Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:1

Hitz elkartuak sailkatzeko moduak

SEGen hitz elkartuak nola sailkatuko ditugun azaldu aurretik, inguruko hizkuntzetan eta euskaraz gramatikariek zer irizpide erabili dituzten jasoko dugu atal honetan.

Paniniren sailkapenetik Morfologia Sortzailera

Beste hizkuntza batzuetako hitz elkartuen sailkapenak zein irizpidetan oinarritu diren aztertuz gero, lehenak sanskritorako Panini-k egindako sailkapenean oinarritu zirela esan dezakegu. Sailkapen honek osagaien kategoria lexikoa eta batez ere bi osagaien arteko erlazio logikoak hartzen zituen kontuan. Sailkapen-modu honetan oinarrituz bereizi izan dira aspaldidanik Dvandvak, Menpekotasunezkoak eta Bahuvrîhiak.

Sailkapen honen barnean, Menpekotasunezko hitz elkartuek sail zabala osatzen dutenez, bi izenez osatuta zeudenetan, osagaien arteko erlazio semantikoei begiratu zieten azpisail xeheagoak egin nahian. Zerrenda exhaustiborik ezin eman zitekeela onartuaz, ‘gaia’, ‘baliabidea’, ‘iturburua’, ‘ondorioa’, ‘lekua’, ‘garaia’, ‘helburua’ edo ‘osotasuna-zatia’ bezalako erlazio semantikoak aipatu zituzten hizkuntzalari desberdinek, osagai mugatzaileak osagai nagusiari eransten zion zehaztasuna nolakoa zen bereizteko.

Hitz elkartuaren esanahia adierazteko erabiliko genukeen sintagmari begiratuz, bertan hitz elkartuko osagaiek duten funtzio sintaktikoaren arabera ere sailkatu izan dira hitz elkartuak. Burdin barra ‘burdinaz egindako barra’ baldin bada, adizlagun-subjektu (edo adizlagun-objektu) azpisailean sar daiteke. Bi izenez osatutako menpekotasunezko elkarteak sailkatzeko bide antzu samarra gertatu bada ere, aditzoinaz edo aditz-izenaz osatutakoetan askoz emankorragoa izan da. Horrela, idazmakina ‘makinaz idatzi’ denez, izena aditzoinaren -z adizlagunari dagokiola esan daiteke; edo harri-jasotzaile izenak, objektua, aditza eta subjektua biltzen dituela.

Azken hogeita bosten bat urteetan garatuz joan den Morfologia Sortzaileak, azkenik, kategoria lexikoa (bai hitz elkartu osoarena bai eta osagaiena ere) hartzen du kontuan. Era berezi batean aztertu ditu, gainera, menpekotasunezkoetan, osagai nagusiaren eta hitz elkartuaren kategoria (eta azpikategorizazioa)ren arteko erlazioak, lehen kapituluan ikusi dugun ‘buru’aren teoriari bide emanaz.

Euskal gramatikarien sailkapenak

Euskal gramatikarien artean nekez aurkituko dugu hitz elkartua definitzeko irizpideen edo sailkapen-oinarri izan direnen eztabaida espliziturik. Baina egin dituzten sailkapenak ikusiz praktikan zertan oinarritzen diren (bai hitz elkartua definitzean, bai sailkapena egitean) berehala ohartzen gara.

Funtsean bi sailkapen-modu aipa daitezke euskal hitz elkartuetan egin direnen artean.

Osagaien arteko erlazio logikoak

R. M. Azkuek eta Villasantek esplizituki aldarrikatu dute elipsia dela hitz-elkarketaren arima, oinarria (Azkue joan den mendearen bukaerako frantses hizkuntzalari baten irizpide horretaz baliatu zen); horrenbestez, hitz elkartua juntagailuren bat edo kasu-markaren bat ezabatuz sortzen dugun osagai beregainen elkartea da. Formulazio hau aurreko atalean ikusi ditugun irizpideetara bilduaz, Azkuerentzat eta Villasanterentzat hitz elkartua, sintaxian ezinezko gertatzen den egitura dela esango genuke. Badago beraz, oinarrizko bereizketa bat

  • hitz elkartua / justaposizioa (alborakuntza-elkartea)

sintaxi-erregelen bidez sortu ezin den elkartea edo sor daitekeena izan. Honek esan nahi du etxekoandre eta udaberri ez direla hitz elkartuak bi euskal gramatikarientzat. Nahiz hitzak, izenak, izan, beste bide batetik sortuak dira.

Bereizketa horren ondoren, bi osagaien arteko erlazio semantiko edo logikoan oinarrituz sailkatzen dituzte hitz elkartutzat hartzen dituzten egiturak:

  • Hitz elkartu kopulatiboak: hitz elkartuaren esanahiari dagokionez, maila bereko garrantzia duten osagaiak elkartzen dituztenak:
    • aitamak, senar-emazteak, zeru-lurrak, atze-aurreak…
  • Menpekotasunezkoak: bi osagaietatik bat da garrantzitsuena, hitz elkartuaren esanahia ematen duena; besteak esanahi hori mugatu, zehaztu… egiten du:
    • txori-kaiola, beldur-damu, gizalege, burdin barra…
  • Posesiboak: hitz elkartuaren esanahia ulertzeko bi osagaietatik kanpoko hirugarren baten beharra dutenak:
    • sudur-luze, hankoker, eskuzabal, begi-gorri…

Hona artekoan bat datoz Azkueren eta Villasanteren sailkapenak. Azkuek, ordea, laugarren sail bat ere sartzen du: hots-uztardura elkarteak (‘onomatopeiak’): TXIMISTEK ZARATA EGITEN DUTE

  • handi-mandi, zirimiri, esamesa, firi-fara…

nahiz mota honetakoetan elipsirik ez dagoela aitortu. Hitz elkartuaren funtsezko ezaugarritzat jo duen elipsia gertatzen ez bada, zergatik hartzen ditu Azkuek halako egiturak hitz elkartutzat? Ez du arrazoirik ematen, baina oro har esan daiteke hitz elkartua, egitura sintaxitik banandua izateaz gain, bigarren irizpide batez ere baliatzen dela Azkue: irizpide fonologikoaz alegia. Horregatik hartzen ditu hitz elkartutzat kontsonante edo bokalen “joko” baten oinarritzen diren egiturok (eta antzeko jokabidea ikusiko dugu Justaposizio edo Alborakuntza elkarteetan ere).

Villasante, aldiz, estuago lotzen zaio hasieran emandako definizioari eta Hots-uztardura elkarteak ez ditu egiazko hitz elkartutzat hartzen.

Justaposizio edo Alborakuntza elkarteak, ostera, hitz-elkarketatik kanpo uzten dituzte bi gramatikariek, hor ez delako ezer ezabatzen (beraien formulazioan):LEHENAGO ERREGEAK BAKARRIK ETORTZEN ZIREN EGUBERRIETAN. ORAIN GONBIDATU GEHIAGO BADITUGU

  • udaberri, Gabon, Eguberri, zorion, zoritxar, neska zahar…

Hala ere, izenaz eta izenondoaz osatutako elkarte hauetan, egiazko hitz elkartuetan bezalakoxe aldaketak jasan ditzaketela osagaiek zehazten du Azkuek (arkazte, Eguberri, ardangorri…). Ondorioz, aldaketak izan dituzten Justaposizioak hitz elkartuen artean sartzeko eragozpenik ez du ikusten (eta Villasante ere era berean mintzo da). Beraz, esan daiteke hitz elkartuak identifikatzeko (eta horrenbestez hitz elkartu ez direnak baztertzeko) morfologia egituran oinarritzen direla Azkue eta Villasante; baina ondoren, aldaketa fonologikoak morfologia egituraren gainetik ezartzen dituzte Eguberri edo ardangorri hitz elkartutzat hartzean.

Villasantek, Justaposizio elkarteekin batera sartzen ditu beste hauek ere “Composición impropiamente dicha” deitu sailean:

  • Hots-uztardura elkarteak
  • Aditz-lokuzioak:
  • - aditzoina + arazi
  • - izena + egin/eman/hartu
  • - izenondoa + etsi

Uhlenbeck-ek (1911), bestalde, garai hartan egiten zen bezala, sanskritorako egindako sailkapena aplikatu zion euskarari, lau sail nagusi aipatuaz:

Kategoria lexikoa

Esplizituki eztabaidatzen ez duen arren, Lafitteren (1944) sailkapena kategoria lexikoan oinarritzen da: hitz elkartuaren eta osagaien kategorian. Ondorioz izen, izenondo, aditz eta aditzondo elkartuen sailak bereizten ditu. Hauetako bakoitzean, aldi berean, osagaien kategoria hartuko du kontuan azpisailak egiteko; hirugarrenik, osagaien arteko erlazio logikoetara joko du kategoria bereko osagaien elkarteak bereizi ahal izateko. Har dezagun adibidetzat Izen elkartuen azpisailkapena:

  • izena + izena, kasu-markaz elkartuak: aitoren-seme, etxeko-jaun
  • izena + izena koordinatuak, baina juntagailurik gabe elkartuak: senar-emazte, gogo-bihotz
  • izena + izena, kasu-markarik gabe elkartuak, lehena bigarrenaren osagarri edo konplementu delarik: lur-sagar, bihotz-min
  • izena + izenondoa: uda-berri, zorion, zorigaitz
  • izena + izena aposizioan: abade ehiztari
  • aditzoina + izena, aditzoina izenaren osagarri delarik: idazmakina
  • izena + postposizioa: gerlari-ondo
  • aditzondoa + aditza: ongi-etorri
  • aditza + aditza: joan-jin, sar-atera
  • “proposizioa”: hor-dago
  • hitz bera errepikatzea: bihotz-bihotzetik
  • hitz bera errepikatzea, mespretxuzko adieran, bigarren hasieran m erantsiz: erran-merran, itzuli-mitzuli

Berehala ohartzen gara Lafitte, P.ren sailkapena, Azkue eta Villasanterena baino askoz zabalagoa dela bi aldetatik: batetik, Azkue, R. M.k edo Villasantek hitz-elkarketatik kanpo utzi dituztenak (hots-uztardura elkarteak edo Justaposizio elkarteak) barnean sartzen dituelako; eta bestetik, Azkuek eta Villasantek aipatzen ez dituzten elkarteak kontuan hartu dituelako (aposizio elkarteak, esaterako). Era berean, Lafittek Aditz elkartutzat hartzen ditu Villasantek kanpoan utzi dituen ‘izena + egin/eman/hartu’ eta ‘izenondoa + etsi’.

Oro har esan daiteke Lafitte, P.k Izen kategoriako guztiak sartzen dituela elkartu diren ala ez gehiegi eztabaidatu gabe. Beste hitz batzuetan esanda, Morfologia Sortzailearen planteamendua onartu eta defendatzen badugu hitz elkartuak Morfologian sortzen direla (eta Sintaxia beste osagai bat dela), ez da zalantzarik “proposizio” multzokoak -hor-dago- ez dagozkiola hitz-elkarketari. Hor ez ditugu kategoria lexiko beregainak elkartzen kategoria lexiko berria sortzeko. Lexikalizazio bidez hartu du izen kategoria (edo izenaren pareko erabilera, behintzat), perpaus egiturako hor dago-k. Beste horrenbeste esan dezakegu jatorriz aditz-sintagmari dagokion egitura duen ongi etorri izenaz ere. Nolanahi ere, “Hitz-elkarketaren mugako egiturak” atalean itzuliko gara honetara.

Osagaien arteko erlazioak eta kategoria lexikoa

Aurreko sailkapen-irizpide batean baino gehiagotan oinarritutako sailkapenak proposatu dituzte beste hainbat gramatikarik. Batzuek osagaien arteko erlazio logikoa hartu dute irizpide nagusitzat eta kategoria gramatikala azpisailak egiteko irizpidetzat. Alderantziz egin dute beste batzuek, hitz elkartuaren kategoriaren arabera eginez sailkapen nagusia, eta bi osagaien arteko erlazioari begiratuz azpisailak egiteko:

  • Azkarate, M.k (1990eko Doktore tesian) hitz elkartuaren kategoria gramatikala hartu zuen kontuan Izen elkartuak, Izenondo elkartuak, Aditz elkartuak eta Aditzondo elkartuak bereizteko. Ondoren, bi osagaien arteko erlazio logikoaren arabera bereizi zituen Izen Elkartu Kopulatiboak eta Menpetasunezko Izen Elkartuak. Hitz-elkarketatik kanpo aztertu zituen, azkenik, Justaposizioak, Hots-uztarduraz sortutako elkarteak, aditz-esapideak, etab. Hau da, kategoria lexiko jakina duten bi osagai elkartuz sorturikoak hartu zituen hitz elkartutzat; eta gainerakoak Eranskinen atalean bildu zituen.
  • Euskaltzaindiak (1992) 17 sailetan banatu zituen hitz elkartuak 1 eta xeheki aztertu du multzo edo hitz elkartu mota horietako bakoitza.
    Irizpide bat baino gehiago dago sail horietan: hitz elkartu osoaren kategoria gramatikala, Aditz elkarteak sailean; bi osagaien arteko erlazio logikoa Dvandva elkarteak, Bahuvrihi elkarteak, Atributu- eta koordinazio-elkarteak edo Aposizioak bereiztean; osagaien kategoria gramatikala (eta are, osaera), Sintetikoak, Jarleku modukoak edo eguzki-lore moduko elkarteak bereiztean; adiera edo esanahia, Izaera-elkarteak, Asmo-elkarteak edo Izengoiti-elkarteak bereiztean; beste batzuetan, berriz, bigarren osagaia hartzen da kontuan egin berri modukoak, edo lotsagabe, lo falta elkarteak bereizteko.
    Aldi berean, sail nagusia egiteko baliatu den irizpideaz gain, bestelako irizpideak ere hartzen dira kontuan gero azpisailak egiteko. Esaterako, bi osagaien arteko erlazio logikoan oinarritzen da Dvandva elkarteak bereiztea; ondoren, elkarte osoaren kategoria gramatikalaren arabera bereizten dira izen-dvandvak (seme-alabak), adjektibo-dvandvak (zuri-gorri), adizlagun- eta aditzondo-dvandvak (gaur-biharretan), etab.

    Berdin egiten da Bahuvrihi elkarteekin ere, osagaien kategoria kontuan harturik oraingoan: izen+izenondo egiturakoak (adar-motz edo hanka-luze), izen+partizipio elkarteak (gogo-landu) eta zenbatzaile+izen elkarteak (bostortz).
    Hitz elkarte sintetikoetan, berriz, elkartuko bigarren osagaiaren esanahia hartzen da kontuan Egile-elkarte sintetikoak eta Ekintza-elkarte sintetikoak bereizteko.
    Aipatzekoa da [iz + egin / eman / hartu] egiturako aditzak ere aditz elkartutzat hartu izana. Eta baita eguzki-lore menpekotasunezko izen elkarteetan egiten den azpisailkapena ere. Hor sartzen dira andregai, arnasaldi edo baliokide modukoak; elkarlan edo kontrazal motakoak; baita subordinaziozko leku izenak ere (Barkoxe-Etxahunia) eta esku artean, gerra aurretik… ‘izen-elkarketazko postposioak’ azpisailean aztertzen direnak.
    Beraz, Lafitteren sailkapena bezalaxe, oso zabala da Euskaltzaindiarena ere, hitz elkarketaren eta eratorpenaren arteko mugan dauden egiturak biltzen dituena; eta berdin hitz elkarketaren eta sintaxi-egituren arteko mugan daudenak ere.
  • Osagaien arteko erlazio logikoa hartu du kontuan Hualdek (2003) co-compounds (dvandva) / sub-compounds motako elkarteak bereiztean. Hitz elkartu osoaren kategoriaz baliatuz bereizi ditu menpekotasunezko izen elkartuak eta aditz elkartuak. Osagaien kategoria izan du oinarri , berriz, sub-compunds (menpekotasunezko hitz elkartuetan) bi izenez osatuak (esne-behi) eta aditzoina+izena egiturakoak (biltoki) bereizteko. Eta ‘izen+adjektibo’ motako elkarteetan, berriz, hirugarren irizpidea baliatuko du, ‘endozentriko’ / ‘exozentriko’ izaera: mutilzahar / sudur-luze.
    Hitz elkartutzat hartu ditu lo egin, min hartu aditzak edo argi-argia moduko bikoiztapenak.
  • Irizpide zehatzagoak erabili zituzten Perez Gaztelu et al.ek (2004) hitz elkartuen sailkapena egitean. Batetik, oso argi ageri dira sailkapen-irizpideak: elkarte osoaren eta osagaien kategoria gramatikalak; endozentrikotasuna (zein den hitz elkartuko elementu nagusia, ‘burua’); osagaien arteko erlazioak (kopulatiboak, menpekotasunezkoak…).
    Irizpide horiek aplikatuaz, beraz, Izen elkartuak, Aditz elkartuak, Adjektibo elkartuak ditugu. Eta Izen elkartuen artean, aldi berean, Menpekotasunezkoak eta Kopulatiboak. Eta hauetako bakoitzaren barruan, osagaien kategoriaren arabera egiten dira sailkapen xeheagoak. Honetan ez dago alde handiegirik beste sailkapen batzuekin.
    Alde nabarmenena, hitz-elkarketaren eta sintaxiaren edo eratorpenaren eta sintaxiaren mugakotzat hartzen diren egituretan dago. Beste gramatikari batzuek hitz elkartutzat hartu dituzten hainbat egitura, mugakotzat hartzen dira hemen (horixe baita, besteak beste, lanaren helburua ere, hitz-elkarketaren mugako egiturak aztertzea):
    • Hitz-elkarketaren eta eratorpenaren artekoak, mugakoak dira Perez Gaztelu et al.entzat aldi, alde, bide, kide… bigarren osagai dituztenak
    • Hitz-elkarketaren eta sintaxiaren artekoak, mugakoen harira aztertzen dituzte, berriz, egin, eman, hartu aditzekin osatutako predikatu konplexuak (min eman, lan egin…)
    • Azkenik, kapitulu bat eskaintzen zaie elkarketaren eta eratorpenaren arteko, edo elkarketaren eta sintaxiaren arteko izan daitezkeen leku-denborazko izenekin osatzen diren egiturei; hau da, aurre, atze, goi, gain… lehen zein bigarren osagai dituztenei (aurreiritzi, azpimarratu / historiaurre, bazkalondo)
      Hala ere, hitz elkartuen artean sailkatzen dituzte elkartu sintagmatikoak, (impropios, egiazkoak ez direnak): etxekoandre, udaberri, ehunzango. Azken batean, Azkuek eta Villasantek esanahi jarraituz, elipsirik ez duten egiturak.
  • Funtsean, Hualdek (2003) erabilitako irizpide-sorta darabil De Rijk-ek ere 82009): bi osagaien arteko erlazio logikoan oinarritzen da honako sailkapen nagusia: Hitz elkartu kopulatiboak, Determinaziozkoak (Menpekotasunekoak), Atribuziozkoak, Posesiboak, eta Sintagma egiturakoak (halabehar, badaezpada…). Kategoria gramatikalaren irizpideaz baliatzen da ondoren Izen, adjektibo, adberbio edo aditz kategoriako kopulatiboak bereizteko.
    Osagaien kategoriaren arabera bereizten ditu [I+I] egiturakoak Menpekotasunezkoak, edo [Ad+I] egiturakoak: eskuzapi / erakusleiho.

Gure sailkapena

Orain arteko sailkapenak ikusirik ohartzen gara bi puntutan dagoela, batez ere, aldea. Batetik zein irizpideri ematen zaion lehentasuna sailkapen nagusia egiterakoan, hitz elkartuko bi osagaien arteko erlazioari edo hitz elkartu osoaren kategoria gramatikalari. Bestetik, nola definitzen den (inplizituki nahiz esplizituki) hitz elkartua: nahikoa al da bi elementuz osatua egon eta izen kategoriako egitura izatea? Zenbateraino hartu behar da kontuan eredu emankorra izatea?

Euskaltzaindiaren sailkapenetik abiatuta moldatuko dugu SEGen jasoko dugun sailkapena. Eta hitz eratorriekin bezala, hitz elkartuaren kategoria hartuko dugu irizpide nagusitzat. Eta irizpide horren arabera, hauek bereiziko ditugu:

Horietako bakoitzean, osagaien kategoriaren araberako azpisailak egiten dira:

  • izen elkartuak:
    • izen + izen motakoak
    • aditzoin + izen motakoak…
  • izenondo elkatuak:
    • izenondo + izenondo egiturakoak
    • izen + izenondo egiturakoak…

Baina irizpide gehiago ere hartu ditugu kontuan hitz elkarteak bereizteko: bi osagaiak maila berean dauden, ala osagaietako bat bestearen mende dagoen; irizpide honen arabera bereiziko ditugu izeba-osabak, afari-merienda batetik, eta txori-kaiola, sagar-tarta bestetik. Lehenek, ‘izeba eta osaba’, ‘afaria eta merienda’ (aldi berean den otordua) adierazten dute; bigarrenek, ‘txorientzako kaiola’, ‘sagarrez eginiko tarta’… Irizpide hau baliatu da beheraxeago ikusiko ditugun Dvandva elkarteak, atributu eta koordinazio elkarteak eta mendekotasunezko elkarteak bereizteko. Azken horietan, mendekotasunezko elkarteetan, eta zehazkiago “izen+izen” egiturakoetan, bi osagaien artean nolako harreman semantikoa dagoen ere hartu izan da kontuan. Hau da, gorago esan dugunaren arabera ezkerreko osagaiak eskuinekoaren esanahia mugatzen badu, mugatze-motak bereizi dira; burdin barra izenean, barra ‘zertaz’ egina dagoen zehazten du mugatzaileak (ezkerreko osagaiak); txori-kaiola izenean, aldiz, kaiola ‘zertarako’ den ematen du aditzera lehen osagaiak. Beherago jardungo dugu erlazio semantiko hauetaz.

Bestalde, osagaien kategoriaz gain, morfologia-egiturari ere erreparatu izan zaio, aditzetik eratorritako izen eta izenondoak bigarren osagai (mugakizun) dituzten elkarteen azpimultzoa egiteko: elkarte sintetiko esan izan zaie bertso-jartzaile edo begi-mingarri egiturakoei.

— Egilea: Miren Azkarate

Euskaltzaindiak honetaz

1 ikus Hitz Elkarketaz argitaratu dituen lau liburukiak hemen

lanaren aipamena nola egin...

Miren Azkarate, "Hitz elkartuak sailkatzeko moduak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3