Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:2

Hots-legeak

Hitz eratorriak eta hitz elkartuak sortzean bi osagaien artean gertatzen diren aldaketak dira hots-legeak. Hitz elkartuei dagokienez beharrezkoa da zenbait xehetasun ematea. Lehenik, gogoan izan behar da hots-lege horiek ez direla betetzen hitz elkartu mota guztietan, Mendekotasunezko elkarteetan bakarrik aurki ditzakegu hasieran aipatutako aldaketak. Esan nahi da gari-artoak izen-elkartean, esaterako, ez dugula inoiz gal aldaera aurkituko, hor bi osagaiak maila berean ditugulako; bai, ordea, galsoro, hor gari izenak soro mugatzen duelako, zein soro motaz ari garen zehazten duelako. Baina Mendekotasunezko elkarteetan ere, lehen osagaia (mugatzailea) eratorria bada, nekez gertatuko da aldaketarik: *bertsolal elkarte, *txistular talde…

Hitz elkarketan gertatzen diren hots aldaketak

Euskaraz bi hitz elkartuz hitz berri bat sortzen dugunean, aldaketak gerta daitezke lehen hitzaren amaieran:

Goiko adibideetan arto izenaren amaierako bokala aldatu egin da hitz elkartua sortzean; bigarren adibidean, berriz, natura izenak azken bokala galdu du izen elkartua sortzean. Horrelako aldaketak, bestalde, ez dira hitz-elkarketan bakarrik gertatzen, hitz eratorrietan ere berdin-berdin aurki ditzakegu:

Ez da harritzekoa, beraz, Azkuegandik hasita, euskal gramatikariak aldaketa hauetaz arduratu izana. Formulaziorik egokiena berak ematen duelakoan, Mitxelenak (1961) han-hemenka barreiaturik aipatzen dituenak bilduko ditugu; nolanahi ere erregelen formulazio berriagoa aurki daiteke Hualderengan (1991). Bi motatako aldaketak bereiziko ditugu:

Bokal aldaketak

Hitz elkartuetan eta hitz eratorrietan gerta daitezkeen bokal-aldaketak desberdinak dira lehen osagaiaren, lehen hitzaren silaba-kopuruaren arabera.

  • Bi silabako osagaietan: lehen osagaiak bi silaba dituenean eta bokalez amaitzen denean ere aldaketak modu batekoak edo bestekoak izango dira, azken bokala zein den. Laburbilduz:

  • ‑i/‑u‑ > ‑(ø) /‑u(ø)
  • ogi + ordu > ogi > ot > otordu
  • begi + ile > begi > bet > betile
  • ‑e/‑o‑ > ‑a
  • ate + buru > ataburu
  • mando + bide > mandabide
  • asto + kume > astakume
  • Bi silabatik gorako osagaietan: lehen osagaia bi silabatik gorakoa denean, azken bokala erori egin daiteke
    • euskara + zale > euskalzale

Kontsonante aldaketak

Ondoren ikusiko ditugun aldaketa gehienak lehen osagaiaren azken bokala erori ondoren gertatuko dira. Ez dira, beraz, aldaketa beregainak, independenteak; beste aldaketa baten ondorio dira. Bestalde, bigarren osagaia bokalez edo kontsonantez hasi, aldaketa hauek modu batekoak edo bestekoak izango dira.

  • -d/-g/-h > -t ondoren bokala dagoenean
    • begi + ile > betile
    • ogi + sein > otsein
    • ardi + izar > artizar
    • idi + zain > itzain
  • [‑ts/‑tz/‑tx] + [b, d, g] > [‑s/‑z/‑x] + [p/t/k]
    • hitz + berri > hizperri
    • haitz + gorri > Aizkorri
    • haitz + beitia > Azpeitia
  • -herskaria + herskaria > -Ø + herskari ahoskabea
    • begi + gaitz > bekaitz
  • Azken bokala erori ondoren, dagoeneko bokal artean gertatzen ez den sudurkaria agertzen da:
    • orga + bide > organbide
    • kanpai + dorre > kanpandorre
  • Zaharkitu itxurako hitz elkartu batzuetan, -n > -Ø / -r
    • gizon + seme > gizaseme
    • jaun + herri > jaurerri
  • -r > -l, amaierako bokala erori ondoren
    • gari + buru > galburu
    • afari + ondo > afalondo
  • -r + konts. > -Ø + konts.
    • lur + bizi > lubizi
  • -r + bokala > -h/-g/-Ø
    • zur + hirin > zuhirin
    • ur + alde > ugalde
    • ur + arte > uharte
    • ur + olde > uholde
    • ur + andre > uhandre
  • -t-/-k- gehiketa (hitz zaharretan gertatzen da bereziki)
    • behe + herri > beterri
    • su + ondo > sutondo
    • su + alde > sukalde
    • su + harri > sukarri

Hots-aldaketa hauek direla-eta, beste datu bat ere azpimarratu behar zaio ordea ikasleari: ez direla aipatutako baldintzak betetzen dituzten osagai guztietan gertatu izan (mendi, euri, bake eta abarrek ez dute testuetan bokal-aldaketarik erakusten). Aldaketak izan dituzten osagaietan ere, aldaketadun adibideak adina aurkituko ditugu aldaketagabeak (arkume, artegi, artile, baina ardi gasna, ardi txabola, hardi haragi…). Hualde (1991) eta Oñederrarengan (1990) erakusten den bezala, aldaketa fonetiko hauek eratorpenean eta menpekotasunezko hitz elkartuetan gerta daitezke; inoiz ez hitz elkartu kopulatiboetan. Gainera, aldaketok ‘ilundu’ egiten dute batez ere hitz elkartua; horregatik ez da harritzekoa galsoro/garisoro, galale/gariale bezalako bikoteak aurkitzea, forma zaharraren ondoan forma garden, aldaketarik gabeak birsortuz.

Hots-legeen hedadura

Hots-aldaketa guztiek ere ez dute hedadura bera izan (-i askoz maizago erori izan da -u baino, esaterako). Hedadura handiagoa izan duten aldaketak ere zenbait hitzetan gertatu dira, eta horietan ere ez beti: begi, ardi, argi, idi, arto, beso, etxe edo iturri mugatzaile direnean, aurki ditzakegu bet-, art-, art-, it- arta-, besa- etxa- itur forman: betile, artile, artizar, iteuli, artaburu, besamotz, etxalde, iturburu… Baina beste askotan inolako aldaketarik gabe aurkituko ditugu, Hitz-elkarketa 2 liburukiko adibideek erakusten dutenez: begi-keinu, begi-kolpe, begi-azal, ardi-larru, ardi-esne, ardi-gazta, ardi-txabola, ardi-txakur, argi-txinta, argi-izpi, arto-erregutada, arto-jale, arto-alor, beso-lan, beso-gihar, etxe-erretze, etxe-bizitza, iturri-belar, iturri-ertz, iturri-lats, iturri-leku, iturri-txori… Ildo beretik, haragi izenak, eratorrian sortzean eman ditu harakin eta harategi; hitz-elkarketan, ordea, gure adibidetegiak haragi-xerra, haragi-trontzo edo haragi-puxka bildu ditu. Hori guztia kontuan izanik eman zuen Euskaltzaindiak gomendio hau:

Orain eratzekoak diren elkarteetan ez da komeni behinolako hots-aldatze legeak, aspaldisko galdurik daudenak, berpizten jardutea: txistulari-elkarlea, botikari-lana. safari-bidaia. kultur(a) astea esan eta idatz dezagun beraz, eta ez txistulal elkartea, botikal lana, safal bidaia, kultul astea eta abar. (25. araua, Hitz elkartuen osaera eta idazkera)

Amaierako –a bokala eta hots-legeak

Amaierako -a bokala erortzeari dagokionez, bost izenetan onartu du Euskaltzaindiak azken bokal hori galtzea izen elkartua osatzerakoan: burdin(a), eliz(a), hizkuntz(a), kultur(a), literatur(a) eta natur(a). Eta -ia amaierakoetan, hasieran libre utzi bazuen ere azken bokala galtzea, Hiztegi Batuan historialari, zientzialari, zientzia-ikasketak… hobetsi dira.

Euskaltzaindiak honetaz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hots-legeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3