Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:0

Hitz elkartuak definitzeko irizpideak

Azkue Hitz-elkarketaz arduratu den edozein hizkuntzalari saiatu da ‘hitz elkartu’a definitzen; ez da harritzekoa, beraz, irizpide desberdinak hartu izana batzuek eta besteek 'hitz elkartu' zer den zehazterakoan. Nolanahi ere, hautatzen den irizpidea hautatzen dela, beti aurkituko ditugu mugako egiturak, hitz-elkarketatzat hartu behar ditugun ala ez zalantza sortuko digutenak.

Besteak beste, Bally (1932), Bloomfield (1933), Benveniste (1966), Jespersen (1942), Marchand (1960), Varela (1990), Rainer eta Varela (1992), Bauer (2004) edo Lieber and Stekauer (2009). Eta euskal gramatikarien artean, Campion (1884), Laffite(1944), Azkue, R. M.(1923-25), Villasante (1974), Euskaltzaindia (1987) eta Azkarate (1990).

Batzuen eta besteen definizioak laburbilduz, honako irizpideak hartu dituzte kontuan hizkuntzalariek 'hitz elkartua' definitzeko.

Sintaxiaren eta lexikoaren arteko mugak

Hitz elkartua berdin “bi osagai beregain (edo gehiago) elkartuz sortzen dugun unitatea” dateke definiziorik sinpleena, esaterako, Laffitek (1944) ematen duena. Ez da hori aski, ordea, batzuek eta besteek hitz elkartuaren mugak non jarri dituzten aztertzen hasten garenean; eta muga horiek, esplizituki markatuak egon ez arren, oso nabarmen agertzen dira sailkapenetan zer dagoen eta zer ez ikustean.

Oro har hitz elkartuak hitz-eraketaren barnean eratorpenarekin izango ditu mugak alde batetik. Horretaz aritu gara hain zuzen aurreko kapituluan. Baina bestetik, osagaien kategoria nolakoa den, sintagmak, sintaxi-egiturak ere ondoan ditu. Euskaraz konkretuki arte latz eta arte eder zer dira? Zergatik esan daiteke lehena izen elkartua dela eta bigarrena aldiz izen-multzoa (hots, sintaxi-mailakoa)? Non dago Erromako zubi edo etxekoandre eta Erromako kale edo etxeko amona-ren arteko muga?

Sintaxiaren eta lexikoaren arteko mugak zehazteko ondoko irizpideetara jo dute hizkuntzalariek.

Azentu-unitatea

Bi osagai beregainez eratua egoteaz gain, azentu bakarraz ahoskatzen dena da zenbait hizkuntzalarirentzat hitz elkartua; bi azentu dituena, sintagma (Bloomfield (1933). Beste hizkuntzalari batzuek, irizpide erabakigarritzat ez hartu arren, lagungarri gertatzen dela aitortu dute (Marchand (1960). Hirugarren multzo batek, azkenik, inolako baliorik gabeko irizpidetzat daukate azentu bakarra (Jespersen (1942), Rohrer (1967) edo Levy (1978). Ingelesez, esaterako, Marchand-ek (1960) aztertu zuen zein ziren azentu bakarraz ahoskatzen ziren hitz elkartuak eta zein ez. Azkue k eta Villasante k ere beren azalpenaren punturen batean azentuaren garrantzia aipatu zuten hitz elkartuaren ala sintagmaren aurrean gauden jakiteko.
Oro har honakoa esan daiteke: azentu bakarraz ahoskatzen den osagai beregainen elkartea badela hitz elkartua; baina badira osagai bakoitzak bere azentua gordetzen duten kasuak ere.NON DAGO "ERROMAKO KOLISEOAREN" ETA "ETXEKO AMONAREN" ARTEKO MUGA?

Osagaien forma-aldaketak

Elementu batek, hitz elkartuko osagai denean, beregaina denean ez bezalako forma hartzea aipatu izan da hitz elkartuak bereizteko ezaugarrien artean (Bally (1932), Rohrer (1967) edo Carr (1939). Bereziki baliagarria gertatzen da hitz-elkarketa “tematikoa” duten hizkuntzetan, hau da, osagaiak hitz kategoriakoak izan beharrean ‘tema’k direnean (edo alemanez ‘izenondoa + izena’ egiturak sintaxiaren eta lexikoaren artean banatzeko: der roter Wein / der Rotwein). Euskaraz dagoeneko Azkuegandik hasita hainbat gramatikarik azaldu dituzte hitz elkartuko osagaien artean (edo oinarriaren eta atzizkiaren artean) gerta daitezkeen aldaketak, euskal atzizkiak aztertzen hasi aurretik ikusi ditugunak. Zer esanik ez, irizpide honek aldaketa gertatzen denean bakarrik balio du hitz elkartua identifikatzeko. Kontua da askotan, gehienetan seguruenik, ez dela inolako aldaketarik gertatzen.

Esanahi-unitatea

Hitz elkartuak ideia, kontzeptu bakarra, osagaien esanahietatik abiatuz esplika ezin daitekeena, hartu dute zenbait hizkuntzalarik funtsezko irizpidetzat edo gutxienez argibidetzat (Jespersen (1942), Bally (1932), Giurescu (1975), Benveniste (1966). Esanahi irizpidearen balioa ukatu gabe, irizpide formalen beharra aipatu dute beste batzuek (Carr (1939). Azkenik, irizpide honen balioa ukatu dutenak ere ez dira falta (Bloomfield (1933), Marchand (1960), Rohrer (1967) edo Levy (1978). Euskal gramatikarien artean Campion (1884) da esanahian oinarritzen den definizioa eman duena: «la composición consiste en unir dos o más palabras para expresar una idea».
Benveniste

Arazoa, ordea, hau da: hitz elkartu askoren esanahia osagaien esanahietatik abiatuz erraz uler daitekeela alde batetik; eta bestetik, esanahi berezi hori, ideia bakar hori, esapideek ere izaten dutela. Beste modu batera esanda, esanahi irizpideak interpretazio semantiko normaleko sintagma libreak eta sintagma ihartuak, esanahi finkatu, buruz ikasi beharrekoa dutenak bereiziko lituzke.

Egia da halere, intuitiboki esanahiak balio digula arte eder eta arte latz edo Erromako zubia 'ortzadarra' eta Erromako eleiza bereizteko.

Sintaxitik banandua (flexio-markarik eza...)

Ia hizkuntzalari guztiek aipatu duten beste irizpide bat hitz elkartuak, flexio-markak hartzean, bakuna balitz bezala jokatzea da. Hau da, osagaiek bakanka ez dute genero, numero edo kasu-markarik hartzen; hitz elkartu osoak hartzen du. MIREN AZKARATE ETA PELLO SALABURU, Expolangues-en, 2013an, hitz elkarketa nola egin ezin asmatu Flexio-markarik eza beste ikuspuntu batetik ere interpretatu izan da, hitz elkartuaren funtsezko ezaugarria sintaxitik morfologikoki banandua egotea dela esanez. Hau da, sintaxian ezinezkoa den elkartea zalantza gabe hitz elkartutzat har dezakegu (Marchand (1960), Carr (1939), Bally (1932), Rohrer (1967), Giurescu (1975). Euskaraz, esaterako, aditzoinak aspektu, aldi, pertsona… ezaugarriak eskatzen ditu. Ezinezkoa da baina izenarekin elkartzea. Horrexegatik ‘aditzoina + izena’ egitura sintaxitik banandua dagoela esango dugu. Era berean, bi izen ezin dira inolako markarik edo juntagailurik gabe elkartu; ‘izena + izena’ egitura, lexikorako “markatua” da, beraz.

Irizpide hau da azken batean Azkueren eta Villasanteren definizioen oinarrian dagoena, kasu-marka edo juntagailurik ez azaltzea baita hitz elkartua bereizten duen funtsezko irizpidea.

Hizkuntza guztietan balio bereko gertatu ez arren (hizkuntza erromantzeetan askoz balio urriagoa du) irizpide hau da baliagarriena hitz elkartua identifikatzeko.

Beste ikuspuntu batetik, osagaiek hitz elkartuan eta sintaxian duten jokabide desberdina ere aipatu dute hizkuntzalariek (Bloomfield (1933) “indivisibility”), hitz elkartuko osagaien artean ezin dela inolako elementurik tartekatu esatean. Hau da, osagaiek banaka ez dute hedapenik onartzen. Horrela, ‘izena + izenondoa’ sintagma ala izen elkartua den erabakitzeko *uda, nire iritziz, behintzat, berriudaberri edo *este oso meheeste mehe bezalako frogak egin daitezke. Kontua da ordea, esapideek ere, ihartuak daudenez, ez dutela bertako elementuen artean ezer tartekatzerik onartzen. Lieber-entzat (1992b) ere ‘inseparability’ edo osagaiak banandu ezina da irizpide erabakigarria (hala ere, kapitulu honen amaieran ikusiko ditugun Lokuzioetan ezaugarri bera aurkituko dugu, hain erabakigarria ez den seinale).

Hitz elkartuko osagaien jokabide hau, bakoitzak bere aldetik adjektibo edo adberbio bidezko modifikaziorik hartu ezina, beste autore batzuek ‘lexikoaren osotasun’ moduan definitu dute, edo hitz elkartuen ‘erregela sintaktikoekiko opakotasun’ moduan (Rainer eta Varela (1992)).

Irizpide multzo baten beharra

Azentua, forma-aldaketa, esanahia edo osagaiak banandu ezina bakarrik, bakoitza bere aldetik, harturik, zenbaitetan baliagarri izan arren, beste zenbaitetan huts egiten dutela ikusi dugu. Ondorioz, irizpide-multzo batekin jokatu beharra aipatu dute hizkuntzalariek. Areago, hizkuntza batzuetan (ingelesez edo alemanez esaterako) hitz elkartuak mugatzea beste batzuetan baino errazago dela ere esan da.
Villasante Bauer-ek (2004) irizpide fonologikoak, morfologikoak, semantikoak, sintaktikoak eta are ortografikoak ere aipatzen ditu; hizkuntza bakoitzerako egokiak, erabakigarriak zein diren aztertu beharko da. Lieber-ek eta Stekauer-ek (2009), berriz, irizpide-multzoaz baliatuta ere ia ezinezkotzat jotzen dute askotan hitz elkartua eratorrietatik edo sintagmetatik bereiztea. Beraz, hizkuntzalari hauentzat neurri batean arbitrarioak dira hizkuntza bakoitzean hitz elkartu zer den definitzeko erabiliko ditugun irizpideak.

Alde honetatik, irizpide-multzoa finkatu ondoren, hitz elkartua zein irizpideren arabera definituko den erabakitzea ezinbestekoa da. Ondorioz, aplikatzen diren irizpideen arabera, definizio zabalagoak edo estuagoak aurkituko ditugu hurrengo atalean. Baina guztiak izan daitezke zilegi, oinarri hartuko ditugun irizpideak argi eta garbi finkatzen badira.

— Egilea: Miren Azkarate

lanaren aipamena nola egin...

Miren Azkarate, "Hitz elkartuak definitzeko irizpideak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3