Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3:0:0

Erator-hizkiak eta flexio-hizkiak

Morfologia lexikoak hitzak nola sortzen diren aztertzen badu, hitz eratorriak (morfema beregain bati erator-hizki bat erantsirik sortzen ditugunak) eta hitz elkartuak (bi morfema beregain elkartuz sortzen direnak) izango ditu aztergai. Eta horrek, berriro ere, erator-hizki eta flexio-hizkien arteko bereizkuntzara garamatza.

Bi motatako hizkiak bereizi ditugu morfema lotuen artean: flexio-morfemak eta morfema lexikoak edo eratorpen-morfemak (hitz eratorriak osatzen dituztenak). Lehen motakoek informazio gramatikala ematen dute; bigarrenek, aldiz, informazio lexikoa, kategoria lexiko bati erantsirik beste kategoria lexiko bat sortzeko baliatzen ditugu.
  • Erator-hizkiek oinaren kategoria lexikoa edo gutxienez azpikategorizazioa aldatzen dute, flexio-hizkiek ez: zuri izenondoari -tasun atzizkia eranstean izen kategoriako unitatea sortzen da euskaraz; baina zuritasun izenari -a eranstean ez da kategoria berririk sortzen, izenak, sintagma osatu ahal izateko beharrezkoa duen determinazioa baino ez dio ematen -a atzizkiak izenari. Mendi izena da eta izen izaten jarraitzen du mendia, mendiak, mendiari… sintagmak osatzean, hau da, -a, -ak, -ari… flexio-hizkiak hartzean. Adjektibo bihurtzen da, ordea, -tsu morfema (atzizkia) erantsi eta menditsu osatzean.
  • Hizkuntzalari askok egindako baieztapena da hori, bakoitzak oinarri hartu zuen teoria linguistikoaren arabera formulatua.
    Lyons-ek (1968), adibidez, honela formulatzen du gramatika klasikoetan egiten zen bereizkuntza:
    • flexioa, hitz batek besteekin duen erlazioa adierazteko jasaten duen aldaketa da (deklinabidea eta aditzen jokoa aztertzen ziren hemen).
    • deribazioa, hitzetatik edo erroetatik abiatuz hitz berriak sortzea zen (izenetik izenondoak, aditzetik izenak etab.). Inplizituki, beraz, kategoria-aldaketa onartzen da.
  • Egia da behin baino gehiagotan morfema lexikoak ez duela kategoria lexikoa aldatzen, baina bai, behintzat, azpikategorizazioa: pilota izena da, eta baita pilotari ere bai; -ari atzizkiak ez du beraz kategoria aldatu. Baina pilota izen bizigabea da eta pilotari izen biziduna, horrenbestez, azpikategoria aldatu duela esan daiteke. Liburu izen bizigabea da, eta halakoa da liburutegi ere; baina ez dituzte osagai berak onartzen inguruan batek eta besteak: hamar liburu irakurri ditut / *hamar liburutegi irakurri ditut, hirurehun orrialdeko liburua / *hirurehun orrialdeko liburutegia, Donostiako udal liburutegi nagusia / *Donostiako udal liburu nagusia, etab.
  • Guilbert-ek (1975) kategoria aldatzen ez duten atzizkiak, adieraren arabera bildu zituen, ondoko hiru sailetan: ofizioa, dotrina, fabrikazioa nahiz horretarako lekua adierazten dutenak; hitz teknikoetan ageri direnak (-itis, -oma…) eta kantitatea adierazten dutenak.
  • Guilbert-ek aipatutako atzizki-klase horiek, ordea, Cabré i Rigau-k (1985) azpimarratu bezala, azpikategorizazioa bederen aldatzen dute
  • Kategoria aldatzen ez dutenak atzizki txikigileak eta handigileak dira.
  • Hizkuntzalariek azpimarratu dute aurrizkiek ere ez dutela oinarriaren kategoria aldatzen: egin / desegin, egin / berregin; baina aurrizkiek ere, informazio lexikoa ematen duten heinean, oinarriaren esanahia aldatzen dute (morfologia lexikoaren atalean aztertuko da kontu hau).
  • Ezaugarri horrekin loturik, deribazioak oinaren esanahi kontzeptuala aldatzen du; hitzaren esanahiari dagokio, hori osatzen du, ez du eraginik sintaxi-unitateen esanahian. Flexioak, soilik ñabardura gramatikala eransten du (esanahi gramatikala aldatzen du gehienik ere), baina adierazten duten esanahia, gramatikala den heinean, beharrezkoa da sintaxiaren ikuspegitik. Hizkuntzalari batzuen iritziz (Anderson (1988)), sintaxiaren ikuspuntutik, flexioa da hitzaren zatirik garrantzitsuena.
  • Eratorpen-morfemak flexio-morfemen aurretik doaz, ezin dira eratorpen-morfemen artean tartekatu: zuritasunaz = -tasun (eratorpen morfema) -a (flexio-morfema) -z (flexio-morfema). Flexio-bukaerak ezin dira erator-hizkien artean tartekatu; flexioa geruza azalenekoari dagokio.
  • Flexiodun hitza, fonologikoki, flexiogabearekin inolako loturarik gabea izan daiteke (go - went). Suplezioa ez da eratorpenean inoiz gertatzen.
  • Erator-hizkiek klase zabala osatzen dute: Elementu berriak sar daitezke bertan. Klase itxiak osatzen dituztenak, eta horrenbestez hizki berririk sarean onartzen ez dutenak, flexio-hizkiak dira. Euskaraz, aurrizki bihurtzen ari zaizkigun aurre-, gain- eta horien antzekoak aipa ditzakegu deribazioan (eratorpenaren eta elkarketaren artean) gertatzen diren aldaketen lekuko. Eta flexioaren iraunkortasunaren lekuko, berriz, aditzaren morfologian zu bigarren pertsona singularrari dagokion aditz forma oraindik ere pluraltzaileekin agertzea, halako balioa zuen garaien erakusgarri.Koldo Mitxelena
  • Emankortasun-maila ere hartu izan da bereizgarritzat (nahiz Bauer-en (1983) ustez ez izan beti erabat fidagarria). Eratorpenean hutsuneak (“gaps”) arruntak dira; flexioa, aldiz, askoz erregularragoa da (Mattews 1974). Gainera flexiodun formak semantikoki erabat erregularrak izan ohi dira; flexio-morfemek informazio gramatikal bera ematen dute beti (plurala -k morfemak, pluralgilea -it- morfemak aditz laguntzailean, datiboa -i kasu-markak…). Deribazioa, aldiz, ez da hain erregularra, esanahi-aldaketak, ñabardura desberdinak aski normalak dira eratorpenean; -era atzizkiak, aditzari erantsirik, gertaera, aditzak adierazten duen ekintza gertatzea adierazten du oro har (igoera, jaitsiera, hasiera, amaiera…), baina sarrera ez da sartzea bakarrik, sartzeko lekua ere bada, eta baita sartzeko txartela ere (sarrerak erosi ditut). Euskaraz, adibidez eros(i) > erosketa badugu, baina ez edan > edaketa edo eman > emaketa. Era berean emaitza eta egoitza atzizki beraz eratorriak izan arren, adiera desberdinekoak dira, bigarren izenak ‘leku’ ñabardura hartu du-eta. Eratorpenean, emankortasuna gradu-kontua da; gainera, kategoria jakin bateko oina izatea ez da nahikoa izaten atzizkiak besterik gabe eransteko, murriztapenak ere izaten dira, euskal atzizkiak aztertzean ikusiko dugun bezala.
  • Deribazioa (bai eratorpena eta bai hitz-elkarketa) baliabide errekurtsiboa da; hau da, behin eta berriro aplika daiteke; eratorpen-morfema baten bidez kategoria lexiko bat sortu eta kategoria honi beste eratorpen-morfema bat erants dakioke beste kategoria bat sortzeko: ikus(i) > ikusgarri > ikusgarritasun. Flexioa, aldiz, ez.
  • Deribazioa, hitz-eraketa erregelak hautazkoak dira, flexio-erregelak beharrezkoak. Flexio-morfemak nahitaezkoak dira kategoria lexikoak -izena, adjektiboa edo aditza- perpausean erabiltzeko, eratorpen-morfemak ez: liburu izenak ezinbestekoa du artikulua eta kasu-marka edo postposizio-marka: liburua irakurri dut, liburuak harritu nau edo liburuetan gauza interesgarri asko aurki daitezke. Baina ez du, esaterako, -tegi eratorpen-atzizkiaren beharrik.
  • Scalise-k (1984) Morfologia Sortzailearen markoan ulertzen den azken bereizkuntza bat aipatzen du: oinak ematen duen informaziotik zein den pertinente deribazioan eta zein flexioan. Desberdintasunak ondokoak lirateke: deribazioan selekzio-tasunak kontuan hartzen dira, flexioan ez. [±zenbakarri] tasunak, aldiz, flexioan du eragina, ez deribazioan. [±bizidun], [±abstraktu] eta [±arrunt] tasunek, ostera, ez omen dute eraginik flexioan, eta bai, ordea, deribazioan.
  • Flexio-morfemak eranstean ez da inoiz aplikatzen eratorpenean edo hitz-elkarketan ikusi dugun moduko hots-legerik: ardi ez da inoiz art- bihurtuko artikulua edo kasu-marka hartzean. Eta, alderantziz, eratorpen-morfema bat eranstean, edo hitz elkartu bat osatzean, ez dugu aurkituko flexio-morfemak eranstean aurki dezakegun lotura-hizkirik: hezur izenak -e- lotura bokala behar du -k kasu-marka eransteko: zenbait hezurrek; ez du, ordea, inolako lotura-bokalik behar kontsonantez hasten den eratorpen-morfema bat hartzeko: hezurtsu. Azkue-k aipatu zuen hain zuzen kasu-marka eta erator-atzizkien arteko berezitasun hau: lotura-elementu desberdinak ageri dira eratorpenean eta izen sintagman (maitia edo zenbait gizonek / maitasun edo ardankoi, non batetik bokal-bilkuran disimilazio desberdinak gertatzen diren, erdiko bokal itxiaz artikuluaren aurrean, baina irekiaz erator-atzizkiaren aurrean; eta bestetik, lotura-bokala tartekatu da flexioan; bi kontsonanteak elkarren ondoan utzi dira, aldiz, eratorpenean).
  • Flexio-hizkiak eranstean gertatzen dira bestelako aldaketak ere, dagokien lekuan aztertuko direnak. Pluraleko artikuluari kasu-markak edo postposizio-atzizkiak eranstean gertatzen direnak, esaterako: semeak + -k > semeek, semeak + -i > semeei, gizonak + -i > gizonei; mendia + -ra > mendira, lurra + -n > lurrean… Halaber, aditzari menderagailuak eranstean: nekarren + -la > nekarrela, zuen + -la > zuela… Badira, azkenik, aldaketa nabarmenagoak ere, bereziki erakusleen flexioan: hura/hari/han, hau/honi/hemen, etab. Morfologia diakronikoak ematen du aldaketa horien berri.
  • Dena dela Hualdek (1991), Baztan, Arbizu eta Ondarroako azpieuskalkiak aztertzean, bokal-asimilazioa eta bustikuntza dela-eta, flexio-hizkiek bezalako jokabidea duten erator-atzizkiak eta jokabide desberdinekoak bereizi ditu. Mitxelenarengan (1961) ere aurki daitezke hainbat aipamen eratorrien bokal-asimilazioaz.

— Egilea: Miren Azkarate

lanaren aipamena nola egin...

Miren Azkarate, "Erator-hizkiak eta flexio-hizkiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3