Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3:0

Morfologia lexikoa: eratorpena eta hitz-elkarketa

Morfologia lexikoa, edo Morfologia Deribazionala, hitzen eratzeaz arduratzen dela esan dugu, eta dagoeneko sortuak ditugunen egitura aztertzeaz. ‘Oin’ bati (‘erro’ nahiz ‘hitz’ ere izan daitekeen oin bati) hizki bat erantsiz edo bi oin beregain elkartuz sortzen dira hitz berriak. Eta hizkuntza bakoitzak hitz berriak sortzeko dituen baliabideen berri eman beharko du morfologia lexikoak.

Hitz berriak = oina + hizkia / oina + oina

Hitz berriak nola sortzen diren aztertuz, oina hartzen badugu abiapuntutzat, bereiz ditzakegu gehiketa prozesuak eta aldaketa prozesuak.

  • Gehiketan, oina aldatu gabe uzten dugu eta hizkiak eransten dizkiogu
  • Aldaketa gertatzen denean, oina bera aldatzen dugu.

Gehiketaren barruan kokatzen dira elkarketa eta eratorpena:

  • bi osagai beregain elkartzeari deituko diogu ‘elkarketa’; eta
  • ‘oina’ eta beregaintasunik gabeko morfema, hizkia, elkartzeari, eratorpena

Era berean, eratorpena aurrizki bidezkoa (des-egin), artizki bidezkoa (e-ra-gin) edo atzizki bidezkoa (ikuz-gailu) izan daiteke. Euskaraz atzizki bidezko eratorpena da ugariena eta oparoena.

elkarketa = osagai beregaina + osagai beregaina
eratorpena = oina + morfema ez beregaina (hizkia)

Aldaketa gerta daiteke oina (edo oinaren atal bat) errepikatuz edo segmenturen bat, edo suprasegmentua trukatuz (atracar > atraco, cesar > cese; import /im’port/ aditza > import /import/ izena. Badira beste bi modu ere: sustrakzioa edo ‘kenketa’ (jorratu > jorra, tiratu > tira; perdonar > perdón; deslizar > desliz) eta ‘konbertsioa’ edo ‘zero atzizki bidezkoa’ (irabazi > irabazi, isuri > isuri, ukitu > ukitu (ikus, hala ere, aditzoinari erantsiz ekintza/ondorioa adierako izenak sortzen dituzten atzizkiak aztertzean, zero atzizkiaz dioguna).

Nolanahi ere, gauza bat da baliabide hauek izatea (badira hizkuntzak horietatik batzuk bakarrik dituztenak) eta beste bat, guztiek emankortasun bera izatea. Euskaraz ‘gehiketa’ da, zalantzarik gabe, emankorrena.

Eratorpena (atzizkiak zein aurrizkiak) eta elkarketa kontuan hartuz, honako egiturak izan ditzakegu:

  • atzizkidun eratorriari aurrizkia eranstea: Marx > marxismo > antimarxismo KARL MARX
  • aurrizkidun eratorriari atzizkia eranstea: molde > moldatu > birmoldatu > birmoldaketa
  • aldi berean aurrizkia eta atzizkia eranstea (parasintesia)1 : des-alm-ado, em-pobr-ecer
  • osagaietako bat aurrizkiduna duen hitz elkartua: re-corta + setos, des-egin + aldi
  • osagaietako bat (edo biak) atzizkiduna duen hitz elkartua: liburu + bana-tzaile
  • osagaietako bat parasintesi bidez sortua duen elkartua: des-tripa + terrones
  • hitz elkartuari atzizkia erantsiz sorturiko eratorria: paragu(as) > paragüero, portavoz > portavocía, aita-ama > aita-amago; Estatu Batuak > estatubatuar
  • hitz elkartuari aurrizkia erantsiz sorturiko eratorria: portavoz > viceportavoz
  • hitz elkartuari lehenik atzizkia eta ondoren aurrizkia erantsiz sorturiko eratorriak: baloncesto > baloncestista > exbaloncestista; Norteamérica > norteamericano > anti-norteamericano (aurrizkiak aztertzean ikusiko dugun bezala euskarak ez du ia aurrizkirik; horrexegatik da hain zaila egitura honetako hitzak aurkitzea euskaraz).
1 Euskaraz ez, baina hizkuntza erromantzeetan aski emankorra dena

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Morfologia lexikoa: eratorpena eta hitz-elkarketa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3