Gramatikaren berariazko atal gisa Morfologiaren ikerketak aurrera egin ahala, argi geratu da antz handia dutela morfologiaren eta sintaxiaren atalek. Izan ere, esan daiteke morfologiaren teorian egin diren ekarpen garrantzitsuenetakoak sintaxiko printzipioak aplikatzetik etorri direla. Hauen artean aztertuko dugun lehena, ‘buru’arena da. Egitura morfolexikoek, sintaktikoek bezala, burua duten egiturak era ditzakete (egitura endozentrikoak) edo bururik gabeko egiturak (exozentrikoak). Endozentrikoetan, buru den elementuak erabakitzen ditu egitura lexikoaren ezaugarri morfosintaktiko guztiak: kategoria, hautatze tasunak eta distribuzioa; burua da hitz konplexuaren flexioa erabakitzen duena ere. Edo, alderantziz esanda, hitz osoari bere ezaugarri kategorialak ezartzen dizkion osagaia hartuko dugu egitura horretako burutzat. Azter dezagun, ordea, kontu hau lasaitxoago.
X marraren teoria landu zenean (Jackendoff 1977) ia hasieratik hartu zen kontuan sintagma guztiek zutela Burua, sintagma osoaren kategoria berekoa zena, baina marra bat gutxiagokoa (ISren burua izena da; aditz sintagmarena, aditza; izenondo sintagmarena, izenondoa…). Generalizazio hori, honelako egitura batean adierazi da.
Honek esan nahi du hiru islapen-maila daudela: burua edo zero-islapena, tarteko islapena (buruak eta bere osagarriak osatzen dutena) eta islapen nagusia edo gorena (Goenaga, P. 2000: 50).
Gero beste zehaztasun batzuk egin zaizkio teoria honi: Proiekzio Printzipioa, elementu lexikoen azpikategorizazio-tasunak maila sintaktiko bakoitzean aurkitzea, ez aldatzea eskatzen duena. Hau da, lexikotik proiektatzen da azpikategorizazioa. Beraz, ez dago erregela bakoitzean kategoria sekuentziak zehaztu beharrik; buruaren tasunak iraun egiten dute islapen-maila guztietan zehar.
Era berean, X marraren teoriaren parametrizazioan esaten da hizkuntza bakoitzak aukeratzen duela buruak zein posizio izango duen konplementuei (edo osagarriei) eta espezifikatzaileei buruz. Hau da, osagarrien ezkerrean ala eskuinean doan burua, espezifikatzaileen eskuinean ala ezkerrean doan1. Beste hitz batzuetan esanda, buru parametroak zehazten du zein hurrenkera hautatzen duen hizkuntza bakoitzak.
Azkenik, Abney-k (1987) proposatu du kategoria funtzionalak ere sintagma-buru direla (Det, DPkoa, Infl IPkoa, Comp CPkoa). Determinatzaileak, izen sintagmak edo adjektibo sintagmak (NP edo AP) hartzen ditu konplementutzat, Infl-ek aditz sintagma (VP) eta Comp-ek IP (flexio-sintagma dei dezakeguna).
Beraz, sintagma-egituraren teoriaren historian ikus daiteke ordenatze printzipioak eta egitura hierarkikoa, gramatikako beste printzipio batzuen ondoriotzat esplikatzera joan dela, eta ez erregela indibidualen bidez.
Hitz-eraketaren teoriak ere antzerako bidea egin du. Morfema, atzizki bakoitzerako erregela berezia izatetik, hitz-egitura erregelak gramatikako printzipio orokorretatik eratortzera :
80ko hamarkadan hizkuntzalari askok idatzi zuten 'buru'az:
Orain arte ikusitakoaren arabera, morfologian buruaren norabidea oraindik estipulatu beharreko kontua da. Sintaxian, aldiz, buruaren norabidea beste nonbaitetik, gramatikako beste modulu batzuetako parametroetatik eratortzen da, Theta teoriatik eta Kasu teoriatik.
Hori kontuan izanik, eta hitzak eratzeko erregelek eta sintagmak eratzekoek printzipio berberak jarraitzen dituztela frogatu nahian, Lieber-ek (1992a) hiru parametro proposatzen ditu, Burua Lehen/Azken parametroak (bata, konplementu edo osagarrien kokaguneari dagokio, bestea espezifikatzaileenari eta hirugarrena modifikatzaileenari) . Bere iritziz, hiru gauza behar ditugu buruaren berri emateko: X marraren “plantilla” (Xn > … Xn-1…), Baimentze Baldintzak eta buru ez diren osagaiak proiekzio gorenak izan behar dutelako eskakizuna.
lanaren aipamena nola egin...