Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3:2

Morfologiaren antolamendua

NOAM CHOMSKY ETA PELLO SALABURU EHUko UDA IKASTAROETANIkusi dugu bi atal nagusi bereizi direla morfologian: morfologia lexikoa (eta honen barruan eratorpena eta hitz-elkarketa) eta flexio-morfologia.

Morfologia: Morfologia lexikoa (eratorpena + hitz elkarketa) / Flexio-morfologia

Erator-hizkien eta flexio-hizkien arteko desberdintasunak aztertzean, flexioa, deribazioaren ostekoa, ondorengoa dela ere esan dugu. Honek guztiak bultzatu ditu hizkuntzalariak morfologiaren atalen antolamendua aztertzera.

Siegel (1974) izan zen morfologia mailatan antolatua zegoela defendatu zuen lehena; gainera Chomskyk eta Hallek (1968) fonologiarako egin zuten bi muga motaren bereizketak (+ motakoa, muga arina edo “morfemarteko muga” eta # motakoa, muga zorrotza edo “hitzen artekoa”) bazuen eragina morfologian ere, oinarrizkoak baitira bi muga mota horiek hizkiak bereizteko: I mailako hizkiak, + muga dutenak, oinaren eta hizkiaren artean asimilazioak, azentuaren lekualdaketak… eragiten dituztenak; eta II mailako hizkiak, # motako muga dutenak, eta oinaren eta hizkiaren artean inolako aldaketa fonetikorik eragiten ez dutenak.

Bestalde, hizki mota bakoitzak badu bere lekua morfologiaren antolamenduan eta hierarkiaren kontzeptuan. Horren arabera, honako antolamendua proposatu da. Scalise-ren lanean (1984) aurki daiteke informazio zabala Antolamenduaren Hipotesiak, hobeki esanda, Antolamenduaren Hipotesi Hedatuak zer eman duen ingelesezko edo italianozko hitzak aztertzeko. Euskararen kasuan, hasteko, I mailako eta II mailako hizkiak zein diren aztertu beharko litzateke lehenik:

  • I mailako hizkiak
  • II mailako hizkiak
  • Eratorpena
  • Elkarketa
  • Flexioa

Salbuespenak salbuespen (esaterako, hizkuntza erromanikoetan atzizki “apreziatiboak”, “iritzi atzizki” dei diezaiekegunak –txikigarriak, handigarriak eta gutxiespenezkoak– hitzak eratzeko erregelen ondoren, hau da, eratorpenaren eta elkarketaren ondoren eta flexioaren aurretik aplikatuko lirateke) hainbat autorek defendatu dutena. Salbuespentzat jo dira, halaber, ingelesezko “teeth marks” bezalako hitz elkartuak, non lehen osagaia plurala den; plural irregularra izateak azalduko lituzke halako egiturak; plural erregularra izango luketen *claws marks edo *rats-infested, ostera, ezinezkoak dira.

Baina, Varelak (1990: 49) dioen bezala, morfologiaren antolamendua defendatu duten ereduek kritika zorrotzak izan dituzte, salbuespenak hasieran aipatzen zituztenak baino ugariagoak baitira. Lieber-ek (1992a, b), Rainer-ek eta Varela-k (1992), Scalisek (1994), Rainer-ek (1995) eta Booij-ek (1992, 1996) eman dituzte adibideak, flexioa deribazioaren barruan aurkitzea hain ezohikoa ez dela erakusten dutenak:

  • espainolez, esaterako, oso emankorra izan ez arren, aurki daiteke deribazioa konposizioaren ostean; hau da, lehenik hitz elkartua sortu eta ondoren erantsi atzizkia hitz osoari: picapedrero [[[pica] [pedr]] ero] egitura duena
  • badira aurrizkiak sintagmei eransten zaizkienak: (campaña) pro derechos humanos; (medicamento) anti envejecimiento prematuro de la piel
  • ingelesez, hitz elkartu sintagmatiko deitu izan zaien egituretan, lehen osagaia sintagma egiturakoa izaten da: an ate too much headache ‘gehiegi jan burukomina’
  • erregularrak diren flexio marka duten osagaiak ere aurki daitezke hitz elkartuaren barruan. Halakoak dira hurrengo adibideak, lehen osagaiak generoari dagokion flexio-marka baitarama hitz elkartuaren barruan egon arren; jakina, hitz elkartu osoak ere hartzen du dagokion genero eta numero-marka, edo aditzak infinitiboaren marka:
    Honela:
    • [[ sordo ] A [mud ] A o/a]A
    • [[ alta ] A [voc] N es] N
    • [doscient + os] ava
    • [tem + er] oso
  • euskaraz ere baditugu horrelako adibideak, gero xehekiago ikusiko ditugunak: postposizio sintagmak aditz kategoria hartzen dutenak; edo kuantifikatzaile sintagmak, -ko deribazionala hartzen dutenak, edo N’ mailako osagaiak -dun hartzen dutenak:
    • [etxe + ra] tu
    • [nire + gana] tu
    • [bizar gorri] N’ dun
    • [hiru hanka] ko

Glosategia

  • Parentesi: Hitzak sortzeko prozesua. Forma lexikoa ez da erator-morfema huts batekin sortzen, prozesu konplexuagoa da, bi morfema edo gehiago hartzen dituena, tarteko forma sinpleagorik egon gabe.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Morfologiaren antolamendua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3