Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4

Hitz elkarketa

Gogoratu Morfologia, hau da, hitzaren gramatika aztertzen ari garela atal honetan guztian eta goragokoetan. Hain zuzen ere, goragoko atal horietan esan dugu euskarak bi prozesu nagusi dituela hitzak sortzeko: Hitz Eratorpena eta Hitz Elkarketa. Kategoria lexiko jakin bateko oinarriari hizki bat erantsiz beste kategoria lexiko bat sortzeko prozesuari esan diogu 'eratorpena'. Bigarren prozesuaz, hitz elkarketaz, arituko gara beste atal honetan. Oro har, esan genezake bi hitz beregain elkartuz hitzak sortzeko prozesua dela Hitz Elkarketa. Ondoko lerroetan ikusiko ditugu xehetasunak.

Hitz elkarketaren definizioa

Hitz elkartuen definiziorik orokorrena hauxe izan daiteke: bi elementu edo osagai beregain elkartu eta beste osagai beregain bat sortzea. Horixe da, hain zuzen ere, Azkueren edo Villasanteren definiziotik gertuen legokeena. Euskaltzaindiak hain urrun ez dagoen beste definizio hau eman zuen: “Bi hitz elkartuz adierazle berri bat sortzeko bidea dela esan ohi da hitz-elkarketa” (Euskaltzaindia 1992, Hitz-elkarketa/4). Beste era batera esanda, kategoria lexiko jakin bateko osagaiak edo morfemak elkartzen ditugu kategoria lexiko jakin bat izango duen beste osagai edo morfema bat sortzeko.Sagarrekin egiten da sagar-tarta

Hitz elkarketa: kategoria lexiko jakin bateko osagaiak edo morfemak elkartuz, kategoria lexiko jakin bat izango duen beste osagai edo morfema bat sortzea.

Esaterako, sagar izena da eta kategoria berekoa da tarta ere. Bi horiek elkartuz, beste izen bat sortu dugu sagar-tarta. Izenak dira neska eta mutil ere, eta bi horiek elkartuz beste izen bat sortuko dugu: neska-mutilak (pluralean erabili beharrekoa, edo, behintzat ez singularrean. Aurreraxeago aztertuko ditugu horrelakoak). Aditzoina da eser eta izena leku eta bi horiek elkartzetik sortzen da eserleku izena. Izena da odol eta aditza, berriz, hustu; hortik sortu dugu odolustu aditza. Izenondoak dira zuri eta gorri eta izenondo kategoriakoa da biak elkartuz sortu dugun zuri-gorri ere. Izen kategoriako osagaia bizar, esaterako, eta izenondo kategoriakoa, zuri adibidez, elkar ditzakegu bizarzuri moduko izenondoak sortzeko. Edo izena, ate, eta aditzondoa, joka, uztartuz, ate-joka aditzondo elkartua sortuko da, etab. Esan bezala, kategoria lexikoak dira guztiak, beste kategoria lexiko bat sortzeko elkartu ditugunak.

  • sagar (izena) + tarta (izena) = sagar-tarta (izena)
  • neska (izena) + mutil (izena) = neska-mutilak (izena)
  • eser (aditzoina) + leku (izena) = eserleku (izena)
  • odol (izena) + hustu (aditza) = odolustu (aditza)
  • zuri (izenondoa) + gorri (izenondoa) = zuri-gorri (izenondoa)
  • bizar (izena) + zuri (izenondoa) = bizarzuri (izenondoa)
  • ate (izena) + joka (aditzondoa) = ate-joka (aditzondoa)

Hitz elkartuek, bestalde, balio generikoa daukate, ez daukate erreferentzia zehatzik. Gazta-tarta izen elkartuak tarta mota bat adierazten du, ez tarta jakin bat, gaztaz egina dagoen arren. Gauza bera gertatzen da gainerako izen, izenondo, aditz edo adberbio elkartuekin. Horregatik dira zalantzazkoak azkenaldian ugaritzen ari diren euskara eguna eta antzekoak. Urteko egun jakin batez ari garenez, egokiago litzateke euskararen eguna esatea.

Burua eta modifikatzaile/osagarri egitura

Sintaxi-egituretan bezala, morfologia-egituretan ere, hau da, hitz elkartu eta eratorrietan, bi osagaietako bat burua izaten da. Hitz elkartuetan, elkartzen ditugun bi osagaietatik batek erabakitzen ditu hitz elkartuaren kategoria eta azpikategorizazioa. Ikus adibideok:

  • egunkari (izen bizigabea) + saltzaile (izen biziduna) > egunkari-saltzaile (izen biziduna)
  • odol (izena) + hustu (aditza) > odolustu (aditza)
  • hanka (izena) + motz (izenondoa) > hankamotz (izenondoa)

Hitz elkartu horien kategoria eskuineko osagaiak zehazten du, horixe da burua. Horregatik esaten dugu euskaraz, oro har, burua eskuinean dutela hitz elkartuek.

Burua: hitz elkartuaren kategoria zehazten duen osagaia (gehienetan, eskuinekoa).
Burua-ren kontzeptuaz, eta egitura exozentriko eta endozentrikoez informazio gehiago Morfologiaren antolamendua atalean eskura zenezake, Burua: egitura endozentrikoak eta egitura exozentrikoak azpiatalean.

Mugakizuna eta mugatzailea

Hitz elkartuaren esanahi orokorra ere bigarren osagaiak ematen du: behi-esne esatean esneaz ari gara, esne-mota jakin batez, behiarenaz alegia. Berdin gertatzen da burdin barra izen elkartuan ere; barra batez ari gara, baina ez edozein barraz, burdinaz egindakoaz baizik. Horregatik, euskaraz mugakizun esaten diogu buru den bigarren osagai horri, ezkerreko osagaiak mugatzen diolako esanahia. Ezkerreko osagaiari, berriz, mugatzaile esaten diogu, bigarrenaren esanahia mugatzen duelako.

  • behi-esne = behi (mugatzailea) + esne (mugakizuna)
  • burdin barra = burdin (mugatzailea) + barra (mugakizuna)
Mugatzailea: mugakizunaren esanahia mugatzen duen osagaia (gehienetan, ezkerrekoa)
Mugakizuna: hitz elkartuaren esanahi orokorra ematen duen osagaia (gehienetan, eskuinekoa, burua)

Hitz elkartu endozentrikoak eta exozentrikoak

Baina badira bestelako egiturak ere, alegia, bi osagaiak buru diren egiturak: senar-emazteak, makina-erreminta… Dagokion lekuan aztertuko ditugu horiek1. Hitz elkartu endozentriko esan izan zaie horiei, burua, osagai nagusia, egitura elkartuaren barruan dutelako.Elgoibarko IMH institutua erreferentea da Makina Erremintan

Baina egitura guztiak ez dira horrelakoak: bizarzuri edo besamotz izenondoetan, esaterako, ezin esan daiteke, esanahia kontuan harturik, osagai nagusia bizar edo zuri denik. Berdin gertatzen da beso eta motz osagaiekin ere. ‘Bizar zuria duen norbait’, ‘beso motza d(u)en norbait’ez predikatzen ditugu izenondo horiek. Horrelakoetan, elkartearen ezaugarri gramatikal eta semantikoak ez datoz bat osagaien ezaugarriekin. Horregatik esaten da osagai nagusia, gune nagusia, bi horietatik kanpo dagoela, eta exozentriko deitura eman zaie; euskaraz, sanskritotik hartutako terminoa erabili da maiz, bahuvrihi; hala ageri da Euskaltzaindiaren sailkapenean ere. Izen balioa hartzen dutenean nabarmenagoa da gunea kanpoan izate hori: Txapelgorri, txapeloker… Hala ere, beste gramatikari batzuek babestu dute horietan ere eskuineko osagaia dela burua, zuri, motz, gorri edo oker; izenondo kategoriako elkarteak direnez, izen batez predikatu behar direla eta hortik sortu dela gune nagusia kanpoan dagoela esatea. Izatekotan, txoriburu eta horren gisakoak izango lirateke egiazko exozentrikoak; ez, jakina, ‘txorien buruak’ adierako txoriburu, baizik ‘buru gutxiko pertsona’ adierakoa. Elkarte exozentrikotzat hartuko ditugu beraz, irakurketa metaforikoa duten izenondo hauek: artaburu, astaputz, babalore, txoriburu… Jatorriz mendekotasunezko izen elkarteak izanik, bigarren adiera bat hartu dute: “argi gutxiko pertsona, ergela, sineskorra”, “buru gutxiko pertsona”…

Egitura endozentrikoak: burua duten egiturak
Egitura exozentrikoak: bururik gabeko egiturak

Mendetasunezko elkarte endozentrikoak

Mendekotasunezko elkarte endozentrikoetan, mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazioa bi modutakoa izan daiteke: modifikatzaile-buru harremana, edo osagarri-buru harremana.

Modifikatzaile-buru erlazioa

Modifikatzaile-buru harremana daukagu Mendekotasunezko izen-elkarte gehienetan. Mugakizuna, eskuineko osagaia, bera bakarrik ager daiteke, eta hala agertzen da askotan; alegia, ez dago inolako arazorik sagar-tarta elkarteko tarta izena bakarrik erabiltzeko, ez du behar ezkerrean bestelako elementurik. Berdin gertatzen da burdin barra, metal-ur, patata-lur, telefono-kabina, trumoi-laino edo olio-argi elkarteetako mugakizunekin ere: barra, ur, lur, kabina, laino eta argi izenekin. Ezkerreko osagaiak modifikatzaile zeregina duen heinean, mugatu egiten du eskuinekoaren esanahia, baina mugakizunak ez du ezkerreko modifikatzaile horren beharrik.

Osagarri-buru erlazioa

Baina badira izenak osagarria hautatzen dutenak; horrelakoak dira erlaziozko izenak -adibidez, senidetasun izenak (aita, ama, ahizpa, anaia, lehengusua…), irudi izenak (argazki, erretratu, irudi…), beste izen batzuk (etsai, arerio, jabe, lagun, nagusi…), izen abstraktuak (arazo, ardura, asmo, aukera, antz, baldintza, behar, berri, defentsa, eite, erruki, eztabaida, hipotesi, ideia, itxura, kontu, kritika, kezka, lege, maitasun/gorroto, nahi, premia, susmo, teoria, uste)- eta aditzetik eratorritako izenak (Artiagoitia, 2011). Erlaziozko izenetan, aita edo izeba esatean beharrezkoa da noren aita edo izeba den zehaztea; informazio hori askotan izenlagunak emango digu, edo aditz-komunztadurak (izebak eman dit esaten badut, argi dago nire izebaz ari naizela)… Berdin gertatzen da jabe, etsai edo arerio izenekin nahiz erretratu, argazki, eta antzekoekin. Erlaziozko izenak mugakizun direnean, osagarri funtzioa betetzen du askotan mugatzaileak: etxe jabe, emakume-irudi; baina modifikatzaile ere izan daiteke gatz-irudi ‘gatzezko irudi’ (eta ez ‘zeren irudi’).

Aditzetik eratorritako izena edo adjektiboa mugakizun denean, aditz horren argumentu-egitura izan behar dugu kontuan, argumentu-egitura horrekin zer gertatzen den ere aztertu beharko dugu. Eratorpenean behin baino gehiagotan esan dugu argumentuetako bat hitz elkartuko lehen osagaiak bete dezakeela, eta adibidetzat eman ditugu liburu-saltzaile eta ohe-bigungarri. Oro har, aditzetik eratorririko izen, adjektibo eta adberbioak dira argumentu-egitura dutenak. Mota horietako elkarteak aztertzean, edo aditz elkartuez jardutean kontuan hartuko dugu, beraz, argumentu-egitura.

Erreferentziak

  • Altube (1929): Erderismos. Bermeo: Gaubeka’ren irarkolan
  • Arrigarai Bernardo (1919): Euskel-irakaspidea o sea Gramática del Euskera. San Sebastián: Editorial Auñamendi (2ª edición facsímil)
  • Artiagoitia, Xabier (2002b). “-(t)ar atzizkidun hitzen jokabide sintaktikoaren inguruan”, Fontes Linguae Vasconum 91, 443-462
  • ——- (1995): “garri atzizkiaren izaera bikoitzaz. Zergatik den maitagarria bezain mingarria”, ASJU XXIX-2, 355-405
  • ——- (2003): “The case o fan enlightening, provoking and admirable Basque derivational suffix with implications for the theory of argument structure”. B. Oyharçabal (ed), Inquiries into the lexicon-syntax relations in Basque, Supplement of the Anuario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” nº XLVI, University of Basque Country-Gipuzkoako Foru Aldundia, 147-183.
  • Azkarate, Miren (1990): “Euskal garri vs. latinezko bilis bi balio desberdin”, E. Perez Gaztelu eta P. Urkizu (arg), Patxi Altunari omenaldia. Unibertsitate Saila; Hizkuntza Departamendua, 5. Donostia: Mundaiz; 19-39
  • ——- (1995): “Sobre los compuestos de tipo sustantivo + sust/adj deverbal en euskera” P. Goenaga (arg.) De Gramática Generativa, “ASJU”ren Gehigarriak, XXXVIII. Gasteiz, Donostia: Euskal Herriko Unibertsitatea Gipuzkoako Foru Aldundia, 39-50
  • ——- (2008): “Gertaera- eta emaitza-izenak” X. Artiagoitia, J.A. Lakarra (arg), Gramatika jaietan Patxi Goenagaren omenez. ASJU Gehigarriak, LI. Bilbo: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, 93-106.
  • ——- (2009): “Du Contrat Social-etik Gizarte-Hitzarmenera, edo nominalizazioen eragina diskurtso berezituetan” R. Etxepare, R. Gómez, J.A. Lakarra (arg) Beñat Oihartzabali gorazarre. Festschrift for Bernard Oyharçabal, ASJU XLIII: 1-2. Gipuzkoako Foru Aldundia, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 137-157.
  • Azkarate, Miren eta Altuna, Patxi (1992): “ko / dun atzizkiez”, Luis Villasanteri omenaldia, Iker-6. Bilbo: Euskaltzaindia, 91-112
  • Azkarate, Miren eta Gràcia, Lluïsa (1995): “Agentivity and modality in deverbal adjectives in Basque and in Catalan”, Rivista di Grammatica Generativa 1995, 3-32
  • Azkarate, Miren eta Perez Gaztelu, Elixabete (2014): Hitz-Elkarketa/2. Bilbo: Euskaltzaindia. http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=4415&Itemid=908&lang=eu
  • Azkue, Resurreccion Maria (1923-25): Morfología Vasca. (1969, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca).
  • Bosque, Ignacio eta Demonte Violeta (1999): Gramática Descriptiva de la Lengua Española
  • Cabré, Maria Teresa i Rigau Gemma (1985): Lexicologia i Semàntica. Manuals de Llengua Catalana. Barcelona: Enciclopèdia Catalana
  • Contreras, Joan Miquel eta Suñer Avel.lina (2004): “Los procesos de lexicalización”, Perez Gaztelu, Elixabete, Igone Zabala eta Lluïsa Gràcia (arg) (2004): Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 47-107
  • Euskaltzaindia (1987a, 1993), EGLU-I
  • ——- (1987) Hitz-Elkarketa/1
  • ——- (2014) Hitz-Elkarketa/2
  • ——- (1991) Hitz-Elkarketa/3
  • ——- (1992) Hitz-elkarketa/4
  • ——- (1995): Hitz elkartuen osaera eta idazkera, Euskera 1995, 1, 338-344
  • Gràcia, Lluïsa & Azkarate, Miren (2000): “Prefixation and the head-complement parameter”, W. Dressker, O. Pfeiffer, M. Pöchtrager and J. Rennison (arg.): Morphological Analysis in Comparison. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins; 61-73
  • Gràcia, Lluïsa et alii (2000): Configuración morfológica y estructura argumental: léxico y diccionario. Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Hualde, Jose Ignacio eta Ortiz de Urbina, Jon (arg.) (2003): A grammar of Basque. Walter de Gruyter.
  • Jacobsen, Wilbur H. (1982): “Basque Copulative Compounds: A Problem in Irreversible Binomials”, Proceedings of the Eighth Annual Meeting of the Berkeley Linguistic Society 8 : 384-397.
  • Lafitte, Piarres (1944): Grammaire Basque (NavarroLabourdin Littéraire). (1979, Donostia: Elkar).
  • Lafon, René (1948): “Sur les suffixes casuels ti et tik”, Eusko Jakintza II: 141-150 (1999, Vasconiana, Iker-11. Bilbo: Euskaltzaindia; 199-207)
  • Laka, Itziar (1993): “Unergatives that assign Ergative, unaccusatives that assign accusative”, MIT Working Papers in Linguistics 18, 149-172
  • Lopez-Mendizabal, Isaak (1962): Diccionario vasco-español, San Sebastian: Auñamendi, 4. Argitaraldia
  • Martinez, Arantza (2015): [izen + egin]A aditz-lokuzioak: inkorporazio mailak. Deustuko Unibertsitate. Doktore-tesi argitaragabea.
  • Mitxelena, Koldo (1961): Fonética Histórica Vasca. San Sebastián, Diputación de Guipúzcoa (1977, 1985)
  • Odriozola, Juan Carlos (2003): “Verb-deriving processes in Basque”. B. Oyharçabal (ed), Inquiries into the lexicon-syntax relations in Basque, Supplement of the Anuario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” nº XLVI, University of Basque Country-Gipuzkoako Foru Aldundia, 185-222.
  • ——- (2004): “Construcciones con berri ‘nuevo, reciente’ en vasco”, Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. San Sebastián: Universidad de Deusto, 535-567.
  • ——- (2004): “Construcciones con nombres locativo-relacionales en vasco”, Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. San Sebastián: Universidad de Deusto, 569-602
  • Odriozola, Juan Carlos, Elixabete Perez Gaztelu (2002): “Aposizioa euskal hitz-elkarteetan”. In X. Artiagoitia, P. Goenaga, J. A. Lakarra (arg): Erramu Boneta: Festschrift for Rudolf P. G. de Rijk, ASJU/EHU, 467-478.
  • Oyharçabal, Beñat (2006): “Basque light verb constructions” Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, Gehigarriak 40, 12, 787-806
  • Pagola, Ines (2005): Neologismos en la obra de Sabino Arana Goiri. Iker-18. Bilbo: Euskaltzaindia
  • Perez Gaztelu, Elixabete, Igone Zabala eta Lluïsa Gràcia (arg) (2004): Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. Donostia: Deustuko Unibertsitatea.
  • Rijk, Rudoplf P. de (1991): “Deux suffixes capricieux: -pen et -men”, J.A. Lakarra (arg.), Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, Donostia (R.P.G. de Rijk 1998, De Lingua Vasconum: Selected Writings, Supplements of the Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” nº XLIII. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea; 301-345).
  • Rodriguez, S. eta F. Garcia Murga (2003): ““Izen+egin” predikatuak euskaraz“. Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian, Gramatika gaiak, Iker 14. Bilbo: Euskaltzaindia, 417-436.
  • Salaberry, M. (1856): Vocabulaire de mots basques basnavarrais. Bayonne: Imprimerie de veuve Lamaignère née Teulières
  • Spencer, Andrew (1991): Morphological Theory. Blackwell
  • Suñer, Avel.lina (1999): “La aposición y otras relaciones de predicación ene l sintagma nominal”, Bosque I. eta V. Demonte (arg), Gramática descriptiva de la lengua española. Madrid: Espasa Calpe, 523-564
  • Tovar, Antonio (1959): “Geminados semánticos en vascuence”, Ioanni Dominico Serra ex Munere Laeto Inferiae. Racolta di studi linguistici in onore di G.D. Serra. Università degli studi di Napoli, Istituto di Glottologia, 365-371
  • Uhlenbeck, C. (1909): “Suffixes du Basque servant à la connaissance de la formation des mots en Basque”, RIEV III: 1, 192, 401
  • Val Álvaro, J.F. (1999): “La Composición” Bosque I. eta V. Demonte (arg), Gramática descriptiva de la lengua española. Madrid: Espasa Calpe, 4757-4841
  • Varela, Soledad (1990): Fundamentos de Morfología. Madrid: Síntesis
  • Yrizar, Pedro (1971): “Sobre las concordancias morfológicas de la Lengua Vasca con las lenguas caucásicas y con otras lenguas”, ASJU. V: 115-173.
  • Villasante, Luis (1974): Palabras vascas compuestas y derivadas. Editorial franciscana Aránzazu.
  • Zabala, Igone (2004): “Los predicados complejos en vasco”, Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. San Sebastián: Universidad de Deusto, 445-534.
  • Zabala, I. eta Odriozola, J.C. (2004): “Los complejos posposicionales en vasco”, Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. San Sebastián: Universidad de Deusto, 281-315

Euskaltzaindiak honetaz

Gaian sakonduz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitz elkarketa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3