Erabiltzaile Tresnak


morf:4:3:2:1

Hitz-eraketa erregelak

Hitz eratorri eta elkartuek zein egitura duten azaltzeaz gain, gogoan izan behar dugu morfologia teoria batek hiztunaren gaitasunaren berri eman behar duela, hiztunak hitzei buruz dakiena esplizitatu behar duela. Eta hitz eratorri edo elkartu baten aurrean hiztunak gauza asko esan dezake gehienetan: zein den oina, zein atzizki erantsi zai(zki)on, zein den oinaren eta hitz berriaren arteko erlazio semantikoa, zein aldaketa foniko izan duen oinak atzizkia eranstean, etab.

Horretaz gain, hiztunak, bere “morfologia gaitasunaren” barruan, badu hitz posibleak, sor daitezkeenak eta ezinezkoak bereizteko ahalmena.

Hiztunaren gaitasun honen berri emateko, gramatika sortzaileak eredu bat proposatu du, hitz berriak sortu eta sortuen arteko erlazio formal eta semantikoak ezar ditzaketen erregela sistema bat: hitz eraketa erregela deituko diegunez osatua. Hizkuntza bateko hitz guztiak, badirenak zein izan daitezkeenak sor ditzaketen erregelak, eta ezinezkoak diren hitzak eragotziko dituztenak, horrelakoak izan behar dute hitz eraketa erregelek.

Erregela morfologiko hauek hainbat murriztapen izan ohi dituzte: semantikoak, sintaktikoak eta fonikoak (euskal atzizki eta aurrizkiak aztertzean zehazkiago ikusiko ditugu murriztapen hauek):

  • murriztapen semantikoen adibidetzat har dezakegu -txo atzizkiaren jokabidea, -kote atzizki handigarria duen oin bati erantsi ezin zaiona (*liburukotetxo), esanahiaren ikuspegitik inkongruentea den forma sortuko litzatekeelako. Edo justicia eta justeza izenak, justo izenondoaren bi adiera desberdinetatik eratorriak dira; largueza eta largura ere, largo-ren bi adiera desberdinetan oinarritzen dira. Baina hitz batek bi adiera (edo gehiago) izateak ez du esan nahi horietako bakoitza hitz berrien oin izango denik, edo izan daitekeenik: popular izenondoak, adibidez, bi adiera ditu “jende askori atsegin zaiona” eta “herrikoa dena”; horietatik lehenak bakarrik sor dezake impopular eratorria, ez bigarrenak.
  • murriztapen sintaktikoak dira, esate baterako, -garri atzizkiak oinari ezartzen dizkionak, aditz trantsitiboei bakarrik erants baitiezaiekegu (*etorgarri, *erorgarri); edo -tsu atzizkiak, oina izen kategoriakoa izatea eskatzen du, etab.
  • murriztapen fonologikoak dira -le eta -tzaile atzizkien banaketa azaltzen dutenak. Salbuespenak salbuespen, oro har, -n amaierako partizipio/aditzoinek eta, -i amaierako partizipioa izanik, txistukari edo dardarkariz amaitzen diren aditzoinek hartzen dute -le eta gainerako guztiek -tzaile1).

Hurrengo puntuan ikusiko ditugu hitz-eraketaren berri ematen duten erregela hauen inguruan egin diren proposamen eta formulazioak.

1 Booij (1977) ikus daiteke, nederlanderarako nolako proposamena egin duen jakiteko. Eta ikuspegi orokorra izateko, azalpen luzea eta zehatza ematen du Scalise-k (1984

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitz-eraketa erregelak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3