Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3

Morfologia lexikoa eta flexio-morfologia

Aurreko puntuetan ikusi dugu hitzak zer morfema motaz osatuak egon daitezkeen. Hori kontuan hartuta, eta morfema horiek nolako egitura eratzen duten, bi atal nagusi bereizi dira morfologian: flexioa aztertzen duena, eta lexikoa aztertzen duena. Horregatik, flexio morfologiaz eta morfologia lexikoaz edo morfologia deribazionalaz hitz egiten dugu.

Morfologia lexikoak hitz berriak nola sortzen diren aztertzen du, eta flexio-morfologiak, berriz, hitz baten aldaera desberdinak.

Morfologia lexikoa: hitz berriak nola sortzen diren aztertzen duen diziplina
Flexio-morfologia: hitz baten aldaerak aztertzen dituen diziplina

‘Hitz’ eta ‘tema’ren arteko bereizketan oinarrituta, berriz, esango dugu morfologia lexikoaren aztergaia tema konplexuak direla (bai dagoeneko hizkuntzak sortuak dituenak, bai tema konplexu berriak sortzeko dauden bideak); eta flexio-morfologiak, ostera, tema beraren gainean eraikitako hitzen forma desberdinen analisia egiten du, hau da, forma desberdin horiek nola osatzen diren aztertzen du.

Flexioaren kasuan, operazio morfologiko nahitaezkoak izaten dira, erregularrak eta emankortasun osokoak. Morfologia lexikoa (generatibisten artean Morfologia Deribazional izenaz ere ezagutzen dena), ostera, hitzak eratzeari dagokio, eta sortze ahalmen horretan ez da erregulartasun osorik izaten, hutsuneak egoten dira eta irregulartasunak; hitzak sortzeko erregelen emankortasuna ere aldakorra izan ohi da. Aditz batetik, esaterako, izen bat baino gehiago erator dezakegu, adiera desberdina dutenak (idazle eta idazkari, esaterako; edo erreki, erreketa eta erredura). Halaber, hitz eratorri batek adiera bat baino gehiago izan dezake, hala nola sarrera izenak, ‘sartzea’, ‘sartzeko lekua’, ‘sartzeko txartela’ adieraz baitezake.

Perpauseko elementuak

Sarrerakoan aipatu dugu hitzaren gramatika aztertzen duen diziplina dela Morfologia, hau da, hitzen egitura aztertzen duena. Egitura hori nolakoa izan daitekeen ikusteko, har dezagun perpaus bat:

"Loreak" filma Oscar sarietarako hautagai izan zen

  • Lagunak lore politak erosi ditu.

Perpaus horrek bi atal nagusi ditu:

  • lagunak → izen sintagma
  • lore politak erosi ditu → aditz sintagma

Aldi berean, aditz sintagma beste bi atalek osatzen dute:

  • lore politak → osagarri zuzena
  • erosi ditu → aditza

Bestalde, hitzak (“idaztean bi zuriuneren artean doan elementua”) bost daude perpaus horretan: lagunak, lore, politak, erosi eta ditu. Hitz horietako batzuk elementu bakar batez daude osatuta, baina beste batzuk elementu bat baino gehiagoz:

  • lagunak → lagun-a-k
  • lore → lore
  • politak → polit-a-k
  • erosi → eros-i
  • ditu → d-it-u 1

Lore hitzak ez dauka barne-egiturarik, ezin dugu beheragoko elementu morfologikorik bereizi; gainerakoek, berriz, elementu bat baino gehiago daukate. Hain zuzen ere, elementu horien inguruan arituko gara atal honetan.

Gogoratu: Morfema esaten zaie esanahia duten unitate txikienei, gehiago zati ezin daitezkeenei, eta horien artean morfema askeak, beregainak, eta morfema lotuak, hizkiak, bereizten dira; ematen duten informazioaren arabera, morfema lexikoak eta morfema gramatikalak ere bereiz daitezke. Ondorengo lerroetan aztertuko ditugu batzuen eta besteen arteko berezitasunak.

Adibide horretako elementuak ezberdinak dira, bai esanahiz noski, bai formaz. Formari gagozkiola, beregain edo askeak dira elementuetako batzuk, independenteak: lagun, liburu, polit, eros. Kategoria lexiko jakin bat dute horiek: izena (seme, liburu), adjektiboa (polit), aditzoina (eros); informazio lexikoa ematen dute, morfema lexiko beregainak dira. Beste osagai batzuk, aldiz, ezin dira aske erabili, beste elementu bati lotuta behar dute, hizkiak dira: -a, -k (bi daude perpaus horretan eta ezberdinak dira: lehenengoan 'nork' subjektua markatzen du eta bigarrenak, aldiz, plurala), d-, -it-, u. Informazio gramatikala ematen dute horiek: sintagmak osatzeko beharrezko diren elementu gramatikalak adierazten dituzte -artikulua, numeroa, kasu-marka-, edo, aditzetan, aspektua, aldia, pertsona, numeroa… Kategoria funtzionalak dira horiek guztiak.

Durangoko azoka liburu-denda erraldoi bihurtzen da urtero

Informazio gramatikala ematen dute, halaber, aditz laguntzaileari lotuta mendeko perpausa zer motatakoa den, perpaus nagusian zer funtzio sintaktiko betetzen duen adierazten duten hizkiek: -ela, -en, ba-… Badira, bestalde, informazio gramatikala ematen duten hitz beregainak ere: eta, baina, hala ere, ezen… Horiek guztiak aztertzen dituen atala Flexio morfologia da, hau da, kategoria funtzionalak, informazio gramatikala ematen duten hitz eta hizkiak aztertzen dituen morfologiaren atala. Morfema gramatikalak (lotuak zein beregainak) aztertzen ditu, beraz, flexio-morfologiak, horietatik gehienak morfema lotuak, hizkiak dira; baina badira morfema gramatikal beregainak ere, goraxeago ikusi dugun moduan; aipatu ditugunez gain, -z gain, -en gainean, -i buruz motako postposizioek ere funtzio gramatikalak adierazten dituzte. Diskurtso-markatzaileak ere -hots, alegia, zehazki, hau da, hurrenez hurren, hain zuzen…-, flexio-hizki izan ez arren, jatorrizko balioa galdu eta diskurtsoko atalen arteko lotura egiteko baliatzen ditugun heinean, ez daude hain urrun morfema gramatikaletatik.

Hitz eratorriak eta hitz elkartuak

Horiez guztiez gain, bestelako hizkiak ere badira. Azter dezagun beste adibide hau:

  • Egun eguzkitsuak maite ditut.

Perpaus horretan badira orain arte aipatu ditugun sailetako elementuak: egun, maite, -a, -k, d-, -it-, -u-, -t; baina eguzkitsu ezberdina da, beste bi elementutan zati baitezakegu: eguzki eta -tsu. Ikus beste adibide hau ere: bakardadea mingarria da. Horko bakardade eta mingarri hitzen egitura hau da:

  • bakardade: bakar + -dade
  • mingarri: min + -garri

Bi hitz horietan, lehen osagaia beregaina da, baina bigarrena (atzizkia) ez, beste elementu bati lotuta agertzen da beti. Hala ere, osagai lotu horiek ez dute aurrekoek bezala funtzio gramatikalik (-a, -k…) adierazten. Kategoria lexiko bateko oinarri bati lotuta, beste kategoria lexiko bat osatzen dute:

  • bakar (adjektiboa) + -dade > bakardade (izena)
  • min (izena) + -garri > mingarri (adjektiboa)
  • eguzki (izena) + -tsu > eguzkitsu (adjektiboa)

Adjektibo bati atzizki bat erantsiz izen bat sortu da lehenengo hitzean; izen bati atzizki bat erantsiz adjektibo bat eraiki da beste bietan.

Osagai lotu horiek esanahi lexikoa dute, ‘nolakotasuna’, ‘ugaritasuna’, ‘joera, erraztasuna’ adiera gehitzen diote aurretik duten osagaiari, izen, adjektibo edo aditzoinari. Horrenbestez, eguzkitsu, bakardade, mingarri… hitzek ere hainbat osagai dituzte eta horien egitura ere azter daiteke, baina ez daukate flexio hizkirik. Hitz eratorri esango diegu.

Ikus beste hitzok: liburu-denda, aiton-amonak, hankaluze, itxuraldatu… Aurreko adibideek bezala, hitz hauek ere osagai bat baino gehiago dauzkate, baina haiekin alderatuta, osagai hauek beregainak dira denak:

  • liburu-denda (izena) = liburu (izena) + denda (izena)
  • aiton-amonak (izena) = aitona (izena) + amona (izena) + -a (artikulua) + -k (plural marka)
  • hankaluze (izenondoa) = hanka (izena) + luze (izenondoa)
  • itxuraldatu (aditza) = itxura (izena) + aldatu (aditza)

Liburu-denda izena da, eta aldi berean beste bi izenez dago osatuta: liburu eta denda. Aiton-amonak hitzak ere bi izen dauzka barnean, aitona eta amona (-a (artikulua) eta -k (plural marka) ere baditu). Hankaluze adjektiboak ere beste bi elementu ditu barnean: hanka izena eta luze adjektiboa. Orobat, itxuraldatu aditzak itxura izena eta aldatu aditza dauzka azpian. Kategoria lexikoak dira guztiak, beste kategoria lexiko batzuez osatuak. Hitz elkartu esango diegu.

Hain zuzen ere, eguzkitsu, mingarri, bakardade, liburu-denda, itxuraldatu eta antzeko hitzen egitura aztertzen duen morfologia atala Morfologia lexikoa da. Kategoria lexiko bati hizkiak erantsiz beste kategoria lexiko bat sortzeko erregelak edo bi kategoria lexiko elkartuz beste kategoria lexiko bat sortzeko erregelak aztertzen dituen diziplina da Morfologia lexikoa. Informazio lexikoa ematen duten hitzen egitura aztertzen du, hitzen egitura aztertzeko eta hitz berriak sortzeko hizkuntza batek daukan erregela-multzoa.

Horrenbestez, morfologia lexikoa bi azpiataletan banatzen da: eratorpena eta hitz-elkarketa. Bi elementu aske, beregainez osatzen dira hitz elkartuak, bi kategoria lexiko elkartuz beste kategoria lexiko bat sortzen da: idazmakina, seme-alabak, sudurluze, zuri-urdin… Hitz elkartuak sortzeko erregelak, hitz-elkarte motak, eta abar aztertzen ditu hitz-elkarketak. Hitz eratorrietan, aldiz, ikusi dugunez, elementuetako bat askea da, beregaina; eta oinarri horri hizki bat, morfema lotu bat erantsiz sortzen da hitz berria: des-berdin, aldapa-tsu, garbi-tasun, okin-degi, nazka-garri, oldar-kor… Hitz eratorriak nola eta zein erregelaren bidez sortzen diren aztertzen du eratorpenak.

1 aditz laguntzailea aztertzean ikusiko da amaieran badela ikusten ez den, morfologian gauzatzen ez den elementu bat, lagunak subjektuari dagokiona

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Morfologia lexikoa eta flexio-morfologia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3