Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:3

Berrelkarketa

Perpaus motak aztertzerakoan esana dugu hizkuntzaren ezaugarri nagusietako bat errekurtsibitatea dela. Ezaugarri horri esker, eta eragiketa kopuru mugatu baten bidez, atal gero eta konplexuagoak sortzen dira, atal sinpleagoetan oinarrituz. Hitz elkartuetan ere ematen da fenomeno hori, berrelkarketaren errekurtsibitateaz ariko gara atal honetan.

Berrelkarketaren errekurtsibitatea

Behin eta berriro errepika daitekeen baliabidea da hitz-elkarketa. Gramatikaren ikuspegitik, ez dago horretarako mugarik ez euskaraz eta ez beste hizkuntzetan ere; alegia, bi osagaik eratutako elkartua, aldi berean, beste elkartu bateko osagai bihur daiteke; eta hori, aldi berean, hirugarren elkartu bateko osagai, etab. Euskaltzaindiak adierazi bezala, izen-elkarte hauek ez dira ezinezkoak euskaraz:

  • lan-bilera mahaia, bide-laguntza elkartea, dantza-talde mota, harri-jasotze txapelketa, landare-izen zerrenda, lansari-igoera, esku-langintza feria, mendi-portu izenak, pinu-adar muturrak, udal musika-eskola, gurdi-ardatz aldaketa, administrazio-hiztegi batzordea, ganadu lehiaketa-erakusketa, esne-hauts saltzailea, euskal aldizkari-zuzendari-bilera, soinu-uhin-hedapen-abiadura…

Berrelkarketa esaten zaio euskaraz prozedura horri.

Hitz elkartuen azterketari buruzko liburukietan sailez sail aipatzen dira berrelkarketak. Bi motatako egiturak ikusiko ditugu; osagaietako bat (edo biak) egitura koordinatuak dituztenak: ardi eta abere talde, hitz ugaritasun eta edertasun, mendetasun eta zintzotasun hitz eta agindu. Honela ulertzen ditugu elkarte horiek: ‘ardi talde + abere talde’, ‘hitz ugaritasun eta hitz edertasun’, ‘mendetasun hitz + mendetasun agindu + zintzotasun hitz + zintzotasun agindu’. Ugariak dira euskaraz mugatzaile koordinatua dutenak; gutxiago dira mugakizun koordinatudunak, eta guztiz bakanak bi osagaiak koordinatuak dituztenak. Ugariak dira [[iz + iz] + iz] egiturakoak ere: aizkora-joko egun, azahar-ur tanto, bertso-paper txapelketa, eliz kantari talde, esne-zopa katilu, herri-hitz hiztegi, kamioi-motor hotsak

Berrelkarketaren gramatikaz kanpoko mugak

Euskaltzaindiak Hitz elkartuen osaera eta idazkera arauan esandakoaren arabera, beharrik ez dagoenean ez genuke hirutik gorako elkarteetara jo behar. Hori horrela, hobe da egitura horiek honela ematea:

  • ?euskal aldizkari-zuzendari-bilera > euskal aldizkarietako zuzendarien bilera
  • ?soinu-uhin hedapen bidea > soinu-uhinen hedapen-bidea
  • ?Mendibilgo udal-kirol-patronatua > Mendibilgo udalaren kirol-patronatua

Baina, hauxe eransten du Euskaltzaindiak: “aitortu behar da hor ez dagoela gramatika-debekurik; pragmatika nagusitzen da, zer den ulergarriago, zenbat osagaiko elkartea prozesa dezakeen gure burmuinak”. Kasuistika zehatzagoa aurkituko du irakurleak Hitz-elkarketa/4 liburukian noiz den errazago berrelkarketa.

Euskaltzaindiak honetaz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Berrelkarketa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3