, esanahia duten unitateak direlako; eta, kategoriaren arabera, paper tematikoak ezartzen edo hartzen dituzte.

— Egilea: Miren Azkarate

Erreferentziak

  • Benveniste, E. (1966): “Formes Nouvelles de la Composition Nominale”, BSL 61(1), 82-95.
  • Bloomfield, L. (1926): “A Set of Postulates for the Science of Language”, Lan, 2, 153-164
    (1933): Language, Holt, Rinehart and Winston (1964, Lenguaje, Lima, Universidad Nacional Mayor de San Marcos).
  • Cabre, T. (1994): A l'entorn de la paraula (I): Lexicologia general, Col-lecció Biblioteca Lingüística Catalana 13, Universitat de València.
  • Euskaltzaindia (1987): Euskal Gramatika. Lehen Urratsak. I (Eranskina), Bilbo, Euskaltzaindia.
  • Ferrater, G. (1970): “Qüestions del mot”, Sobre el llenguatge (Barcelona, Quaderns Crema, 1981).
  • Hockett, C. (1958): A Course in Modern Linguistics, New York, Toronto, The MacMillan Company.
  • Lyons, J. (1968): Introduction to Theoretical Linguistics, Cambridge University Press (1971, Introducción en la lingüística teórica, Barcelona, Teide).
  • Marchand, H. (1960): The Categories and Types of Present-day English Word-formation, Wiesbaden, Otto Harrasowitz.
  • Pena, J. (1999): “Partes de la morfología. Las unidades del análisis morfológico”, I. Bosque & V. Demonte (arg.), Gramática Descriptiva de la Lengua Española, Madrid, Espasa, 4305-4366.
  • Robins, R. H. (1964): General Linguistics. An Introductory Survey, London, Longmans (1971, Lingüística general. Estudio introductorio, Madrid, Gredos).
  • Saussure, F. (1916): Cours de linguistique générale, Lausanne, (1945, Curso de lingüística general, Buenos Aires, Losada).
  • Ullmann, S. (1962): Semantics: An Introduction to the Science of Meaning, Oxford, Blackwell (1978, Semántica. Introducción a la ciencia del significado, Madrid, Aguilar).

Glosategia

  • Sinapsi: Biol. Bi neuronaren elkargunea; elkartze hori bera. Bederatzi hilabete eta bi urte bitartean, helduek baino ehuneko berrogeita hamar sinapsi gehiago dituzte haurrek. ( Euskaltzaindiaren Hiztegia)

lanaren aipamena nola egin...

Miren Azkarate, "Hitza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3