Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3:0:1

Burua

Esan dugu Morfologia lexikoak hitzen egitura aztertzen duela; sintaxiak, aldiz, perpausen egitura aztertzen du. Hala ere, parekotasunak daude morfologia lexikoaren eta sintaxiaren artean: perpausetan bezala perpausetako osagaietan ere, sintagmetan, elementu bat 'buru' izaten da, eta horrek markatzen du sintagma zer motatakoa den:

  • -a artikulua > determinatzaile-sintagma
  • -k ergatibo morfema > kasu-sintagma…

Zeruaren gorritasuna ederra da Josetxo Apeztegiaren argazki honetan Hitz eratorri eta elkartuetan ere, osagaietako bat buru da; hau da, zer motatako kategoria lexikoa sortzen den erabakitzen du:

  • aldapa (izena) + -tsu (atzizkia) > aldapatsu (adjektiboa)

Adibide horretan -tsu atzizkiak eman dio adjektibo kategoria oinarrian dagoen izenari. Horrenbestez, -tsu da burua. Beste adibide hauetan ere atzizkiak erabakitzen du hitz berriaren kategoria lexikoa:

  • aipa (aditzoina) + -garri (atzizkia) > aipagarri (adjektiboa)
  • zeru (izena) + -tar (atzizkia) > zerutar (adjektiboa)
  • gorri (adjektiboa) + -tasun (atzizkia) > gorritasun (izena)
  • berdin (adjektiboa) +-tu (atzizkia) > berdindu (aditza)
  • batu (aditzoina) + -keta (atzizkia) > batuketa (izena)
  • txakur (izen biziduna) + -tegi (atzizkia) > txakurtegi (izen bizigabea)
  • aizkora (izen bizigabea) + -lari > aizkolari (izen biziduna)

Gauza bera gertatzen da hitz elkartuetan ere, elkartzen diren bi osagaietatik batek erabakitzen ditu hitz elkartuaren kategoria eta azpikategorizazioa:

  • zapata (izen bizigabea) + saltzaile (izen biziduna) > zapata-saltzaile (izen biziduna)
  • odol (izena) + hustu (aditza) > odolustu (aditza)
  • beso (izena) + motz (adjektiboa) > besamotz (adjektiboa)

Horiek erakusten dute, oro har, burua eskuinean dutela euskarazko hitz eratorriek eta elkartuek. 1

Honi guztiari lotuta, kategoria lexiko batzuek argumentu-egitura dutela esango dugu; hau da, osagarriak behar dituzte inguruan. Adjektiboek, aditzek eta postposizioek ere (alde, buruz, aurka, gainean, barru, ordez, gain, kontra…) izan ohi dute argumentu-egitura; baita zenbait izenek ere, argumentudun izenek, hain zuzen ere. Hori horrela eta jasotako adibideak aintzat hartuz, eratorpen bidez izenetik adjektiboa edo aditza sortzen dugunean argumentudun kategoria lexikoa sortzen dugu.

Argumentudun-egitura, oinarri

Gerta liteke halaber, argumentu-egitura daukan kategoria horietako bat hitz eratorri bateko oinarri izatea, edo hitz-elkarte bateko osagai. Halakoetan, argumentu-egitura hori desagertu egiten da eta ez du inolako eraginik sortzen den hitz berrian. Ikus adibide hauek: saltoki, irakurgela, erakusketa, ikastetxe… Adibide horien oinarrian dauden aditzek (saldu, irakurri, erakutsi, ikasi) bi argumentu eskatzen dituzte: nork (egilea) eta zer (gaia). Alabaina, eratorpen (erakusketa) edo hitz-elkarketa (saltoki, irakurgela, ikastetxe) bidez sortu diren hitz berrietan ezabatuta geratu dira bi osagarri horiek. Oro har hori gertatzen da izen kategoriako hitza sortzen denean eta lehen osagaia aditza denean, izenek ez dutelako argumentu-egiturarik.

Beste batzuetan, atzizkiak hartzen du bere gain argumentuetako bat: erosi aditzak, esaterako, nork (egilea) eta zer (gaia) argumentuak eskatzen ditu; eta erosle hitza sortzen denean -le atzizkiak 'egile' argumentua bere gain hartzen du; beste argumentua, 'gaia', alegia, bi modutan gauza daiteke: liburuen eroslea, liburu-eroslea… Bestalde, aditzaren ondo-ondoan agertu ez arren, testuinguruak argituko du erosleak zer erosten duen: liburu bakarra saldu nuen atzo baina eroslearekin hizketaldi ederra izan nuen. Perpaus horretan argi geratzen da erosleak liburu bat erosi duela. Batez ere aditz kategoria oinarri duten atzizkiak aztertzean eta hitz elkartu sintetikoak aztertzean arduratuko gara argumentu-egituraz.

1 Salbuespenak: atzizki handigarri eta txikigarrak, aurrizkiak…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Burua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3