Erabiltzaile Tresnak


morf:4:1:1

Morfemak eta erroak

Hitz batek barnean izan ditzakeen atalak aztertuko dira artikulu honetan: morfema zer den azalduko da lehenengo, eta alomorfoak zer diren ondoren. Erroak, temak, hizkiak, oinak… horiek guztiak landuko dira hemen.

Morfemak

SAUSSUREHitza’ definigaitza izateaz gain unitaterik txikiena ez zela oharturik, ‘ikur linguistikoa’ proposatu zuen Saussure-k (1916) oinarrizko elementutzat, estrukturalistek ‘morfema’ deitu zutena, azterketa morfologikoaren unitaterik txikiena. Modu batera baino gehiagotara definitu izan da, baina, funtsean, bitara ekar ditzakegu definizio desberdinok: ‘esanahi-unitate txikiena’ eta ‘gramatika-unitate txikiena’. Espainolaren morfologiarako, adibidez, bigarrena da egokiena, ez da-eta beti posible hitzaren analisi formalean bereizten diren unitate txikienei esanahi jakin bat esleitzea; reducir, referir, remitir etab. alderatzen baditugu, re- aurrizkia identifika dezakegu, baina nekez aurkituko diogu esanahirik geratzen zaigun zatiari. Beste horrenbeste gertatzen da diferir, conferir, referir etab. alderatzen baditugu. Honetaz, Scalise (1984) eta Pena (1999) ikus daitezke.

Morfema, unitate txikiena

Morfematik behera ez dago esanahia duen unitaterik. Morfema unitate txikiena dela esatean, adierazi nahi duguna da ezin daitekeela beste inolako zatitan banatu. Egin daitekeena da adierazlea bere aldetik aztertu eta unitate txikiagotan banatu; baina hori fonologiaren aztergaia da. Horregatik Martinetek (1960), morfemaren eta fonemaren maila bereizteko, hizkuntzaren bi mailako artikulazioa ezarri zuen, ‘monema’ terminoa erabiliz kate mintzatuko zati autonomorik txikien horiek, adierazle eta adierazia dutenak, izendatzeko. ‘Sintagma autonomoa’ aldiz, autonomia duen monema-multzoa. Nahiago du ‘sintagma autonomo’az hitz egin, eta ‘hitza’ kontzeptua baztertu. Ezaguna da, bestalde, kate mintzatutik abiatuz ‘morfema’k identifikatzeko Hockett-ek (1958) proposatutako bi pausoko froga, ‘forma’k (morfema-multzoa, kate mintzatuan esanahi berarekin behin eta berriro ageri delako aukeratu duguna) eta ‘morfema’k (‘forma’rik txikienak, zatiezinak) bereiziz; edo Nida-renak (1949).

A. MARTINET ETA KOLDO MITXELENAHitzak morfemez osatuak dauden heinean, beste hizkuntza batzuetan egiten den bezala (Pena (1999) espainolerako) hiru hitz mota bereiz ditzakegu:

  • Morfema bakarrekoak (atzo) / morfema anitzekoak (nator)
  • Flexiodun1 hitzak edo hitz aldakorrak (nator, hator, gatoz…) / flexiogabeak edo aldagaitzak (atzo, ondo).
  • Hitz bakunak (etxe, luze) / hitz konplexuak (etxetxo, luzagarri, luze-zabal)

Lehen sailkapenaren arabera, morfema bakarra duten hitzak eta morfema batez baino gehiagoz osatuak bereiziko ditugu; hau da, barne-egitura duten hitzak eta barne-egiturarik gabeak. Bigarren sailkapenak adierazten diguna da hitz batek, zein sintaxi-egituratan txertatzen dugun, forma aldaerarik izan dezakeen ala ez. Hirugarren bereizketak, ostera, egituraz desberdinak izan arren, formaz eta esanahiz erlazionaturik dauden hitzak erakusten dizkigu.

Bestalde, hiru bereizketa horiek badute euren arteko lotura, morfema bakarreko hitzak beti bakunak eta flexiogabeak izango baitira. Morfema anitzekoak dira bakunak edo konplexuak, aldakorrak edo aldagaitzak izan daitezkeenak.

Goraxeago esan bezala, morfemek segmentu fonikoak dituzte adierazle; segmentu foniko horiei ‘morfo’ deitu izan zaie. Horrela, morfema jakin batek beti morfo bera izan dezake adierazle (‘liburu’ morfemak, esaterako, morfo bakarra du, liburu); beste batzuetan, forma batean baino gehiagotan ager dakiguke, ‘alomorfo’ deitzen dugu aldaera horietako bakoitza -tasun eta -dasun, edo -tu eta -du. Dena den bereizketa hau ez da beti egiten, askotan 'morfema' gramatika-unitate abstraktuari nahiz esaldi batean ageri den unitateari esaten baitzaio. 2

Alomorfoak nola identifikatu

Sherlock Holmes eta Watson eztabaidan, alomorfoak nola identifikatuAlomorfoak direla-eta sortzen den arazoa konpontzeko —forma jakin batzuk morfema bakarraren alomorfo diren ala morfema desberdinak ditugun—, esanahi-berdintasuna eta gertutasun fonikoa dira morfema baten alomorfoak identifikatzen lagunduko diguten irizpideak, kontuan izanik morfema bera identifikatzeko irizpide erabakigarria bere distribuzioa dela. Beraz, distribuzio bera izanik, esanahi bera eta gertutasun fonikoa duten aldaerak izango dira morfema baten alomorfotzat har ditzakegunak. Helburua, morfema bakar horren aldaera bakoitza zein ingurunetan agertzen den mugatzea da, jakina. Alde honetatik, fonologiak, gramatikak eta lexikoak baldintzaturiko alomorfoak bereiz ditzakegu. Gainera, aztertu beharko da morfema baten alomorfoen artean dauden desberdintasun fonemikoak, beste morfema batzuen alomorfoen artean ere aurki daitezkeen. Horregatik, autore batek baino gehiagok, ‘morfo(fo)nologia’ edo ‘morfofonemika’z ere hitz egiten dute, hau da, morfema baten alomorfoen arteko desberdintasun fonemikoak aztertuko dituen diziplinaz. Desberdintasun horiei, aldaera alomorfiko edo morfofonemiko deitzen zaie.

Bi modu daude, zenbait hizkuntzalariren ustez (Varela (1990)) alomorfoen berri emateko:

  • lexikoan zerrendatzea morfema baten aldaera guztiak, informazio lexiko pertinentea eta duten distribuzioa zehaztuz (hori da, esaterako, Lieber-en (1982) proposamena)
  • alomorfoak erregela zehatz batzuen fruitu bezala ikustea (Egokitze Erregelak, Aronoff 1976)

Alomorfo motak

Lau alomorfo mota bereiz daitezke, aldaera zerk baldintzatzen duen kontuan hartuta:

alomorfo motak euskeraz

  • Aldaera fonologikoak: fonetikoki baldintzatuak, erregularrak eta automatikoak diren aldaerak. Ingurune foniko jakin batean beti gertatzen dira. (Espainolezko IN- aurrizkiak honako alomorfoak diru /im/ (“imposible”), /in/ (“intachable”), /i/ (“iletrado”) ). Euskaraz -TU atzizkiak bi aldaera, bi alomorfo ditu, -tu eta -du, azken hau oinaren azken kontsonanteak baldintzatzen duena (sudurkariaren eta albokariaren ondoren -du, gainerakoetan -tu)3
  • Aldaera morfofonologikoak: aldaera hauek ez dira erregela fonologiko automatiko baten aplikazioaren ondorioa; baizik morfema jakin batzuek ingurune foniko jakinetan hartzen dituzten aldaerak. Hau da, morfema multzo jakin bati aplikatzen zaizkien erregela fonologikoak; eta morfema horiek sarrera lexikoan zehazturik izango dute erregela fonologiko horien eragina. (Adibidez, ced(er) eta (ad)mit(ir) aditzetako morfema erroek ces- eta mis- alomorfoak dituzte, -ión atzizkiaren aurrean agertzen direnak; baina kontsonante horzkaria erdibokalaren aurrean ez da beti txistukari bihurtzen, bastión izenak erakusten duen bezala).
  • Aldaera gramatikalak: morfema jakin baten kategoria gramatikalaren edo generoaren araberakoak. Alemanez, esaterako, pluraleko morfemaren aldaerak izenaren generoaren arabera banatzen dira: izen neutroek -e hartzen dute (die Jahre), genero maskulinoa dutenek, -e hartzeaz gain, bokalaren “umlauta” ere jasaten dute (die Hüte) eta izen femeninoek -en aldaeraren bidez adierazten dute plurala (die Uhren).
    Aldaera gramatikalak dira orobat faktore morfologikoen araberakoak ere, hala nola espainolez aditzaren konjugazio-klaseak baldintzatzen du preterito inperfektuaren morfemak dituen aldaeretatik zein agertuko den: /ba/ aldaera lehen konjugazioko aditzekin (cantaba, amaba); /ía/ bigarren eta hirugarren konjugaziokoekin (temía, venía).
  • Aldaera lexikoak: alomorfo bat edo bestea hautatzea guztiz aleatorioa denean, erregela bidez adierazi ezin daitekeenean, esango dugu aldaerak lexikoak direla. Espainolez, partizipioa oro har /do/ alomorfoaren bidez adierazten da; baina badira beste alomorfo batzuk ere, /to/, /so/, /co/ aditz lexema batzuekin agertzen direnak (roto, impreso, dicho, etab.).

Morfemen sailkapena

Hizkuntzalari asko arduratu dira morfemen sailkapenaz ; bat etorri dira ia guztiak ondoko bereizketak egitean morfemen artean; nahiago bada, morfemak honela sailkatzean:

  • Beregaina/lotua (irizpide sintaktikoaren araberako bereizketa)
    Alde batetik, sarritan ‘hitza’ eta ‘morfema’ bat etortzen dira (goraxeago ikusi ditugun morfema bakarreko hitzak); hau da, intuitiboki ‘hitza’ dela esango genukeen unitate asko eta asko (hiztegiko sarrera anitz, esaterako) ‘morfema’ dira, esanahidun unitaterik txikienak: etxe, gizon, zakur, edan, zabal, gogor etab. bi kategorietan sartzen dira. Horiek dira ‘morfema beregainak’, autonomoak. Bloomfield-ek (1933) halakoei ‘morfema-hitzak’ deitura eman die.
    Hauen ondoan oro har beregaintasunik gabeak, ‘lotuak’ izango ditugu: beti beste morfemaren batekin erabili behar ditugunak. Gainera, orden finko batean ageri dira, eta ezin dira lekuz aldatu. Adibidez, etorkizunari hitzean ageri diren morfema guztiak dira lotuak eta hurrenkera horretan azalduko zaizkigu nahitaez (*kizunetoria, *etorakizuni, etab.)
  • Morfema lexikala (lexema)/gramatikala (irizpide semantikoaren araberako bereizketa)
    Esanahi lexikoa eta esanahi gramatikala bereizten diren neurrian, ‘morfema lexikoak’ eta ‘morfema gramatikalak’ bereizi izan dira, duten esanahi motaren arabera. Coseriu-k (1978: 5079) dioenez, esanahi lexikoak hizkuntzalaritzaz kanpoko errealitatea adierazten eta egituratzen du; esanahi gramatikalak, aldiz, esanahi lexikoa egituratzen du, mugatu egiten du. Esanahi lexikoak adierazten du hitz batek ‘zer’ esan nahi duen; esanahi gramatikalak, ‘nola’ adierazten duen. Morfema lexikalari ‘lexema’ ere deitu izan zaio; unitate abstraktutzat hartu dituzte hizkuntzalariek lexemak, Haspelmath-ek (2002) dioen bezala, hitz-formen multzo gisa har ditzakegu lexemak. Baina Penak (1999: 4322) dioenez, bi mutur horien artean, ‘esanahi lexikoaren’ eta ‘esanahi gramatikalaren’ artean, badira tartekoak ere.
    AZKENEAN DENAK TXORATUKO GARAFuntzio adierazkorra edo apelatiboa duten esanahiak, esaterako, erdibidean daude (batzuetan gramatikaren aldean geratuko dira, ‘modua’ esaterako, beste batzuetan lexikoaren aldean, sufijazio apreziatiboa, esaterako). Generoa bera ere batzuetan modu batean hartuko dugu, sexu bereizketa adierazten duenean lexikoa; beste batzuetan izenak sailkatzeko baino ez du balio, eta beste batzuetan komunztadura auzia da, sintagma bateko osagaien arteko erlazioa adierazten duena.
    Badira zenbait oposizio esanahi lexikoa eta gramatikala bereizten lagun dezaketenak, baina beti aurki ditzakegu erdibideko egoerak: esanahi espezifikoa / orokorra (edo esanahi konkretua / abstraktua); hautazko esanahia / nahitaezko esanahia; sistema irekietan antolatutako esanahia / sistema itxietan antolatutakoa, etab.
  • Aurrizkiak, artizkiak, atzizkiak (distribuzio-irizpidea)
    Hizkiak, bai flexio hizkiak eta bai erator hizkiak ere, erroari nola lotzen zaizkion kontuan harturik, bereizi izan dira: aurrizkiak, atzizkiak eta artizkiak, hurrenez hurren, oinari aurretik, tartean edo atzetik eransten zaizkionak4.
    Morfema eta hitza ezinbesteko unitateak dira hizkuntza askoren morfologia aztertzeko: hitza, maila goreneko unitatea, (aurreraxeago ikusiko dugun bezala, X marraren terminologian X0 mailakoa, horrela adierazten dena); eta morfema, unitate gramatikal txikiena, hitzaren azken osagaia. Baina biak beharrezkoak izanik ere, ez dira nahikoa hizkuntza askotan. Morfologiaren aztergaia hitzaren barne-egitura bada, egitura hori modu egokian aztertu ahal izateko, ‘erroa’, ‘hizkia’, ‘tema’ eta ‘oina’ ere beharrezkoak dira hizkuntza batean baino gehiagotan.

Erroak

Edozein hitzen adierazlean ageri den oinarrizko segmentua, beti ageri dena, flexio eta erator hizki guztiak kendu ondoren geratzen dena, eta gehiago zati ezin daitekeena; horrela definitu dute hizkuntzalariek zer den ‘erroa’. Erroa izaten da hitzaren esanahia daraman zatia. Zuri, zurixka, zuritu, zuritzen, zuritasun zerrendan, zuri da erroa, lehen kasuan, hitz ere badena. Genero-bereizkuntza duten hizkuntzetan, espainolez esaterako, are nabarmenagoa da ‘erro’aren beharra. Blank da, adibidez, ‘erroa’ ondorengo hitz guztiena: blanco, -os, -as / blancuzco, -a / blancote, -a / blanquecino, -a / blancura, -s / blanquea -r, -mos, -is / blanqueo, -s / emblanquecer, -mos, -isERROA

Temak

Esan dugu bigarren sailkapenak adierazten digula hitz batek forma-aldaerarik izan dezakeen ala ez; hau da, nator, hator, dator, etab. ‘hitz’ bakarraren aldaerak direla. Zeren arabera esaten dugu, ordea, nator eta hator hitz beraren forma desberdinak baino ez direla, eta, aldiz, luze eta luzagarri hitz desberdinei dagozkiela?

‘Tema’ren arabera. Eta zer da ‘tema’? Hitz batean flexio-morfemak kendu ostean geratzen zaigun unitate egonkor edo abstraktua (Pena 1999); beste modu batean esanda, hitzaren flexioan oin den forma. Horrela, lehen kasuan, -tor ‘tema’ oin duten hitzak ditugu; bigarrenean, berriz, flexio morfemarik ez izatean, bi tema desberdin eta, ondorioz, bi hitz desberdin ditugu; egitura desberdinak ditugu: luze hitz bakuna, morfema bakarraz osatua, luzagarri hitz konplexua, morfema batez baino gehiagoz osatua. Egia da eman dugun adibidean -tor ‘erroa’ eta ‘tema’ dela esan dezakegula, bien definizioa betetzen duela. Har ditzagun, ordea, nator, etortzen naiz, datorke, etab. Horietan hiruretan -tor ‘erroa’ dela esan dezakegu; baina etortzen naiz aditz forman, ‘erroa’ren ondoan, ‘tema’ (euskaraz ‘aditzoina’ deitu dioguna) ere badugu; flexio-markak kendu ondoren geratzen dena, etor alegia. Etortzen naiz, etorriko naiz, etorri nintzen, eta beste hainbat aditz formatan aurki dezakeguna.

Flexiodun hitzetan, ‘tema’ unitate abstraktua da; baina gerta daiteke ‘tema’ bera bakarrik agertzea hitz bezala. Izenetan, singularra bat dator temarekin espainolez (casa eta casa); halaber izenondoetan, genero bereizkuntzarik ez badago (alegre eta alegre). Baina beharrezkoa da zenbait hizkuntzatan analisi morfologikoak egiteko (hizkuntza erromanikoetan, edo latinez askoz presentzia handiagoa izan arren, euskaraz ere aditz forma trinkoak aztertzeko behintzat beharrezkoa zaigula esan daiteke). Oro har, ‘tema’ da bai flexioaren eta bai hitz-eraketaren deskripzioan oinarrizko unitatea, erroaren eta flexio-formen artekoa da-eta.

Ez da hau, baina, ‘tema’ren definizio bakarra. Beste bi ere eman izan dira. Bigarren definizio moduaren arabera, “tema” forma lotua da, flexio hizkirik ez duena, beraz, hitz izan ezin daitekeena, baina X0 kategoriakoa, erator hizki bati loturik edo beste tema batekin elkarturik hitzak sor ditzakeelako (Aronoff (1976), Varela (1990)). Erator hizkiak ez bezala, temek ez dute azpikategorizazio esparrurik; hau da, ez dute oin lexiko jakinik eskatzen; -garri bezalako unitate bat ez dago kategoria jakin bati itsasteko azpikategorizatua.

Azkenik, hizkuntza erromantzeetan, “tema”, aditzaren erroak gehi bokal tematikoak osatzen duten unitatetzat ere hartu izan da.

Nolanahi ere, hiru interpretazioek badute zerbait komunean: beti ere forma lotuak dira, azpikategorizatu gabeak5eta flexiorik hartzen ez dutenak.

Hizkiak

'Hizkiak' ere forma lotuak dira, baina, temak ez bezala, posizio jakin baterako espezializatuak, eta posizio horren arabera bereizten dira aurrizkiak, oinaren aurrean ageri direnak, eta atzizkiak, oinari eskuinetik eransten zaizkionak. Distribuzio-irizpide hau da, Penaren iritziz, morfemak sailkatzeko erabili den hirugarren irizpidea (lehen aipaturiko irizpide sintaktiko eta semantikoarekin batera). Beraz, zenbait autorek ez die leku berezirik ematen morfologiaren unitateak aztertzean; ez, behintzat, ‘erro’ari edo ‘tema’ri ematen diotenaren parekorik.
Aronoff-ek (1976), ostera, ‘tema’ eta ‘hizki’en arteko bereizkuntzari garrantzia ematen dio, eta bereizkuntza horretarako irizpideak finkatzeko ahalegina egiten du:

  • ‘tema’k, lehen nahiz bigarren osagai izan daitezke hitz batean (francófilo / filántropo). ‘Hizkiak’ posizio jakin baterako daude definituak: aurrizkiak eta atzizkiak (artizkiak ere bai, hitzaren barruan tartekatzen direnak)
  • hizkiak ez bezala, ‘tema’k onartzen du hitzaren barrutik ‘ateratzea’: no importa si son filo o antisoviéticos / *no sé si debería estar des o revalorizado
  • ‘tema’k libreki elkar daitezke, hizkiak ez: una producción angloitaloespañola / una producción hispanoangloitaliana. Hizkiek, berriz, hurrenkera jakina eskatzen dute: indeformable / *deinformable

Oina

Beharrezkotzat jo dute hizkuntzalariek ‘oina’ ere bereiztea, eta honela definitu dute: prozesu morfologiko baten (eratorpenaren, flexioaren, elkarketaren…) eragingai izan daitekeen edozein egitura hierarkiko. Horrela definiturik, ‘erroa’ eta ‘tema’ baino generikoagoa da ‘oina’. Izan ere, jasanezintasuna hitza hartuz gero, batetik jasan ‘erroa’ bereiziko dugu; bestetik, -a artikulua kenduz geratzen zaigun jasanezintasun ‘tema’. Baina ez dugu ezer -tasun atzizkia hartzen duen jasanezin unitatea definitzeko. Horixe da, hain zuzen, ‘oina’.

Erator hizkiak / flexio hizkiak

Gorago ikusi dugu batetik morfema gramatikalen eta morfema lexikoen arteko bereizkuntza. Bestetik, ‘hizki’ak ere ikusi ditugu, morfema lotuak; hauek, aldi berean, lexikoak edo gramatikalak izan daitezke. Lehenak, esanahia dutenak, 'erator hizki' izenarekin ezagutzen ditugu. Bigarrenei, informazio gramatikala ematen dutenei, 'flexio-hizki' deitzen zaie.
Beraz, oro har, morfema lexikoen eta gramatikalen arteko bereizkuntza, ‘erator hizki’en eta ‘flexio hizkien’ arteko bereizkuntzarekin bat dator (morfema lotuez ari bagara; bestela, ‘erro’en eta ‘flexio hizki’en arteko bereizkuntzarekin ere bat dator morfema lexiko eta gramatikalen arteko desberdintasuna).
Hala ere badira erator hizkiak, morfema lexikoaren eta gramatikalaren arteko erdibidean daudela defendatu duten autoreak. Oraintsu, Penak (1999) honako irizpideak hartu ditu kontuan erator hizkiak non kokatzen diren erabakitzeko:Irakurtzen

  • ‘Esanahi espezifikoa’ren eta ‘esanahi orokorraren’ arteko bereizkuntza hartzen badugu, erator hizkien esanahia, oro har, ez da izaten esanahi lexikoa bezain espezifikoa, baina bai esanahi gramatikala baino espezifikoagoa. Hala ere, izenek adierazten dituzten objektuak pluraliza daitezke, baita aditzek adierazten dituzten prozesuak ere. Baina pluralizatze hori ez da berdin egiten: izenen kasuan flexioaren bidez, aditzaren kasuan eratorpenaren bidez (ber-irakurri).
  • ‘Hautazko esanahia’ / ‘nahitaezko esanahia’ bereizkuntza hartuz, erator hizkiak esanahi lexikoan kokatuko genituzke, hautazkoak baitira; ez, ordea, esanahi gramatikalak. Emankortasunaren irizpidea hartuz gero, hau automatikoa da flexioan, eratorpenean gradu desberdinak aurkitu ditugu. Badira, ordea, emankortasun osoko atzizkiak, -izar atzizkiaz osatutako aditz guztiek onartzen dute -ción nominalizazioa eta -ble atzizkiaren bidezko adjektibazioa.
  • Sistema ireki / itxi bereizkuntza hartuta, erator hizkiek sistema itxiak osatzen dituzte, baina flexio morfemek osatzen dituztenak baino zabalagoak eta aldakortasun handiagokoak.
  • Erregulartasunaren irizpidea harturik, adierazien arteko bereizkuntza noraino dagoen erregularki loturik adierazleen arteko bereizkuntzari, egia da flexioan ageri zaigula erregulartasun-mailarik handiena; baina bai eratorpenean ere. Etxea / etxeak, mahaia / mahaiak, adierazlearen eta adieraziaren errekurrentzia badago, berdin aurkitzen dugu saldu / saltzaile edo hartu / hartzaile-ren kasuan.

Beraz, orain artekoaren arabera, Penak (1999) dio erator hizkiak, morfema lexiko eta gramatikalen erdibidean daudela, nahiz badirudien gertuago daudela gramatikaletatik, lexikoetatik baino. Hala ere erator hizkiak, funtzionalki desberdinak dira, hitzaren ‘tema’ osatzen dute; flexio morfemak, aldiz, temari eransten zaizkio sintaxi-egitura desberdinetan erabili ahal izateko. Penaren iritziz, erator hizkiak, ‘morfema lexiko gramatikalizatutzat’ har daitezke. Nolanahi ere, erator hizkien eta flexio hizkien arteko bereizkuntza luzaz aztertua izan da azken urteetan; hurrengo puntuan ikusiko ditugu desberdintasun horiek.

— Egilea: Miren Azkarate

Erreferentziak

  • Hockett, C. (1958): A Course in Modern Linguistics. New York, Toronto: The MacMillan Company
  • Martinet, A. (1960): Eléments de linguistique génerale. Paris: Librairie Armand Colin (1974, Madrid: Gredos)
  • Nida, E. (1949): Morphology. The Descriptive Analysis of Words. Ann Arbor: The University of Michigan Press
  • Pena J. (1999): “Partes de la morfología. Las unidades del análisis morfológico”, I. Bosque & V. Demonte (arg.), Gramática Descriptiva de la Lengua Española. Madrid: Espasa, 4305-4366
  • Saussure, F. (1916): Cours de linguistique générale. Lausanne, (1945, Curso de lingüística general. Buenos Aires: Losada)
  • Scalise, S. (1984): Generative Morphology. Dordrecht: Foris Publications (1987, Morfología generativa. Madrid: Alianza Universidad Textos)
  • Varela, S. (1990): Fundamentos de Morfología. Madrid: Síntesis

Gaian sakonduz

Morfema baten eta bere alomorfoen arteko erlazioa azaltzeko eredu bat baino gehiago egon da:

  • Item eta Prozesu eredua (oinarrizko forma ezarri eta gainerakoak tasunak aldatzen dituzten erregelen bidez azaltzen dituena)
  • Item eta Antolamendu eredua (aldaera guztiak lexikoan zerrendatzen dituena, bakoitzaren distribuzioa zehaztuaz)
  • Hitz eta Paradigma eredua (hitza hartzen duena irudikapen lexikoaren unitatetzat, eta paradigmen zerrenda osoa lexikoan ematen duena)

Bakoitzaren alde onak eta txarrak ikusteko, kontsultatu Bybee (1988), Matthews (1974), Spencer (1991).

Glosategia

  • Monema: Morfema. Kate mintzatuko zati autonomorik txikienak, adierazle eta adierazia dutenak. ( Martinet)
  • Morfema: Esanahidun unitate txikiena. Hizkl. Esaldian, esanahia duen unitaterik txikiena, zati esanguratsu txikiagoetan ezin bereizizkoa. Haurtasuna hitzak hiru morfema ditu: haur, tasun eta a.( Euskaltzaindiaren Hiztegia)
  • Morfo: Morfema baten segmentu fonikoa, gauzatze fonologikoa.
  • Alomorfo: Morfema batek izan dezakeen forma fonologiko bakoitza, morfo bat baino gehiago daukan morfema.
  • ‘Morfo(fo)nologia’ edo ‘morfofonemika’: Morfema baten alomorfoen arteko desberdintasun fonemikoak aztertuko dituen diziplina.
1 Hitz batek har ditzakeen forma edo itxura desberdinak aztertzen ditu flexioak; hau da, genero/numero bereizkuntzak, edo aditzaren kasuan, pertsona, numero, aspektu, aldi… markak direla flexioari dagozkionak. Hurrengo kapituluan arduratuko gara flexioari dagozkion morfemen eta hitz berriak sortzeko baliatzen ditugun morfemen arteko aldeaz.
2 Ikus, adibidez, Robins (1964), Lyons (1968), Bauer (1983), Varela (1990), Spencer (1991) edo Mattews-en (1974) azalpena 'morfema' eta 'alomorfoei' buruz.
3 Hitz-eratorpenari eskainitako kapituluan, erator-atzizkiak aztertzean ikusiko dira xehekiago auzi hauek
4 Sailkapen xeheagoak ere egin dira beste hizkuntza batzuetan, duten hizki-aberastasunaren arabera. Espainolerako, ‘confijos’, ‘infijos’, ‘circunfijos’ eta ‘transfijos’ ere aipatzen ditu Penak (1999: 4325
5 Aurrerago itzuliko gara puntu honetara, ‘burua’ren nozioa aztertzean

lanaren aipamena nola egin...

Miren Azkarate, "Morfemak eta erroak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3