Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3:1

Eratorpenaren eta flexioaren arteko mugak: zalantzazko kasuak

Hizkuntzalari batek baino gehiagok aipatu dituzte eratorpenaren eta flexioaren arteko mugak. Gerta daiteke hizki bat erator-hizki izatetik flexio-hizkien sailera pasatzea. Mattews-ek (1974), adibidez, latinezko eta grekozko –sc- hizki inkoatiboa aipatzen du, marka lexikoa zena jatorriz; gero, ordea, italieraz aditzen paradigmako forma jakinetan bakarrik ageri da (finire - finisce edo apparire - apparisco). Euskarari dagokionez, flexioa aztertzean esango dugun bezala, leku-kasuetako –ta- latinetik hartutako -eta erator-atzizkitik sortu dela onartzen da; eta ablatiboko kasu-marka, -ti(k), izenondo-sortzaile den -ti erator-atzizkitik sortu zela defenditu zuen Lafonek (1948).Rene Lafon

Flexioaren eta eratorpenaren arteko mugako kasuak aztertzean, bat datoz hizkuntzalariak honakoak aipatzean (Varela (1990), Scalise (1984), Spencer (1991)):

  • Atzizki “apreziatiboak”, txikigarriak eta handigarriak, flexio hizkien pareko dira erregulartasunean, eta oinaren kategoria ere ez dute aldatzen: liburuliburutxo, txikitxikitxo; handihandikote, etab.
  • Flexioan kategoria-aldaketarik gertatzen ez dela esaten denean, aditzaren “forma pertsonal” deitu izan zaienen zalantza izango dugu, aditz-paradigman sartu arren beste kategoria batzuetatik gertu daudenak, hala nola, infinitiboa eta izena (los andares) edo partizipioa eta izenondoa (aburrido, “me he aburrido mucho”, “un hombre muy aburrido”)
  • Flexioa eratorpenaren “kanpokoa” dela esaten bada ere, “barruko flexio” deitu izan zaien kasuak azaldu beharko ditugu, genero-morfema hitz eratorri edo elkartu baten barruan azaltzen den kasuak, alegia: buen-a-mente, cual-es-quiera1

Horregatik proposatu dute hizkuntzalari batzuek (Varela 1990: 81) eskala edo gradazio baten arabera bereiztea erator hizkiak:

  • oinaren kategoria aldatzen ez dutenak: etxe > etxetxo
  • oinaren kategoria ez, baina azpikategoria aldatzen dutenak: bertso > bertso-lari
  • oinaren kategoria sintaktikoa aldatzen dutenak eta, beraz, oinak ez bezalako distribuzioa duen hitza sortzen dutenak: ikus > ikus-garri.

-ko hizkia

Flexioaren eta eratorpenaren arteko auzian gaur egun euskaraz aipagarriena -ko hizkia litzateke. Gramatiketan oro har Deklinabidearen atalean aztertu izan da, edo beste modu batera esanda, tradizionalki kasu-markatzat hartu izan dute gramatikariek. Goenagak (1980) kasu-marken zakutik atera eta -ko eta –en-ekin hizki izenlagun-sortzaileen azpisaila ezarri zuen. Hala ere, Uhlenbeck-ek (1909), nahiz funtsean genitibo marka dela onartu, zenbaitetan erator-atzizkitzat hartuz, izen eta izenondo-sortzaile ere bazela esan zuen. Azkuek (1923-25) ere deklinabidean eta erator-atzizkien artean aipatzen du -ko. Trask-ek (1985) bestalde, -ko forma duten bi atzizki ikusten ditu euskaraz: lehena “atzizki sintaktikoa” (kasu-markak bezalakoa ez izan arren, sintaxi-mailakoa bederen badena) eta bigarrena “deribazionala”. TraskKoldo Mitxelenak (1986) eta De Rijkek (1988), azkenik, -ko ez dela flexio-morfema, erator-morfema baino esan dute.

Iritzi-desberdintasun hori ikusirik, non kokatu behar da -ko? Alde batetik Goenagak (1980) argumentu erabakigarriak eman zituen mendiko, zurekiko edo urrezko izenlagunetako -ko kasu-marka ez dela erakusteko. Baina erator-hizkitzat hartzeko ondoko arazoak ditugu:

  • Morfologia Sortzailean behin eta berriro aipatu den bezala, hitz-eraketan kategoria lexikalek hartzen dute parte, ez hortik gorakoek (aurrerago itzuliko gara puntu honetara). Eta goiko izenlagunotan oina adizlaguna da.
  • Erator-atzizkiek kategoria lexikaletatik abiatuz kategoria lexikal berriak sortzen dituzte. Baina izenlaguna sintaxi-kategoria genuke.
  • Eratorpena baliabide errekurtsiboa izanik, erator-atzizkiak ager daitezke beste erator-atzizki baten aurretik nahiz ondoren. Izenlaguna kategoria lexikala ez denez, ezinezkoa zaio ondotik erator-atzizkiren bat hartzea; hau da, erator-atzizki baten oin izatea.

Ezin ukatu, ordea, erator-atzizki den -ko ere badela. Honen jokabidea (nolako oinari eransten zaion eta nolako kategoria lexikala sortzen duen) euskal atzizkiak aztertzean ikusiko dugun arren, ikus dezagun zein ezaugarri nagusi dituen erator-atzizki dela defendatzeko:

  • kategoria lexikoak sortzen ditu: oinetako, gerriko; belarrondoko, matraileko…
  • -ko atzizkiaren bidez sortutako hitzek har ditzakete ondoren beste erator-atzizki batzuk (oinetakogintza) eta hitz elkartuko osagai ere izan daitezke (oinetako-saltzaile).
Laburbilduz, bada, Trask-ek (1985) egin bezala bi -ko bereizi beharko genituzke euskaraz: sintaxi-kategoriaren sortzailea bata (baina ez kasu-marka!) eta kategoria lexikalen sortzailea bestea.

Gaian sakonduz

1 Morfologia aberatsa duten hizkuntzetan, adibiez Ipar Amerikako indioen hizkuntza askotan oraindik zailagoa izaten da deribazioaren eta flexioaren arteko bereizketa egitea (ikus Varela (1990: 71).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Eratorpenaren eta flexioaren arteko mugak: zalantzazko kasuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3