Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3:0:2

Hots-legeak

Zenbait hitz elkartu eta eratorri aztertzean ikusiko dugu aldaketak gertatzen direla bi kategoria lexikoen elkargunean (hitz elkartuetan) edo oinarriaren eta atzizkiaren artean (eratorrietan). Euskaltzaindiak 'hots-lege' deitu die aldaketa horiei1. Ikus hitz hauetan gertatu diren hots-aldaketak: begi > betile, beso > besamotz, argi > artizar, ardi > artile, itsaso > itsasgizon, beso > besamotz, iturri > iturburu, arnasa > arnas aparatu, etxe > etxalde, euskara > Euskal Herri, arto > artasoro, arto > artadi, atari > atalburu, arto > artaburu, ote > otalur, iturri > iturgin, haragi > harakin, euskara > euskalgintza, itsaso > itsaski.

Ikusten denez, oinarrian dauden hitzek beste itxura bat hartu dute hitz eratorri edo elkartuak osatzerakoan: arto, ote eta beso bi silabakoak dira eta amaierako -e / -o bokalak -a bihurtu dira artaburu, artadi, otalur, besamotz sortzerakoan. Itsaso, iturri eta arnasa, berriz, hiru silabako hitzak dira eta amaieran daramaten bokala galdu egin da iturburu, iturgin, itsasgizon, itsaski eta arnas aparatu izen elkartu eta eratorriak osatzean.

Aldaketa konplexuagoak ere gertatzen dira, azken bokala erori ondoren kontsonanteek ere aldaketak izaten baitituzte: euskara edo atari izenek azken bokala galdu ondoren amaierako posizioan geratu den -r > -l bihurtu da Euskal Herri, euskalgintza edo atalburu sortzean. Begi edo ardi izenetan, aldiz, azken bokala erortzean geratu den kontsonante herskaria ahoskabe bihurtzen da betile eta artile hitz elkartuetan; eta -gin atzizkiko herskaria ere ahoskabetu egiten da harakin edo okin hitz eratorrietan: haragi + -gin > harakin, ogi + -gin > okin.

Hots-lege nagusiak
t eta k gehitzea: sutondoa, sukaldea…
azken bokala edo n/r galtzea: harri > hargin, baso > baserri, egun > eguerdi, lur > lubaki…
Aldaketak:
azken bokala > -a: asto > astakeria, lepo > lepazuri, baso > basahuntz…
-n > -r: egun > eguraldi, jaun > jauretxe…
-n > -t: jan > jatetxe, egin > egitarau, egin > egitasmo…
-r > -h: ur > uharte, ur > uhanditu…
Ezabatzea eta gehitzea:
-di- > -t-: ardi > artalde, idi > itzain…
-gi- > -t-: begi > betondo, ogi > otordu…
-gu- > -t-: sagu > satabi (=sagu habia)…
Ezabatzea eta aldatzea
-ra/-re/-ri > -l: euskara > euskaldun, abere > abelgorri, afari > afalondo…
-ts/-tx/-tz + b/d/g > -s/-x/-z + p/t/k: haitz > Aizkorri, hitz > hiztun, mahats > mahasti, hitz > hizpide, ahots > ahoskabe…

Hala ere, aldaketa horiek ez dira beti gertatu hitzak sortzean; argi-izpi, begi-kolpe, arto-irin, arto-bizar, arto-makila, besobakar, beso-buru (besabururen ondoan), besomotz, atari aurre (atalaurreren ondoan), iturri-bide, iturri-aska, iturri-txorrot, haragi-gihar, haragi-salda, haragi-pusketa… Bestalde, 25. arauan bertan Euskaltzaindiak honela dio:

  • “Orain eratzekoak diren elkarteetan ez da komeni behinolako hots-aldatze legeak, aspaldisko galdurik daudenak, berpizten jardutea: txistulari-elkartea, botikari-lana, safari-bidaia, kultur(a) astea esan eta idatz dezagun beraz, eta ez txistulal elkartea, botikal lana, safal bidaia, kultul astea eta abar.”

Beraz, hiztegietan aurkituko ditugu hots-aldaketa horiek izan dituzten hitz elkartu eta eratorriak; baina hots-lege horiek ez daude gaur euskaraz bizirik hitz berriak sortzerakoan.

Euskaltzaindiak honetaz

1 Ikus Euskaltzaindiaren 25. araua, Hitz elkartuen osaerari eta idazkerari buruzkoa

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hots-legeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3